83. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92E/2022 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, berotegiak osorik eraldatu eta modernizatzeko dirulaguntzen deialdia (SEM) onesten duena. DDBN identifikazioa: 621441.

COVID-19ak eragindako epidemiaren agerpenak aurrekaririk gabeko krisi sanitario, ekonomiko eta soziala ekarri du mundu osoan. Arlo ekonomikoan atzeraldi handia gertatu da herrialde gehienetan.

Pandemiak Europan eragindako kalte ekonomiko eta sozialak ahal den neurrian arintzeko, Europako Batzordeak, Parlamentuak eta Europako Kontseiluak suspertze plan bat adostu dute, finantza-pizgarrien pakete batean oinarrituta, krisiari erantzuteko eta krisitik ateratzeko bidea errazteko. Suspertze planaren finantza-baliabide gehienak «Next Generation» suspertze funts berrian biltzen dira, zeinaren elementu nagusia baita «Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa».

Espainiak 2021-2023 urteetarako aurreikusitako inbertsio eta berrikuntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotzen dira, mekanismo horren esparruan finantza-laguntza jaso ahal izateko. Plan hori Europako Kontseiluak berretsi du, 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakiaren bidez.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana hamar politika eragileren inguruan egituratzen da. Politika horien artean 1. zenbakia duena hauxe da: “Hiri- eta landa-agenda, despopulazioaren aurkako borroka eta nekazaritzaren garapena”. Era berean, politika horren barnean, 3. osagaia hauxe da: “Nekazaritzako elikagaien sektorearen eta arrantza sektorearen ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala”.

Azaroaren 2ko 948/2021 Errege Dekretua, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko Planaren (III) barruan inbertsio proiektuak gauzatzeko estatu-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, zehazki planaren 3. osagaiaren 4. inbertsioan sartzen da, eta doitasunezko nekazaritzan, efizientzia energetikoan eta ekonomia zirkularrean egindako inbertsioei buruzkoa da, nekazaritza eta abeltzaintza sektorean.

Errege Dekretuak ezartzen du autonomia erkidegoek beren lurralde eremuko laguntzen deialdia onetsi beharko dutela, errege dekretu hori argitaratu eta gehienez ere 6 hilabeteko epean. Gainera, autonomia erkidegoek laguntzen oinarri arautzaileen zenbait alderdi garatzea aurreikusten du.

Ikusirik Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalak egin duen txostena, non jakitera ematen baita deialdiaren edukiak aplikatu beharreko araudia betetzen duela eta zuzenbidearen araberakoa dela.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdiaren onespena.

2022ko ekitaldirako laguntzen deialdia onestea, ebazpen honetako eranskin hauei loturik: I. eranskina (oinarri arautzaileak), II. eranskina (Moduluak) eta III. eranskina (Konpromisoen adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari dagokionez).

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onesten da, esteka honetan eskuratzen ahal dena:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_C.pdf

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 502.404 euroko gastua baimendu da 2024ko ekitaldian, 2022ko gastu-aurrekontuko partida honen baliokide den partidaren kargura: “720004 72200 7700 412108 SEM Berotegiak osorik eraldatzeko eta modernizatzeko laguntzak”.

Aurrekontu-zuzkidura horri 502.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera. Baimena handitzeko, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikulua bete beharko da, urte anitzeko gastu-konpromisoa 600.000 eurotik gorakoa bada.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2022ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Komunikatzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari.

Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.

6. Argitalpena.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa jartzea.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 13an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Berotegiak erabat eraldatzeko eta modernizatzeko laguntzen oinarri arautzaileak 2022ko laguntzen deialdirako, 948/2021 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 2. atalean aurreikusitakoarekin bat

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da 948/2021 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 2. atalean aurreikusitako laguntzak onestea eta Nafarroako Foru Komunitateak garatu beharreko alderdiak jasotzea, zehazki, berotegiak osorik eraldatu eta modernizatzeko laguntza-programari atxikitzeko laguntza-eskaerak aurkezteko prozedura.

2. oinarria.–Onuradunak. Baldintzak eta betebeharrak.

