85. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak emana, langile autonomoen lanbide elkarteek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko modua zehazteko deialdia onesten duena.

Urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua sortu zen eta haren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautu ziren.

Foru dekretu horren 5. artikuluan langile autonomoen lanbide elkarteek kontseilu horretan parte hartzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dira; besteak beste, honako hau: laur urtetik behin deialdi bat eginen da, lan arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez, langile autonomoen lanbide elkarteek kontseiluan parte har dezaten, betiere jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean badute eta sektore artekoak badira.

Horrela, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartu ahal izateko, elkarte interesdunek berariaz adierazi behar dute, aipatu deialdian parte hartuz.

Nafarroako Gobernuak 2018ko ekainaren 6an hartutako Erabakiaren bidez (2018ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 21ekoa), Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideak izendatu ziren. Era berean, Nafarroako Gobernuak 2020ko martxoaren 18an hartutako Erabakiaren bidez bidez (2020ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 6koa), ordezkariak eta haien ordezkoak ordezkatu ziren.

Foru dekretu horren 4.2 artikuluak ezartzen duenez, Kontseiluko kideen agintaldiak lau urte iraunen du izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, eta epe hori igarotakoan, Kontseilua erabat berritu beharko da. Kideen edo/eta haien ordezkoen ordezkapenak egiten direnean, kontseilukide berriak karguan jarraituko du ordezkatuari lau urteko agintaldia betetzeko geratzen zaion denboran; beraz, urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, agintaldiak laster bukatuko dira.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Langile autonomoen lanbide elkarteek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko modua zehazteko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinean jasotzen direnak.

3. Foru agindu hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea bukatzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 7an.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.

ERANSKINA

Langile autonomoen lanbide elkarteek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko modua zehazteko deialdiaren oinarriak

1. oinarria.–Onartua izateko baldintzak.

1. Nafarroako langile autonomoen lanbide elkarteek parte hartzen ahalko dute deialdi publiko honetan, eskaera aurkezten dutenean honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen badute:

a) Beren jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean izatea.

b) Sektore arteko elkartea izatea.

c) Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan inskribatua egotea.

2. oinarria.–Deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Elkarteko organo eskudunaren ziurtagiria, kidetutako langile autonomoen kopurua adierazita. Kide horiek Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean izan beharko dute helbidea, eta Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian alta emanda egon beharko dira.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko elkarte bakar bat ere ez dagoela sartua aldi berean Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan inskribatutako elkarte batean baino gehiagotan, ordezkagarritasuna zenbatzearen ondorioetarako.

3. oinarria.–Eskaerak eta haiek aurkezteko epea.

1. Eskaerak Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro bulegoetan edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokiak eta moduak erabiliz.

2. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. oinarria.–Prozeduraren instrukzioa eta eskaeren balorazioa.

1. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu eta hango datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak eginen ditu ofizioz, datu horietan oinarriturik eginen baita aurkeztutako eskaeren balorazioa.

2. Eskabidea behar bezala bete ez bada edo eskatutako agiriak erantsi ez badira, entitate eskatzaileari eskatuko zaio okerra zuzendu dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala, hamar eguneko epean; ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 20. artikuluak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako eskaerak kalifikatuko ditu. Elkarteen hurrenkera egiteko, bakoitzean zenbat langile autonomo dauden kideturik begiratuko da, gehienetik gutxienera ordenatzeko. Berdinketarik bada, Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan antzinatasun handiena duen elkartearen alde erabakiko da.

4. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (https://www.navarra.es/home_eu/) argitara emanen du emaitza, eta puntuaziorik handiena lortu duten lau elkarteei titular bana eta ordezko bana izendatzeko eskatuko die. Ondoren, Nafarroako Gobernuari proposatuko dio pertsona horien aldeko izendapena egitea.

Iragarkiaren kodea: F2205268