86. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

124E/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2022-2023ko deialdia onesten duena Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei. DDBN identifikazioa: 619360

Urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua (NABI) erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, ezartzen du erakunde horrek duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Eskumen horiek garatzeko, NABIren eginkizunak izanen dira, besteak beste, emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatu eta sostengatzea, planak eta estrategiak proposatzea emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, eta elkarteetan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, emakumeen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu gizarte ekintzako proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteentzat eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateentzat, 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra bitartean genero ikuspegia duten proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean eta horiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzera zuzen ditzaten.

Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkidate Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak,

EBAZTEN DUT:

1 Deialdi bat onestea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei.

2 Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3 Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira, baldin eta aurrekontuko krediturik bada:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

0800001 08200 4819 232203 Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak

2022

137.481,63

0800001 08200 4819 232203 Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak

2023

100.000

Salbuespen gisa, 50.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

4 Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5 Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra bitartean Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egin ditzaten, oinarriotan ezarritakoarekin bat eta kredituek ezartzen dituzten mugen barruan.

Dirulaguntza hauen helburua da emakumeen parte-hartze soziala bultzatzea, elkartegintzaren bidez ahalduntze banakakoa eta kolektiboa bultzatzea, eta genero berdintasuna sustatzea gizartean eta herritarren artean.

2. oinarria.–Onuradunak.

Emakumeen elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateak izanen dira onuradunak, betiere haien estatutuetan helburu gisa berariaz agertzen badira emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna bultzatzea eta bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein eremutan emakumeen sustapena eta defentsa bilatzea. Onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egin behar dituzte, eta oinarri hauetako baldintzak bete.

Emakumeen elkartetzat joko dira Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen zentsuan inskribatzeko baldintzak betetzen dituzten elkarteak, Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsua arautzen duen uztailaren 27ko 52/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

3. oinarria.–Betekizunak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte.

3.1. Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta dagokion erregistroan inskribatua egotea, nahiz eta inskripzio hori publizitate ondorioetarako soilik eskatu.

3.2. Deialdi honetan diruz lagundutako jarduerak garatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

3.3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea xede izatea estatutuetan, eta bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein eremutan emakumeen sustapena eta defentsa bilatzen dituzten guztiak.

3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4. oinarria.–Diruz laguntzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko epea.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra arte izanen da.

4.2. Proiektu mota hauek lagunduko dira diruz:

A motako jardueren proiektua: emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak biltzen dituzten proiektuak.

B motako topaketaren proiektua: Nafarroako Foru Komunitateko emakume elkarteen arteko lurraldeko topaketa proiektuak, elkarte sareak sustatzeko, Nafarroako elkarte sarea lurraldeetatik indartzeko sare lana. Topaketa horiek jarduerak egin beharko dituzte Nafarroan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko.

4.3. Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:

a) Emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatzea, laguntzea eta dinamizatzea, emakume eta nesken ahalduntze banakakoa eta kolektiboa sustatuz.

b) Nafarroako Foru Komunitatean, erabakiak hartzeko prozesu eta guneetan eta entitate sozial eta politikoen kudeaketan eta zuzendaritzan emakumeen presentzia finkatzea eta haien parte-hartzea sustatzea, genero ikuspegiarekin.

c) Belaunaldien arteko hitzarmenak erraztea emakumeen artean, baita haien sareko lana ere.

d) Hausnarketa piztea eta zainketak eta erantzunkidetasuna balioestea, erantzunkidetasunaren arloko beharrak konpontzea eta zalantzan jartzea sexuen araberako lan banaketa.

e) Genero rolei jarraitzen ez dieten eta generoan oinarritutako estereotipoak desagerrarazteko eredu diren emakumeak agerian jartzea.

f) Beste aldagai batzuekin –besteak beste, adinarekin, dibertsitate funtzionalarekin, orientazio sexualarekin edo genero identitatearekin– izandako intersekzionalitatetik sortzen diren hainbat desberdinkeria lantzea.

