82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40E/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, “Mugaz gaindiko kultura proiektuetarako dirulaguntzak. EUROESKUALDEA” deritzon deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 618898.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak 100.000 euroko partida bat sartu du 2022rako aurrekontuetan, mugaz gaindiko kultura proiektuak diruz laguntzeko; lankidetzarako jarduera horiek Nafarroako Foru Komunitatearen eta Akitania Berriaren (Frantzia) arteko mugaz gaindiko harremanak garatzen eta sendotzen lagundu behar dute 2022ko ekitaldian, COVID-19ak eraginiko pandemiaren ondoriozko egoerak sorturiko krisialditik lehengoratzeko testuinguru batean.

Aurreikusiriko laguntzak toki-erakundeek eta toki-erakundeen elkarteek eginiko mugaz gaindiko kultura proiektuen garapena finantzatzeko emanen dira.

Deialdi hori arautzeko oinarriak onesteko izapideak hasi behar dira; deialdia norgehiagoka-araubidean garatuko da.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Mugaz gaindiko kultura proiektuetarako dirulaguntzak. EUROESKUALDEA” deritzon deialdia onestea 2022rako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

A20002-A2500-4609-334104: Mugaz gaindiko kultura proiektuetarako dirulaguntzak. EUROESKUALDEA

2022

100.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

2022KO EKITALDIAN KULTURA ARLOAN MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZARAKO JARDUERAK BULTZATZEKO TOKI-ERAKUNDEETARAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. Xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da 2022ko ekitaldian kultura arloan mugaz gaindiko lankidetzarako jarduerak bultzatzeko toki-erakundeetarako dirulaguntzen emakida arautzea; lankidetzarako jarduera horiek Nafarroako Foru Komunitatearen eta Akitania Berriaren (Frantzia) arteko mugaz gaindiko harremanak garatzen eta sendotzen lagundu behar dute, COVID-19ak eraginiko pandemiaren ondoriozko egoerak sorturiko krisialditik lehengoratzeko testuinguru batean.

Aurreikusiriko laguntzak mugaz gaindikoak izan beharko dira, eta toki-erakundeek eta toki-erakundeen elkarteek eginiko kultura-proiektuak garatzeko erabiliko dira, helburu hauekin:

–Mugaren bi aldeetako udaletako kultura zerbitzuak lankidetzan aritzea, harremanak ezartzeko, mugikortasuna sustatzeko, jardunbide egokiak transmititzeko, kudeaketa laneko metodoak bateratzeko, proiektu komunetan eta antzeko ekintzetan lan egiteko taldeak osatzeko.

–Kulturaren esparruan publikoak sortzen, prestatzen eta fidelizatzen laguntzea.

–Hainbat alderdi jorratzen dituzten gaitasun berriak eskuratzea, hala nola hezkuntzaren eta kulturaren arteko harremanak, kulturen arteko elkarrizketa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak kulturan txertatzea.

–Kultura eragile publiko eta pribatuen sormena bultzatzea, zirkuituak, programazioak, guneak, egoitzak eta abar koordinatuta.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira merkataritza edo irabaziak helburu dituzten jarduerak, edo erabilera pribatu profesionalekoak, bai eta beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten proiektuak eta jarduerak ere.

2. Finantzaketa.

Laguntza hauek finantzatzeko, 100.000 euro bideratuko dira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2022rako aurrekontuen kargura, “Mugaz gaindiko kultura proiektuetarako dirulaguntzak - Euroeskualdea” deritzon aurrekontuko partidatik.

3. Erakunde onuradunak.

Nafarroako toki-erakundeek eta toki-erakundeen elkarteek jasotzen ahal dituzte deialdi honen dirulaguntzak. Halaber, entitate edo erakundeak onuradun izaten ahalko dira baldin eta horien bidez udalerriek kultura jarduerak zuzenean kudeatzen badituzte.

Ezin dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren batean dauden erakundeak, edo zigor edo zehapenen bat jaso dutenak sexu edo generoa dela medio diskriminatzailetzat jo diren laneko jardunbideak izan edo baimentzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai judizial irmo bidez.

4. Denbora tarte diruz lagungarria eta laguntzaren zenbatekoa.

Proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean garatu behar dira.

Deialdi honetan aurreikusiriko dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, mugaz gaindiko kultura jarduerak egiteko (Nafarroako lurralde eremuari eta Akitania Berriko –Frantzia– eskualdeari loturikoak).

Diruz lagungarria den eta onartu egin den gastuaren %100eko dirulaguntza emanen da, gehienez ere 25.000 euro proiektu bakoitzeko. Senidetzeei lotutako kultura jardueren kasuan (Europar Batasuneko araudiarekin bat) dirulaguntzaren zenbatekoa 5.000 euro izanen da gehienez.

Ez dira diruz lagunduko 2021eko deialdian laguntza lortu zuten proiektuen baliokideak direnak.

