85. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Aldaketa, Zirkulazioa arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Zizur Zendeako Udalak, 2021eko abenduaren 1ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Zirkulazioa arautzen duen udal ordenantza.

Informazioa jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2021eko 285. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ean, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Gazolatzen, 2022ko martxoaren 18an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

ALDAKETA, ZIRKULAZIOA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN

1.–Honako hau eransten da X. kapituluan, 46. artikuluan. “Guztiz debeku da honelakoetan aparkatzea:

J) Ordutegi mugatua duen eremuan, baldin ibilgailua sobera denbora baldin badago aparkaturik, udal ordenantzan baimendutako gehieneko denboratik gora.

2.–XIII. kapitulua eransten da. Aparkatze mugatuko eremuaren arauketa.

58. artikulua. Izaera eta xedea.

Xedapenak ezartzen dira arautu daitezen aparkatze mugatu, kontrolatu eta murriztuko eremuak, hain zuzen ere ordenantza honen hurrengo artikuluetan azaltzen diren xedapenak; hori dena, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 2. xedapen gehigarriari (Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7. eta 39. artikuluei eta Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 93. artikuluari (arau horiek udalerriak gaitzen dituzte hiri-bideen erabilera arautzeko xedapen orokorren bitartez, baita tasak galdatzeko ere ibilgailuak eremu batzuetan aparkatzeagatik). Aipatutako xedapenak ezartzeko, bestalde, kontuan hartu da beharrezkoa dela Zizur Zendeako toki batzuetan trafikoa hobetzea, eta horretarako arautu behar dela ibilgailuen aparkatze kontrolatua, erabilera publikoko bide eta aparkalekuetan –nolako funtzioa, halako lekua nahiz denbora–, bateragarri eginez aparkalekuen banaketa egokia eta erabiltzaile guztiek aparkatu ahal izatea.

59. artikulua. Definizioa.

Xedapen hauen bidez jartzen dira arauak aldi baterako aparkatze mugatuaren zerbitzurako, Zizur Zendeako 1. eremurako, ondoren zehaztuko den moduan, eta deituko da aparkatze mugatuko eremua, laburtuta MUG. Eremu horretan 2 orduz aparkatzen ahalko da gehienez, horretarako ezarritako ordutegian, salbu bertarako txartela ikusgai duten ibilgailuak; horiek mugarik gabe aparkatzen ahal dute. Aparkatze arautuko ordutegietatik kanpo, libre izanen da eremuan aparkatzea.

60. artikulua. Seinaleztapena.

Behar bezala seinaleztatuko da aparkatze mugatuko eremua.

61. artikulua. Lurralde eremua.

Aparkatze mugatuko eremua 1. eremuan dagoen kaleari dagokio; zehazki honako honi:

–Zizur Txikiko Azella kalea (Miravalles ikastetxeko aldean).

62. artikulua. Denbora-eremua.

Oro har, honako hauek dira arautzen diren aparkatze mugatuko egunak eta orduak:

–Ikasturteko lanegunak: asteleheneko 08:00etatik ostiraleko 16:00ak arte.

63. artikulua. Kontrola.

Kontrol zerbitzu bat ezarriko da, jendez eta materialez behar besteko bitartekoz hornitua, jarraikiz Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7. artikuluari, eta xedapen hauek betetzen direla bermatzearren.

64. artikulua. Txartelaren kostua.

Berariazko prozedura baten bidez ezarriko da (ordenantza fiskal arau-emaile baten bidez) eremu horretan aparkatzeko baimena ematen duen txartela eskuratzeko ordaindu beharreko kostua, beharrezkotzat jotzen bada.

65. artikulua. Funtzionamendua.

Aparkatzeko eremuak ez du gaindituko mugatutako eremuaren seinaleek markatutako muga.

Aparkatze librerako ezarritako denbora iraganik, erabiltzaileak ibilgailua kendu beharko du baldin ez badu behar den txartelik, aparkatzeko gaitzen duena aparkatze mugaturako ezarritako ordutegiaren barrenean.

Zizur Zendeako Udalak, osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, alda ditzake aparkatzeko denborak eta tokiak.

66. artikulua. Gainerako seinaleztapenen balioa.

Aparkatze mugatuko eremuaren barrenean indarra izaten jarraituko dute eremu horretako toki zehatz bakoitzeko seinale mugatzaile berariazkoek (zamalanetarako guneak ordu baimenduetan, gelditzeko eta aparkatzeko toki debekatuak eta abar), etorkizunean izan daitezkeen aldaketak gorabehera (handitzea, murriztea, berritik sortzea, kentzea eta abar).

67. artikulua. Salbuespenak.

Eremu murriztuan aparkatzeko muga edo murriztapenetik kanpo gelditzen dira:

1.–Eremuan aparkatzeko gaitzen duen txartela indarrean duten ibilgailuak; betiere, agerian badute behar bezala.

2.–Motozikletak, ziklomotorrak (hiru eta lau gurpilekoak izan ezik) eta bizikletak, nahiz eta, betiere, aparkatu beharko diren horretarako prestatutako tokietan, eta sekula ere ez ibilgailuentzat erreserbatutako eremuetan.