g) Ikerketa-, hedapen- eta/edo sentsibilizazio-lana egitea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, emakumeen eskubideak sustatu eta defendatzeko arloan eta emakumeen erreferenteak eta genealogiak sortzeko arloan.

h) Honako hauei buruzko prestakuntza ematea: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, emakume eta nesken ahalduntzea eta antzeko beste batzuk. Herritar guztiek parte hartzen ahalko dute prestakuntzan, baina bazkideek lehentasuna izan dezakete.

i) Emakumeen eta nesken aurkako indarkeria prebenitzea eta desagerraraztea.

j) Emakumeen eskubideekin eta eskaerekin lotutako garrantzi bereziko datak aldarrikatzea.

k) Emakumeek pairatzen duten “eten digitala” murriztea, teknologien erabilera sustatuz, helburu izanik zuzen erabiltzea agiriak editatzeko oinarrizko tresnak, kalkulu-orriak eta posta elektronikoa, baita administrazio publikoekiko komunikazio telematikoa ere.

l) Zainketen gizarte-erantzunkidetasuna sustatzea.

4.4. Trebetasunak ikasteko jarduerak, zeregin estereotipatuak trukatzekoak eta antzekoak, dirulaguntza jaso ahal izateko, sentsibilizazio edo prestakuntzako beste jarduera batzuekin osatu beharko dira, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan.

4.5. Mota bereko proiektu batzuetarako eskaera aurkezten duten entitate edo elkarteak ez dira onartuko; hala ere, organo kudeatzaileak eskatuta proiektu horietako bakar bat aukeratzen badute, onartuko dira.

Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateek jardueren proiektu bat (A motakoa) eta elkarteen arteko topaketaren proiektu bat (B motakoa) aurkezten ahalko dituzte.

4.6. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta aurrekontu xehakatuan jasota badaude eta oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, gastu kontzeptu hauek diruz lagunduko dira, betiere merkatuko balioa badute:

4.6.1. Zuzeneko gastuak:

a) Aholkularitza teknikoa (enpresak kontratatzea, profesionalen ordainsariak, txostengileak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea, frogatzen badute genero berdintasunaren arloko 120 orduko prestakuntza dutela).

Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, enpresa horrek ziurtatu beharko du badituela genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza (erakunde publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana) duten langileak, eta horiexek direla proiektua gauzatzeko erantzule zuzenak. Enpresak 9. eranskina (Prestakuntza egiaztatzeko adierazpena) betez egiaztatuko da prestakuntza. Diruz lagundutako jardueraren %100 arte azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Alderdi horiek justifikatzeko, 10. eranskina (Enpresaren hautapena egiaztatzea) beteko da.

b) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

c) Materialak argitaratzeko gastuak. Dena den, soilik proiektuaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza, betiere NABIk baimendu ondoren.

Egutegiak argitaratzeko eta inprimatzeko dirulaguntza eskatzen bada, soilik 2023koek jasoko dute dirulaguntza.

d) Jarduera egiteko erabiltzen diren lokalen edo ekipamenduen alokairu gastua edo material suntsikorrarena.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

f) Topaketetarako B motako proiektuen bidaia-gastuak edo A motako jardueren proiektuenak, baldin eta gastu horiek beharrezkoak badira proposatutako jarduera egiteko. Garraioan egindako gastua soilik onartuko da, eta onuradunari fakturatzen zaion gastua hartuko da kontuan, 700 euroko muga gainditu gabe.

g) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

4.6.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Emandako dirulaguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 erabil daiteke objektiboki, gehienez, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera gauzatzen den epean egin badira. Zeharkako gastutzat hartuko dira, orobat, proiektuak gauzatzeaz arduratzen den elkarte edo entitatearen langileen gastuak, baldin eta justifikatzen bada langile horiek diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela eta badutela genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza (erakunde publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana).

