82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

996E/2022 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2022ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira landunei zuzendutako prestakuntza programak egiteko. DDBN identifikazioa: 614841.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, jardunbide egokiak bultzatuz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta. Horrela langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduko da, horixe baita enplegurako lanbide heziketaren sistemaren azken helburua.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, esparru juridiko berria ezarriz prestakuntza arloko ekimenentzat.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, oinarriak ezarri ziren administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko. Agindu horrek araututako prestakuntza eskaintzaren ekimenen artean, administrazioek landunentzat egin ekimena aurreikusten da, zeharkako prestakuntza programen bidez garatu dena.

Agindu horretan aurreikusitakoa garatzeko, deialdi honetako dirulaguntzen xede dira zeharkako prestakuntza programak, bai eta ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programak, langile autonomoentzako zeharkako programak eta desgaitasuna dutenentzako zeharkako prestakuntza programak ere. Era berean, deialdiak barnean hartzen ditu Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari (S4) lotutako prestakuntza programak egiteko dirulaguntzak.

Aurreko urteetan, deialdi horren aurrekontuaren %75,14 gauzatu zen 2019an, eta %83,12, berriz, 2020an. 2021eko daturik ez dago, oraindik gauzatzen ari delako. 2022ko deialdi honen helburua da aurrekontuaren %80 baino gehiago gauzatzea.

Deialdi horietan programatutako prestakuntza 2019an amaitu zuten pertsonen ehunekoari dagokionez, ikastaroa hasi zuten pertsonen %83,69k amaitu zuten; %79,36k, 2020an; eta %86,21ek, 2021ean. Oraingo deialdi honetarako helburua litzateke gutxienez ikasleen %85ek bukatzea prestakuntza ekintza.

Bestalde, deialdi honen bidez murriztu nahi da lanbide-arlo jakin batzuetan dagoen segregazio horizontala, hala nola Eraikuntza eta Obra Zibilean, Elektrizitatea eta Elektronikan, Energia eta Uran, Instalazioa eta Mantentze-lanetan, eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanetan; izan ere, emakumeak parte-hartzaile guztien %10 baino gutxiago dira haietan. Hala, aurreikusten da gutxienez 50 emakumek egitea lanbide-arlo horien prestakuntza.

Deialdi honek zuzenean eragiten du Nafarroako 2021-2024 aldirako Enplegu Planeko neurri hauen gainean: “Prestakuntza eremu estrategikoetan, S3ren sektore bektoreetan eta STEM espezialitateetan” (0.E.2.2.2 helburu estrategikoan: “Prestakuntza Nafarroako eskaeren eta beharren arabera planifikatzea eta diseinatzea, enpleguan zuzeneko eragin handiagoa lortzeko”) eta “Prestakuntza eskaintzaren optimizazioa eta arrazionalizazioa, lurraldeen premiak kontuan izanda” eta “Emakumeen partaidetza sustatzea gutxi diren sektoreen prestakuntzan” (0.E.2.2.4 helburu estrategikoan: “Irismena hobetzea, prestakuntza lurralde guztietara eta talde guztietara zabalduz”).

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren araberakoak dira; Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzeko eskumena, berriz, beste administrazio publiko batzuei.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. Dirulaguntza publikoen deialdia onestea 2022an finantzatzeko landunei zuzendutako prestakuntza programak.

3. 1.250.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko aurrekontuan “Landunen lanbide heziketarako laguntzak” izeneko 950002 96200 4819 242104 partidaren baliokidea izateko gaitzen den partidaren kargura. Honela banatuko da:

