86. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

35/2022 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita energia elektrikoa ekoizteko “Volandín” haize-parkea jartzeko Fontellas, Tutera eta Murchanteko udal-mugarteetan, 8 haize-sorgailurekin eta 46,4 MW-eko guztizko potentziarekin.

1.-Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2019ko apirilaren 23an, 125/1996 Foru Dekretuaren baitan eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, “Corral del Molino I”, “Corral del Molino II”, “El Montecillo”, “La Senda” eta “Volandín” haize-parkeen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aurkeztu zuen Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak, baita Nafarroako Tutera, Corella, Castejón, Fontellas, Ablitas eta Murchanteko udalerrietan kokatutako ebakuazio-azpiegiturena ere.

2019ko maiatzaren 16an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duena. Horren bidez, Nafarroako haize-parkeen ezarpena arautzen zuen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua indargabetzen da. Foru dekretu horren lehen xedapen iragankorrari jarraikiz, 2019ko maiatzaren 22an, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskaera hori helarazi zion zerbitzu honi, aipatutako foru dekretuaren arabera tramitatzeko. Halaber, Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak foru dekretu berriaren 6. artikuluan eskatzen diren dokumentuak osatu zituen, aipatutako haize-parkeak eta haien ebakuazio-azpiegiturak instalatzeko aurretiazko administrazio baimena eskatzeko.

Volandín haize-parkearen aurreproiektuaren baitan (1182-CE) 12 haize-sorgailu instalatuko ziren, bakoitza 3,8 MW-eko potentziarekin, Ablitas eta Fontellasko udal-mugarteetan.

Haize-parkearen ebakuazioa “Volandín” transformazio azpiestazioaren bidez (30/66 kV) egiten da, hortik 66 kV-eko linea elektriko baten bidez garraiatzen baita energia elektrikoa, “La Cantera” transformazio azpiestazioraino (400/220/66 kV), “La Serna” transformazio azpiestazioaren ondoan (400 kV); trazadura hori Fontellas, Tutera eta Murchanteko udal-mugarteetatik igarotzen da.

2.–Ingurumen-eraginaren azterketaren eta aurreproiektuaren jendaurreko informazioa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen da. Dekretu horren 7. artikuluarekin bat etorriz, Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak egindako eskaera jendaurrean jarri zen 30 egunez. Horretarako, iragarkia argitaratu zen 2019ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 18koan, eta Diario de Noticias egunkarian (2019ko uztailaren 19an), bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.

3.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Ablitas, Fontellas, Tutera eta Murchanteko udalei, eta jendaurrean jartzeko eskatu.

Halaber, txostena egiteko eskatu zitzaien Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

Azkenik, aurreproiektuaren separatak bidali zitzaizkien, txostena egin zezaten, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari (altxonbideak), Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalari (mendiak), Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Nedgia Navarra entitateari, Telefónica de España enpresari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes entitateari eta Red Eléctrica de España enpresari.

4.–Jasotako alegazio eta txostenak.

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako alegazio eta txosten hauek jaso zituen (jaso ziren hurrenkeran daude):

Alegazioak:

1. alegazioa.–Gurelur elkartearena, 2019ko abuztuaren 28koa.

2. alegazioa.–Aalsmer Tejería SL entitatearena, 2019ko abuztuaren 30ekoa.

3. alegazioa.–Enhol SL enpresa taldearena eta Solen Desarrollos SL entitatearena, 2019ko abuztuaren 30ekoa.

4. alegazioa.–Granja Santa Isabel eraldaketarako nekazaritza sozietatearena, 2019ko abuztuaren 30ekoa.

5. alegazioa.–Estado de Bonamaison eraldaketarako nekazaritza sozietatearena, 2019ko abuztuaren 30ekoa.

Alegazioen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

Txostenak:

1. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atalarena, 2019ko ekainaren 21ekoa.

2. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena, 2019ko uztailaren 29koa.

3. txostena.–Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalarena, 2019ko abuztuaren 5ekoa.

4. txostena.– Fontellasko Udalarena, 2019ko abuztuaren 19koa.

5. txostena.– Tuterako Udalarena, 2019ko abuztuaren 23koa.

6. txostena.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes entitatearena, 2019ko irailaren 26koa.

7. txostena.–Red Eléctrica de España entitatearena, 2019ko urriaren 2koa.

8. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarena, 2019ko urriaren 14koa.

9. txostena.–Nedgia Navarra entitatearena, 2019ko azaroaren 14koa.

5 bis txostena.–Tuterako Udalarena, 2019ko abenduaren 20koa.

10. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena (Ur Komisariako Ingurumenaren Kudeaketaren arloa), 2020ko urtarrilaren 15ekoa.

11. txostena.–Telefónica de España enpresarena, 2020ko otsailaren 28koa.

10 bis txostena.– Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena (Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloa) 2020ko irailaren 22koa.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresara igorri zituen aurreko txostenak eta alegazioak.

6.–Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, 2019ko abenduaren 16an Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko nahiz lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskatzeko dokumentuak aurkeztu zituen. Eskaera hartan, jendaurreko informazioaren tramitean eta kontsulten esparruan jasotako alegazioei eta txostenei ematen zizkien erantzunak bildu zituen.

Gainera, aurreproiektua jasotako txostenetara egokitzeko asmoz, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak aurkeztutako dokumentu teknikoetan aldaketa batzuk egin ziren, 2019ko apirilean aurkeztutako dokumentuekin alderatuz. Zehazki, bi haize-sorgailu hauen kokapena aldatzen da:

• VO–01. Helburua: haize-sorgailua kokatzea halako lurzoruan non haize-parkea osatzen duten azpiegiturak eraikitzea baimenduta baitago, Ablitasko Udal Plan Orokorraren arabera.

• VO–04: Helburua: hasierako kokalekuak berekin zekarren zuhaitz mozketa ekiditea; haize-sorgailua laborantza-lur lauagoetan jarriko da, eta horrela lur-mugimenduak ere txikituko dira.

Horrela, haize-sorgailuak kokapen hauetan ezarriko dira:

VOLANDÍN HAIZE-PARKEKO HAIZE SORGAILUAK

UTM koordenatuak (30-ETRS89 ardatza)

Izena

X

Y

VO–01

616.470

4.650.252

VO–02

616.602

4.650.682

VO–03

616.963

4.650.951

VO–04

617.477

4.651.280

VO–05

618.018

4.651.859

VO–06

618.051

4.652.328

VO–07

617.556

4.649.899

VO–08

617.994

4.650.157

VO–09

618.243

4.650.471

VO–10

618.631

4.650.567

VO–11

618.965

4.649.257

VO–12

619.326

4.649.526

Poligonala ez da aldatzen 2019ko apirilean aurkeztutako dokumentuekin alderatuta.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu horren berarekin bat etorrita, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaerak nahiz haiekin batera aurkeztutako dokumentazioa Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera bidali ziren, hurrenez hurren.

7.–Ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Ingurumenaren zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki da:

“Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak, espedientearen azterketa teknikoa egin ondoan, ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki egin dela, eta proposatu du ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, eta hartan zehaztea “Montecillo”, “La Senda” (gaur egun “Corral del Molino I”), “Volandín” eta “Corral del Molino II” haize-parkeek daukaten ingurumen-inpaktua moderatuaren eta larriaren artekoa dela, eta ingurumenaren aldetik bateragarriak izan daitezkeela ingurumenaren babesarekin, erabat edo partez, baldin eta zenbait neurri eta baldintza betetzen badira, zeinak jasota baitaude aurkezturiko ingurumen-inpaktuaren azterketetan eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen baldintzetan.”

Horregatik, ebazpen berean honako hau esaten da “Volandín” haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren inguruan:

–Aldeko txostena ematen zaie honako haize-sorgailu hauei: VO-02, VO-03, VO-04, VO-05, VO-06, VO-07, VO-08, VO-09 eta VO-10.

–Kontrako txostena ematen zaie VO-01, VO-11 eta VO-12 haize-sorgailuei.

Azkenik, ezartzen da jarduera egin dadila aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei eta ebazpenean bertan ezartzen direnei jarraikiz. Hona hemen baldintza horiek:

–Eraikitzen hasi baino lehen, obrek ukitzen dituzten inguruko eremuetan dauden aztarnategi arkeologiko katalogatuak balizatuko dira. Halaber, ahal dela, makineria ez da bertatik pasako, eta ez da materialak pilatzeko gunerik ezarriko aztarnategi arkeologiko katalogatuen ondoan edo aurki daitekeen edozeinen ondoan.

