83. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

51/2022 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, 2022an eta 2023an bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egiteko. DDBN identifikazioa: 613237

Nafarroako Gobernuaren legegintzaldi honetarako programa akordioaren funtsezko ardatzetako bat Agenda 2030 eta bere Garapen Jasangarrirako Helburuak –GJHak– modu integralean eta zeharkakoan sustatzea da. Ardatz hori garatzeko hainbat neurri ari dira abian jartzen, esaterako, garraio publiko multimodal adimenduna. Horrez gain, mugikortasun aktiboa ere sustatzen ari da, nola oinez, hala bizikletaz. Helburu estrategikoak eta ekintza plana zehazteko, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidaria osatu da, eta idazketa fasean dago Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Gidaria.

Jarduketa esparru orokor horren barruan, beharrezkoa da bidegorrien eta bizikleta bideen sare bat osatzea Nafarroako Foru Komunitatean, bizikleta garraiobide erabilgarri eta segurua izan dadin bai hiri barneko bai hiri arteko joan-etorriak egiteko. Izan ere, autoa baino lehiakorragoa izan daiteke bizikleta, konektagarritasun, segurtasun eta irisgarritasuneko baldintzak betez gero. Aipatutakoa lortzeko, lagungarria da pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak gero eta gehiago erabiltzen direla.

Bizikleta gero eta hedatuago dago garraiobide gisa, gure hiri eta herrietako kaleetan, eta, halaber, aisialdirako aukera oso ohikoa da herritarren artean. Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Gidariaren bidez, bizikletak daukan funtzio bikoitz hori hedatu nahi du Nafarroako Gobernuak: garraiobidea eta aisialdirako erabilera.

Nafarroako biztanleria sakabanatuta bizi denez, landa eremuko herrien arteko konektagarritasuna funtsezkoa da interes orokorreko zerbitzuak eskuragarri izateko. Gaur egun, herri asko errepide bidez baino ez daude konektatuta, eta horrek zaildu egiten ditu joan-etorriak eta segurtasun falta sortzen du mugikortasun aktiboko garraiobideetan. Bestalde, herri handietan eta, batez ere, Iruñerrian autoentzako azpiegiturak sortu dira, baina garatzeko bidean dago oraindik mugikortasun aktiborako sare bat, herriak diseinu koherente batekin lotuko dituena, abian jartzeko proiektua.

Horrez gain, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) esparruan, 50.000 biztanletik gorako hirien edo probintzia hiriburuen metropoli inguruetako mugikortasun sistemaren eraldaketa sustatzen da. Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak proposatutako hainbat jarduketa hautagarritzat jo dira. Hala ere, Nafarroako Gobernuaren apustuak harago joateko xedea du: deialdi honen bidez Nafarroako udalerrietan gauzatu beharreko jarduketak sustatu nahi ditu, horien biztanle kopurua aintzat hartu gabe.

Beraz, beharrezkoa da finantzaketa mekanismoak antolatzea, toki erakundeek mugikortasun aktiborako dituzten proiektuak bizkortu ditzaten, eta arreta berezia jarri behar zaie bidegorriak eta bizikleta bideak garraio motordunen zirkulazio-bideetatik bereizita eta oinezkoen mugikortasuna kontuan hartuta egitera bideratuta daudenei. Hala, finantzaketa mekanismo hau ezartzen da, hainbat urtetarako dirulaguntza bat eskuratzeko deialdi baten bidez. Deialdiak norgehiagoka izaera izanen du, eta haren bidez toki erakundeei bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak eraikitzeko laguntza emanen zaie.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 48. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeentzako laguntzen deialdi bat onestea, 2022an eta 2023an bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 1.820.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastuen aurrekontuan 2022ko gastuen aurrekontuko “Bizikleta azpiegituretarako laguntzen deialdia” izeneko 230000 23200 7609 441112 partidaren baliokidea izateko gaitzen den partidaren kargura. Baldintza izanen da ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Nafarroako toki erakundeei bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen helburua honako hau da: oinarri arautzaileak ezartzea, Nafarroako toki erakundeek 2022an eta 2023an eginen dituzten bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuen finantzaketarako laguntzak eman eta ordaintzeko.

