85. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86E/2022 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Tuterako udal mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak lortzeko, hidrogel desinfektatzailea ekoizteko eta eskualanoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 96E/2021 Ebazpenaren bidez emana.

2021eko abenduaren 17an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, alegia, sortutako hondakinen zerrendan, beste bi hondakin sartzeko: olio-errotatik datorren oliba-patsaren olioa fintzean lortutako gantz-azidoen hondakina, 02 03 99 LER kodea duena, eta biodiesela fabrikatzeko erabilitako olioa fintzeko oreen hondakina, 07 01 99 LER kodea duena.

Gainera, eskatu da hondakin berri bat sartzea ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, hain zuzen, olioak fintzeko prozesuan sortutako fintze-oreei dagokiena, 020304 LER kodearekin.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak berrikusi ditu aurkeztutako eskaerak, eta hauxe ondorioztatu du:

–Baimenean sartzea, kudeatutako hondakin gisa, olio-errotatik datorren oliba-patsaren olioa fintzean lortutako gantz-azidoak, 020399 LER kodearekin; izan ere, eskatutako LER kodea 0203 taldearen barruan dago, non olioen prestaketaren eta elaborazioaren hondakinak biltzen diren, eta kontuan harturik LER kode horrekin katalogatu direla beste autonomia erkidego batzuetatik datozen hondakin batzuk, titularraren instalazioan tratatzen direnak, onargarria dela ondorioztatzen da.

Baimenean sartzea, kudeatutako hondakin gisa, biodiesela fabrikatzeko olio gordina fintzeko oreak, 070199 LER kodearekin; izan ere, eskatutako LER kodea 0701 taldearen barruan dago, non oinarrizko produktu kimiko organikoen fabrikazioaren, formulazioaren, banaketaren eta erabileraren ondoriozko hondakinak biltzen diren, eta kontuan harturik beste autonomia erkidego batzuetatik datozen hondakin batzuk, titularraren instalazioan tratatzen direnak, onargarria dela ondorioztatzen da.

Aurreko eskaerak onartu dira bat etortzen direlako instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Hirugarren eskaerari dagokionez, hots, olioak fintzeko prozesuan sortutako fintzeko oreen hondakina hondakin ekoiztu gisa sartzea baimenean 020304 LER kodearekin, adierazi beharra dago, ezen, nolanahi ere, hondakinak kudeatzeko prozesu batean sortutako hondakina dela. Kasu honetan, hondakin hori 190206 LER kodearekin sartzea onar daiteke, prozesu fisiko-kimiko batetik datorrelako, titularrak entzunaldi-tramitean aurkeztutako alegazioetan zehaztu duen bezala.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Partez onartzea Tuterako udal mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak lortzeko, hidrogel desinfektatzailea ekoizteko eta eskualanoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Oleofat Trader SLra eta Tuterako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2205196