4.7. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak, jarduerak eta gastuak:

4.7.1. Proiektu eta jarduera hauek deialdiaren esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.

b) Ikasleekin hezkuntza ziklo guztietan egindako jarduerak, 0-3 tartea barne, edozein dela ere haien titulartasuna, baldin eta jarduera horiek ikasgelan egiten badira edo eskola-orduetan, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

c) Aisia-jarduerak edo ludiko-jostetakoak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren programa eta jarduera berekiak.

e) Diruz lagundutako entitatearen edo elkartearen langileen nominak, 4.6.2 apartatuan ezarritakoa salbu.

4.7.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, bazkari, arratsaldeko eta antzekoen gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Diruz lagundutako jardueraren publizitate edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa eta NABIrena ez badira agertzen.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako esker-sariak edo opariak, edonolakoak.

h) Inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak, USBak eta beste gailu digital batzuk erosteak dakartzan gastuak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste elkarte eta entitateentzako dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

–Emakumeen elkarteak: Dirulaguntza 10.000 eurokoa izanen da gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.

–Irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateak: 5.000 euroko dirulaguntza eman daiteke gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.

5.2. Eskatuko den zenbatekoak ezin izanen ditu gainditu aurreko atalean ezarritako mugak ere.

5.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera kalkulatuko da, betiere proiektuak gutxienez 50 puntuko balorazioa lortu badu deialdian ezarritako irizpideen arabera:

–3.500 euro edo gutxiagoko proiektu onartuei, eskatu eta onartutako kopuruaren %100 emanen zaie.

–3.500 euro baino gehiagoko proiektu onartuei, portzentaje hauen arabera emanen zaie dirulaguntza:

  • 91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %100.
  • 81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %90.
  • 71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %80.
  • 61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %70.
  • 50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako kopuruaren %60.

5.4. Honela banatuko da aurrekontuko kontsignazio osoa:

–189.985,3 euro emakumeen elkarteek aurkeztutako proiektuetarako.

–47.496,33 euro irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateek aurkeztutako proiektuetarako.

Onuradun mota bakoitzari (emakumeen elkarteei/irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateei) erreserbatutako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste onuradun motarako kredituari gehituko zaio.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten elkarteek edo entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (deialdi honetan eranskin moduan gehitutako ereduak erabili beharko dira):

–3. eranskina. Eskaera.

–4. eranskina: Proiektua: Zehaztu proiektua A motako jarduerena edo B motako topaketena den

–5. eranskina. Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena: Elkartearen edo entitatearen ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen eta/edo aitortzen dituena:

  • Elkarteak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat bera ere.
  • Entitate eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten duen zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako inhabilitazioa ekartzen duen legezko debekurik ere.
  • Nafarroako Berdintasunerako Institutuari baimena ematen dio egiaztatzeko irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo entitateak egunean dauzkala zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
  • Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon

–6. eranskina. Funtsen aurrerakina (bidezkoa bada).

–7. eranskina. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

–8. eranskina. Elkarte antolatzaileen zerrenda (B motako topaketa proiektuetarako eskaerak bakarrik).

–9. eranskina. Prestakuntza egiaztatzeko adierazpena (bidezkoa bada).

–10. eranskina. Enpresaren hautaketa egiaztatzea: hau beteko da bakarrik diruz lagundu daitekeen gastua 12.000 eurotik gorakoa baldin bada, enpresaren batek aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuren bat emateagatik.

6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen tramiteen atarian (www.nafarroa.eus) dagoen deialdiaren fitxaren bidez (deialdi honen fitxa: emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektuak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarteei eta bestelako entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, 2022-2023). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaera hilabeteko epean aurkeztuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, elkarteari edo entitateari eskatuko zaio 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/205 Legean ezarri bezala jakinaraziko da zuzentzeko errekerimendua.

Proiektuaren 4. eranskinari buruzko dokumentazioa ezin izanen da inola ere zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra, 5. oinarrian adierazitako kopuruen arabera, eta proportzionalki murriztuko dira diruz lagundutako proiektu guztiak.

Modalitate batean dirulaguntzarik esleitzen ez bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, soberakina beste modalitatearen aurrekontuari gehituko zaio.