–VO-04 haize-sorgailua sastraka-magalaren ertzetik urrun jarriko da, lurzoruaren higadura arriskua txikiagoa izan dadin eta mendi-magalaren egonkortasunaren mesedetan oro har, eta paisaian, faunan eta landaredian eragina murrizte aldera.

–VO-04, VO-05 eta VO-06 haize-sorgailuen kokalekua aldatuko da, hegalak ahal den gutxien pasa daitezen ondoko mendi-magalen gainetik.

–Abifauna monitorizatzeko eta hegaztiek talka egiteko arriskua murrizteko sistema automatiko bat instalatuko da, eta horrek, gutxienez, VO-02 eta VO-07 haize-sorgailuen ukipen eremua hartuko du.

–66 kV-eko ebakuazio-linea lurperatuko da, puntu honetatik (X: 609.768, Y: 4.658.208) “La Cantera” TAEra, eta puntu honetatik (X: 612.209, Y: 4.656.127) beste puntu honetaraino (X: 611.003, Y: 4.657.207), Pulguer kontserbazio bereziko eremuaren, Cardete idoiaren eta Ebro ibaiaren lotunean.

8.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena.

Lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimenaren tramitazioan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak bi errekerimendu egin zizkion sustatzaileari, 2020ko ekainaren 29an eta 2021eko apirilaren 14an, non eskatu baitzitzaion, hurrenez hurren, aurkeztutako dokumentazioa osatzeko eta aurreproiektua egokitzeko, ureztalurretan zuen eragina zuzentze aldera.

Azken errekerimendu horri eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean islatutako oharrei erantzuteko, Enerfín Sociedad de Energía SLUk Volandín haize-parkearen konfigurazioa aldatzeko idatzia aurkeztu zuen; moldaketa horren arabera 5,8 Mw-eko 8 haize-sorgailuk osatuko lukete haize-parkea, horietako bakoitza kokaleku hauetan jarririk:

VOLANDÍN HAIZE-PARKEKO HAIZE SORGAILUAK

UTM koordenatuak (30-ETRS89 ardatza)

Izena

X

Y

VO–01

616.849

4.650.334

VO–02

616.963

4.650.951

VO–03

617.592

4.651.374

VO–04

617.999

4.651.856

VO–05

618.051

4.652.328

VO–06

617.994

4.650.157

VO–07

618.243

4.650.471

VO–08

618.631

4.650.567

Egokitzapen hori oinarri harturik, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak urriaren 20an emandako 229E/2021 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezina erabili eta bertan jarduerak egiteko baimena eman zen, Volandín haize-parkea eta haren ebakuazio azpiegiturak egiteko.

Aipatu ebazpen horren babesean dagoen haize-parkea honako hauez osatuta egonen da: 8 haize-sorgailu, kontrol-eraikina, sarbideak, lurrazpiko zirkuitu elektrikoak, transformazio azpiestazioa eta 66kV-eko ebaluazio linea, La Cantera 66/220KV TAEraino.

Azkenik, kontuan hartu beharreko zenbait zehaztapen tekniko aipatzen dira.

9.–Alegazioen eta txostenen azterketa teknikoa.

Espedientean bildutako dokumentu guztiak kontuan harturik, jaso diren alegazioen eta txostenen analisia ebazpen honen I. eta II. eranskinetan egiten da.

10.–Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

2021eko irailaren 8an, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak idazki bat aurkeztu zuen, Volandín haize-parkearen titulartasuna Renovables del Cierzo SLU enpresari eman nahi ziola jakinarazteko. Enpresa horrek onartu egin zuen titulartasun hori, eta bi alderdiek adostu zuten elkarri lagunduko ziotela haize-parkearen titulartasuna formalki eskualdatzeko beharrezko kudeaketa guztiak egiteko. Renovables del Cierzo SLU garapen eolikorako enpresa bat da, %100ean Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresaren partaidetzapekoa, enpresa eratzeko eskrituran agertzen denaren arabera.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz, espedientean Renovables del Cierzo SLU enpresaren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria dago.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Renovables del Cierzo SLUk badauka garraio sarearen kudeatzailearen baimena Serna azpiestazioan (400 kV) sartu eta konektatzeko. Volandín haize-parkeari dagokion sartze- eta konexio-ahalmena 43,48 MW-ekoa da.

