85. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

804/2022 EBAZPENA, 2022ko apirilaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluaren 2022ko apirilaren 12ko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegia aldatzen duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratu dadila Gobernu Kontseiluaren 2022ko apirilaren 12ko Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegia aldatzen duena.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO ARAUTEGIA ALDATZEN DUENA

32/2021 Errege Lege Dekretua onetsi zenez 2021eko abenduaren 28an, Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzkoa, beharrezkoa da Na-farroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia aldatzea araudi horretara egokitu dadin.

Zehazki, 2022ko martxoaren 30az geroztik, indargabetuak gelditu dira obrako edo zerbitzuko aldi baterako kontratuak, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan eta Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legean jasoak zeudenak; izan ere, unibertsitate publikoetan kontratu modalitate horiek erabiltzeko babesa ematen zuten bi lege horiek.

Horrenbestez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia aldatu beharra dago kasuistika berriei eta gaur egun indarrean den lege esparruak kontrataziorako onartzen dituen aukerei erantzuteko —8/2022 Errege Lege Dekretu berria ere kontuan hartzekoa da, 2022ko apirilaren 5ekoa, zeinaren bidez presako neurriak hartzen baitira Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako lan kontratazioen arloan—. Horrek eragina izango du ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoen gauzatzeari loturik dagoen lan kontratazioan, eta gorago aipatutako arauek unibertsitate publikoen eskuetan jartzen dituzten tresnen bidez egin beharko da, galerarik gabe lehendik baliatzen ziren kontratazio mugagabeko figurentzat.

Bestalde, Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia onetsi zenetik izandako eskarmentuak agerian utzi du komeni dela ikertzaile doktoreen izendapena aldatzea, zeinak ikertzaile finko deituko baitira hemendik aurrera, eta, bestetik, figura iraunkorren lan kontrataziorako ordainsariak eguneratzea.

Horregatik, eta Ikerketako errektoreordeak proposatuta, honako hau da Gobernu Kontseiluak, 2022ko apirilaren 12an egindako bileran, hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiaren aldaketa onestea, eranskineko dokumentuan ageri den moduan.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Laugarrena.–-Erabaki honen berri ematea Ikerketako Errektoreordetzari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Iruñean, 2022ko apirilaren 12an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

1. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia aldatzea, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3ko erabaki baten bidez onetsia. Honako hauek dira aldaketak:

Bat.–1.2. artikulua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

1. “2. Bestalde, ikertzaileen eta ikerketako laguntzaileen kontratazioa arautzea ere xede du, NUPen egindako ikerketen garapenerako, unibertsitateak kudeatzen duen finantzaketaren kontura, zeina iturri hauetatik baitator besteak beste:

a) Ikerketako proiektu eta laguntza espezifikoen finantzaketa.

b) LOUren 83. artikuluan arautuak dauden kontratuak.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikerketa finantzatzeko lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak, entitate edo organismo publiko edo pribatuekin sinatuak.

d) ikertzaile, ikerketa-talde eta ikerketa-institutuen finantzaketa.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren beraren deialdietako ikerketa-jardueretarako laguntzak.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren katedra instituzionalek eta enpresa-katedrek emandako finantzaketa.

g) Nafarroako Gobernuaren I+G-ko finantzaketa espezifikoa.”

Bi.–3. artikulua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, arautegi honetan ezarritako moduan, zilegi izango du ikertzaileak kontratatzea, LOUren 48. artikuluarekin bat etorriz, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legean ezarritako lan kontratuen modalitateen bidez.

2. Zilegi izango du, halaber, lege hauetan ezarriak dauden lan kontratuen modalitateen bidez kontratatzea ikertzaileak: Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina eta 32/2021 Errege Lege Dekretua, 2021eko abenduaren 28koa, Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzkoa.