8.2. Eskaera bakoitzean, proiektuaren balorazio teknikoa eginda, zehaztuko da zein den NABI proiektu onartuaren zenbatekoa, behin baztertuta, hala egokituz gero, diruz laguntzekoak ez diren jarduerak eta gastuak, edozein dela ere bertan bildutako jarduerak gauzatzeko denbora epea. Kontzesioaren zenbatekoa kalkulatzeko, NABI proiektu onartuaren zenbatekoari “kontzesioaren ehunekoa” aplikatuko zaio.

Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsi eginen dira.

–NABI proiektu onartua: NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa (4. eranskina; “NABI proiektua” izenarekin); gutxituta, hala egokituz gero, deialdi honetan diruz laguntzeko modukoak ez diren proiektuko jardueren zenbatekotik.

–“Emakidaren ehunekoa (%)”: Aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza, deialdiaren 5. oinarrian eta 2. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

2022-2023 urte anitzeko deialdi honetan, emakidaren zenbatekoa honela banakatuko da:

–2022ko emakida: Aurkeztutako proiektuaren jarduerak 2022ko martxoaren 1etik 2022ko azaroaren 4ra gauzatzeko.

–2023ko emakida: Aurkeztutako proiektuaren jarduerak 2022ko azaroaren 5etik 2023ko otsailaren 28ra gauzatzeko.

Bi urteetako kontzesio zenbatekoak lortzeko, aurrez ezarritako “kontzesioaren ehunekoa” aplikatuko da NABI proiektu onartuaren zenbatekoaren eta 2022an eta 2023an dagokionaren gainean.

Instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikarien laguntza izaten ahalko du, eta bidezkotzat jotzen dituen jarduketak egiten ahalko ditu ebazpen proposamena egiteko erabiltzen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate eta elkarte onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira, onuradunek beren eskaeran adierazitako helbide elektroniko gaituaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

10. oinarria–Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Emakidaren ebazpenean, 2022 eta 2023rako, honako hauek adieraziko dira: eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak, NABI proiektuaren zenbatekoa, NABI proiektu onartuaren zenbatekoa, proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz (arrazoia zehaztuta). Era berean, honako hauek jasoko dira proiektu bakoitzerako: emandako zenbateko osoa, urteka banakatuta; eta NABI proiektu onartuaren zenbatekoarekin bat etorriko den justifikatu beharreko kopurua.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Dirulaguntzak hartzen dituzten entitate guztiek kontzesio ebazpenaren berri izan eta hilabeteko epean jakinarazi beharko dute aipatu foru legearen 12.4 artikuluan zerrendatutako informazioa, entitatearen ordezkariak sinatuta, laguntzen fitxan dagoen 7. eranskinaren arabera (Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena).

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Deialdi honetan emandako zenbatekoak epe honetan ordainduko dira:

a) Justifikazioa 12.2.a) puntuaren arabera aurkeztu eta hilabeteko epean, konturako ordainketa bat eginen da, gehienez ere 2022. urteari dagokion emandako dirulaguntzaren kopurukoa izanen dena.

b) Justifikazioa 12.2.b) puntuaren arabera aurkeztu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean, azken ordainketa bat eginen da, gehienez ere 2023. urteari dagokion emandako dirulaguntzaren kopurukoa izanen dena.

Hala ere, gizarte ekintzako programak direnez, eta dirulaguntzaren aurrerakina eskatzen duten erakundeentzat, ebazpenean emandako kopuruaren %100 aurrez ordaintzea erabakiko da, 2022. urteari dagokion kontzesioaren mugarekin, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako jarduera aldi baterako finantzatzeko baliabide nahikorik ez dutela justifikatzen bada.

Funtsez hornitzeko beharra justifikatzeko, eskatzaileak, dirulaguntza eskaerarekin batera, txosten bat aurkeztu beharko du, egiaztatzen duena diruz lagundutako jarduera gauzatzea aldi batez finantzatzeko behar adina baliabide ez dituela (deialdi honetako 6. eranskina, –Dirua aurreratzeko eskaera–).