2021eko urriaren 27an, Renovables del Cierzo SLUk idazki bat aurkeztu zuen Volandín haize-parkerako aurretiazko administrazio baimena eguneratzea eskatzeko. Haize-parke hori 5,8 MW-eko 8 haize-sorgailuz dago osaturik, ingurumen-eraginaren adierazpenean nahiz lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenean ezarritakoari jarraikiz kokatuta, guztira 46,4 MW-eko potentziarekin. Bertan zehazten da, haize-parkearen potentzia sustatzaileak duen sartu eta konektatzeko baimenera egokitzeko, potentzia uneoro software bidez mugatuko dela.

Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, eta Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatzen du aurretiazko administrazio baimena ematea Renovables del Cierzo SLUri.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Renovables del Cierzo SLUri, energia elektrikoa ekoizteko “Volandín” haize-parkea instala dezan Fontellas, Tutera eta Murchanteko udal-mugarteetan, 8 haize-sorgailurekin eta 46,4 MW-eko guztizko potentziarekin, baita transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak ere, Ingurumenaren zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 20ko 229E/2021 Ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

2. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurralde Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Renovables del Cierzo SLUri, Nedgia Navarra entitateari, Telefónica de España enpresari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes entitateari, Red Eléctrica de España enpresari, Gurelur elkarteari, Aalsmer Tejería SLri, Enhol SL enpresa-taldeari, Solen Desarrollos SLri eta Granja Santa Isabel eta Estado de Bonamaison eraldaketarako nekazaritza sozietateei; eta ohartaraztea ezen, administrazio bidea amaitzen ez duenez, zilegi dela haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, espedientearen zenbakia adierazita.

6. Ebazpen hau Ablitas, Fontellas, Tutera eta Murchanteko udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta ohartaraztea zilegi dela haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 5ean.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Jaso diren alegazioen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. alegazioa.–Gurelur elkartearena.

2019ko abuztuaren 28an, Antonio Munilla García jaunak, Gurelur elkartearen izenean, alegazio idazki bat aurkeztu zuen eta, bertan, aurkeztutako dokumentazio teknikoari ikusten dizkion oztopo administratibo eta teknikoak aipatzen ditu, bereziki ingurumen-eraginaren azterketari dagokionez. Zehazki, honako hau adierazten du alegazioan:

1. Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak ez du betetzen irismeneko txostenaren “IEEan sartu beharreko eduki espezifikoak” izeneko atalean jasotzen dena.

2. Estepako abifauna aztertzeko metodologiak ez du balio.

3. Hala urteko azterketak nola eraginen balorazioak ez dute betetzen irismeneko agirian eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legean ezarritakoa, abifaunari buruzko informazioari dagokionez.

4. Abifaunari buruzko txostena ez da osoa, bederatzi hilabeteko epea barne hartzen baitu.

5. Abifaunaren espezie jakin batzuei oso balio gutxi aitortzen zaie.

6. Gehigarrian dagoen “Abifaunaren ataleko inpaktuaren balorazioa” delakoaren ondorioetan akatsak daude.

7. Estepako abifaunaren gaineko balizko afekzioa, zenbait AICAENAtatik hurbil baitago.

8. Ebakuazio sistemaren inpaktu balorazioak akatsak ditu.

9. 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera, bertan haize-parkeak ezartzeko “ez egokiak” diren edo “ingurumen eta lurralde mugak” dituen eremuak okupatzen dira.

10. Zenbait haize-sorgailu kokatzen dira ustiapen naturalerako babes-irizpidea duten lurzoruetan, non NEP 2030 planaren ingurumen-azterketa estrategikoak garapen eolikoa saihestea adierazten baitu.

11. 6620* Ruto angustifoliae-Brachypodietum retusi lehentasunezko habitata hondatu edo andeatzen da.

12. Irismeneko txostenak parkearen ezaugarri teknikoak eta eraikitzeko ezaugarriak definitzeari buruz egiten dituen errekerimenduak ez dira bildu.

13. Inpaktu metagarriak eta sinergikoak aztertzean akatsak daude.

Ondorio gisa, honako hau adierazten da alegazioan: “irismeneko txostenean eskatutakoa ez denez bete, ingurumen-eraginaren azterketa eskasa aurkeztu denez eta Nafarroan eta Erriberan kontserbatzeko arazo handiak dituen abifaunari afekzio larriak eraginen zaizkionez, ez litzateke eman beharko Fontellasko eta Ablitasko udal-mugarteetan instalatu nahi duten Volandín haize-parkea eraikitzeko baimena”.