1 Laguntza hauen onuradun izan daitezke 948/2021 Errege Dekretuaren 13. artikuluko 1. puntuan jasotakoak.

2 Laguntza hauek emanen zaizkie laguntza eskatzen duten egunean 948/2021 Errege Dekretuaren 6. artikuluko 1. puntuan jasotako baldintzak betetzen dituzten onuradunei.

3 Laguntzen onuradunek betebeharrak bete beharko dituzte, 948/2021 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren 2., 3. eta 4. puntuetan ezarritakoaren arabera.

Era berean, eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileek, laguntzaren azken onuradun izanez gero, berariazko konpromisoa hartzea behar diren eskubideak eta sarbideak emanen dituela Europako erakundeek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatzearren, honako arau hauekin bat: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikulua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 129. artikulua, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzkoa, zeinaren bidez aldatzen baitira 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 1301/2013 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 1309/2013 (EB) Erregelamendua, 1316/2013 (EB) Erregelamendua, 223/2014 (EB) Erregelamendua, 283/2014 (EB) Erregelamendua eta 541/2014/EB Erabakia, eta indargabetzen baita 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua.

3. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak. Onartzeko eta hautatzeko irizpideak.

1 Kostu diruz lagungarriak hautatzeko irizpide komunek 948/2021 Errege Dekretuaren 7. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan jasotakoari erantzun beharko diote.

2 Gainera, deialdi honen ondorioetarako, jarduketa diruz lagungarriak eta inbertsio hautagarriak aipatutako errege dekretuaren 14. eta 16. artikuluetan jasotakoak izanen dira, betiere 13. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

4. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1 Gehieneko intentsitatea 15. artikuluko 1. puntuan jasotakoaren araberakoa izanen da.

Inbertsio kolektiboak direnean eta onuradunak nekazari gazteak direnean, laguntza %20 handituko da.

2 Gutxieneko inbertsioa 14. artikuluaren 2. puntuan jasotakoa izanen da, eta laguntzaren gehieneko zenbatekoa Errege Dekretuaren 15. artikuluaren 3. puntuan jasotakoa izanen da.

5. oinarria.–Lehenespen irizpideak.

1 Laguntzak emateari begira, lehenespen irizpide hauek ezartzen dira eskaera bakoitzerako:

a) Proiektu motaren arabera:

–Baterako inbertsio plana: 5 puntu. Puntuazio hori gehituko zaio plana osatzen duten inbertsio proiektuen azken onuradun bakoitzak hurrengo b) atalaren arabera lortzen duen puntuazioari.

–Inbertsio kolektiboak: 5 puntu.

–Eraldaketarako inbertsioak: 20 puntu.

b) Eskatzaile motaren arabera:

–Titulartasun partekatuko ustiategiak: 2 puntu.

–Nekazari gazteak: 2 puntu.

–Lehentasunezko elkarte bateko kide izatea: puntu bat.

Berdinketa gertatuz gero, 948/2021 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

6. oinarria.–Laguntza eskatzea, dokumentazioa eta jakinarazpenak.

1 Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza-eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

Eskaera horretan, 948/2021 Errege Dekretuaren IV. eranskinean aurreikusitako gutxieneko informazioa, konpromisoak eta betebeharrak jasoko dira, bai eta 2. oinarriaren 2. eta 3. puntuetan jasotako alderdi guztiak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere, onuradunen konpromisoei eta betebeharrei dagokienez.

Onuradunaren baimena ere jasoko da, instrukzio organoak laguntza tramitatzeko beharrezkoa den informazio guztia kontsultatu eta eskuratu dezan. Onuradunak ez badu kontsulta egiteko baimenik ematen, beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko du, hurrengo puntuan adierazitakoaren arabera.

Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duen 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta erregelamendu horren 22. artikuluan aurreikusten diren organo guztiek zilegi dute Benetako Titulartasunen Erregistroan jasotako informazioa eskuratzea (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortu zen erregistro hori), bai eta administrazioaren beste datu base batzuetan sartzea ere, benetako titularren datuei buruzko datuak jasotzearren. Zilegi izanen dute, orobat, informazioa trukatzea sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

2 Jarduketa deialdiaren helburuekin bat datorrela egiaztatzeko, eskaerarekin batera 948/2021 Errege Dekretuaren IV. eranskineko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Era berean, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko jarduketak gauzatzeari buruzko konpromisoa sinatuta aurkeztu beharko da, deialdi honen III. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

3 Baldin eta laguntzaren xedeko inbertsioak baterako inbertsio plan batean integratzen badira, 948/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2. puntuaren a) letran definitzen den bezala, gutxienez bost laguntza-eskaera aurkeztu beharko dira, bost ustiategi indibiduali dagozkionak, eta horietako bakoitzean adierazi beharko da baterako inbertsio plan batean sartua dagoela. Plan horrek justifikatuta egon beharko du ikuspuntu tekniko-ekonomikotik eta koherentziaren ikuspuntutik, plana aurkezteko oinarri diren inbertsioei dagokienez. Ondorio horietarako, eraginkortasun ekonomikoaren irizpidea ez da justifikatutzat joko ustiategiek inbertsio desberdinak egiten dituztenean, nahiz eta enpresa hornitzaile bera izan. Gainera, plana aurkezten duen erakundearen edo taldearen ordezkaria identifikatu beharko da planean, eta hura arduratuko da laguntza-eskaerak tramitatzean baterako planari dagokionez egin beharrekotzat jotzen diren errekerimenduei erantzuteaz.

4 Laguntzaren xedeko inbertsioa inbertsio kolektibo bati badagokio, 948/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2. puntuaren e) letran definitzen den bezala, laguntza-eskaera bakarra aurkeztu beharko da. Eskaera horretan inbertsio kolektibo bat dela adierazi beharko da, eta planaren ordezkaria izendatu, deialdi honetatik eratorritako betebehar eta erantzukizun guzti-guztiak bere gain hartuko dituena.

5 Onuradun bakoitzeko laguntza-eskaera bakarra onartuko da.

6 Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, laguntza-eskaerak ezin izanen dira aldatu. Aurkezteko epea zabalik dagoen bitartean aldaketak egiteko, interesdunak aurkeztua duen eskaera baliogabetu beharko du, eta beste eskaera bat irekiko da.

7 Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Landa Garapeneko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta erakunde eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

7. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1 Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan, kostuak moderatzeko prozedura bat aplikatu beharko da.

2 Prozedura horretatik kanpo geratzen dira ezaugarri bereziak dituzten gastu diruz lagungarriak, baldin eta ezaugarri horiek direla-eta merkatuan ez badago haiek hornitu edo emateko behar adina entitate. Salbuespen hori laguntza-eskaeran justifikatu beharko da.

3 Prozedura honen arabera:

a) “Inbertsio moduluak” izeneko II. eranskinean jasotako inbertsioen kasuan, honako hau izanen da zenbateko diruz lagungarria: onuradunak aurkeztutakoaren eta II. eranskinean jasotakoaren arteko txikiena. Konparazio hori egiteko, aurrekontua edo proformako faktura aurkeztu beharko da eskaerarekin batera.

b) “Inbertsio moduluak” izeneko II. eranskinean jasotzen ez diren inbertsioen eta gastuen kasuan, eskatzaileak hiru faktura edo aurrekontu aurkeztu beharko ditu laguntza-eskaerarekin batera. Zenbateko diruz lagungarritzat hartuko da onuradunak aurkezten dituenetatik txikiena.

c) Inbertsioaren ezaugarriak direla-eta aurreko kasu horietako bakar batean ere sartu ezin diren inbertsioen kasuan, onuradunak proformako faktura edo aurrekontua aurkeztu beharko du inbertsioaren zenbatekoa justifikatzeko. Balorazio batzorde batek aztertuko du zenbateko hori. Batzorde hori instrukzio organoaren arduradunak eta profil teknikoa duten hango bi teknikarik osatuko dute, eta, interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena egin ondoren, aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eginen dute, edo bestela, ordezko aurrekontu bat aurkeztuko dute.

4 Kostuen moderazioa aplikatu izanari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu baino lehen eginen dira, laguntza-eskaeran oinarrituta, eta azken ordainketa egin baino lehen, onuradunak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketak egitea eskatzen duenean.