Deialdiaren xedea honako hau da: sustatzea toki erakundeek beraien herrietako hiri eremuetan eta hiriartekoetan bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak ezar ditzaten, herritar guztientzat, mugikortasun jasangarria bultzatzen baita horrela.

Deialdi honen arabera, hauek izanen dira diruz lagungarriak: batetik, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektu bat osorik gauzatzea; eta, bestetik, proiektu bakar baten fase bat edo batzuk egitea, baldin eta fase horiek funtzionalki independenteak badira eta proiektuaren gainontzeko zatia bukatu gabe erabili edo abian jartzen ahal badira.

2.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetarako guztizko kreditua 1.820.000 eurokoa da, eta 2023rako gastuen aurrekontuan 2022ko gastuen aurrekontuko “Bizikleta azpiegituren deialdia” izeneko 230000 23200 7609 441112 partidaren baliokidea izateko gaitzen den kargura ordainduko da. Baldintza izanen da ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

3.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateko deialdia egin eta emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari esleituko zaizkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 8. oinarri arautzailean ezarritako irizpideen arabera, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

4.–Onuradunak eta betekizunak.

Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki erakundeek, zehazki honakoek:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera osatuta egotea. Udalerriak ez diren erakundeek frogatu egin beharko dute diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko eskumena esleitu zaiela.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

Orobat, Nafarroako bi toki erakundek edo gehiagok ere egiten ahalko dute proiektu jakin bat elkarrekin egiteko dirulaguntza eskabide bakar bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz. Kasu horretan, erakunde guztiak hartuko dira onuraduntzat.

Deialdi honetatik kanpo daude Iruñerriko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren lurralde-eremuan dauden toki erakundeak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan bidegorrien eta bizikleta azpiegiturak egiteko finantzaketa lortuko dutenak.

5.–Gauzatzeko epeak.

Dirulaguntzak jasoko dituzten obrak 2022an lizitatu beharko dira, eta 2023ko irailaren 30a baino lehen bukatu.

6.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Honako hauek egiteko gastuak dira diruz lagungarriak:

–Proiektu teknikoak eta memoria baloratuak idaztea.

–Obren zuzendaritza fakultatiboa. Segurtasuna eta osasuna.

–Dirulaguntzak jasoko dituzten obrak edo jarduerak gauzatzea.

6.2. Proiektu bat partzialki egiteko dirulaguntza eskatzen denean, proiektu teknikoak eta memoria baloratuak idazteagatiko gastuak diruz lagunduko dira eginen den faseari edo faseei dagokien proportzioan.

6.3. Eskaera bakoitzeko ematen ahalko den dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau da: diruz lagungarriak diren gastuetako bakoitzaren kontzeptuaren %85; gehienez ere 400.000 euro emanen dira eskaera bakoitzeko. Dirulaguntzak emanen dira kreditu erabilgarria bukatzen den arte.

Aurrekontuko krediturik ez egoteagatik dagokion dirulaguntza osorik jasotzerik ez duen azken proiektuari aurrekontuan erabilgarri dagoen zenbatekoa emanen zaio.

Kreditu nahikorik ez egoteagatik dirulaguntzarik jasoko ez duten proiektuen eskaerak ezetsi eginen dira; horrek ez du galaraziko erreserban gelditzea, puntuazioaren araberako hurrenkeran. Uko egiteengatik edo bestelako inguruabarrengatik aurrekontu kreditu gehiago sortzen bada, honela banatuko da: lehenik eta behin, puntuazioaren arabera, aurrekontuan behar adina diru ez izateagatik legokiokeen dirulaguntza osoa eskuratu ez zuen proiektuaren dirulaguntza osatuko da. Aukera hori agortuta, erreserban dauden proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, puntuazioaren hurrenkeran, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

6.4. Diruz lagungarriak izanen dira 2021eko urtarrilaren 1etik 2023ko irailaren 30era egindako gastuak.

7.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinen araberakoak izanen dira, eta fitxan egonen dira eskuragarri.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. I. eranskinean agertzen den eskabide eredua erabiliko da.