Erantzuna:

2030erako Nafarroako Energia Planari buruzko aipuei dagokienez, bidezkoa da adieraztea plan horrek prebisio orientagarri batzuk biltzen dituela, eta Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendu bat. Horrenbestez, proiektuak ukitzen duen eremua planean “ez egokia” izatea ez da ingurumenaren inguruabarren ondorioa, ingurumen-eraginaren adierazpenean azaltzen den bezala.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen-eraginaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

2. alegazioa.– Aalsmeer Tejeríarena.

2019ko abuztuaren 30ean, Carles Barbará Puig jaunaren alegazioa jaso zen, Aalsmeer Tejería SLren izenean; haren bidez aditzera eman zuen enpresa tramiteak egiten ari dela Fontellasko udalerrian La Tejería haize-parkea eraikitzeko, eta Volandín haize-parkeak ukitzen dituen lurzatietako batzuk bere haize-parkea sustatuko den lurzatien ondoan daudela edo komunak direla.

Alegazio-egileak azaltzen duenez, lurzati horietako batzuk Fontellasko Udalaren herri-lurrak dira, eta horregatik, eremu horien desafektazioa eskatu zion udalari; 2019ko otsailaren 22ko bilkuran, Fontellasko Udalak hasiera batez onetsi zuen lurzati horien desafektazioa, Aalsmeer Tejería SLUri erabilera lagatzeko, bertan haize-parkea instala dezan.

Titulartasun pribatuko lurzatiei dagokienez, alegazio-egileak aditzera eman du ukitutako lurzoruak aldatuta ere, elkargunerik egon ez dadin, bi haize-parkeen tramitazioek aurrera eginez gero ingurumen-eragina handiagoa izanen dela, elkarrengandik gertu daudelako, eta, aldi berean, parkeen errendimenduari ere kalte eginen zaiola.

Erantzuna:

Fontellasko Udalak adostutako hasierako onespenari dagokionez, hizpide duena Volandín haize-parkearen aurreproiektuaren eremuko lurzati batzuen desafektazioa, beste sustatzaile batzuen aldekoa, alegazio-egileak ez du egiazko eskubiderik harik eta Nafarroako Gobernuak aipatu desafektazioa onetsi arte, hala ezarrita baitago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan; horrenbestez, ez dago inolako trabarik Volandín haize-parkearen aurretiazko administrazio baimenaren tramitazioak aurrera jarrai dezan.

3. alegazioa.–Enhol enpresa taldearena eta Solen Desarrollos enpresarena.

2019ko abuztuaren 30ean, Enhol SL enpresa taldearen eta Solen Desarrollos SL enpresaren alegazioa jaso zen, non aditzera ematen zuten baimena tramitatzen ari zirela Fontellasko udal-mugartean eguzki-instalazio fotovoltaiko bat eraikitzeko eta, Volandín haize-parkeak ukitzen dituen lurzatietako batzuk eguzki-instalazioa sustatu nahi den eremuko lurzati komunak direla.

Alegazio-egileak azaltzen duenez, lurzati horietako batzuk Fontellasko Udalaren herri-lurrak dira, eta horregatik, eremu horien desafektazioa eskatu zion udalari; 2019ko apirilaren 4ko bilkuran, Fontellasko Udalak hasiera batez onetsi zuen lurzati horien desafektazioa, Solen Desarrollos SLri erabilera lagatzeko, bertan parke fotovoltaikoa instala dezan.

Erantzuna:

Fontellasko Udalak adostutako hasierako onespenari dagokionez, hizpide duena Volandín haize-parkearen aurreproiektuaren eremuko lurzati batzuen desafektazioa, beste sustatzaile batzuen aldekoa, alegazio-egileak ez du egiazko eskubiderik harik eta Nafarroako Gobernuak aipatu desafektazioa onetsi arte, hala ezarrita baitago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan; horrenbestez, ez dago inolako trabarik Volandín haize-parkearen aurretiazko administrazio baimenaren tramitazioak aurrera jarrai dezan.

Nolanahi ere, sustatzailearen eta alegazio-egilearen asmoa da energia elektrikoa ekoizteko bi instalazioak eraikitzea bateragarria izan dadila.