5 Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak erantsiko dizkio (proformako fakturak, aurrekontuak, fakturak, etab.) bere laguntza-eskaerari edo azken ordainketaren eskaerari, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria igorri duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, zehatz-mehatz azalduta entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak.

6 Onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira ondorio horietarako, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

8. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

9. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1 Instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, eskaera 10 egun naturaleko epean zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2 Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3 Laguntza-eskaera aurkeztu baino lehen jarduketa hasi ez dela egiaztatzeko, eta haren kokapen geografikoa zehaztu daitekeen kasuetan soilik, onuradunari argazki georrefentziatuak eta datatuak eskatuko zaizkio, edo ataleko langileek in situ bisitak egiten ahalko dituzte.

4 Gainerako kontrolak egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

a) Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

b) Ustiategi bat eskualde zehatz batean kokatzeari begira, kontuan hartuko da Estatistikako Institutu Nazionalaren zer kode duen ustiategiaren udalerriak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko fitxan.

c) 948/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren b) letran jasotako definizioaren arabera, “nekazari gaztearen” izaera egiaztatzeko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak emandako informazioa erabiliko da, ezarpen datari dagokionez, eta onuradunak aurkeztutako dokumentazioa, gaitasunari dagokionez.

Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza duela ondorioztatuko da baldin eskatzaileak honako baldintza hauetako bat betetzen badu:

–Erdi edo goi mailako ziklo baten pareko prestakuntza arautua izatea, edo unibertsitateko prestakuntza, denak ere nekazaritzaren adarrekoak.

–Nekazaritzako ustiategiak kudeatu eta gobernatzera bideratutako ikastaroak eginak izatea, 250 ordutik gorakoak guztira.

–“Nekazaritzako ustiategietan hasteko” ikastaro espezifiko bat egina izatea, gutxienez 200 ordukoa, homologatutako prestakuntza erakundeek emana.

5 Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate arduradunak argibideak eska ditzake aurkeztutako informazioari eta/edo dokumentazioari buruz. Behar izanez gero, argibideak gehienez 10 egun naturaleko epean aurkez ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, dagoen informazioaren arabera instruituko dela espedientea.

6 Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua hartuko da kontuan, eta, hala badagokio, baita aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak ere, oinarri arautzaile hauen arabera.

7 Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunetan oinarriturik.

8 Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipen espedientean jaso beharko da onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

10. oinarria.–Ebazpena.

1 Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2 Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3 Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4 Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabetean ebatziko da laguntzak eman edo ukatzen diren. Ebazpen horretan, honako hauek jasoko dira: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5 Ebazpenean berariaz adieraziko da ordaintzeko erabiltzen diren funtsak Estatuko Aurrekontu Orokorretatik datozela, Europar Batasunaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

6 Prozedura ebazteko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertuko da.

7 Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena berariazkoa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

8 Onuradunen batek laguntzari guztiz edo partzialki uko egiten badio dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasi eta hurrengo bi hilabetean, instrukzio organoak erabakiko du dirulaguntza ematea aurrekontu faltagatik lehentasun-ordenaren arabera ezetsiak izan diren eskatzaileei. Hori guztia baldin eta ukoarekin kreditu nahikoa liberatu bada ukatutako eskaeretako bati, gutxienez, erantzuteko.

11. oinarria.–Dirulaguntza aldatzea.

1 Bidezko arrazoiengatik erakunde onuradunak beharrezkotzat jotzen badu hasiera batean onetsitako inbertsioetan aldaketak egitea, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Nolanahi ere, eskaera hori ondasun eta/edo konpromiso berriak eskuratu aurretik aurkeztu beharko da.

2 Unitate kudeatzaileak, azken ordainketaren unean, behar den doikuntza eginen du inbertsioetan eta emandako laguntzan.

12. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1 Laguntzak jaso ahal izateko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen atzemate programaren bidez.

2 Jarduketa deialdiaren helburuetara egokitzen dela egiaztatzeko, ordainketa eskaerarekin batera fakturak, ordainagiriak, ingurumen baimenak, erregistroak eta deialdi honetan ezarritako gainerako dokumentazioa aurkeztu beharko dira.