Hiru.–4.1. artikulua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“1. Arautegi honen xede diren ikertzaileak honako arau hauetan ezarria dagoenak arautuko ditu: Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa eta haren garapen-araudia; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea; Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina, 2015eko urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 32/2021 Errege Lege Dekretua, 2021eko abenduaren 28koa, Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzkoa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina, 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; Nafarroako Foru Komunitateak bere eskumenen esparruan ematen dituen xedapenak; NUPen Estatutuak, arautegi hau, hitzarmen kolektiboa, bai eta dagokion lan kontratua eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.”

Lau.–II. kapituluaren izenburua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“II. kapitulua. Figura iraunkorrak.”

Bost.–5. artikuluaren izenburua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“5. artikulua. Figura iraunkorren lan kontratazioa.

Sei.–5. artikuluaren 3. apartatua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“3. NUPek zilegi izango du ikertzaileei iraupen mugagabeko kontratuak egitea modalitate edo kategoria hauen arabera:

1. Bikaintasuneko ikertzaileen kontratua.

NUPek zilegi izango du Espainian edo nazioartean esperientzia egiaztatua izanik beren ikerketa-arloan merezimendu oso aipagarriak dituzten ikertzaileak kontratatzea, deialdi bakoitzean ezarritakoarekin bat etorriz. Nazioartean apartekoa den eta lidergo gaitasunean bikaina den ikerketa-ibilbidea duten hautagaitzak aztertuko dira.

Ordainsaria lanaldi osoko unibertsitateko katedradun batek jasotzen duenaren parekoa izanen da oinarrizko lansariari, destinoko osagarriari eta osagarri espezifikoari dagokienez. Zilegi izango da, horretaz gainera, produktibitate-osagarri bat jasotzea, irakaskidegoari dagokiona, irakaskidegoko kideen kondizio beretan, hau da, kontuan hartuta seiurteko bakoitzean egindako ikerlanaren ebaluazioa, bai eta 37/2009 Foru Dekretuan (2009ko apirilaren 20koan) ikaskidego horretako irakasleei esleitutako osagarriaren baliokidea den bat ere foru dekretuan ezarritako kondizioetan.

Modu horretan kontratatzen diren ikertzaileek aukera izango dute irakasle lan osagarrietan aritzeko, proposatutako ikerketa-jarduerarekin lotutako lanetan, gehienez ere 80 ordu urtean, baldin eta aldez aurretik hala adosten badu irakaskuntzaren ardura duen sailarekin edo institutuarekin, eta administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunen araudi indarduna betez.

Kontratuaren iraupena mugagabea izango da, eta bost urtean behin ebaluazio zientifiko-teknikoa izango du. Hala, kontratu mugagabea duten ikertzaileei ikerketa-jarduera ebaluatuko die Ikerketa Batzordeak, 5 urtetik behin kontratua hasi denetik, ezarritako prozeduraren arabera. Aldeko txostena egiteko, gutxienez helburu hauetako bat bete behar da ebaluatutako aldian:

1. Produktibitate zientifikoaren aldeko balioespena, dagozkion deialdietan dagokion unean ezartzen den baremoarekin bat etorriz.

2. Ikertzaile nagusi aritu izana Europar Batasuneko Esparru Programako proiektu batean edo horien pareko proiektu batean.

3. European Research Council (ERC) erakundearen lehiaketa-finantzaketa lortu izana.

4. Batzordearen iritziz, ezagutza transferitzeko bereziki garrantzizkoa den ekarpen baten ikertzaile nagusi edo arduradun aritu izana; esaterako, kontratu, patente, patente-lizentzia eta spin-off garrantzitsuetan.

Aurkako ebaluazioak, arrazoi objektibo gisa, kontratua azkentzea ekarriko du, 3 hilabete lehenago jakinarazita.

2. Ikertzaile finkoen kontratua.

Ikertzaile finkoen kontratua doktore tituluaren jabe diren ikertzaileekin sinatuko da, deialdi bakoitzean ezarritakoarekin bat etorriz.