7.3. Eskabidearekin batera, deialdian parte hartu nahi duten toki erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eskaeraren xede diren jarduketei buruzko proiektu teknikoa edo memoria baloratua eta, hala badagokio, proiektu teknikoa onarturik egotearen ziurtagiria.

b) Aurrekontu xehatua, 6.1. oinarrian aipatutako jarduketa diruz lagungarriak eta horien guztizko kostua biltzen dituena.

c) Udalerriak ez diren toki erakundeek egindako eskaeren kasuan, idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, frogatzen duena erakunde horrek esleitua duela deialdi honetako dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteko eskumena.

d) Toki erakundeko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria (II. eranskineko ereduaren araberakoa), non jasoko baita aipatutako toki erakundeak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituela.

e) Toki erakundeko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria (III. eranskineko ereduaren araberakoa), non jasoko baita deialdi honen bidez diruz lagungarriak diren proiektuekin lotutako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso den; horren bitartez ziurtatuko da aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostu osoa.

f) Udal konposatuen kasuan, izan udal horiek osatzen dituzten kontzeju guztientzat edo zenbaitentzat, proiektuak eragiten dien toki erakundeen arteko akordioa frogatzen duen ziurtagiria, aplikatu beharreko araudiak ezarritakoaren araberakoa. Ziurtagiri horretan (IV. eranskineko ereduaren araberakoa) kontzeju horien kopurua eta izenak zehaztuko dira.

g) Aurreko laugarren oinarriaren azken paragrafoan ezarritakoari jarraikiz, beste udal batekin edo batzuekin batera proiektu bat sustatzen duten udalen kasuan, proiektuak eragiten dien udalen arteko akordioa frogatzen duen ziurtagiria, horietako bakoitzaren idazkariarena. Ziurtagiri hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta, bertan, honako hauek adierazi beharko dira:

–Parte hartzen duten udalen kopurua eta izenak.

–Udal bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen.

–Udal bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Ordezkari bakar gisa arituko den erakunde koordinatzailearen izendapena.

h) Toki erakundeko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, adierazten duena erakunde horrek ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarren oinarrian aipatzen diren betebeharrak bete ezean edo eskaera epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

7.4. Hamargarren oinarrian araututako ordainketa aurrerakina eskatuz gero, dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsak behar direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, toki erakunde eskatzailearen idazkari lanetan diharduenak emandakoa. Erakunde eskatzaileak bat baino gehiago direnean, idazkaritza guztien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

7.5. Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

8.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

8.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo 8.2 puntuan ezarritako balorazio irizpideen arabera. Prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

8.2. Proposamenek, gehienez, 100 puntu eskuratzen ahalko dituzte, irizpide hauen arabera:

a) Bidegorriaren edo bizikleta bidearen konektagarritasunaren arabera, gehienez ere 30 puntu, honela banatuta:

–Nafarroako udalerriak lotzen baditu, 10 puntu emanen zaizkio.

–Bide Berdeen bati, EuroVelori edo Donejakue Bideari lotzen bazaio, 7 puntu emanen zaizkio.

–Bideak industrialdeetara edo jarduera ekonomikoko guneetara iristea ahalbidetzen badu, 5 puntu emanen zaizkio.

–Bideak herriko puntu nagusiak lotzen baditu, esaterako, ikastetxeak, osasun zentroak, kultur etxeak edo aisialdirako zentroak, 5 puntu emanen zaizkio.

–Bidea aurrez dagoen hiri barruko bidegorriren bati lotzen bazaio, 3 puntu emanen zaizkio.

b) Otsailaren 14ko 17/2022 Foru Aginduak xedatutakoaren arabera, zeina Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana baita, eta Nafarroako kontzejuen biztanleria zifrak ofizialtzat jotzen baititu, 2021eko urtarrilaren 1a erreferentziatzat hartuta, toki erakunde eskatzailearen biztanleria aintzat hartuta, 10 puntu emanen dira gehienez:

–5.000 biztanle baino gehiago: 10 puntu.

–5.000 biztanle edo gutxiago: 5 puntu.

c) Intermodalitatea sustatzeko, bidegorria edo bizikleta bidea herrien arteko garraio publikoaren geltokiei lotuta badago (errepidea edo trenbidea), 5 puntu emanen zaizkio, gehienez.

d) Proposamenaren kalitatearen arabera, eta irizpide hauei jarraikiz, 20 puntu emanen dira, gehienez:

–Bidea ibilgailu motordunen zirkulaziotik banatuta egoteagatik 10 puntu emanen dira, gehienez.