  • 740.000 euro, zeharkako prestakuntza programetarako.
  • 100.000 euro, ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako programetarako.
  • 100.000 euro, langile autonomoentzako zeharkako programetarako.
  • 50.000 euro, desgaitasuna duten langileentzako zeharkako programetarako.
  • 250.000 euro, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari (S4) lotutako prestakuntza programetarako.
  • 10.000 euro emakumeak bertaratzeko beketarako.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 8an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da prozedura arautzea dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean landunei zuzendutako prestakuntza programak finantzatzeko.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitateak izaten ahalko dira, publikoak edo pribatuak izan, oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, barnean sartuta titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak, kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik daudenak dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak emateko, dela aurrez aurre, dela teleprestakuntzaren edo modalitate mistoaren bidez; eta prestakuntza ekintza zabaltzeko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Halaber, inskribatuak dauden prestakuntza entitateen batasunek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Batasun horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Taldea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Erakunde batek prestakuntza eman nahi baldin badu inskribatutakoez bestelako instalazioetan, adierazi beharko du, dibulgazio-jarduerak egin aurretik, zer instalazio edo lokal erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta hura eskura duela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako inskribaturik egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen instalazioentzat ezarritako epe beretan.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.1 oinarrian sartutako batasunak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta taldeko entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

3.–Prestakuntza programak eta prestakuntza ekintzak.

3.1. Deialdi honen babesean, dirulaguntzak ematen ahalko dira prestakuntza programa hauek gauzatzeko:

a) Zeharkako prestakuntza programak, osatuta daudenak zeharkako gaitasunak lortzeko jarduera ekonomikoko zenbait sektoreri zuzendutako prestakuntza ekintzez.

b) Ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programak.

c) Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

d) Gutxienez %33ko desgaitasun aitortua duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

e) Prestakuntza programak, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari (S4) lotuak.

3.2. Dirulaguntzak honetarako ematen ahal dira: III. eranskineko prestakuntza ekintzez osatutako prestakuntza programak gauzatzeko, aurreko apartatuan eta IV. eranskinean adierazitako lehendabiziko lau programa motetarako, eta aurreko apartatuan adierazitako bosgarren prestakuntza programa motarako.

3.3. 2022rako diruz lagundutako prestakuntza programak egiten ahalko dira emakidaren egunetik 2023ko ekainaren 30era bitarte.

3.4. Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

3.5. Prestakuntza ekintza guztiek III. eta IV. eranskinetan adierazitako digitalizazio-orduak eman beharko dituzte, eranskin horietan kasuan kasuko prestakuntza espezialitaterako adierazitako modalitatean.

3.6. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez.

3.7. Modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldeetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzaren modalitatean, gutxienez tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.8. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimentzen ahalko du, osasun publikoko salbuespenezko arrazoiengatik, jarduera egiteko modalitatea aldatzea, modalitate presentzialean egin beharrean ikasgela birtualeko modalitate presentzialean edo modalitate hibridoan egin dadin, hau da, ikasleetako batzuek modu presentzialean egitea prestakuntza jarduera eta beste batzuek gela birtualaren bidez. Aldatzeko baimen hori, modalitate mistoko prestakuntzan, zati presentzialerako ere ematen ahalko da.

3.9. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ahalmen nahikoarekin ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun, segurtasun, irisgarritasun eta elkarreragin mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 × 7 eskuragarri egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei; horretarako, gako bat emanen die, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da (Teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako). Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide heziketa ematen duten prestakuntza zentro eta erakundeen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Prestakuntza programa bakoitzeko ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da 10.1 oinarrian adierazitakoa baino handiagoa izanen.

Prestakuntza ekintza bakoitzagatik emanen den dirulaguntza ez da III. eta IV. eranskinetan zehaztutako modulu ekonomikoak baino handiagoa izanen parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

Digitalizazio-orduetarako emanen den dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen ditu gainditu III. eta IV. eranskinetan adierazitako modulu ekonomikoak, parte-hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzeko, dagokion prestakuntza espezialitaterako.

4.2. Modalitate mistoan (presentziala eta teleprestakuntza) prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

4.3. Muga bat ezartzen da prestakuntza programa bat finantzatzeko, programa motaren eta erakunde eskatzailearen arabera. Muga hori entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaio, kontuan hartu gabe banaka edo batasun batean (beste entitate batzuekin batera) aurkezten den.