Ordainsaria lanaldi osoko unibertsitateko irakasle titular batek jasotzen duenaren parekoa izanen da oinarrizko lansariari, destinoko osagarriari eta osagarri espezifikoari dagokienez. Zilegi izango da, horretaz gainera, produktibitate-osagarri bat jasotzea, irakaskidegoari dagokiona, irakaskideko kideen kondizio beretan, hau da, kontuan hartuta seiurteko bakoitzean egindako ikerlanaren ebaluazioa, bai eta 37/2009 Foru Dekretuan (2009ko apirilaren 20koan) ikaskidego horretako irakasleei esleitutako osagarriaren baliokidea den bat ere foru dekretuan ezarritako kondizioetan.

Modu horretan kontratatzen diren ikertzaileek aukera izango dute irakasle lan osagarrietan aritzeko, proposatutako ikerketa-jarduerarekin lotutako lanetan, gehienez ere 80 ordu urtean, baldin eta aldez aurretik hala adosten badu irakaskuntzaren ardura duen sailarekin edo institutuarekin, eta administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunen araudi indarduna betez.

Kontratuaren iraupena mugagabea izango da, eta bost urtean behin ebaluazio zientifiko-teknikoa izango du. Hala, kontratu mugagabea duten ikertzaileei ikerketa-jarduera ebaluatuko die Ikerketa Batzordeak, 5 urtetik behin kontratua hasi denetik, ezarritako prozeduraren arabera. Aldeko txostena egiteko, gutxienez helburu hauetako bat bete behar da ebaluatutako aldian:

1. Produktibitate zientifikoaren aldeko balioespena, dagozkion deialdietan dagokion unean ezartzen den baremoarekin bat etorriz.

2. Gutxienez ere proiektu bat lortu izana ikertzaile nagusi gisa I+G-ko Estatuko Planean, Europar Batasuneko dagokion Esparru Programan edo parekoren batean.

3. European Research Counciletik (ERC) lehiaketa-finantzaketa lortu izana edo azkeneko hiru urteetako deialdiren batean finalista izana A kalifikazioarekin, eta deitua izana Europako Batzordearekiko elkarrizketa-faserako.

4. Batzordearen iritziz, ezagutza transferitzeko bereziki garrantzizkoa den ekarpen baten ikertzaile nagusi edo arduradun aritu izana; esaterako, kontratu, patente, patente-lizentzia eta spin-off garrantzitsuetan.

Aurkako ebaluazioak, arrazoi objektibo gisa, kontratua iraungitzea ekarriko du 3 hilabeteko aurretiko abisuarekin.

Zazpi.–III. kapituluaren izenburua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“III. kapitulua. Kontratu modalitate espezifikoak”

Zortzi.–6. artikuluaren izenburua eta lehenbiziko paragrafoa aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“6. articulua. Kontratu modalitate espezifikoak.

Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin bat etorriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izango du ikertzaileak aldi jakin baterako kontratatzea, baldin eta ikertzaileen kontratazioa xedetzat duten edo I+G+b-ko beren programa berekien garapenerako diren funtsak jasotzen baditu, eta deialdi espezifikoak ezarriko ditu modalitate bakoitzerako, ikertzaile ospetsuaren modalitaterako izan ezik, ikertzaileen modalitate edo kategoria espezifiko hauen arabera:

Bederatzi.–6. artikuluaren 2 c) puntuaren lehenbiziko apartatua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“–Doktorearen titulua edukitzea edo haren baliokidea den titulu bat.”

Hamar.–Kapitulu bat erantsi da, IV.a, hauxe dioena (7. artikulutik 9.erakoak sartuko dira hor):

“IV. Kapitulua. Ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoak egiteko kontratuak.

Hamaika.–7. artikuluaren izenburua eta edukia aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“7. artikulua. Ikertzaileen kontratuak ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoak egiteko.

1. 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz (2021eko abenduaren 28koa), Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izango du ikertzaileak aldi jakin baterako kontratatzea Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Plana edo Europar Batasuneko funtsen bidez finantzatutako aldi baterako programak exekutatzeko, proiektuak exekutatzeko behar den denboraz, ez luzeago.

Berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipio konstituzionalak errespetatuz eginen dira kontratuak, eta Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 20/2021 Legean ezarritakoa betez (2021eko abenduaren 28koa).

