83. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateak 2022ko laguntzen eskaera bakarraren epea luzatzeko aukerari heltzen baitio, eta luzapen hori 2022ko maiatzaren 15era arte finkatzen baitu. Aipatu aukera abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 95. artikuluan aurreikusten da.

Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 95. artikuluaren 2. apartatuak ezartzen du eskaera bakarra aurkezteko epea, 2016. urtetik aurrera, urte bakoitzeko otsailaren 1ean hasi eta apirilaren 30ean bukatuko dela. Errege dekretu horrek ezarri zuen nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta bestelako laguntza araubide batzuen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

Abenduaren 28ko 1156/2021 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzeko abenduaren 19ko 1075/2014, 1076/2014 eta 1078/2014 Errege Dekretuak aldatzen dituenak, apartatu hori aldatu du, autonomia erkidegoek beren jarduketako lurralde eremuan eskaera bakarra aurkezteko epea urtero luzatzeko aukera izan dezaten, aldez aurretik Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsari (NBEF) arrazoitutako jakinarazpen bat igorrita. Luzapen hori ezin izanen da maiatzaren 15a baino geroago bukatu.

Martxoaren 11ko 32/2022 Foru Aginduaren bidez, honako hauen deialdia egiten da 2022ko kanpainarako: eskaera bakarra, xede dituena nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ordainketa zuzenak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak finantzatuak, eta, orobat, xede dituena Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuk, erreserba nazionalerako eskubide eskaerak, SIGPACen aldaketa egiteko eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean inskriba dadin.

Agindu horren 8. oinarriko 1. apartatuan ezartzen da eskaera bakarra aurkezteko epea 2014ko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 95. artikuluan ezarritakoa izanen dela. Errege dekretu horrek ezarri zuen nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta bestelako laguntza araubide batzuen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

Gaur egungo egoerak, Ukrainako gatazka dela kausa, lehengaien hornidura falta handia eragin du EB osoan. Horregatik, Batzordeak 2022ko martxoaren 23ko 2022/454 (EB) Betearazpen Erabakia onetsi zuen, zeinaren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1307/2013 (EB) Erregelamenduari eta Batzordearen 639/2014 (EB) Erregelamendu Eskuordetuari salbuespenak ezartzen baitzaizkie, 2022ko eskaera urterako ekologizazio-ordainketari buruzko baldintza jakin batzuk betetzeari dagokionez.

Salbuespen horren bidez, ohiko baldintzetan lugorrien azaleretara bideratuko zen hektarea kopuru handi bat ekoizpenean jarri nahi da, ordainketa berdearen eskakizun jakin batzuk betetzeko.

Erabaki horren ondorioz, zenbait kasutan nekazariek eta abeltzainek berriz definitu behar izan dute kanpaina honetarako jardueraren plangintza, eta, beraz, salbuespen berrien irismena argitu den arte, sektoreak ezin izan ditu bere ustiategiak berrantolatu eta beharrezko sargaiak hornitu, hala nola haziak, ongarriak eta abar.

Horrek guztiak atzerapena ekarri du kanpaina honetarako NPBaren laguntzen eskaera bakarra egitean, eta adierazpenen erritmoa moteldu egin da aurreko kanpainen aldean.

Nafarroako Foru Komunitateak, kanpaina bakoitzean laguntza eskaera bakarren ehuneko oso esanguratsua izaten duten entitate laguntzaileei kontsultatu ondoren eta 1075/2014 Errege Dekretua aldatzen duen 1156/2021 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, beharrezkotzat jo du epea maiatzaren 15era arte luzatzea, laguntzaren kudeaketa administratibo eta finantzario egokia egiteko beharrezkoak diren datu guztiak lortzeko, egin beharreko kontrolen programazio eraginkor eta egokia bermatu dadin.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2022ko maiatzaren 15era arte luzatzea 2022ko kanpainako laguntzen eskaera bakarra aurkezteko epea.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 19an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2205654