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.

12.2. Justifikazioa: aurreko 12.1 puntuan ezarritako ordainketarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki eta/edo laguntzen fitxaren bidez, bertan dauden ereduetara egokituta.

a) 2022ko azaroaren 4rako, beranduenez: 13. eranskina, erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena zenbateko gastua egin duen onuradunak, ordura arte, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari aurkeztutako proiektuari dagokionez. Soil-soilik eta adierazpen horretarako, egindako gastutzat hartzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

b) 2023ko otsailaren 28rako, beranduenez: Proiektuaren justifikazio osoa, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztuta, 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra egindako gastua barne hartzen duena. Horretarako, aplikatzekoa izanen da hurrengo 12.3-12.6 apartatuetan ezarritakoa.

12.3. NABI proiektu onartuaren justifikazio osorako, honako dokumentazio hau aurkeztuko da, beranduenez ere 2023ko otsailaren 28an:

–11. eranskina. Justifikazio memoria: laguntzen fitxan horretarako diseinatuta dagoen ereduaren araberako memoria.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta ekintza horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.

–12. eranskina. Gastuen eredua (Excel orria): Gastuen frogagirien eta egindako ordainketen zerrenda.

Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak dirulaguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Fakturen eta benetan egindako ordainketaren agirien bidez frogatuko dira. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Frogagiria: frogagiri bat, egiaztatzeko Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako jardueretan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra betetzen dela, egiten den publizitatean eta zabalkundean, erabilitako edozein bitartekotan, bai eta horrekin lotuta egiten den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera (4/2016 Foru Dekretua partzialki aldatu zuen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak).

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa erantsiko da, eta testu hau izanen du: Subvenciona/Lagunduta. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoarekin batera, Nafarroako Gobernuak Interneten duen tramiteen atarian paratuko da (www.nafarroa.eus) (deialdi honen fitxa: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei emateko dirulaguntzen deialdia, 2022-2023).

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta hedapen lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko medio guztietan, eta objektu guztietan ezarri beharko dira: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza-materialetan eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko medioetan, web-orrietan eta jartzeko aukera ematen duten medio guztietan.

12.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarte edo entitateari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 5 egun balioduneko epean.

12.5. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko 2023ko otsailaren 28a baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea.

12.6. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa txikiagoa bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino, edo gastuaren frogagiri eta ordainketa ziurtagiri bidez justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoa txikiagoa bada NABI proiektu onartuaren zenbatekoa baino, dirulaguntzaren gutxitze proportzionala eginen da (kontzesioaren ehunekoa NABIk onartutako eta justifikatutako zenbatekoari aplikatuz), beti ere haren gauzapena nabarmen hurbiltzen bazaio betetze osoari, eta egiaztatzen bada batere dudarik gabe jardun dela hartutako konpromisoak bete nahian, eta proiektuaren balorazio bera mantenduko da.

13. oinarria.–Bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek zilegi izanen dute beste dirulaguntza, laguntza eta sarrera batzuk jasotzea, Estatuko edo Europar Batasuneko beste edozein administrazio, entitate eta erakunde publikok nahiz pribatuk edo nazioarteko erakundeek emanda helburu edo xede bererako, zenbateko horiek, banan-banan edo batera, inola ere proiektu bakoitzaren kostuaren %100 gainditu gabe.

13.2. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek ezin izanen dute eskuratu Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beste deialdi batzuen zuzeneko dirulaguntzarik xede eta helburu bererako.

14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki edo laguntzen fitxaren bidez, deialdiko 10.3 oinarriaren arabera laguntzen fitxan dagoen 7. eranskinera egokituta (Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena).

Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

c) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko, izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

d) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

e) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol tekniko eta ekonomikoa egiten uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.

f) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

i) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzaren berri ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere.

j) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera inklusiboa erabili behar dute, emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu behar dituzte, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, ardurakidetzari eta rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

k) Betetzea xedaturik dagoena irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan (haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa).