3.–Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan.

4.–Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

5.–Autotaxi ibilgailuak, baldin gidariak gidatzen badu eta zerbitzu egiten ari bada.

6.–Hilotzak eramateko autoak, zerbitzuan ari direnean.

7.–Suhiltzaileen ibilgailuak, larrialdietakoak, Gurutze Gorrikoak, DYAkoak, osasun-langileenak eta poliziarenak, zerbitzua ematen ari direnean.

8.–Desgaitasuna dutenentzat bereziki gordetako tokietan aparkatzeko baimena duten ibilgailuak.

9.–Larrialdietako merkataritza zerbitzuetako enpresen ibilgailuak, benetan zerbitzua ematen ari direnean.

10.–Baimena duten beste ibilgailu batzuk.

68. artikulua. Txartela nola jarri eta haren balioa.

Aparkatzeko gaitzen duen txartela jarri beharko da ibilgailuen aurreko haizetakoen barnealdean, kanpotik garbi ikusteko maneran. Txartelean zer urte agertzen den, urte hartarako balioko du, eta eskaerako ibilgailurako baizik ez da izanen.

69. artikulua. Datuen aldaketa.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

70. artikulua. Txartelaren kopia egitea.

Txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean, baita kasu bakoitzean ezarritako tasa ordaintzea ere.

Halaber, txartel berria eskuratzeko eskubidea galduz gero etxez aldatzeagatik edo beste edozein baldintza aldatzeagatik, halakoetan ere txartela itzuli beharko da. Txartela lapurtu edo galduz gero, berehala eman beharko zaio horren berri Udalari, hark kopia egin dezan; orobat, kopia eginen da baldin berria egitea hobe bada txartela hondatuta egoteagatik.

71. artikulua. Baldintzak egiaztatzea.

Udalak noiznahi egiazta dezake ofizioz ea betetzen ote diren txartelak emateko ezarritako baldintzak, eta betetzen ez dituztenei txartelak indargabetuko dizkie, galarazi gabe bidezkoak izan daitezkeen bestelako neurriak edo zehapenak.

72. artikulua. Bizilagunen beharkizunak.

Gaikuntza duten bizilagunek denbora mugarik gabe aparkatzen ahal dute aparkatze mugatuko eremuan. Bizilagun izaera izateko, txartela eskuratzeari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Pertsona fisikoa izatea eta erroldaturik egotea 1. eremuaren barreneko etxebizitza batean (hots, Azella kalean), eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea. Halaber, txartela zer ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek eskatzailearen izenean egon beharko du, edo hura ohiko gidaria izan beharko da; orobat, ibilgailuak leku berean egon behar du helbideratua.

2. Zizur Zendeako Udalari gaikuntza txartela eskatzea eta hura eskuratzea, frogatuta agiri hauek, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batera:

a) Nortasun agiri nazionala, eskatzailearen gidabaimena eta ibilgailuaren zirkulazio baimena.

b) Autoaren asegurua, indarrekoa, eta ibilgailuen azterketa teknikoaren adostasun txostena, hura eduki behar bada.

c) Behar denean, aparkatzeko txartela eskuratzeko ezarritako kopurua ordaindu izanaren ziurtagiria.

3. Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez izana eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen diren ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla egiaztatzeko.

73. artikulua. Enpresako ibilgailuak dituzten bizilagunak.

Orobat, txartela eskuratzen ahalko dute eremu arautuko etxebizitza batean erroldatuta diren bizilagunek, baldin erabili ohi badute laneko edo enpresako jardueraren ondorioz jarduera horri atxikitako ibilgailua, betiere hori hala dela frogatuta.

74. artikulua. Arautu gabeko eremuak erabiltzea bizilagunek.

Txartela duten bizilagunek denbora mugarik gabe aparkatzen ahalko dute eremu arautuan (Azella kalea bakarrik, ikastetxearen aldean) libre dauden aparkatzeko tokietan. Eremu horretatik kanpo, bizilagunak arau orokorrak bete beharko ditu aparkatzeko tokiak erabiltzeko.

75. artikulua. Txartel bereziak eta aldi baterako baimenak.

1. Aldi baterako baimenak.

Baloratuko dira aurreko artikuluetan jaso gabeko aparkatzeko beharrak, eta, hala, Udaltzaingoaren Zerbitzuak eman ditzake salbuespeneko baimenak edo aldi baterakoak, honako kasu hauetan:

a) Gaikuntza duen ibilgailua matxuragatik ordezteko ibilgailuak.

b) Obrak.

c) Familiako bati laguntzea, zehaztutako aldi labur baterako.

d) Udaltzaingoko Zerbitzuak aztertu beharreko beste inguruabar batzuk.

Betiere, egokia den frogagiria beharko da. Kosturik gabe emanen dira halako baimenak.

2. Txartela edo baimena behar ez bezala erabiliz gero, kendu egin daiteke aldi baterako edo behin betiko, galarazi gabe legez egoki diren zehapenak ezartzea.

Iragarkiaren kodea: L2204954