85. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1211E/2022 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoaren ondorioz desgaitasuna duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua osatzeko asmoz, 2021eko uztailetik 2022ko ekainera bitarte (biak barne) egiten diren zenbait gastutarako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

2022ko Nafarroako gastu-aurrekontuan 511004 51100 4819 311107 partida dago jasota, “Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologiak dituzten haurrentzako laguntzak” izenekoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea hartutako kalte zerebrala eta antzeko patologia neurologikoak diagnostikatuak dituzten haurrentzako fisioterapian, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuetan 2021eko uztailetik 2022ko ekainera bitarte (biak barne) egiten diren gastuak osorik edo zati batean estaltzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoaren ondorioz desgaitasuna duten 18 urtetik beherako haurrentzako fisioterapian, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan eta autonomia pertsonalerako produktuetan 2021eko uztailetik 2022ko ekainera bitarte (biak barne) egiten diren gastuak osorik edo zati batean ordaintzeko dirulaguntzen deialdia onestea, eranskinean ageri diren oinarri arautzaileekin bat etorriz.

2. Gehienez ere 50.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuko “Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologiak dituzten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51100 4819 311107 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2022ko martxoaren 21ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, deialdi honi dagozkionak: Hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoaren ondorioz desgaitasuna duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua osatzeko asmoz 2021eko uztailetik 2022ko irailera bitarte (biak barne) egiten diren zenbait gastutarako dirulaguntzen deialdia

1.–Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Dirulaguntza hauek erabiliko dira osorik edo zati batean estaltzeko hartutako kalte zerebralagatik edo antzeko patologia neurologikoengatik desgaitasuna duten 18 urtetik beherakoen honako behar hauek betetzeko asmoz egiten den gastua, 2021eko ekainetik 2022ko uztailera bitartekoa (biak barne):

–Fisioterapia.

–Terapia okupazionala.

–Irensketaren errehabilitazioa.

Horrelako kasuetan, fisioterapia, terapia okupazionala eta irensketaren errehabilitazioa behar bezalako titulua duten profesionalekin egin beharko dira, jarduera horiek garatzeko baimenduta dauden zentroetan.

–Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatutako material ortoprotesikoa izan ezik. Horrelakotzat joko da desgaitasuna duten pertsonek erabiltzen duten edo haientzat erabiltzen den edozein produktu (gailuak, ekipoa, tresnak eta softwarea barne), berariaz fabrikatu dena edo merkatuan salgai dagoena, parte-hartzea sustatzeko, babesteko, laguntzeko, entrenatzeko, neurtzeko edo gorputzeko eginkizunak/egiturak eta/edo jarduerak ordezteko erabiltzen dena, edo gabeziei, jarduteko mugei edo parte hartzeko murrizketei aurrea hartzeko, UNE EN ISO 9999:2011 arauaren arabera. Produktu horiek Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Mendekotasun egoera erregelamenduz baloratzeko jarduera profesionalean orientatzeko gidaliburua: Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak” izenekoan jasotzen dira.

Dirulaguntza honek onura publikoa du komeni delako hartutako kalte zerebralaren diagnostikoa edo antzeko patologia neurologiak dituzten adingabeen tratamendua osatzea, adierazitako behar horiei dagokienez.

2.–Deialdiaren zenbatekoa.

Deialdi honek 50.000 euroko zuzkidura du, partida honen kargura finantzatzekoa: 2022ko gastu-aurrekontuko “Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoak dituzten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51100 4819 311107 partida.

3.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoa izatea, neuropediatra batek diagnostikatua. Antzeko patologia neurologiko bat izanez gero, diagnostiko-kodean berariaz jaso beharko da hartutako bizkarrezur-muineko lesioa edo garuneko egiturazko kaltea, neuroirudi proba baten bidez objektibatua, eta garuneko egiturazko lesio hori izatea nahasmendu neurologikoaren zuzeneko kausa, edozein unetan gertatu dela ere.

–18 urtetik beherakoa izatea, esku-hartze diagnostikoa edo terapeutikoa egiten den edo laguntza produktuak erosten diren unean.

–Adingabearen ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, 2022ko ekainaren 30erako urtebete edo gehiago eramatea Nafarroako Foru Komunitatean bizitzen, egiazki eta jarraian. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Behar bezala akreditatua dagoen eta onuradunaren arretan inplikatua dagoen profesional batek gomendatu behar du fisioterapia, terapia okupazionala edo irensketaren errehabilitazioa egitea edo autonomia pertsonalerako laguntza produktuak erabiltzea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

4.–Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

4.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.

4.2. Eskaera, beti, onuradunaren izenean egonen da, eta eskaera aurkezten duena ordezkari gisa agertuko da.

4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2022ko ekainaren 1ean hasiko da, eta urte bereko ekainaren 30ean bukatuko.