Salbuespen gisa, eta prestakuntza gehienak Iruñean eta Iruñerrian ez egiteko, entitate bakoitzeko finantzatzen ahalko dira eskualdekoa ez den prestakuntza programa bat eta eskualdeko prestakuntza programa bat baino gehiago, baldin eta eremu desberdinetan egiten badira.

Eskualdeko prestakuntza programen kasuan, dirulaguntzak erabiliko dira, soilik, modalitate presentzialean, mistoan edo hibridoan egiten diren prestakuntza ekintzez osatutako prestakuntza programak egiteko.

Zeharkako prestakuntza programen kasuan, eskualdeko sei programa hauek ezartzen dira. Eskualdeko programak dira enplegu agentziei esleitutako herrietan ematen direnak hasieratik bukaerara:

–Agoizko eskualdea.

–Altsasuko eskualdea.

–Doneztebeko eskualdea.

–Lizarrako eskualdea:

–Lodosako eskualdea.

–Tuterako eskualdea.

–Tafallako eskualdea.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari (S4) lotutako prestakuntza programen kasuan, eskualdeko hiru programa hauek ezartzen dira. Eskualdeko programak dira enplegu agentziei esleitutako herrietan ematen direnak hasieratik bukaerara:

–Agoizko, Altsasuko eta Doneztebeko eskualdea.

–Lizarrako, Lodosako eta Tafallako eskualdea.

–Tuterako eskualdea.

5.–Prestakuntza programetako parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan aurreikusten diren prestakuntza programetan:

a) Zerbitzua administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dutenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Pertsona horiek deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan izanen duten parte-hartzea, gehienez ere, %30ekoa izanen da prestakuntza programa osoan, hartan prestakuntza hasten duten pertsonen kopuru osoarekin alderatuta.

Langabetzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran langileak dauden lan egoerari jarriko zaio arreta.

f) Administrazio publikoetako langileei dagokienez, 3.1.a) eta e) oinarrietan aurreikusitako prestakuntza programetan parte hartzen ahalko dute, baina gehienez ere plan bakoitzean parte hartzen dutenen %10 izanen dira.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe programaren parte-hartzaile guztien %10eko muga eta plantilla guztiaren %10eko muga.

5.2. Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.3. Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du –berdintasun eta objektibotasun irizpideei jarraikiz eginen duena–, baita parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

5.4. Pertsona hauek izanen dute lehentasuna prestakuntzaren sarbidean: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen menpean dauden langileak (baldin Enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude), emakumeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik igorritako pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak, kualifikazio apaleko pertsonak, 45 urtetik goitikoak, 30 urtetik beheitikoak, luzaroko langabeak eta enpresa txiki eta ertainetako langileak.

Kualifikazio baxuko pertsonatzat hartuko dira ikastaroa hasten denean ondoko kotizazio taldeetako batean daudenak: 06, 07, 09 edo 10. Langabeak edo langile autonomoak badira, hauetako bat ere ez dutenak hartuko dira: lanbide txartela, 2. edo 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria, lanbide heziketako titulua edo unibertsitateko titulua.

Iraupen luzeko langabetzat hartuko dira hautaketa egin aurreko 540 egunetan gutxienez 360 egunez langabezian egon eta enplegu-zerbitzu publikoetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon direnak.

5.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabetean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

5.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman ez eta parte hartu ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.7. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TME/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko kontzesioko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2. Bekak eta laguntzak:

a) Emakumeak bertaratzeko beka.

Honako lanbide-arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeei dagokie: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako eta aurreko paragrafoan zehaztutako lanbide-arloko bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuen ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

d) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik zentrora joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

e) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

f) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 31,66 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

g) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-subsidioa edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen % 75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Prestakuntza ekintzak ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean edo teleprestakuntza modalitatean direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza ekintzetara agertu behar dutenean.