–Ibilbidearen ezaugarriei dagokienez, honako hauek hartuko dira aintzat: koherentea eta zuzena izatea; salbuespen gisa eta tarte laburrez baino ez gainditzea %6ko pendiza; ongi seinaleztatua egotea eta zoru egokia izatea; paisaiaren, historiaren eta gizateriaren aldetik erakargarria izatea. Modalitate aktiboaren okupazio altuko tarteetan (egungoak, edo balizko etorkizunekoak) positibotzat joko da oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bereiziak gaitzea edo kolore edo zoru ezberdinak ezartzea horientzat. Gehienez 10 puntu emanen dira.

e) Proiektuaren heldutasuna baloratuko da, eta gehienez ere 25 puntu emanen zaizkio, honako hauen arabera:

–Proposamenak toki erakundeek onartutako obra proiektu bat baldin badauka, 25 puntu emanen zaizkio.

–Proposamenak obra proiektu bat baldin badauka, 20 puntu emanen zaizkio.

–Proposamenaren memoria tekniko baloratua egina badago, 15 puntu emanen zaizkio.

f) 10 puntu emanen dira, gehienez, bidegorrien edo bizikleta azpiegituraren balio erantsiaren arabera, erakargarritasun turistikoagatik, jasangarritasunagatik, ingurumen helburuengatik eta onarpen sozialagatik.

8.3. Eskaera bakoitzaren guztizko puntuazioa 8.2. puntuko a) apartatutik f) apartatura bitartean lortutako puntuen batura izanen da. Puntu kopuru berdina eskuratuz gero, berdinketa biztanle gehien dituen toki erakundearen alde ebatziko da. Gutxienez 40 puntu erdiesten ez dituzten eskabideak ez dira onartuko.

9.–Laguntzak emateko prozeduraren ebazpena.

9.1. Eskaerak baloratu ondotik, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak emateari buruz. Ebazpenak eduki hau izanen du:

–Dirulaguntza jasoko duten erakundeen zerrenda, puntuaziorik altuenetik txikienera zehatz-mehatz ordenatuta, zortzigarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Diruz lagungarria den aurrekontua edo zenbatekoa eta horren arabera eman den dirulaguntza adieraziko dira, seigarren oinarrian ezarrita dagoen gisan, baita dagokion dirulaguntza ekitaldia edo ekitaldiak ere.

–Deialdiko betebeharrak ez betetzeagatik edo kreditu nahikorik ez izateagatik dirulaguntza ukatzen zaien toki erakundeen zerrenda.

9.2. Ebazpena, gehienez, hiru hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Aurrez esandakoa alde batera utzi gabe, Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, www.navarra.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

9.3 Berariazko edo ustezko ezespenaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

10.–Ordaintzeko prozedura. Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa. Aurrerakinak.

10.1. Laguntzak ordainketa bakar baten bidez eginen dira diruz lagundutako jarduketa bukatzean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean. Ordainketa jasotzeko, egindako gastuen justifikazio kontua igorri beharko da aurrez, eta honakoak jasoko dira bertan, aitortzailearen erantzukizunpean:

–Egindako jarduereneta horiei dagokien kostuaren aitorpena, jarduerahoriek garatzean egindako gastu guztiak banakatuta.

–Ziurtagiri partzialak, halakorik egonez gero, eta obren amaierako ziurtagiria, zuzendaritza fakultatiboak eta adjudikaziodunak sinatuta.

–Izandako gastuen faktura/k eta ordaindu izana egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Obren harrera akta, toki erakundeak, zuzendaritza fakultatiboak eta kontratistak sinatua.

–Toki erakundean idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, honako gai hauek biltzen dituena:

a) Eraikuntza proiektuaren, obraren zuzendaritzaren eta obren gauzatzearen kontratazio prozesua, adjudikaziodunaren adierazpena, lizitazioaren eta adjudikazioaren zenbatekoak, eta bajaren ehunekoa.

b) Kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluko aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra exekuzioaren kostuari dagokionez, edo 12.000 euro baino handiagoa kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen hornidurari edo zerbitzuei dagokienez.

c) Seigarren oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso den. Hala bada, jaso diren zenbatekoak adierazi beharko dira.