4. alegazioa.–Granja Santa Isabel eraldaketarako nekazaritza sozietatearena.

2019ko abuztuaren 30ean aurkeztutako eskabidearen bidez, José Manuel Rodríguez Fernández jaunak, Granja Santa Isabel eraldaketarako nekazaritza sozietatearen izenean, eskatu zuen linea ez dadila igaro sozietatearen jabetzako lurzatietatik (12. poligonoko 188. eta 189. lurzatiak), eta ez dadila euskarririk jarri (32.a) horietako batean (189.ean), haien balioa ez gutxitzeko, bertako laborantza ez mugatzeko eta nekazaritzako lanak ez oztopatzeko.

Erantzuna:

Enerfín Sociedad de Energía SLUk, linearen aurreproiektua egitean, lurzatien mugetatik ahalik eta gertuen kokatu zituen euskarriak, ahalik eta traba gutxien egiteko lurra lantzen duten partikularrei. Horrez gain, sustatzaileak konpromisoa hartzen du alegazio hau kontuan hartzeko proiektua gauzatzerakoan, eta ahalegina eginen du linearen euskarria eraikitzeak eraginik sor ez dezan.

5. alegazioa.– Estado de Bonamaison eraldaketarako nekazaritza sozietatea.

2019ko abuztuaren 30ean aurkeztutako eskabidearen bidez, Eugenio Gil Urnicia jaunak, Estado de Bonamaison izenaz ezaguna den finkaren izenean, alegatu zuen 1. haize-sorgailua eta horrainoko zerbitzu bidea eraikitzearen ondorioz ureztapenik gabe geldituko direla 70 hektarea gutxi gorabehera, eta horrek “oso ondorio latzak izanen dituela finkaren errentagarritasunean”.

Erantzuna:

Enerfín Sociedad de Energía SLUk V0–1 haize-sorgailuaren kokapena aldatu du, Ablitasko 5. poligonoko 1440. lurzatitik kanpora, eta, hortaz, aurrerantzean ez dio trabarik eginen alegazio-egilearen laborantzei ez eta ureztatze-instalazioei ere.

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena-–Ondare Arkitektonikoaren Atalarena.

2019ko ekainaren 21ean, Ondare Arkitektonikoaren Atalak aditzera eman zuen ukipenik ez zegoela, bere eskumenari dagokionez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

2. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena.

2019ko uztailaren 29an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala 0003-OT12-2019-000092 espediente-kodea duen txostena eman zuen, honako hau adierazten duena:

“Instalazioaren hirigintza- eta lurralde-bateragarritasunaren balioespen osoa Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, ingurumen- eta hirigintza-tramitazioak hasteko eskatu ondoren, aipatutako foru dekretuaren 10. artikuluari jarraikiz.”

Txostenean zerrendatzen dira kontuan hartu beharreko hirigintza eta lurralde antolamendurako legediak eta tresnak.

Azkenik, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak honako hau ohartarazi du:

–Ablitasko udal-mugartean haize-sorgailu bat kokatu da (VO–01), baina lurzoru horretan, Ablitasko Udal Plan Orokorraren arabera, debeku da energia eolikoa ekoizteko eraikuntzak eta instalazioak egitea.

–Haize-sorgailu batzuk Fontellasko udal-mugartean kokatu dira, “basoko lurzoru urbanizaezin” eta “nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru urbanizaezin” gisa sailkatutako eremuetan, baina Fontellasko Udal Planarekin bat, horietarako baimena emanen da soil-soilik azpiegiturak interes orokorrekoak direla deklaratzen bada.

Erantzuna:

Azaldutakoarekin bat, sustatzaileak Ablitasko udal-mugartean kokatutako haize-sorgailuaren kokapena aldatu zuen, lurzoru urbanizaezinaren kategoria duen lurzorura, eta bertan baimenduta dago haize-parkea osatzen duten azpiegiturak eraikitzea.

Fontellasko udal-mugartean kokatutako haize-sorgailuei dagokienez, sustatzaileak adierazi du interes orokorreko deklarazioa eskatuko duela, instalaziorako baimena lortze aldera.

3. txostena.–Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalarena.