7.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

7.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

7.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

Entitate berak ezin izanen du finantzaketarik eskatu, deialdi honen kargura, 3.1 oinarrian aurreikusten direnei erreparatuz mota bereko prestakuntza programa bat baino gehiago gauzatzeko. Salbuespena da eskualdeko programa baterako finantzazioa eskatzea, beste programa bat eskatzen ahalko baita, 4.3 oinarrian ezarritakoarekin bat. Muga hori entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaio, kontuan hartu gabe banaka edo batasun batean (beste entitate batzuekin batera) aurkezten den.

7.3. Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen adierazpena.

c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

d) Erakunde eskatzailearen adierazpena, adierazten duena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

Eskabidea sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

7.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza programaren laburpen-memoria, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkezten ahalko dute.

d) 9.2 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea, hala badagokio.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Ez da beharrezkoa izanen dokumentu horiek igortzea, aurrez beste edozein administraziotan aurkeztu badira. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

7.5. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.6. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, egiaztatzen bada eskaera bakarra aurkezten dela Tuterako eskualdeko programetan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateari aukera ematen ahal dio aurkeztutako programa handitzeko, betiere 10.1 oinarrian adierazitako eskualdeko mugak gainditu gabe.

8.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

8.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

8.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

9.–Balorazio irizpideak.

9.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2020ko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.

9.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Entitate eskatzaileak programa garatzeko duen gaitasun frogatua: 30 puntu gehienez, honela banatuta:

2.1. oinarrian aurreikusitako batasunen kasuan, prestakuntza emanen duen entitateak eskaera egiteko unean duen gaitasuna baloratuko da.

A.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zer puntuazio lortu duen erakunde eskatzaileak batez ere landunei zuzendutako prestakuntza programen barnean 2020an amaitutako prestakuntza ekintzetan parte hartu duten pertsonei egindako inkestetan (programa horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutakoak izanen dira, barne daudela Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak eta COVID-19aren eraginpeko sektoreetakoak).

Kalkulua inkestetako 3 baliotik 4 baliora arteko tartea kontuan hartuta eginen da. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Erakunde bat ez bada izan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako eta lehentasunez pertsona landunei zuzenduta 2020an emandako ezein prestakuntza programaren onuradun, urte horretan kontzeptu horrengatik lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaie (programa horien barnean daude Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak eta COVID-19aren eraginpeko sektoreetako pertsona landunei zuzendutakoak).

A.2. Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2020ko ekitaldia hartuko da aintzat). Portzentajea ehuneko 50 eta ehuneko 10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten 2020ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, batez besteko puntuazioa emanen zaio.

A.3. Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean, entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo baduela aitorpen bat dioena gauzatu dituela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri gutxienez, honako arlo hauetakoren batean: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena. 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

B) Prestakuntza ekintzen alderdi teknikoak: 40 puntu gehienez ere, honela banatuta:

B.1. Lehentasunezko pertsonak.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: lehentasunezko pertsonen portzentajea ehuneko 30 eta ehuneko 90 bitartean dagoenean, 0-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

5.4 oinarrian adierazitakoak hartuko dira lehentasunezko pertsonatzat. Programan lehentasunezko pertsonatzat hartutako parte-hartzaileen kopurua zehazteko, parte-hartzaile bat kolektibo batekin baino gehiagorekin identifikatzen ahal bada, behin baino ez da zenbatuko.

B.2. Parte-hartzaileen lurralde-eremua.

Irizpide honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion parte-hartzaileen portzentajea ehuneko 50 eta ehuneko 90 bitartean dagoenean, 1-20 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Pertsona horiek Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkiola ulertuko da komunitate horretan bizi badira.

B.3. Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Puntuak honela banatuko dira:

Prezioa merkatzen bada, III. eta IV. eranskinetan ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko: puntu bat. Ehunekoak osoak ez badira, zati proportzionala emanen da.

