82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

41E/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez digitalizaziorako inbertsioak egin dituzten Nafarroako kirol erakundeei eta kirol sektoreko zerbitzu enpresei eta norberaren konturako langileei dirulaguntzak emateko deialdia onartzen den. DDBN identifikazioa: 618934.

Gure egungo gizartea denboraldi laburrean gertatzen diren aldaketez osaturiko zurrunbilo baten mende dago, eta, kanbiamendu horien poderioz, eraldatzen ari da gure errealitatea bera ere.

COVID-19aren pandemiaren moduko egoerek agerian utzi dute zer-nolako garrantzia duten komunikazio tresna digitalek ingurune guztietan.

Beraz, beharrezkoa ikusten da eraldaketa digital bat lantzea, zeinak gizarteari mesede egiten dion, pertsonentzat eta enpresentzat balio duen, eta, aldi berean, desberdintasunak ezabatzen laguntzen duen.

Kirol sektoreak aukera handia du esparru digitalean jauzi kualitatibo bat egiteko, barneko eta kanpoko prozesuak hobetzeari dagokionez. Eraldaketa digitala beharrezko estrategia da: tresna eta baliabide digital berrien bidez, gizartean kirola sustatzea lortuko da, bizikidetzarako eta ongizate sozial eta pertsonalerako funtsezko faktore gisa, bai eta herritarren osasunerako eta hezkuntzarako funtsezko elementu gisa ere.

Testuinguru horretan, Nafarroako kirol erakundeak eta kirol sektoreko enpresak digitalizatzeko laguntzak izeneko proiektuaren helburua aipatutako erakundeei laguntzea da, gobernantza ona modernizatzeko eta horretan laguntzeko; izan ere, pandemia egoera honetan, benetako premia bat dela ikusi dugu, zerbitzuak emateko orduan aurrera egin dezagun, mentalitate eta pentsamolde digitalarekin, plataformen eta beste azpiegitura batzuen bidez afiliatuei eta bezeroei zuzendutako teknologiarekin.

Aurrekoari dagokionez, deialdi honekin honako helburu hauek lortu nahi ditugu:

Tresna digital berrien erabilera sustatzea, kirol sektoreko erakundeen eta enpresen funtzionamenduan dinamika eraginkorrak sortzeko.

Zerbitzu digitalak gizarte osoari berdintasunez eskain dakizkion sustatzea, eta, era horretan, gizarte inklusioa, lurralde oreka eta jasangarritasuna bultzatzea.

Gobernuak 2022ko martxoaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariari baimena eman zitzaion digitalizaziorako inbertsioak egin dituzten Nafarroako kirol erakundeei eta kirol sektoreko zerbitzu enpresei eta norberaren konturako langileei dirulaguntzak emateko deialdia banakako ebaluazio erregimenean izapidetzeko.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Digitalizaziora bideratutako inbertsioak egin dituzten Nafarroako kirol erakundeei eta kirol sektoreko zerbitzu enpresei eta norberaren konturako langileei dirulaguntzak emateko deialdia onartzea.

2. Foru agindu honen I. eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileak onartzea –zeinak Nafarroako kirol erakundeentzako eta kirol sektorean zerbitzuak ematen dituzten enpresa eta langile autonomoentzako dirulaguntzen deialdia arautuko duten, baldin eta horiek digitalizaziora bideratutako inbertsioak egin badituzte–, bai eta gainerako eranskinak ere, kontuan izanik aurrekontu-kontsignazioa egon beharko dela beti laguntzak eman eta ordaintzeko.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

A50002-A5100-7819-336118 [PEP: E-22/000437-01]: REACT Nafarroako kirol erakundeak digitalizatzeko laguntzak. 2014-2020 EGEF PO

2022

400.000,00

A50002-A5100-7709-336102 [PEP: E-22/000437-02]: REACT Nafarroako kirol sektoreko enpresak digitalizatzeko laguntzak. 2014-2020 EGEF PO

2022

400.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatutako agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren web orrietan.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da 2021eko urtarriletik aurrera digitalizaziorako inbertsioak egin dituzten Nafarroako kirol erakundeei eta kirol sektoreko zerbitzu enpresei eta langile autonomoei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betekizunak arautzea, banakako ebaluazio erregimenean.

2. Dirulaguntza horien bidez, kirol erakundeen eta kirol sektoreko enpresen eta norberaren konturako langileen maila teknologikoa handitu nahi da, ekipamendu eta aplikazio informatikoak ezarriz, erakundearen/enpresaren/langile autonomoen eta horien zerbitzuen efizientzia handitzeko, bai eta bezeroekiko harremana errazteko ere.

3. Oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak REACT EB baliabideekin batera finantzatzen ahal dira, %100eko tasarekin, Nafarroako 2014-2020 EGIF/EGEF Programa Operatiboaren “BH REACT EB 2. Ekonomia digitaleranzko trantsizioa laguntzen duten inbertsioak laguntzea” Berariazko Helburuaren bidez, Batasunak COVID-19aren pandemiari emandako erantzunaren barruan.

2. Erakunde onuradunak eta betekizunak.

1.–Deialdi honetan onuradun izaten ahalko dira:

a) Nafarroako Kirol Elkarteen Erregistroan 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen inskribaturik dauden kirol erakundeak.

b) Kirol arloko zerbitzu enpresak, egoitza soziala edo egoitzaren bat Nafarroan dutenak eta EJSN hauetako baten barruan inskribatuta daudenak: 9311, 9312, 9313, 9319, 8551 eta 9604.

c) Kirol sektorean jarduten duten norberaren konturako langileak, eta kirol sektorearekin lotutako EJZko epigraferen batean inskribatuta daudenak.

2.–Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatutako erakundeen kasuan, beren kirol modalitateko edo modalitateetako lehiaketak antolatu eta/edo horietan parte hartu beharko dute eskabidea aurkezten duten aldiari dagokion kirol denboraldian.

3.–Kirol esparruko zerbitzu enpresen eta norberaren konturako langile autonomoen kasuan, jarduera irekiak egin beharko dituzte 2022an Nafarroako herritarrek oro har parte har dezaten.

4.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden erakundeak ez dira deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izaten ahalko.

5.–Horrez gain, ez dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasoko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten erakundeek, zigor edo zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira.

6.–Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

3. Diruz lagungarriak diren proiektuak eta gastuak.

1. Foru agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzen ahalko dira Nafarroako kirol erakundeen, zerbitzu enpresen eta langile autonomoen digitalizazio proiektuetarako, haien kudeaketari dagokionez eta bezeroei eman beharreko zerbitzuetan arreta hobea emateko, horiek Nafarroan eginez gero.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Ekipamendu informatikoak edo Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) azpiegitura eskuratzeari dagozkionak.

b) Software eta software lizentzia espezifikoak sortu, eskuratu, eguneratu eta tratatzeari dagozkionak, sistema eragileen edo ofimatikako aplikazioen lizentzia informatikoak diren softwareak izan ezik.

c) Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako gastuei dagokien BEZa, berreskuratu edo konpentsatu ezin denean.

3. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Erakunde onuradunen gastu arruntak.

b) Beren langileria gastuak.

c) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzariokoak, notariotzakoak eta erregistrokoak, banku-kontuen interes zordunak, interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

d) Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokien BEZa, berreskuratu edo konpentsatu ahal denean.

4. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

5. Diruz lagungarriak izanen dira 3.2 puntuan adierazitako gastu guztiak, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 10era bitartean eginez gero.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdi honetarako onartutako gastua 800.000,00 eurokoa da deialdi honi aurre egiteko, eta horietatik 400.000 euro “REACT Nafarroako kirol erakundeak digitalizatzeko laguntzak. 2014-2020 EGEF” izeneko A50002 A5100 7819 336118 partida ekonomikoaren kontura joanen dira, zeina PEP E-21/000437-01 elementuari dagokion, eta 400.000 euro, berriz, “REACT Nafarroako kirol sektoreko enpresak digitalizatzeko laguntzak. 2014-2020 EGEF” izeneko A50002 A5100 7709 336102 partida ekonomikoaren kontura, zeina 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako PEP E-21/000437-02 elementuari dagokion.

2. Dirulaguntzaren banakako zenbatekoa gehienez 25.000 eurokoa izanen da diruz lagun daitekeen proiektu bakoitzeko, eta dirulaguntzaren ehunekoa diruz lagun daitekeen aurrekontuaren %90ekoa izanen da.

Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren defizitera mugatuko da.

3. Erakunde eskatzaile bakoitzak (enpresa, langile autonomoa edo kirol erakundea) proiektu kopuru mugagabea aurkezten ahalko du, baina 25.000,00 euroko muga izanen du jasotako dirulaguntza guztiak kontuan hartuta.

5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Beraz, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.

Eskabide-orri bakoitzean proiektu bakar bat aurkezten ahal da.

2. Eskabideak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko urriaren 10ean akituko da.

3. Inprimaki guztiak erakunde eskatzailearen arduradunak sinatuta aurkeztu beharko dira.

4. Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabide inprimakia, eredu ofizialaren araberakoa (II. eranskina). Inprimakian, kasuan kasuko laukitxoak hautatu beharko dira eskaera beteta egoteko, baimen eta adierazpen hauekin:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea. Azken hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute. Nolanahi ere, Nafarroako Kirolaren Institutuak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpenen egiazkotasuna egiaztatzeko.

