83. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

115E/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan zentro soziosanitarioetako arreta farmazeutikoko lantaldea sortzen duena.

Arreta Farmazeutikoari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legeak xedatzen duenaren arabera, zentro soziosanitarioetan farmazia zerbitzuen eta sendagai biltegien bidez emanen da arreta farmazeutikoa.

Zentro soziosanitarioei dagokienez, aipatutako arauaren 35. artikuluaren 1. apartatuaren b) eta c) letretan xedatzen denez, farmazia zerbitzu bat ezarri beharko dute ehun ohe edo gehiago dituztenek, eta 100 plaza baino gutxiago dituztenek ere bai, asistentziaren tipologia eta bolumena direla-eta erregelamendu bidez ezartzen denean.

Horrela, zentroan ematen den arreta farmazeutikoaren bidez (farmazialari espezialista bat izanen da horren arduraduna), sendagaiak hautatzeko, sendagaien banaketarako sistema indibidualizatuak ezartzeko eta beste osasun profesional batzuei sendagaiei buruzko informazioa emateko funtzioak garatzen dira, besteak beste. Horren guztiaren helburua da zentro soziosanitarioetako egoiliarrek sendagaiak segurtasunez eta modu egokian erabiltzen dituztela bermatzea, balizko ondorio kaltegarriak murrizteko eta baliabide publikoak banatzeko eta erabiltzeko efizientzia hobetzeko.

Farmazia-zerbitzua ezartzeko betebeharraren menpe daude bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mendeko zentro soziosanitarioak, bai, farmazia-prestazioa ordaintzearen ondorioetarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin hitzarmena sinatu duten zentro pribatuak.

Jokabide hori ohikoa da zentro pribatu handietan, eta disfuntzioak eragiten ditu zerbitzu hori eta beste prestazio batzuk emateko moduari eta baldintzei dagokienez. Hori dela eta, zentro horietan arreta farmazeutikoa hobetzeko asmoz, eremu soziosanitariotik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzutik ikusi da beharrezkoa eta komenigarria dela diziplinarteko lantalde bat sortzea, zentro soziosanitarioetako (pribatuak zein publikoak) mediku, farmazialari eta erizainek eta, hala badagokio, egoitza-zentro soziosanitarioetan osasun arreta antolatzeko unitateko ordezkariek osatua.

Lantalde honen sorrera bat dator Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 18. artikuluan eta hurrengoetan kide anitzeko organoei buruz jasotako arauetan xedatutakoarekin. Zehazki, aurreikusten ez denez organo horrek erabakitzeko, proposamenak egiteko, nahitaezko txostenak egiteko eta beste organo batzuen jardueren jarraipena edo kontrola egiteko eskumenik izatea, foru agindu baten bidez sortzen da, eta foru agindu horren prestaketa-prozedura bat dator aipatutako foru legearen 133. artikuluan ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan zentro soziosanitarioetako arreta farmazeutikoko lantaldea sortzea eta haren osaera eta funtzionamendua arautzea.

Bigarrena.–Osaera.

1 Lantaldeak osaera hau izanen du:

A. Koordinazioa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzako Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren arduradunari dagokio.

B. Hamar kide:

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzako bi fakultatibo profesional, zuzendariordetza horretako titularrak izendatuak;

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen Zuzendariordetzako atalburu bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen Zuzendariordetzako titularrak izendatua, eta

–Zentro soziosanitarioetako talde fakultatiboetako profesionalen artean izendatutako zazpi pertsona, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzako titularrak aukeratuak, zentro sozio-sanitarioetako zuzendaritzak proposaturik.

C. Idazkari lana: lantaldeko kide bati dagokio.

2 Lantaldeak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake.

Hirugarrena.–Eginkizunak.

1 Lantaldearen eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Zentro soziosanitarioetan eskaintzen diren farmazia-zerbitzuen eta arreta farmazeutikoaren funtzionamenduari buruzko irizpideak bateratzea;

b) Farmazia-zerbitzuen funtzionamendua eta koordinazioa hobetzera bideratutako proposamen eta programei buruzko informazioa aztertzea eta trukatzea, hala nola PROA soziosanitarioa;

c) Zentro soziosanitarioetako asistentzia-taldean parte hartzen duten medikuen, erizainen eta beste profesional batzuen etengabeko eta baterako prestakuntza sustatzea, sendagaien arrazoizko erabilera bultzatzeko Farmazia Zuzendariordetzako Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzutik zabaltzen diren estrategiei dagokienez.

d) Zentroei preskripzioaren arloan gertatzen diren aurrerapenen berri ematea, eta, bereziki, Gizarte Segurantzaren LAMIA SS aplikazioaren bidez, eta

e) Aplikatzekoa den araudiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

2 Lantaldea, oro har, taldeko kideek interesgarritzat jotzen duten eta zentro guztiei aplika dakiekeen edozein gai jorratzeko foro bat izanen da.

Laugarrena.–Araubide juridikoa.

1 Lantaldearen araudia foru agindu honetan eta lantaldeak berak onartzen dituen barne funtzionamenduko arauetan ezartzen dena izanen da.

2 Foru agindu honetan aurreikusia ez dagoen guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen IV. kapituluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako xedapenak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko apirilaren 5ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2204963