83. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MAÑERU

Ordenantza, eguzki-energia biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Mañeruko Udalak, 2021eko abenduaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, Mañeruko udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzea arautzen duena; iragarkia 2022ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.

Bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, espedientea jendaurrean jarri zen legez ezarritako epean eta epe horretan zenbait ohar egin zitzaizkion.

Ohar horiek aztertu eta ebatzi ondotik, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin, Mañeruko Udalak, 2022ko apirilaren 6an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Eguzki-energia berriztagarria biltzeko instalazioak ezartzeko udal ordenantza. Argitara ematen da haren behin betiko testua, osorik, legez ezarritako ondorio juridikoak izan ditzan.

Mañerun, 2022ko apirilaren 7an.–Alkatea, Nuria García Aróstegui.

ORDENANTZA, MAÑERUKO UDAL-MUGARTEAN EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

SARRERA

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta, berrikiago, bereziki sustatzen ari da etxebizitzetan instalazioak ezartzea, norberaren kontsumorako energia sortzeko.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik.

Bestalde, eguzki-energia biltzearen arloa berri samarra da eta teknologia horrek izandako bilakaerari esker, eguzki-energia biltzeko elementu berriak bideragarriak izan daitezke bai teknikoki eta bai ekonomikoki, eraikin tradizionaletan errazago integratzeko. Esate baterako, erabil daitezke “eguzki-teilak” gure herrietako balio formal eta estetikoak galzorian jarri gabe.

Hori dela eta, eguzki-energia biltzeko instalazioak ingurumenerako onuragarriak badira ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.

Mañeruko Udalak berrikusi nahi du udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioen inguruko erregulazioa; horretarako, baldintzak ezarriko ditu autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak sustatzeko eta instalaziook ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak izateko.

Ordenantza idatzi da halako moduz non koherentzia gordetzen baita udal plangintzarekiko eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko; betebehar hori jasota dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Mañeruko udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Mañeruko udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio-eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-plaka edo panel esan ohi zaien gailuek eguzki-erradiazioen energia biltzen dute, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dute:

–Eguzki-instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia zuzenean baliatzen dute fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak baliatzen dituzte argindarra sortzeko, eguzki-erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek panel fotovoltaikoen nahiz termikoen eguzki-instalazioak arautzen ditu.

II. KAPITULUA

Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eguzki-instalazioak baimenduko dira soilik neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak arauturikoaren arabera (errege-dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurkietan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien planoari eutsiz, “velux” erako leihoak bezalaxe. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Ezin izanen dute okupatu estalki inklinatuaren azaleraren %45 baino gehiago, eta gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada-planotik, mehelinetatik eta isurialdeen arteko topagune-ertzetatik.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian geratu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

Sustatzaileak bermatuko du plakek ez dutela islarik egiten, ez dadin arriskutsua izan bide-segurtasunerako eta ez dezan eraginik izan inguruko etxebizitzetan.

2. Estalki lauetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehienezko garaieraren azpitik.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

3. Isurialdeetako eguzki-panelen, “velux” erako leihoen eta estalki lauen azalerak baturik, horiek ezin izanen dute hartu estalkiaren azaleraren %50 baino gehiago.

4. Oro har, ezin izanen da instalaziorik fatxadetan ezarri.

5. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

6. Katalogazio berezia duten eraikinetan eguzki-panelak instalatzeko eskaerak Vianako Printzearen Kultura Zuzendaritza Nagusira bidaliko dira, hark aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

7. Lurzoru urbanizagarrian eguzki-energia biltzeko sistema fotovoltaikoak eraikinetan paratzea baimenduko da, bakar-bakarrik, baldin eta lurzorua hiri-lurzoru bihurtzen bada dagozkion garapen-planen bidez; kasu horretan, hiri-lurzoruan ezartzeari buruzko artikuluak aplikatuko zaizkio.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.

–Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin izanen dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

III. KAPITULUA

Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean

7. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean eguzki-energiatik abiatuta energia elektrikoa lortzeko instalazioak (eguzki-parkeak) ezartzea berariaz arautzen du Ingurumen, Lurralde Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren 64/2006 Foru Aginduak, edo haren ordezko arauak.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Lehendik badauden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, eraikin horiek ezarri baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimenik izapidetzea.

8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak jarri ahal izanen dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Haren planoen gainean paratuko dira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurkiaren planotik zuzenean gora neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurkiaren perimetrotik.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azaleran edo orientazioan mugarik jarri gabe.

3. Oro har, ezin izanen da instalaziorik fatxadetan ezarri.

4. Transformadoreak eta metagailuak, halakorik bada, eta bestelako instalazio osagarriak eraikinaren barnean paratu beharko dira nahitaez.

5. Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera, eta beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

6. Katalogazio berezia duten eraikinetan eguzki-panelak instalatzeko eskaerak Vianako Printzearen Kultura Zuzendaritza Nagusira bidaliko dira, hark aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea izapidetzea (93/2006 Foru Dekretua, onesten duena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua). Hura baimendu arte ezin izanen da eman panel fotovoltaikoak instalatzeko lizentzia.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

10. artikulua. Aurretiazko komunikazioa eta erantzukizunpeko adierazpena.

