85. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Okupatu aurreko agiriak egiteko deia, eta, egokia bada, ukitutako ondasunak eta eskubideak behin betiko okupatzekoak, eta ordainketa egiteko

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, 2022ko apirilaren 25ean, 193/2022 zenbakiko ebazpen hau eman zuen:

2021eko azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean eta 2an, “Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko proiektua eguneratzea, 5.1 zatia-Elortz ibaia (Zizur-Getze Galar zatia)” proiektuak ukitutako finkak okupatu aurreko agiriak egin ziren. Okupatu aurreko agiri horiek egiteko deialdia Benedicto Osinaga Ardanaz jaunari bidali zitzaion, proiektuak ukitutako SA-272, SA-274 eta SA-294 finken katastroko titular gisa.

Agiri-egite horren ondoren detektatu da SA-272, SA-274 eta SA-294 finketan (hurrenez hurren, Galarko 4. poligonoko 422., 426. eta 468. katastroko finkei dagozkie) ez dela desjabetutako titularren identifikazio zuzena egin, Benedicto Osinaga Ardanaz jauna hiltzean, ez baita egiaztatu haren oinordekoen izendapena. Hortaz, egokia da okupatu aurreko beste agiri batzuk egiteko deialdia egitea.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan eta Iruñerriko Mankomunitatearen Estatutuen 20.20 artikuluan xedatuta dagoena aintzat hartuta,

EBATZI DUT

1. SA-272, SA-274 eta SA-294 finken titularrei (hurrenez hurren, Galarko 4. poligonoko 422, 426 eta 468 katastroko finkei dagozkie), “Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko proiektua eguneratzea, 5.1 zatia-Elortz ibaia (Zizur-Getze Galar zatia)” proiektuak ukitutakoei, desjabetzearen onuradunari eta Galar Zendeako alkateari, edo horretarako eskumena ematen dion zinegotziari, deia egitea, 2022ko maiatzaren 20an Galar Zendeako udaletxean ager daitezen, finka horien okupatu aurreko agiriak egiteko eta, egokia bada, ukitutako ondasunak eta eskubideak behin betiko okupatzekoak, eta ordainketa egiteko.

Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, nortasuna eta titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aldean dituztela (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria...). Era berean, egoki jotzen badute, peritua eta/edo notarioa eraman ditzakete, nork bere kontura.

Desjabetzeko espedientean, Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatea desjabetzearen onuradun agertuko da.

2. Halaber, ekitaldi horretara, Iruñerriko Mankomunitatearen ordezkaritzan, lehendakari jauna edo eskumena ematen dion Batzorde Iraunkorreko kide bat joango da, okupazioaren aurreko, adostasuneko, okupazioko eta ordainketako aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak sinatzeko.

3. M.ª Carmen Uriz Lusarreta, Itziar Calvo Oteiza eta Jasone Goikoetxea Iriberri andreak, haietako edozein, onuradunaren peritu izendatzea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, “Estatuko Aldizkari Ofizialean”, eta Galar Zendeako udaletxeko eta Iruñerriko Mankomunitateko iragarki-tauletan argitara ematea.

5. Ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio-zedulen bidez. Orobat, ohartarazten da argitalpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako ere egiten dela, titularra ezezaguna edo helbide ezagunik gabea den edo, jakinarazten saiatu arren, jakinaraztea lortu ez den kasuetarako.

Iruñean, 2022ko apirilaren 25ean.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

Iragarkiaren kodea: L2205840