9.3. Ondotik zehazten diren penalizazioak ezarriko dira baldin eta gauzatzen ez bada Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarte lehentasunez landunei zuzendutako prestakuntza programak gauzatzeko emandako dirulaguntza (programa horien barnean daude Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak eta COVID-19aren eraginpeko sektoreetako landunei zuzendutakoak):

–Emandako dirulaguntzaren %10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago penalizaziorik.

–Emandako dirulaguntzaren %10 baino gehiago ez gauzatzeak: 0-10 tarteari dagokion puntuazioa kenduko da, proportzioan.

Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

9.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak segimendu eta kontrol jardueretan atzematen badu zerbait ez dela bete 2020an batik bat landunei zuzendutako prestakuntza programetan (barne daudela Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoetan eta COVID-19aren eraginpeko sektoreetako landunei zuzendutakoetan), kontuan hartuko da eskaera bakoitzaren azken balorazioa zehazteko orduan, dirulaguntzen deialdien kasuan kasuko II. eranskinean adierazten den moduan.

9.5. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako programetan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

10.–Adjudikaziorako irizpideak.

10.1. Dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzearren, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Programa mota bakoitzerako finkatu den kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei:

a) Zeharkako programak esleitzean:

Lehenik, desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira.

Bigarrenik, ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

Hirugarrenik, langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

Esleipen hori eginda, aurrekontu erabilgarririk badago, zenbateko horrekin eskualdekoak ez diren zeharkako programetarako eskura daitekeen zenbatekoa handituko da.

Laugarrenik, ordena honetan, eskualdeko zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, muga hauekin:

–Agoizko eskualdea: 10.000 euro.

–Altsasuko eskualdea: 15.000 euro.

–Doneztebeko eskualdea: 15.000 euro.

–Lizarrako eskualdea: 20.000 euro.

–Lodosako eskualdea: 20.000 euro.

–Tafallako eskualdea: 20.000 euro.

–Tuterako eskualdea: 100.000 euro.

Gainera, Tuterako eskualdeko programetan 50.000 euroko muga ezartzen da entitate bakoitzerako.

Eskualdeko programak esleitzean, lehendabizi eskualdeko programa bakar bat bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat eskatu ez duten entitateei emanen zaie, gero eskualdeko programa bat baino gehiago bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat eskatu ez dutenei, eta, bukatzeko, eskualdekoa ez den programa bat eskatu dutenei.

Baldin eta, eskualdeko lehen esleipen hori egin eta gero, aurrekontu erabilgarria gelditzen bada eskualderen batean, diru-kopuru hori erabiliko da dirulaguntzarik jaso ez duten gainerako eskualdeetako programak diruz laguntzeko. Ordena honi jarraikiz eginen da esleipena, eskualdeko aurrekontu muga eta eskualdeko eskaerak agortu arte: Tutela, Lodosa, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Doneztebe eta Agoitz.

Esleipen hori eginda, aurrekontu erabilgarririk badago, eskualdekoak ez diren zeharkako programetarako (3.1.a) oinarrian zehaztuak) eskura daitekeen zenbatekoa handituko da aurrekontu horrekin.

Azkenik, eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugaren programa bakoitzeko.

Baldin, azken esleipen hori eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, hasieran dirulaguntzik jaso ez duten programak esleituko dira, ordena honetan:

–Eskualdeko zeharkako prestakuntza programak, ordena honen arabera: Tutela, Lodosa, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Doneztebe eta Agoitz.

–Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

b) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari (S4) lotutako programak esleitzean:

Lehenik, eskualdeko programak esleituko dira, muga hauekin:

–Agoizko, Altsasuko eta Doneztebeko eskualdea: 15.000 euro.

–Lizarrako, Lodosako eta Tafallako eskualdea: 35.000 euro.

–Tuterako eskualdea: 50.000 euro.

Eskualdeko programak esleitzean, lehendabizi eskualdeko programa bakar bat bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat eskatu ez duten entitateei emanen zaie, gero eskualdeko programa bat baino gehiago bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat eskatu ez dutenei, eta, bukatzeko, eskualdekoa ez den programa bat eskatu dutenei.

