82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

81E/2022 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, baimena ematen duena aldaketa nabarmena egiteko Oltza Zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko instalazio batean. Jardueraren titularra Graftech Iberica SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 12ko 98EE/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2021eko urriaren 14an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, zeinaren xedea baita grafitozko elektrodoak ikuskatzeko instalazioa handitzea. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko azaroaren 8an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2021eko azaroaren 8an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2021eko azaroaren 8an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, grafitozko elektrodoak ikuskatzeko instalazioa handitzeko.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzen da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimena ematea aldaketa nabarmena egiteko Oltza Zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko instalazio batean (Graftech Ibérica SL da titularra). Helburua da grafitozko elektrodoak ikuskatzeko lerroa handitzeko proiektua gauzatzea. Beraz, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, ondoz ondoko aldietarako berritzeko aukera izanen da. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Aldaketa gauzatu aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Laugarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera martxan jartzeko epeak izanen dira ezarrita daudenak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan betetzen ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Graftech Iberica SLri eta Oltza Zendeako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 29an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2204909