Instrukzio organoak erakunde interesdunari errekerimendua eginen dio aurkeztutako dokumentazioa zuzendu dezan, 10 eguneko epearen barruan. Berariaz ohartaraziko zaio dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzeak edo behar beste ez justifikatzeak laguntza jasotzeko eskubidea galtzea edo dirulaguntza bueltatu beharra dakarrela, Dirulaguntzen Foru Legearen 35. artikuluan adierazten den gisan.

10.2. Justifikatutako gastu diruz lagungarria dirulaguntzaren bidez jasotako diru kopurua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan egin den gastuaren arabera doituko da, seigarren oinarrian ezarritako mugak betez betiere.

10.3. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

10.4. Oinarri honen 1. apartatuan adierazitakoa gorabehera, onartutako dirulaguntzaren aurrerakin bat ematen ahalko da, honako muga eta betekizunen arabera:

–Ordainketa aurrerakin bakarra eginen zaio erakunde onuradun bakoitzari, onartutako dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren %60 adinakoa. Aurrerakina emanen da, baldin eta erakunde onuradunak eskatzen badu eta justifikatzen badu dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla.

–Ordainketa aurrerakina eman izana jasoko da dirulaguntza emateko ebazpenean, bederatzigarren oinarrian araututakoan. Ordainketen aurrerakinak kreditu erabilgarria bukatzen den arte emanen dira.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Dirulaguntzaren xederako bakarrik erabiltzea laguntza.

11.2. Frogatzea, instrukzio organoaren aitzinean, baldintzak betetzen direla.

11.3. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru sarrera edo baliabiderik eskuratu duen.

11.4. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den edukiari buruz behar duen informazio guztia.

11.5. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

11.6. Toki erakundeek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

11.7. Erakunde onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat eginen dute azaltzeko ezen konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako jardueraren publizitatean Nafarroako Gobernuaren marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzeko, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuari jarraikiz (foru dekretu hori aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako testuaren arabera).

Diruz lagundutako proiektuari lotutako argitalpen, publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako proiektuari buruz prestatzen den dokumentazio guztian agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta hedapen lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

12.–Aldaketak diruz lagundutako jarduketetan.

12.1. Dirulaguntzen xede diren jarduketak deialdi honetan ezarritako epearen eta baldintzen arabera gauzatu beharko dira.

12.2. Dena den, dirulaguntzaren baldintzak aldatzen ahalko dira, onuradunak moldaketa egin aurretik eskatzen badu, arrazoia objektiboa eta justifikatua bada eta instrukzio organoak horretarako baimena ematen badu.

Diruz lagundutako jarduketen irismena edo xedea funtsean aldatu gabe ekintza osagarriak aurreikusten dituzten moldaketak soilik baimentzen ahalko dira. Ez da aldez aurreko baimenik beharko moldaketa egiteko, baldin eta, gehienez, gastu diruz lagungarrien partiden azken gauzatzearen kostua %10 handitzen badute.

12.3. Moldaketa horrek ez du handituko, inolaz ere, hasiera batean onuradunari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

13.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Behar den kasuan, beste erakunde batzuetatik jasotako dirulaguntzak kendu eginen dira onuradunari deialdi honen bidez esleitu zaion dirulaguntzaren zenbatekotik.

Aurrekoa gorabehera, emandako laguntza guztien baturak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako jarduketaren gastu lagungarria.

14.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

14.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak, eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, jasotako dirua edo diruaren zati bat bueltatu beharko da.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

14.3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze interesak barne.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedurari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen aplikagarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

17.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

18.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu-basean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, erakunde onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Dirulaguntza eskabidea, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak gauzatzeko.

II. eranskina.–Ziurtagiri eredua, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluko betebeharrak betetzeari buruzkoa.

III. eranskina.–Toki erakundeko Idazkaritzaren ziurtagiri eredua, deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu eta/edo jaso den adieraztekoa.

IV. eranskina.–Udal konposatuen idazkaritzaren ziurtagiri eredua, udala osatzen duten kontzeju guztientzako edo batzuentzako bidegorrien edo bizikleta azpiegituren proiektu bat sustatzeari buruzkoa.

V. eranskina.–Ziurtagiri eredua, bidegorrien edo bizikleta azpiegituren proiektuak partekatzen dituzten toki erakundeetako idazkaritzena.

Deskargatu I. eranskinetik V. eranskinera bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204953