Baldin eta, eskualdeko lehen esleipen hori egin eta gero, aurrekontu erabilgarria gelditzen bada eskualderen batean, diru-kopuru hori erabiliko da dirulaguntzarik jaso ez duten gainerako eskualdeetako programak diruz laguntzeko. Ordena honi jarraikiz eginen da esleipena, eskualdeko aurrekontu muga eta eskualdeko eskaerak agortu arte: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

Esleipen hori eginda, aurrekontu erabilgarririk badago, eskualdekoak ez diren zeharkako programetarako (3.1.e) oinarrian zehaztuak) eskura daitekeen zenbatekoa handituko da aurrekontu horrekin.

Azkenik, eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugaren programa bakoitzeko.

Baldin, esleipen hori eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, onuradun izan ez diren eta eskualdekoak ez diren programak esleituko dira, ordena honetan: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

c) Baldin, aurreko bi esleipenak eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, onuradun izan ez diren programak esleituko dira, ordena honetan:

–Eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak.

–Eskualdeko zeharkako prestakuntza programak, ordena honen arabera: Tutela, Lodosa, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Doneztebe eta Agoitz.

–Eskualdekoak ez diren zeharkako programak, Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak.

–Eskualdeko zeharkako programak, Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak, ordena honetan: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

–Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

10.2. Onuradunak izanen dira soilik eskatutako programa motan balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu duten eskaerak. Kasua bada, eskualdeko programak eta eskualdekoak ez direnak bereiziko dira.

Programak diruz lagunduko dira baldin eta aurrekontu erabilgarria behar adinakoa baldin bada eskatutako dirulaguntzaren %30 gutxienez finantzatzeko.

Hurrengo esleipen prozesuetan, zegokiena baino zenbateko gutxiagoko esleipena jaso duten prestakuntza programek izanen dute lehentasuna, dirulaguntza teorikoa bete arte.

10.3. Puntuazio berdina badago, eskaera erregistroan sartu den ordena kronologikoa aplikatuko da berdinketa hausteko irizpide gisa.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da laguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

11.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

11.5. Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da alegazioak aurkez ditzaten. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada, aurreikusitako dirulaguntza mantenduko da. Edonola ere, eskaeraren balorazio teknikoan kontuan hartutako baldintzak errespetatu beharko ditu entitate onuradunak.

11.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

11.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.

b) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

c) Entitate onuraduna behartuta dago deialdi honetan jasotako prestakuntza jardueretara joateak dakarren arriskua estaltzera; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

d) Erakunde onuradunak ebaluazio positiboarekin gainditutako prestakuntzaren diploma emanen dio parte-hartzaile bakoitzari. Agiri hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen du, IRIS aplikazioaren bidez.

e) Entitate onuradunak 5.4 oinarrian ezarritako eta dirulaguntzak emateko ebazpenean jasotako lehentasunezko pertsonen portzentajea bete beharko du. Hori ez betetzeagatik sortzen diren ondorioak 18. oinarrian aurreikusitakoak dira.

f) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta justifikatzeko faseetan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

g) Prestakuntza ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa (parte-hartzaileek jasotzen ez dituzten bertaratze ziurtagiriak eta aprobetxamendu diplomak barne) zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez 4 urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, organo eskudunari igorri beharko diote dokumentazioaren kopia.

h) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, beteko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, enplegurako lanbide prestakuntzaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

12.2. Gardentasun betebeharrak:

12.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

12.2.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Gardentasun betebeharrak ez betetzeak ekar lezake 500 eurotik 5.000 eurora arteko hertsapen-isunak jartzea aipatu foru legearen 12.5 artikuluan adierazitako moduan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1. Entitate onuradunak gauzatuko ditu prestakuntza programak, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.2. Prestakuntza talde bakoitzaren hasiera IRIS aplikazio informatikoa erabiliz jakinaraziko da, prestakuntza ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, taldea/ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo taldea/ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Aurretik aipatutako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da prestakuntza taldea, salbu eta aurreikus ezineko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

13.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren plaza hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren ehuneko 25 igaro baino lehen.