Onuradunak erabakitzen badu bere dirulaguntza enpresa hornitzaileari edo banku erakunde bati lagatzea, lagapen hori justifikatzen duen agiria aurkeztu beharko du ordainketa-eskaerarekin batera. Agiri horretan, laguntza zer erakunderi lagatzen zaion, haren datuak jasoko dira, baita lagatako zenbatekoa ere.

3 Inbertsioak 2024ko urtarrilaren 31n bukatuko dira, beranduenik. Data hori baimenak lortzeko eta/edo erregistroak egiteko mugaeguntzat hartzen da.

4 Ordainketa-eskaera aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2024ko urtarrilaren 31n bukatuko.

13. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1 Laguntzen ordainketa deialdian aurreikusitako aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da.

2 Oro har, dirulaguntza eman aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Ondorio horietarako, inbertsioa egin izana ez da egiaztatutzat joko harik eta instrukzio organoak inbertsioa bukatu dela ziurtatu arte eta, ordainketa-frogagirien eta gainerako agirien arabera, inbertsioa egiaztatu arte.

3 Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko dira, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko da.

4 Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

5 Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

6 Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

7 Laguntza jaso dezaketen egiazko gastuei oinarri hauetan ezarritako portzentajea aplikaturik aterako da ordaindu beharreko zenbatekoa, betiere hasiera batean onartutako kopurua gainditu gabe.

8 Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

14. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan. Itzulketak.

1 Ordainketa eskaera epe barruan aurkezten ez bada, edo gardentasun betebeharra betetzen ez bada, emandako dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da. Ezarritako epean bukatzen ez diren inbertsioek ez dute laguntzarik jasoko.

2 Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada ez direla bete eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da.

3 Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH) betetzeari dagokionez ezarritako betebeharren konpromisoa ez betetzeak laguntza osoa galtzea ekarriko du.

4 Errege Dekretuaren 6.4 artikuluan jasotako gutxieneko aldiari eusteko betebeharra betetzen ez bada, laguntza osoaren %50 galduko da ez-betetzea lehen urtean gertatzen bada, laguntzaren %40 bigarrenean gertatzen bada, %30 hirugarrenean, %20 laugarrenean eta %10 bosgarrenean, eta horretarako legez ezarritako berandutze-interesak ere ordaindu beharko dira.

5 Aurreko zehapen eta murrizketa horiek ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

Honako hauek hartuko dira ezinbesteko arrazoitzat:

a) Laguntzaren onuradun izan den pertsona fisikoaren edo erakunde onuraduneko kide baten heriotza.

b) Laguntzaren onuradun izan den pertsona fisikoaren edo erakunde onuraduneko kide baten lanerako ezintasuna, iraupen luzekoa.

c) Erakunde onuraduna osatzen duten ustiategietako baten zati handi bat edo ustiategi osoa desjabetzea.

d) Hondamendi natural larria, erakunde onuradunetako baten lurrei eta/edo instalazioei nabarmen eragiten diena.

e) Erakunde onuradunetako baten eraikinak eta/edo instalazioak istripuz suntsitzea.

f) Epizootia edo landareen gaitza, erakunde onuradunaren azienda edo laboreak partez edo osorik kaltetu dituena.

Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, erakunde onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

6 Dagokion espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela adierazpen faltsu bat, ondoriorik gabe utziko dira emandako laguntzak, eta haiek ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkeztean iruzurraren aurka borrokatzeko indarrean dauden prozeduretatik eratorritakoak.

Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, proformako faktura edo aurrekontu faltsuak aurkeztea nahita egindako adierazpen faltsutzat hartuko da.

15. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

948/2021 Errege Dekretuaren 29. artikuluak ezartzen duenaren arabera, errege dekretu honen bidez onesten diren laguntza-programetako laguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu nazional batzuek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin, baita minimis laguntzekin ere, baldin eta azken onuradunei emandako laguntzak ez badu gainditzen errege dekretu honetan eta estatu-laguntzei buruz kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasunaren araudian aurreikusitako gehieneko ehunekoa edo zenbatekoa.