Eguzki-energia autokontsumorako aprobetxatzeko instalazioak potentzia mugarik gabe ezarriko dira eraikin edo eraikuntzen eta aparkatzeko pergolen gainean, eta bete beharko dute erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidea, haiek jasota gelditzearen, gauzatzearen eta geroko kontrolaren ondorioetarako, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. eta 195. artikuluekin.

Ez dira aurretiazko komunikazioaren eta erantzukizunpeko adierazpenaren araubide horren mende egonen interes kultural edo katalogatuko ondasun deklaratutako eraikinetan egiten diren instalazioak, eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dieten instalazioak, ez eta aplikatzekoa den ingurumen-araudiaren arabera ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten instalazioak ere. Kasu horietan edo aurreko paragrafoan jaso gabeko beste edozeinetan, nahitaezkoa izanen da hirigintza-lizentzia izatea, toki-erakundeak horren bitartez baimenduko baititu proiektatutako jarduketak.

Manu hau aplikagarri izanen zaie lehendik egindako instalazioei, baldin eta ez badute komunikaziorik edo erantzukizunpeko adierazpenik egin edo, hala badagokie, aldez aurreko udal-lizentziarik jaso.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, proiektu bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek sinatua eta egoki den elkargo profesionalak ikus-onetsia, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Udal lizentzia eman aurretik, araudi aplikagarrian aurreikusitakoaren arabera behar diren baimenak izapidetuko dira.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekar ditzaketen kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

11. artikulua. Ebazpena.

Erantzukizunpeko adierazpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean adierazi duen hirigintza-jarduketa egiteko, horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa erantsita badu, betiere behar diren egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak ukatu gabe.

Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintza-jarduketa hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, ondorio guztietarako joko da lizentziarik gabeko jarduketatzat, eta lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie.

Proiektatutako jarduketak aurretiazko lizentzia lortu beharra badauka, udaleko zerbitzu teknikoen txostena ikusita, eskaera ebatziko da, erabilera termiko eta fotovoltaikoetarako eguzki-energiako instalazioen lizentzia emanez edo ukatuz.

Lizentzia emateko edo ukatzeko ebazpena arrazoitua izanen da, eta erabakia justifikatzen duten arauak ere adierazi beharko dira, legediko eta hirigintza-planeamenduko aurreikuspenen arabera. Halaber, exekuziorako behar diren determinazio edo baldintzak gehitzen ahalko ditu.

Lizentzia-eskaerak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatziko dira, dokumentazio osoa erregistro orokorrean aurkezten denetik hasita. Epe horretan egintzarik jakinarazten ez bada, ulertuko da lizentzia Administrazioaren isilbidez eman dela, salbu eta Estatuko oinarrizko araudian kontrakoa xedatzen denean.

Administrazioaren isilbidez lizentzia lortzeak ezin izanen du urratu legeetan, lurralde antolamenduko tresnetan eta goragoko mailako hirigintza-planetan xedatutakoa. Era berean, ezin izanen dira administrazioaren isiltasunaren bidez eskuratu legediaren eta lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak. Erabat deusezak izanen dira administrazioaren isilbidez ematen diren lizentziak, eta eraginkortasunik gabeak haietatik lortzen diren ahalmen eta eskubideak, baldin eta hirigintzaren arloko antolamendu juridikoa osatzen duten legeen eta gainerako xedapenen aurkakoak badira.

Lizentziak emanen dira toki araubideko edo araubide sektorialeko legediaren arabera aginduzkoak diren gainerako baimenak ere lortu beharra ezertan ukatu gabe.

12. artikulua. Obraren amaiera eta martxan jartzea.

Lizentziaren xedeko instalazioa bukatutakoan, instalazioaren sustatzaileak udalari jakinaraziko dio, hamar eguneko epean, sarrera-erregistroa duen idazki baten bidez, zeinari erantsiko baitio instalazioaren azken ziurtagiria, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia; hori guztia, benetan gauzatutako instalazioa egiaztatzeko dagokion bisita egiteko.

Eskaerarekin batera aurkeztutako proiektu teknikoarekiko aldaketarik egin bada benetako instalazioan, eta aldaketa horiek udalaren baimenik ez badute, obraren eta instalazioaren bukaerako ziurtagiriarekin batera, legeztatzeko proiektu tekniko aldatua aurkeztu beharko da, benetako instalazioaren adierazgarri izanen dena.

Udaleko zerbitzu teknikoek benetan egindako instalazioa egiaztatzeko bisita egin ondoren, eta neurri zuzentzaileak, halakorik bada, bete ondoren, emanen dira instalazioa martxan jartzeko lizentzia eta, behar izanez gero, jarduera-lizentzia.

13. artikulua. Ez-betetzeak.

Onetsitako proiektuan aldaketak egin direla egiaztatuz gero, txosten teknikoan jaso beharko da, planteatutako egoera berria legeztagarria den ala ez zehaztuta. Lehenengo kasuan, obra eta instalazioaren bukaerako ziurtagiriarekin batera, legeztatzeko proiektu tekniko aldatua eskatuko da, benetako instalazioaren adierazgarri izanen dena. Bigarren kasuan, egindako arau-hauste mota zehaztuko da.

Egiaztatzen bada ez direla betetzen indarrean dagoen araudia (ordenantza hau barne) edo lizentzia ematean ezarritako baldintzak, dagokion hirigintza-diziplinako espedientea irekiko da berehala.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, nahiz eta, ondoren, ordenantza egokitzen ahalko den, beharrezkoa den horretan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2205223