13.5. Erakundeak 2022ko abuztuaren 31ra arte uko egiten badio emandako dirulaguntza gauzatzeari, eta hurrengo deialdietan kontuan hartzen bada emandako dirulaguntza ez dela gauzatu, uko egitearen ondoriozko dirulaguntza hartuko da erreferentziatzat.

14.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarrei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

15.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da.

15.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

15.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren ehuneko 25 izanen dena. Halaber, ehuneko 35 gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren ehuneko 60 gehienez, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

Prestakuntza jardueraren hasieratzat hartuko da onetsitako prestakuntza programaren lehen prestakuntza taldea gauzatzen hastea.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren ehuneko 60; gainerako ehuneko 40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

15.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 16.1 oinarrian ezarri bezala.

2. Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik hasita.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragan bada prestakuntza ekintzaren bukaerako agiriak (aurreko apartatuetan adierazitakoak, alegia) aurkeztu gabe, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 18. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

15.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada, digitalizazio-orduak barne daudela. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Prestakuntza orduen %25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, eta arrazoia lana, beka edo lanetik kanpoko praktikak aurkitzea ez bada, prestakuntza ekintzen ondoriozko desbideratzeak onartuko dira, gehienez ere ekintza hasi duten parte-hartzaileen %15enak.

15.9. Justifikazioaren ondorioetarako, langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ulertuko da baldin eta ekintza bertan behera utzi behar izan badute lana, beka bat edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nortzuk diren zehazteko atal honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorriz abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Entitate onuradunek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso duten taldeen ehuneko 5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntza modalitate guztiak ere.

16.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

16.3. Entitateak 15.4.1 oinarrian aipatzen den ebaluazio memorian bilduko ditu emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak, oinarri honetan aipatzen diren kontrol eta ebaluazio jarduketei buruz.

16.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, erakunde onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

16.5. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

Era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide-prestakuntzako azpisistema hobetzeko asmoz lan arloan.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa egiteko egin behar dituen bestelako gastuak.

17.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

18.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

18.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Prestakuntza programa ez betetzea.

Emandako dirulaguntzaren %25 gutxienez ez gauzatzea erabateko ez-betetzetzat joko da, eta, horren ondorioz, dirulaguntza ezeztatuko da, eta, hala badagokio, aurretik jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Emandako dirulaguntza partez gauzatzen bada (%25etik gora), emandako dirulaguntza hein berean murriztuko da.

b) Lehentasunezkotzat jotako pertsonen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren lehentasunezko pertsonen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken likidaziotik.

c) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion pertsonen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion pertsonen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken likidaziotik.

d) Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazio ondorioetarako, parte hartzen duten langabeak %30 baino gehiago badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen duten langabeak kenduko dira, parte hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

e) Administrazio publikoetako langileen ehunekoa ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, 3.1.a) eta e) oinarrietan aurreikusitako prestakuntza programetan parte hartzen duten guztietatik, %10 baino gehiago administrazio publikoetakoak baldin badira, ehuneko hori gainditzen duten parte-hartzaileak baliogabetuko dira, haien partaidetza muga horretara iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

f) Prestakuntza erakundeko plantillako langileen ehunekoa ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, programako parte-hartzaile guztien %10eko muga gainditzen bada, inola ere gainditu gabe prestakuntza erakundeko plantillako langile guztien %10eko muga, ehuneko hori gainditzen duten parte-hartzaileak baliogabetuko dira, haien partaidetza muga horretara iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

g) Ebaluazio eta kontrol jarduketak ez betetzea.

