85. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Udal ordenantza, aire zabaleko lastategiak jartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Mendabiako Udalak, 2022ko urtarrilaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mendabiako udalerrian aire zabaleko lastategiak jartzea arautzen duen udal ordenantza. Erabaki hori 2022ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork haren aurka alegaziorik, kexarik edo oharrik egin gabe iraganik, ordenantza hori aldatzeko hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da eta haren testu osoa argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2022ko apirilaren 12an.–Alkatea, María Josefa Verano Elvira.

MENDABIAKO UDALERRIAN AIRE ZABALEKO LASTATEGIAK JARTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da aire zabaleko lasto siloak (lastategiak) arautzea Mendabiako udal-mugartean. Baimenaren eskatzaileak eta lurzatiaren katastroko titularra izanen dira ordenantzan ezarritakoa betetzearen erantzule, bata zein bestea eta solidarioki.

2.–Zehaztapenak

Finka bakoitzean, bertatik ateratako fardoak soilik pilatzen ahalko dira, eta silo baten eta beste baten artean (lastategiak) 100 metroko tartea utziko da gutxienez; hala ere, hainbat finkatatik ekarritako fardoak biltzen dituzten lastategi handiagoak ere baimentzen ahalko dira, dela nekazaritza bideetatik dela komunikabide nagusietatik sarbide zuzena duten landa finketan.

Guztiz debekatuta dago lastategiak jartzea kategoria hauetako lurzoruetan: baso-lurzoruak, zaindu beharrekoak, urbanizagarriak eta hiri-lurzoruak. Landa-lurzoru generikoan soilik baimentzen dira siloak, eta udalaren lizentzia behar da horretarako.

Gutxieneko distantzia hauek gorde beharko dira: hiri-lurzoru gisa sailkatura eta, oro har, eraikinetara, 200 metro; zuhaitzik gabeko landa-lurreko baso-lurzorura, 50 metro; zuhaitzak dauzkan landa-lurreko baso-lurzorura, 200 metro; erreken ertz landaredunetara, 20 metro; eta lurzatien mugetara, 10 metro.

Gehienez ere 6 metroko garaiera izanen dute lastategiek.

Lastategien eta areken artean 4 metroko tartea utziko da gutxienez, eta ezin izanen dira egon finkaren sarbidetik hurbil. Lastoa ateratzen denean bideek lehor egon behar dute. Fardoak, garraiatzen direnean, ongi estalita egonen dira eror ez daitezen.

Ez dira ukituko pertsonen eta ibilgailuen joan-etorrirako libre egon behar duten eremu publikoak (bideak, pasabideak eta gisakoak). Fardo guztiak eta horien hondar guztiak eraman beharko dira, salbuespenik gabe, eta hondakinei buruz indarra duen araudiaren arabera kudeatu.

3.–Prozedura.

Mendabiako Udalaren berariazko baimena lortu beharko da.

Baimenaren eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

–Egin nahi den jarduketa (azalpen memoria).

–Kokalekuaren planoa, hurbileneko hiri-lurzoruari dagokionez.

–Lastategietako fardoen bolumena eta kopurua.

–Finkan zenbat denbora egonen diren eraman arte.

4.–Neurri zuzentzaileak

Kasu guztietan, Mendabiako Udalak eskatzen ahalko du su-hesiak ireki eta manten daitezela, landuta eta oztoporik gabe eta hondakinik edo zakarrik gabe; horien zabalera izanen da lastategiaren garaiera halako bi edo handiagoa, eta inoiz ere ez 6 m baino gutxiagokoa.

Fardoak pilatzen hasi aurretik egin beharko da su-hesia.

Uko eginez gero Mendabiako Udalak eskaturiko su-hesiak irekitzeari, hori arrazoi izanen da zehapenik handiena ezartzeko horretarako irekiko den zehapen prozeduran.

5.–Arau-hausteak

Arau-haustetzat hartuko da ordenantza honetan ezartzen den edozer ez betetzea.

Espresuki debekatzen da lastategiei su ematea.

6.–Zehapenak.

Alkatetzaren titularrari dagokio ordenantza honen aurkako arau-hausteengatik abiatutako zehapen espedienteak ebazteko eskumena, tokiko araubide erkideari jarraikiz.

Arau-hausteek 150 eurotik 400 eurora bitarteko isuna izanen dute, arau-haustearen larritasunaren eta/edo ondorio kaltegarrien arabera. Horretarako, kontuan hartuko dira hurrengo artikuluko mailakatze irizpideak.

Ordenantza honetan eta hori garatzeko ematen diren udal bandoetan ezarritako arauak behin eta berriz hausten badira, gehieneko zehapena aplikatuko da.

Zehapenak ez ditu alde batera uzten eragindako kalteen ondoriozko erantzukizunak.

Isuna borondatez ordaintzen ez bada, premiamendu bidez bilduko da.

7.–Zehapenen mailakatzea.

Zehapenen mailakatzea proportzioz egokituko zaio egindako arau-hausteari, eta honako irizpide hauetan oinarrituko da:

–Eragindako kalteak.

–Istripuen edo suteen arriskua.

–Intentzionalitate maila.

–Ingurumenari eragindako kaltea.

–Berrerortzea (urtebetean arau-hauste bat baino gehiago egitea, administrazio bideko ebazpen irmo baten bidez ezarririk).

8.–Ordenantza honetan ezarririko arau-hausteek preskribatuko dute dena delako arau-haustea egin eta urtebetera.

Ordenantza honen aurkako arau-hausteengatik ezarririko zehapenek urtebetera preskribatuko dute. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen.

Urtebetekoa izanen da zehapen-ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik zenbatzen hasita.

Proposaturiko zehapenaren zenbatekoan %50eko murriztapena eginen da, baldin eta zehatuak borondatez ordaintzen badu hamabost egun balioduneko epean, zehapen-espedientea irekitzeko ebazpena jasotzen duenetik zenbatzen hasita. Murriztapena eraginkorra izateko baldintza izanen da atzera egitea edo uko egitea zehapenaren aurkako administrazio bideko akzio edo errekurtso orotan.

9.–Araubide juridikoa.

Alkatetzari baino ez dagokio ordenantza hau interpretatzeko eskumena.

Iragarkiaren kodea: L2205426