–Laguntza eskatzen denean ez egotea administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Era berean, ez dira onuradun izaten ahal laguntza eskatzen denean arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena epai irmo bat bete zain dauden erakundeak.

–Aurreko bi zerga ekitaldietan eta uneko zerga ekitaldian jasotako “de minimis” laguntzen adierazpena, baldin eta Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa, bete beharra badute.

–Erakunde edo pertsona eskatzailearen adierazpena, egindako inbertsioei dagokien BEZa ezin dela berreskuratu edo konpentsatu adierazten duena.

b) Digitalizazio proiektua, honako hauek azalduta:

–Proiektuaren helburuak eta xedea.

–Proiektuaren deskribapena, egindako inbertsioak, egindako ekintzak, horiek zein biztanleei zuzentzen zaizkien eta norberarentzat eta/edo erabiltzaileentzat zer onura sortzen dituen adierazten dituen azalduta.

c) Justifikazio kontua, diru sarrerak eta egindako gastuak barne, dokumentu bakoitza identifikatuta: hartzekoduna, kontzeptua, zenbatekoa, jaulkipen data eta ordainketa data, III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. BEZa banakatu beharko da.

d) Fakturak eta froga balioa duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak, diruz lagungarri diren kontzeptuen arabera taldekatuta.

e) Dagokion fakturaren ordainketa egiaztatzen duten ordainagiriak edo gastu frogagiria. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

f) Hornitzaileak hautatzeko inprimakia, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak egin dituztenean eta lan horien zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, BEZa kanpo, IV. eranskinean jasotako inprimaki-ereduaren arabera.

g) Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko inprimakia, V. eranskinean jasotako inprimaki-ereduaren arabera.

h) Gardentasun dokumentazioa, VI. eranskinean jasotako inprimaketa-ereduaren arabera.

i) Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatutako erakundeen kasuan, eskabidea aurkezten den uneko kirol denboraldian egindako kirol modalitateren baten lehiaketan (edo lehiaketetan) parte hartu izanaren edo hori (horiek) antolatu izanaren egiaztagiria.

j) Kirol eremuan jarduera ekonomikoa duten zerbitzu enpresen eta/edo langile autonomoen kasuan, eremu horretan 2022an egin dituzten eta Nafarroako biztanleek, oro har, antolatzen/parte hartzen ahal zuten jarduerak egiaztatzen dituen memoria.

k) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza Nafarroako Gobernuari lehenbiziko aldiz eskatzen badiote edo kontu zenbakian aldaketaren bat izan bada bakarrik). Eskabide-orria helbide honetan eskura daiteke: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

6. Antolamendua eta instrukzioa.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna NKIko Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Eskabideak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan, aurrekontuko partida bakoitzeko, kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

2. Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die erakunde eskatzaileei.

3. Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

7. Dirulaguntzak eman eta ordaintzea.

1. NKIko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen du, eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Laguntzak emateko ebazpenek laguntzak ordaintzea onartuko dute, orobat.

2. Emateko ebazpena telematikoki jakinaraziko zaio interesdun bakoitzari. Orobat, ebazpena www.navarra.es/home_eu/ webgunean egonen da ikusgai.

3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

4. Emakidaren ebazpenean erabakita egonen da dirulaguntzaren ordainketa. Transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean gehienez, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta, betiere, 2022ko abenduaren 31 baino lehenago eta oinarri hauetako 10. apartatuan aipatutako gardentasun betebeharra konplitu ondoan.

5. Salbuespen gisa, eta gardentasun dokumentazioa aurkeztu gabe duten erakunde onuradunen kasuan, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren ebazten ahalko da ordainketa.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

9. Erakunde onuradunen betebeharrak.

1. Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak eman diren xedeetarako erabiltzea, bete dituztela dokumentu bidez frogatzea, eta NKIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Jasotako edo jasotzeko dauden zuzeneko eta zeharkako diru sarrera guzti-guztiak adierazi beharko dira.

c) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera. IV. eranskina betetzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Diruz lagundutako inbertsioa enpresaren jarduera ekonomikoari lotuta eta enpresaren menpe egotea gutxienez bi urtez, laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita. Betebehar hori betetzen ez badu, diruz lagundutako erakundeak dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko du, aipatutako 2 urte horietatik igarotako denboraren arabera kalkulatuta.

2. Oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak REACT EB baliabideekin batera finantzatzen ahal dira, %100eko tasarekin, Nafarroako 2014-2020 EGIF/EGEF Programa Operatiboaren “BH REACT EB 2. Ekonomia digitaleranzko trantsizioa laguntzen duten inbertsioak laguntzea” Berariazko Helburuaren bidez, Batasunak COVID-19aren pandemiari emandako erantzunaren barruan. Horrenbestez, erakunde eta pertsona onuradunek, aurrekoez gain, honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Kontabilitate sistema berezitu bat edo kontabilitate kode egoki bat edukitzea diruz laguntzen den proiektuari lotutako eragiketa guztietarako.

b) EGEFaren ekarpena jendaurrean paratzea, web orrian honako esaldi hau ikusgai jarriz, diruz lagundutako proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

«Enpresa/erakunde honek %100ean REACT baliabideekin batera finantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako 2014-2020 EGEF Programa Operatiboaren bidez, “BH REACT EB 2. Ekonomia digitaleranzko trantsizioa laguntzen duten inbertsioak laguntzea” Berariazko Helburuaren bidez, Batasunak COVID-19aren pandemiari emandako erantzunaren barruan», honako logotipo honekin batera:

F2204947_0.pdf

“Era berean, DIN A3 neurriko kartel bat ikusgai paratu beharko du, informazio bera emanez, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez”.

c) Dirulaguntza jasotzeak berekin ekarriko du enpresak/erakundeak inplizituki onartzea zerrenda batean sartzea, zeina argitaratuko baita Ogasun Ministerioaren Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian (https://www.fondoseuropeos.hacienda.gob.es/sitios/sgfe/eu-ES/paginas/inicio.aspx), hura baita programa operatiboaren kudeaketa agintaritza. Zerrenda horren argitalpenaren helburua gardentasunez jokatzea da EGIF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

d) 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dira, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Entitate kudeatzaileak jakinaraziko du epearen hasiera, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren informazioa jasotakoan.

e) Kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzea iruzurrari aurre egiteko: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeak kontrolatzea, etab.

f) Honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasun Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

10. Gardentasun betebeharrak.

1. Nafarroako kirol erakundeek eta kirol sektoreko eremuan zerbitzuak ematen dituzten enpresek, eskatutako dirulaguntzaren arabera behartuta badaude, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, halaber, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Adierazpen eredua VI. eranskinean dago, baina Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez ere kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko da: www.nafarroa.eus.

11. Azpikontratazioa.

Erakunde/pertsona onuradunek aukera izanen dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, osorik edo partzialki, jardueren kostuaren %100era arte. Nolanahi ere, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da diruz laguntzen den jarduera onuradunak berak egiteko beharrezkoak diren gastuen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

V. eranskinean dagoen justifikazio inprimakia aurkeztu beharko dute, frogatzeko zein den federazioaren egoera, auzi horri dagokionez.

12. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak (NKIa bera alde batera utzita), beste Administrazio Publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ez dute behin ere gainditzen ahalko garatu beharreko jardueraren kostua.

13. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKIaren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Era berean, dirulaguntza itzultzeko eskatuko da, baldin eta diruz lagundutako erakundeak ez badie 2 urteko epean erositako ondasunei eusten, 9.1.e) oinarrian zehazten den bezala.

Halaber, eragiketa honekin lotutako diru sarrera gehigarriren bat jasotzen badute, eta horrek garatu beharreko jardueraren kostua gainditzea ekar badezake, dirua itzultzeko eskatuko da.

14. Datu pertsonalak babestea.

1. Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

2. Eskabide inprimakian informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

15. Publizitatea:

1. NKIak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren bidez (www.nafarroa.eus) eta Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri dagokion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

2. Orobat, Ogasuneko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Operatiboa kudeatzeko agintaritza gisa, informazio bera argitaratuko du bere web orrian (https://www.fondoseuropeos.hacienda.gob.es/sitios/sgfe/eu-ES/paginas/inicio.aspx).

16. De minimis laguntza.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

2. Erregelamendu horrekin bat, enpresa/erakunde bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa/erakunde bakarraren definizioa.

3. Horretarako, eta deialdi honen 5.4.a) oinarrian adierazten den bezala, erakunde eta langile autonomo eskatzaileek dagokien zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan jasotako beste “de minimis” laguntzak deklaratuko dituzte eskabide dokumentazioan.

17. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2. Orobat, NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

18. Aplikatu beharreko araudia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio. Laguntza hau Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu denez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie. Haren bidez, xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko 2020/2221 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen duena honako hau xede duten baliabide gehigarriei eta betearazteko xedapenei dagokienez, COVID-19aren pandemiaren eta gizartean izan dituen ondorioen testuinguruan krisia konpontzen errazteko laguntza emateko eta ekonomiaren suspertze berdea, digitala eta erresilientea prestatzeko (REACT-EB).

Iragarkiaren kodea: F2204947