4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak jaso daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

4.6. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Onuradunaren NANaren fotokopia.

b) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna edo, hala denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena adierazita.

c) Txosten medikoa, neuropediatra batek egina, hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoaren berariazko diagnostikoa agertzen duena. Txostenak zehaztasunez jaso beharko du diagnostikoari lotutako sintomatologia. Antzeko patologia neurologikoa izanez gero, txostenak zehaztasunez jaso beharko du antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia, eta berariaz jaso ere antzeko patologiaren diagnostikoaren kodean hartutako muineko lesioa edo egiturazko kalte zerebrala, neuroirudiaren frogaren bidez objektibatua.

d) Txostena, behar bezala akreditatua dagoen eta adingabearen arretan inplikatua dagoen profesional batek egina, adierazten duena tratamendua edo autonomia pertsonalerako laguntza produktua komenigarria dela haren helburuetarako.

e) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa, eskatutako laguntzaren aldikoa. Tratamendua agindu duena eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.

5.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

f) Adingabearen legezko ordezkariaren frogagiriak. Aita edo ama bada, familia-liburuaren kopia eta guraso baten NANaren kopia. Dibortzio kasuetan, edo haurraren zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

g) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

h) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Onuradunaren izena.

–Materialaren hornidura edo zerbitzua egiten duen enpresa, entitatea edo profesionala.

–Laguntza produktua edo jasotako tratamendua. –Tratamenduen kasuan, honako hauek adieraziko dira gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna, iraupena, eta saio horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

i) Egindako ordainketaren frogagiria.

j) 6.3 oinarrian adierazitako hainbanaketatik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

k) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

l) Eskatzailearen adierazpena, adostasuna emateko bere datu pertsonalen tratamenduari, deialdi honen 13. oinarrian xedatutakoarekin bat.

m) Eskatzailearen adierazpena, zehazten duena konplituak dituela zerga arloko betebeharrak, laguntzak itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta baimena ematen duela Osasun Departamentuak Ogasun Publikoari eta Estatuko Administrazio Orokorrari eska diezaien egoki den informazioa.

Baldin eta kontsulta-baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Ez da beharrezkoa izanen a), b), c), f) eta g) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta haietan zehaztutako datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

6.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.

6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Elena Antoñanzas Baztán andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, batzordeko burua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Geno Ochando Ortiz andrea arituko da, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko burua.

–Sergio Aguilera Albesa jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko fakultatibo espezialista. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Nerea Gorría Redondo andrea arituko da, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko barrutiko fakultatibo espezialista.

–Jose María Rodriguez jauna, Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko teknikaria, batzordeko idazkaria izanen dena. Behar izanez gero, ordezko gisa M.ª Fe Idoate Cervantes andrea arituko da, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu dirulaguntzen zenbatekoak:

–Esku-hartzeetarako, gehieneko tarifa hauek ezarri dira:

• Fisioterapiaren, terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren bakarkako ordua: 40 euro.

• Fisioterapiaren, terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren taldekako ordua: 16 euro.

–Gehienez, fisioterapiaren, terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren zortzi ordu lagunduko dira diruz hilean, bai banakako terapiarako, bai taldeko terapiarako.

–Pertsona bakar batentzako laguntza produktuetan diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa aurrekontu-lerroaren guztirakoaren %10 izanen da.

–Onuradun berak deialdian adierazitako esku-hartze mota eta/edo laguntza produktu bakar baten edo gehiagoren gastuak aurkezten ahalko ditu, ez baitira baztertzaileak elkarren artean.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ezarri diren gehieneko zenbatekoak eta onuradun bakoitzarentzako esku-hartzeen eta/edo laguntza produktuen kostua hartuko dira aintzat, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

–Eskatutako zenbateko guztien baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren gainean. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta haien familia unitatean 2021ean eta/edo 2022an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren/errenta bermatuaren hartzaile den kiderik badago.

–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakinik badago, banatu eginen da ezarritako mugetatik gorako gastua egin dutela frogatu duten onuradunen artean, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.

–Dirulaguntza ez da inola ere izanen egindako esku-hartzeen eta/edo erositako laguntza produktuen kostu osoa baino handiagoa.

7.–Ebazpena.

7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak.

7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahal dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

8.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko jasotako esku-hartzearen eta/edo erositako laguntza produktuaren kostu osoa.

9.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik beste laguntzaren bat jasoz gero, haren berri eman beharko dute, laguntza eman zaiela jakiten dutenetik hilabeteko epean, eta, betiere, 2022ko irailaren 30a baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.

11.–Laguntza itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik esku-hartzearen edo erositako produktuaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

13.–Datuen babesa.

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren “Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa” izeneko atalean, web helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia//tratamiento-datos personales

14.–Argitaratzeko araubidea.

Onartzen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatea babestearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

15.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2204802