15. oinarria.–Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntzaren helburuak bete ondoren, inbertitu gabeko gerakinik badago baliabideak efizientziaz erabili direlako (barnean harturik diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak), onuradunek baimena eskatzen ahalko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari, gerakinak erabiltzeko izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak proposamena egin ondoren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du aldatu behar dela dirulaguntza emateko hasierako ebazpena, gerakina aplikatu dadin, edo deskribatutako gerakinak itzuli behar direla.

16. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere deialdi honetako 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–Ez badira gauzatzen edo betetzen aurkezturiko proiektu orokorreko jarduera bat edo batzuk, osorik itzuli beharko da jarduera horiei dagokien eta justifikatu gabe dagoen aurrerakina.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua.

19. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Proiektuarekin lotutako irizpideak (70 puntu bitarte).

IRIZPIDEAK

AZPI-IRIZPIDEA

APLIKAZIOA

Kalitatea

(60 puntu)

Koherentzia

(20 puntu gehienez)

Helburu orokorra zehaztea: 5 puntu

–Deialdiaren helburuei lotua: 5 puntu

–Lotu gabea: 2,5 puntu

–Ez du helbururik zehazten: 0 puntu

Jarduerak deskribatzea berariazko helburuei eta xedeko hartzaileei lotuta: 5 puntu

–Deskribapen zehatza: 5 puntu

–Deskribapen ez-zehatza: 2,5 puntu

–Deskribapenik ez: 0 puntu

Egutegia: 3 puntu

–Jarduera guztietarako: 3 puntu

–Jarduera batzuetarako: 1,5 puntu

–Zehaztu gabe: 0 puntu

Jardueraren xede diren hartzaileak: 2 puntu

–Hartzaileak nor diren adierazten du jarduera guztietan: 2

–Hartzaileak nor diren adierazten du jarduera batzuetan: 1

–Zehaztu gabe: 0

Ebaluazio adierazle neurgarriak eta sexuen arabera bereiziak: 3 puntu

–Bi irizpideak betetzen ditu: 3 puntu

–Irizpide bat betetzen du: 1,5 puntu

–Ez du irizpiderik betetzen: 0 puntu

Baliabide berekiak izatea: 2 puntu:

–Baditu giza baliabideak: 1 puntu

–Badu toki fisiko bat (lokal propioa, kultur etxea, liburutegia…): 1 puntu

Genero ikuspuntuaren ezartze maila

(15 puntu gehienez)

Hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea –bereziki, gaztelaniaz–, hauen bidez: izen generikoak (“profesorado”, “alumnado”…), bi generoen aipamena (“trabajadoras/ trabajadores”): 5 puntu

–Guztiz: 5 puntu

–Partzialki: 2,5 puntu

–Batere ez: 0 puntu

Emakumeen ikuspegia eta egoera kontuan hartzea esku hartu nahi den errealitatearen diagnostikoan edo abiapuntuko egoeran: 5 puntu gehienez

–Zehatz hartzen du kontuan: 5 puntu

–Partzialki hartzen du kontuan: 2,5 puntu

–Ez du kontuan hartzen: 0 puntu

Analisian sexuen arabera bereizitako datuak egotea: 5 puntu gehienez

–Datu bat baino gehiago dago sexuen arabera bereizita: 5 puntu

–Datu bat dago sexuen arabera bereizita: 2,5 puntu

–Ez dago sexuen arabera bereizitako daturik: 0 puntu

Programan aniztasuna eta/edo era askotako diskriminazio egoerak kontuan hartzeko aurreikusitako neurriak.