II. kapituluan jasotako laguntza-programekin bat datozen laguntzak bateragarriak izanen dira elkarren artean, eta onuradun berak zilegi du laguntza-programetako bati baino gehiagori dagozkion laguntzak jasotzea, betiere bermatzen bada finantzaketa bikoitzik ez dagoela inbertsio hautagarri bererako edo kostu diruz lagungarri bererako.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren esparruan emandako laguntza Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen arabera emandakoari gehituko zaio. Berrikuntzek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, betiere laguntza horrek kostu edo inbertsio hautagarri bera estaltzen ez badu. Era berean, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoak finantzatzen dituen jarduketak argi eta garbi bereizi beharko dira beste iturri batzuen bidez finantzatzen direnetatik, eta jarduketa horiei dagozkien mugarri edo helburuak identifikatu beharko dira.

16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako erakundeak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Edozein kasutan, foru lege honen 3. artikuluko c) letran jasotako erakundeen kasuan, honako hauei buruzko informazioa jasoko da, ebazpen honen ebazpen zatiko 3. puntuan aipatzen den gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren arabera: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaketa; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea; lansari gordinak eta erakundeak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuak; eta urteko kontuak, jendaurrean jarri ahal izateko.

2. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza zer ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan erakundearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Erakundeak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. oinarria.–Publizitatea.

Onuradunek adierazi beharko dute, Errege Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz, inbertsioak Europar Batasuna-Next Generation EU bidez finantzatu direla, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak aurkeztutako planaren arabera.

Publizitate hori edozein motatako eta euskarritako dokumentazio edo argitalpenetan agertu beharko da, baita komunikazio- edo ikusgarritasun-jarduketa, sari eta publizitate guztietan ere.

II. ERANSKINA

Moduluak

KONTZEPTUA

EUROAK/UNITATEA

1.–INBERTSIO PRODUKTIBOAK

1.1. Sabai bikoitzeko sistema (euroak/m²)

10

1.2. Aireztapen zenitaleko sistema automatizatua modulu guztietan eta albokoa perimetro osoan

20.000

1.3 Tenperaturaren eta erradiazioaren arabera automatikoki funtzionatzen duten pantaila termikoak/itzalezkoak (euroak/m²)

10

1.4. Hezetze automatikoko sistemak (euroak/m²)

10

1.5. Lainoztagailuak (euroak/m²)

5

1.6. Ongarritze karbonikoko sistemak (gasak berreskuratzeko sistemak CO2 sistema puruen injekzioan) (euroak/m²)

46

1.7. Cooling edo fog system hozte-sistema, haizagailu birzirkulatzaileekin (euroak/m²)

4

1.8. Ur bidezko berokuntza-sistema (euroak/m²)

15

1.9. Tantakako edo fertirrigazioko ureztatze-sistema automatizatua (euroak/m²)

8

1.10. Estalkiko materiala: plastiko zurruna (polikarbonatoa) eta beira (euroak/m²)

16

1.11. Laborantza-mahaiak (euroak/m²)

36

1.12. Ereiteko makinak

23.000

1.13. Loreontzietan landatzeko makinak

20.500

2.–INBERTSIO EZ-PRODUKTIBOAK

2.1. Euri-urak aprobetxatzeko sistema:

Kanalizazioa (euroak/m²)

1

Biltegiratze-putzua (euroak/m²)

16

2.2. Instalazio fotovoltaikoak: Aurretiazko neurketak, modulu fotovoltaikoak, inbertsoreak/kargagailuak/erregulagailuak, egiturak eta ainguraketak, bateriak, telekontrola, kableatua eta koadro elektrikoak, bai eta muntatzeko eta baimenekin martxan jartzeko ekipamendu osoa ere. (euroak/kWp)

Potentzia ≤ 5 kWp

3.550

5< Potentzia ≤ 20kWp

1.900

Potentzia > 20 kWp

1.250

2.3. Hidroponia: Drainatze-ura biltzeko, desinfektatzeko, biltegiratzeko eta birzirkulatzeko sistemak instalatzea (euroak/m²)

7

3.–BEROTEGIA ERAIKITZEA

Ondoriozko berotegia eraikitzea (euroak/m²) (Lehendik dagoen berotegia eraistea barne)

45

III. eranskina.–Konpromisoen adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa.

Deskargatu konpromisoen adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2205566