2019ko abuztuaren 5ean, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak 0003-0215-2019-000236 espediente-kodea duen txostena eman zuen, honako hau adierazten duena:

“56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, sustatzaileak jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzak jaso eta bi hilabeteko gehieneko epean, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian aurkeztu beharko ditu ingurumen-eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera. Dagokion organoak ingurumenaren alorreko organoari eskaera hori igorri ondoren, aipatutako gainerako dokumentuekin batera, proiektuaren ingurumen-eraginaren ebaluazio arrunta tramitatzeari ekinen zaio.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

4. txostena.–Fontellasko Udalarena.

2019ko abuztuaren 19an, Fontellasko Udalak haize-parkearen aurkako idazkia aurkeztu zuen, bat etorriz hirigintzako udal teknikariak egindako kontrako txostenarekin, non jasotzen baita, Fontellasko Udalaren hirigintzako araudia aplikatuz, ezin liratekeela jarri haize-sorgailuetako 7.

Horrez gain, Udalak jakinarazi du 2019ko otsailaren 22an egindako osoko bilkuran erabaki zela proiektuak ukitzen dituen lurzatietako batzuen desafektazioa hasiera batez onestea, Aalsmeer Tejería SLUri erabilera lagatzeko, haize-parke bat egiteko; haize-parke horren kokapena bat dator, funtsean, Enerfín Sociedad de Energía SLUk igorritako aurreproiektuarenarekin.

Erantzuna:

Volandín haize-parkeak hartuko duen lurzoruari dagokionez, Fontellasko hirigintza planaren arabera, instalazioak hartzen dituen lurzoru urbanizaezinaren kategoria guztietan eraiki daitezke azpiegiturak, baina “basoko lurzoru” eta “nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru” gisa sailkatutako lurzoruen kasuan beharrezkoa da proiektua interes orokorrekoa dela deklaratzea.

Fontellasko Udalak adostutako hasierako onespenari dagokionez, hizpide duena Volandín haize-parkearen aurreproiektuaren eremuko lurzati batzuen desafektazioa, beste sustatzaile batzuen aldekoa, ez dago inolako trabarik Volandín haize-parkearen aurretiazko administrazio baimenaren tramitazioak aurrera jarrai dezan, Nafarroako Gobernuak aipatu desafektazioa onetsi arte behintzat, hala ezarrita baitago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan.

5 eta 5 bis txostena.–Tuterako Udalarena.

2019ko abuztuaren 23ko txostenean, Tuterako Udaleko Nekazaritzaren, Abeltzaintzaren, Mendien eta Ingurumenaren Kudeaketarako Unitateak eskatu zuen energia ebakuatzeko beste aukera batzuk proposatzeko eta lehendik dauden lineak partekatu eta/edo erabiltzeko edo, ezin bada, linea lurperatzeko aukera kontuan hartzeko.

Bestetik, 2019ko abenduaren 20an, Tuterako Udaleko Lurraldearen Antolamenduko zuzendariak txosten bat egin zuen, Volandín haize-parkeari baimena emateko tramitazioari buruz honako hau zioena:

–Sustatzailearen eta aipatutako udalaren artean bilerak egiten ari dira eta “ez dirudi urrun dagoenik” haize-sorgailuen eragina jasanen duten eremuak ustiatzeko akordioa.

–Beharrezko da beste kokaleku batzuk balioestea eta ebakuazio-azpiegiturak beste instalazio batzuekin batera egitea, ingurumen-eragina eta lurraren erabilera murrizteko.

Erantzuna:

Ingurumen-eraginaren azterketan ebakuazio-linearen ibilbidea aldatzeko aukerak aztertu ziren, eta ingurumenean eragin gutxien izanen duen aukera hautatu zen. Horrez gain, aurreproiektuan kontuan hartu da linearen amaiera lurperatzea, azpiestaziora sartzean.

6. txostena.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes entitatearena.

2019ko irailaren 26an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes entitateak aditzera eman zuen ez zuela baimenik emanen proiektuan adierazitako gurutzaketak eta paralelismoak egiteko, proiektuak ez baitio erreferentziarik egiten ukipenetako bati. Horrez gain, ohartarazi zuen aurreproiektuan sartutako gurutzaketa bat ez dela enpresaren eskumenekoa.

Erantzuna:

Sustatzaileak aurreproiektuan sartu du adierazitako ukipena, eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes entitatearen eskumenekoa ez den gurutzaketari dagokionez, titularrarekin harremanetan jarri da baldintza teknikoak ezarri eta, behar bada, kasuan kasuko akordioak erdiesteko.