Baldin 16.1 oinarrian ezarritako ebaluazio eta kontrol jarduketa horiek egiten ez badira, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak gutxienez prestakuntza taldeen ehuneko 2,5ean egin ez badira, azken likidazioan ehuneko 3ko murrizketa aplikatuko da.

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak prestakuntza taldeen ehuneko 2,5etik ehuneko 5era egin badira, azken likidazioan ehuneko 1,5eko murrizketa aplikatuko da.

18.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

18.4. Apartatu honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

18.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

19.–Datuen babesa.

19.1. Erakunde eskatzaileek eta erakunde onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta gainerako garapen arauak.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

20.1. Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (agindu horren bidez, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta horren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); azaroaren 25eko TES/1109/2020 Agindua (agindu horren bidez martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua aldatzen da, eta horren bidez uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta haren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena; eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen.

20.2. Ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko da deialdian, hau da, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu zituena Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

21.–Dirulaguntzen publizitatea.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

21.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

22.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubidea

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan:

1.–Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: ehuneko 1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %5eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %10eko penalizazioa.

2.–Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, denak batera, ezin dira sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren penalizazioaren %30etik gorakoak.

3.–Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan aurreikusitako penalizazioa %50 murriztuko da.

4.–Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskabiderik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaro osoaren planifikazio osoari dagokionez (CP-3):

  • Dokumentuan ageri diren prestakuntza moduluko eta/edo prestakuntza unitateko orduen kopurua bat ez etortzea ziurtagirian jarritakoekin.
  • Ikastaroak prestakuntza unitate sekuentziaturik baldin badu, haiek ez egotea programaturik bata bestearen ondotik emateko.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzaren planifikazio didaktikoari dagokionez (CP-4):

  • Bildurik ez egotea ziurtagiriko eduki eta ebaluazio irizpide guztiak.
  • Ebaluazio irizpideak (1. zutabea) ez dira agertzen ezagutzen eta trebetasunen arabera sailkaturik, egoki den gaitasunaren barnean.
  • Edukien multzoek (2. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.
  • Estrategia metodologikoek (3. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazio probari dagokionez (CP-8):

  • Proba egoki egiteko jarraibideak zehazturik ez egotea.
  • Proba kalifikatzeko sistema zehazturik ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, amaierako ebaluazioko probak biderik ez ematea unitate bakoitzaren puntuazioa identifikatzeko.

–Banakako ebaluazio txostenean (CP-6) jasotako emaitzak ez egotea adierazita 0tik 10era bitarteko puntuazioekin.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL-4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik (PNL-4).
  • Praktiketatik salbuestea zilegi ez izatea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5.–Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleari “gai” kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen ehuneko 75era ez bertaratu.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan:

  • Plangintza didaktikoan (CP5) modulu bakoitzaren amaierako ebaluazioa ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, ikaskuntza prozesua izaten den bitartean, ez proposatzea gutxienez ebaluazio jarduera bat prestakuntza unitate bakoitzeko plangintza didaktikoan (CP-5).
  • Prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazioaren probak (CP-8) ez izatea teoria eta praktika.
  • Prestakuntza moduluko amaierako kalifikazioa lortzeko sistema ez etortzea bat araudiarekin (CP-6).
  • Moduluan amaierako probaren bigarren deialdirik ez egitea lehenago gainditu ez dutenentzat.
  • CP-6an jasotako amaierako puntuazioa bat ez etortzea ikastaroaren aktan (CP-7) jasotako amaierako kalifikazioarekin.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

–Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzek 30 parte-hartzaileko gehieneko kopurua gainditzea, edo 25 parte-hartzailekoa profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan.

6.–Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta NL-NEZaren gordailura bidalitakoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den asistentzia-kopuruarekin (PNL-5).

III. ERANSKINA.–Zeharkako prestakuntza programekin lotutako prestakuntza ekintzak (2022) (XLSa).

IV. ERANSKINA.–Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4) lotutako prestakuntza ekintzak (2022) (XLSa).

Iragarkiaren kodea: F2203741