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratu mugagabeak sinatzen ahalko ditu Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis eta 32bis artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz; lege hori 8/2022 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen, 2022ko apirilaren 5ekoak, zeinaren bidez presako neurriak hartzen baitira Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako lan kontratazioen arloan.

Kontratu horiek ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifiko baten esparruan profil jakin batek jarduerak egitearekin egongo dira loturik bakar-bakarrik, eta, horretarako, proiektuaren ikertzaile nagusiak aldez aurretik justifikatu behar du zein perfil behar d(ir)en proiektuaren esparruan lan egiteko.

Proiektua bukatuz gero edo aurrekontua nahikoa ez badago proiektuaren esparruan ikertzaileak kontratatzeko, proiektuaren ikertzaile nagusiak aldez aurretik definitutako profiletako bakoitzean egin beharreko lanak egin ditzaten, kontratua iraungi egingo da.

Proiektuaren esparruan kontratatua egon den ikertzaileak kontratua bukatzeagatiko kalte-ordaina jasoko du, aplikatu beharreko araudian ezarritakoa.

3. Sarbide baldintzak, bete beharreko funtzioak eta lansari kondizioak zein diren, ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoak egiteko kontratatutako ikertzaileak honako kategoria hauetakoren batean sailkatuko dira:

–Proiektuko laguntzailea. Titulazioa: Gradua, diplomatura, arkitektura teknikoa, ingeniaritza teknikoa edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 2. mailari (graduari) dagozkion titulazioak.

–Proiektuko lankidea. Titulazioa: Gutxienez ere 300 ECTS dituen Gradua, Masterra, Lizentziatura, Arkitektura, Ingeniaritza edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagozkion titulazioak.

–1. motako proiektuko lankide doktorea. Titulazioa: Doktorea.

–2. motako proiektuko lankide doktorea. Titulazioa: Doktorea, gutxienez 4 urteko antzinatasuneko titulua.

4. Kategoria horien arabera kontratatutakoen izaera batez ere ikertzailearena da, eta hala jasoko da dagokion deialdian.

Kontratu horren ezaugarria da garatu beharreko zerbitzua zorrotz zehazten dela integratzen den Unibertsitatearekiko autonomia eta substantibotasun berekiarekin.

Lanaldi osoa izango du oro har, baina zilegi izango da lanaldi txikiagoak ezartzea. Kasu horretan, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategineko 12. artikuluan araututako lanaldi partzialeko kontratuaren bidez arautuko dira. Lanaldi partziala lanaldiaren % 50ekoa izango da gutxienez ere.

a) Eginkizun orokorrak:

–Ikertzailea zein ikerketa-proiektu zientifiko edo teknikorako hautatu den, proiektu horri laguntzeko eta/edo hura garatzeko erabiliko du arduraldi osoa.

–Deialdian bertan ezarritakoak.

b) Ordainsaria:

–Urteko ordainsari gordinak, kalte-ordainak kontratua bukatzeagatik eta kostuak guztira, Arautegi honen eranskinean zehazten diren kategorietako bakoitzaren Gizarte Segurantza barne.

–Ordainsari-gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Horretarako, deialdian ezarriak egon behar dira, eta proiektuaren arduradunak bukaerako txosten bat egin behar du osagarriak justifikatzeko.

Hamabi.–9. artikulua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“9. artikulua. Beste kontratu modalitate batzuk.

1. Gorago aipatutako modalitateez gainera, NUPek zilegi izango du ikertzaileak kontratatzea lan kontratuen beste modalitate batzuen bidez, hots, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginean edo aplikatu beharreko beste araudietan ezarritako modalitateen bidez.

Ikerketa-lanak edo ikerketari laguntzekoak egiteko beharrezkoa bada, NUPek aukera izango du lanaldi partzialeko lanak kontratatzeko, aldi jakin baterako, legez kontratazio modalitate hori erabiltzea zilegi den kasuetan Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Era berean, ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoak egiteko, prestakuntza-kontratuak ere egiten ahalko dira baldin eta ikertzaileek betetzen badituzte Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 11. artikuluan ezarritako baldintzak.