7. txostena.– Red Eléctrica de España enpresarena.

2019ko urriaren 2an, Red Eléctrica de España enpresak aditzera eman zituen sustatzaileak kontuan hartu beharreko inguruabar teknikoak, eta ohartarazpena egin zuen “arauzkoa ez den gurutzaketa baten gainean, gurutzaketa-baoa mugatzen duten lineako euskarrien grapek ez dituztelako babes hagaxkak (armor-rod)”.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin, eta ziurtatu du exekuzio proiektuaren baitako haize-sorgailuek arauzko distantziak beteko dituztela.

8. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarena.

Urriaren 14an, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak 2019/598672 txostena eman zuen, eta dokumentu hauek bildu zituen bertan:

–Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren txostena. Zenbait ohar egiten dira kalteak jasan ditzaketen bide egituren, burdinbide egituren eta egitura hidraulikoen inguruan. Halaber, zehaztapen batzuk egiten dira arlo horietan, eta sustatzaileari esaten zaio txostena eskatu behar diola Sustapen Ministerioko Trenbideen Zuzendaritza Nagusiari, azpiegitura hori Abiadura Handiko Trenaren etorkizuneko ibilbidearen eremuan kokatuta dagoelako, baita CANASA sozietateari ere, Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen jarduketa-eremuan kokatuta dagoelako.

–Zainketa Zerbitzuaren txostena. Aurreproiektuarekin ados dagoela adierazten da; dena den, zenbait zehaztapen kontuan hartu beharko dira eta Zerbitzuak dagozkion baimenak eman beharko ditu.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin eta dagozkion baimenak eskatuko dituela.

9. txostena–Nedgia Navarra entitatearena.

2019ko azaroaren 14an, Nedgia Navarra entitateak E-NAV-20190022 espediente zenbakia duen idazkia aurkeztu zuen, proiektuari onespena emateko eta baldintza teknikoak ezartzeko.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

10 eta 10 bis txostenak.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarenak.

2020ko urtarrilaren 15eko txostenean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Komisariako Ingurumenaren Kudeaketaren arloak honako hau adierazi zuen: “ur-inguruneak jasan ditzakeen ingurumen afekzioen ikuspuntutik, (...) oro har egokitzat jo ingurumen-eraginaren azterketa, baldin eta bertan jasotako neurriak betetzen badira, baita azaleko nahiz lurpeko urak kutsatzea edo degradatzea ekiditeko beharrezko neurri guztiak ere, eremuko dinamika hidrologiko nahiz morfologikoa gehiegi aldatuko ez dela bermatzeko. Era berean, lanak egiteko fasean neurri zorrotzagoak hartu beharko dira inguruko uren ibilbideei ez eragiteko. Arreta berezia jarri beharko zaio Cortes eta Madre de Vilosas ibaien ibilbideei, kontu handia eduki beharko da jariatze-urekin eta sare hidrologikoan partikula solido esekiak erortzearekin, eta hidrokarburoak nahiz bestelako substantzia kutsatzaileak isurtzeagatik nahi gabe urak kutsatzea saihestu beharko da”.

Txostenak eranskin bat dauka eta, bertan, sustatzaileak kontuan hartu beha dituen oharrak xehatzen dira, proiektu honen inguruan erakunde honekin etorkizunean egin beharreko ekintza eta tramiteei dagokienez.

2020ko irailaren 22an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloak aurreproiektuaren aldeko txosten bat eman zuen, ez zuelako aurreikusten ibilgu publikoetan edo korronteetan afekziorik izanen denik; horrek ez du ezertan galarazten lanak hasi aurretik sustatzaileak erakunde honen zuzendaritza teknikoaren derrigorrezko administrazio baimena lortu beharra, Lodosako Ubidearen gurutzaketari dagokionez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenekin.

11. txostena–Telefónica de España enpresarena.

2020ko otsailaren 28an, Telefónica de España enpresak idazki bat aurkeztu zuen, eta, bertan, aditzera eman zuen ez “duela aipatu proiektuaren exekuzioari kontra egiteko arrazoirik, baldin eta betetzen badira telekomunikazioko lineen paralelismo eta gurutzaketen arloan indarrean dauden arauak, eta, bereziki, Goi eta Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak”.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

Iragarkiaren kodea: F2205104