(5 puntu arte)

Programazioan irisgarritasuna jasotzea (entzumen, gorputz, ikusmen eta zentzumen desgaitasuna duten pertsonentzat, besteak beste)

–Kontuan hartzen du: 5 puntu

–Ez du kontuan hartzen: 0 puntu

Beste elkarte batzuekiko sare lana

(5 puntu)

–Bi elkarterekin: 5 puntu

–Elkarte batekin: 3 puntu

–Bat ere ez: 0 puntu

Espero den inpaktua/emaitza

(5 puntu gehienez)

–Nafarroa osoa: 5 puntu

–Hainbat herri: 3 puntu

–Herri bat: Puntu bat

Elkartean emakume gazteen (14 urtetik 30era bitarteko emakumeen) parte-hartzea sustatzea

(5 puntu gehienez)

Emakume gazteentzako berariazko ekintzak egitea (14-30 urte bitartekoak): 2,5 puntu:

–Baten bat egiten du: 2,5 puntu

–Ez du bat ere egiten: 0 puntu

Elkarteko emakume gazteei buruzko adierazpena: 2,5 puntu

–%15etik gora: 2,5 puntu

–%15etik behera: 1,5 puntu

–Bat ere ez: 0 puntu

Emakumeen beste elkarteekin lankidetzan aritzea, proiektua egin eta garatzeko

(5 puntu gehienez)

–Birekin baino gehiagorekin: 5 puntu

–Birekin: 4 puntu

–Batekin: 3 puntu

Berrikuntza

(5 puntu)

Balioak aldatzeko, emakumeak ahalduntzeko eta berrikuntzaren aldetik emaitza ona lortu duten esperientziak transmititzeko

(5 puntu gehienez)

Jarduera berritzailea izatea toki horretan

–Jarduera hori inoiz garatu ez bada: 2 puntu

–Jarduerak aldagai berriak baditu: 1 puntu

–Eremuan errepikatzen diren jarduerak badira: 0 puntu

Presentzia sare sozialetan: 3 puntu

–Elkarteak badu bere kontua: 3 puntu

–Kontu pertsonalak daude, informazioa hedatzeko: 1,5 puntu

–Ez du presentziarik sareetan: 0 puntu

Parte-hartze sozial eta politikoa

(5 puntu)

Sareetan eta erabakiak hartzeko espazioetan parte hartzea

(5 puntu gehienez)

–Elkarteak berdintasunerako udal kontseiluetan parte hartzea: 2 puntu

–Emakumeen elkarteen plataforma koordinatzaileetan parte hartzea: 2 puntu

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko tokiko itunetan parte hartzea: 1 puntu

PROIEKTUA, GUZTIRA: 70 PUNTU

Elkarte/entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak (30 puntu arte).

IRIZPIDEAK

AZPI-IRIZPIDEAK

APLIKAZIOA

Emakumeen elkarteak bakarrik (emakumezko bazkideak)

(15 puntu)

Bazkideen %80tik %85era bitarte, emakumeak

Bazkideen %85etik gora, emakumeak

12 puntu

15 puntu

Biztanle kopurua/Herria

(5 puntu)

Elkartea edo entitatea dagoen herriko biztanleak

0-1000: 5 puntu

1001-3000: 4 puntu

3001-6000: 3 puntu

+6.000: 1 puntu

Esperientzia

(5 puntu)

Elkarteak berdintasunerako proiektuetan lan egiten emandako urteak.

Puntu bat urte bakoitzeko (5 puntu gehienez)

Zuzendaritza/Lehendakaritza

(5 puntu)

Emakume bat izatea irabazi-asmorik gabeko entitatea ordezkatzen duen zuzendaritza batzordeko (edo organo baliokideko) burua.

5 puntu

ENTITATEA, GUZTIRA: 30 puntu

3. eranskina.–Eskaera.

4. eranskina.–Proiektua.

5. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

6. eranskina.–Funtsen aurrerakina.

7. eranskina.–Gardentasuna

8. eranskina.–Antolatzaileen zerrenda.

9. eranskina.–Prestakuntza egiaztatzea.

10. eranskina.–Enpresa egiaztatzea.

11. eranskina.–Justifikazio memoria.

12. eranskina.–Gastuen orria.

13. eranskina.–Gauzatzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu 3. eranskinetik 11.ra bitartekoak eta 13.a (DOC).

Deskargatu 12. eranskina (XLSX).

Iragarkiaren kodea: F2205110