Hamahiru.–IV., V. eta VI. kapituluen zenbakia aldatu da: V., VI. eta VII. kapituluak izanen dira hurrenez hurren.

Hamalau.–12. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“Izangaiek espainiar nazionalitatea ez badute, kontratua egiten den egunean eduki beharko dituzte 22.3 artikuluan adierazitako baimenak.”

Hamabost.–14. artikulua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“Eskabideak aurkezteko epea bukaturik hautagai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, eta gutxienez 5 egun balioduneko epea zabalduko da zuzenketak edo erreklamazioak egiteko. Epe hori bukatu ondoren, hautagai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.”

Hamasei.–15. artikuluaren izenburua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“15. artikulua. II. kapituluan adierazitako kontratuetarako hautaketa-prozedurak.

Hamazazpi.–16. artikuluaren izenburua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“16. artikulua II. kapituluan adierazitako ikertzaileen deialdien tramitazioa.

Hemezortzi.–17. artikuluaren izenburua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“17. artikulua. Hautaketa-prozedurak III. kapituluan adierazitako figura espezifikoetarako, ikertzaile ospetsuaren figurarako direnak izan ezik, eta ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoak egitea xede duten kontratazioetarako (IV. kapituluan daude jasoak).”

Hemeretzi.–18. artikulua aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“18. artikulua. III. eta IV. kapituluetan adierazitako ikertzaileen deialdien tramitazioa.

1. Kontratazio deialdi hauek publikoak izango dira, eta NUPeko Ikerketa Zerbitzuak eta Giza Baliabideen Zerbitzuak kudeatuko dituzte proiektuen arduradunek, Ikerketako Errektoreordetzak, sailak, ikastegiak, ikerketa-institutuak, ikerketa-taldeak edo ikertzaileak emandako datuen arabera.

2. Unibertsitatearen webgunean argitaratuko dira deialdi guztiak. Kontratuaren iraupena urtebetekoa baino luzeagoa bada edo kontratua mugagabea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da. Entitate finantzatzaileak hala eskatzen badu edo nazioartean zabalkundea eman nahi bazaio deialdiari, Euraxess Jobs europar atarian edo nazioarteko zabalkunderako beste atari zientifiko batzuetan emango da argitara, ingelesera itzulia.

3. Deialdiak Ikerketako errektoreordearen oniritziarekin tramitatuko dira, langileen kontratazioa eskatzen duen eta horretarako finantzaketa duen proiektuaren Gastu Unitate funtzionalaren (GUF) arduradunak proposatuta, edo errektoreordearen beraren oniritziarekin, I+G+b-ko programa bereki eta/edo estrategikoen garapenerako ikertzaileak kontratatu behar direnean.

Hogei.–Arautegiaren eranskina aldatu da, eta honela idatzia geldituko da:

“ERANSKINA

Urteko ordainsari gordinak eta kostuak guztira, Gizarte Segurantza barne, Arautegi honetan jasoak dauden eta ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoak egitea xede duten ikertzaileen kategoria bakoitzarenak

KATEGORIA

HILEKO ORDAINSARIA

URTEKO ORDAINSARIA

ENPRESEN GIZARTE SEGURANTZA

KOSTUA GUZTIRA

Proiektuko laguntzailea (2022)

1.543,37

18.520,44

5.815,42

24.335,86

Proiektuko lankidea (2022)

1.877,22

22.526,64

7.073,36

29.600,00

1. motako proiektuko lankidea (2022)

2.181,41

26.176,92

8.219,55

34.396,47

2. motako proiektuko lankidea (2022)

2.939,80

35.277,60

11.077,17

46.354,77

Eurotan dira kantitate guztiak.”

2. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoak obrako edo zerbitzuko aldi baterako kontratuen modalitatean 2022ko martxoaren 30a baino lehenago sinatutako kontratuek indarrean segituko dute 32/2021 Errege Lege Dekretuan ezarritako trantsizioko arauak aplikatuz (2021eko abenduaren 28ko errege lege dekretua, Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzkoa).

Iragarkiaren kodea: F2205695