Dirulaguntza ematen denean aurrekontuko kontsignazioa gainditzen bada, behar adinako estaldurarik gabe geratu den proiektua birformulatzeko aukera proposatuko da, lorturiko puntuazioaren arabera.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza honen ondorioetarako, bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (joan-etorriak, ostatua eta mantenua), beharrezkoak badira aurreikusiriko mugaz gaindiko jarduerak egiteko, baita proposamenean aurreikusiriko jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, betiere merkatuko prezioen araberakoak badira.

Gastu horiek 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira, biak barne.

5.1. Bidaia gastuak:

Garraio publikoaren gastuak (hegazkina, trena edo autobusa), auto edo furgoneta bidezko garraio gastuak, ostatu hartzea (hotela) eta mantenua, aurreko apartatuan adierazitako lurralde-eremuan lagunduko dira diruz.

–Proposatutako jarduerak egiteko behar-beharrezkoak diren gastuak baino ez dira onartuko.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Turismo edo furgoneta bat erabiltzen bada, kilometro bakoitzeko 0,33 euro ordainduko da tarifa gisa.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

–Joan-etorri horietako bazkari eta afarietarako 20 euroko dirulaguntza emanen da gehienez otordu bakoitzeko.

–Gastu horiek berariaz justifikatu beharko dira aurkezturiko jarduera memorian, zein jarduerari dagozkion adierazita.

5.2. Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Beharrezko gastuak dira ekitaldiak antolatzeko (hala nola profesionalak kontratatzea ikuskizunak, egonaldiak, laborategiak, bitartekaritza jarduerak eta parekoak gauzatzeko), topaketetan parte hartzeko eta mugaz haraindiko azterlanak edo jarduerak egiteko jomuga dutenak, baldin eta artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten badira eta oinarri hauetako 1. artikuluan adieraziriko kategorizazioa eta helburua betetzen badituzte, bai eta proiektuaren komunikazio gastuak ere.

–Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira erakunde horren ohiko gastuak.

–Gastu horiek berariaz zehaztu beharko dira erakunde onuradunei igorririko fakturetan, eta zer jarduerari dagozkion adieraziko da.

5.3. Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

–Toki-erakundearen berezko langileen gastuak.

–Erakundearen ohiko funtzionamenduari lotutako gastuak (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa eta abar), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

–Ikuskizunen eta antzekoen kasuan, ez dira diruz lagunduko ez gauzatze gastuak ez egile eskubideengatiko gastuak.

–Senidetze otorduetako gastuak.

–Bidesariak eta aparkalekua.

–Argitalpenak editatzeko gastuak.

–Protokoloari lotutako gastuak eta luxuzkoak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz, balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da baldin eta zerga hori jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

6. Ekintza diruz lagungarriak:

–Kulturako udal-zerbitzuen mugaz gaindiko topaketak. Kultura lankidetzari buruzko bestelako jardunaldi, topaketa, tailer eta mintzaldiak.

–Udaletako kultura zerbitzuek kudeaturiko kultura egoitzetarako programak bi lurraldeetako gazte sortzaileentzat.

–Kulturaren esparruan publikoak sortzen, prestatzen eta fidelizatzen laguntzen duten mugaz gaindiko proiektuak.

–Publikoen gaineko informazio sistema komunei buruzko mugaz gaindiko azterlanak.

–Hezkuntzaren eta kulturaren arteko loturari, kulturaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) arteko loturari edo kulturartekotasun alderdiari buruzko mugaz gaindiko proiektuak.

–Mugaz gaindiko lankidetza profesionala eta kultura eragile publiko eta pribatuen prestakuntza: jardunbideak aztertzea, erreferentziazko protokoloak identifikatzea, jardunbideak eta protokoloak perfekzionatzea, hizkuntzetako prestakuntza gauzatzea, etab.

–Mugaz gaindiko kultura lankidetzako programazioak arte eszenikoen eta musikalen, ikusizko arteen, ikus-entzunezkoen eta arte plastikoen esparruan.

7. Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskaerak nahitaez aurkeztuko dira telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa, euskera.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri:

https://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17183/BASES-REGULADORAS-DE-LA-CONVOCATORIA-DE-SUBVENICIONES-A-ENTIDADES-LOCALES-PARA-EL-IMPULSO-DE-ACTIVIDADES-DE-COOPERACION-TRANSFRONTERIZA-EN-EL-AMBITO-CULTURAL-2021--copia

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, erakundeari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide elektronikoen bidez aurkezteko Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

c) Eskaerak aurkeztuko dira laguntza fitxako berariazko inprimakia erabiliz (I. eranskina). Orri hori behar bezala bete eta sinatu beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

d) Nafarroako erakunde batek baino gehiagok lankidetzan egiten dutenean ekintza bat, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, ekintza gauzatzea bere gain hartzen duenak aurkeztuko du eskabidea; halakoetan, ekintza gauzatzea bere gain hartzen duen erakundeak ordainduko ditu sortzen diren gastuak. Eskabidean, orobat, alderdien arteko lankidetza nola artikulatuko den azalduko da, baita horien legezko ordezkarien sinadura ere (II. eranskina).

e) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak eta jakinarazpenak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza fitxan eskuratzen ahal den formulario espezifikoaren araberako eskaerarekin batera (I. eranskina), dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Proiektuaren azalpen memoria, non honako datu hauek jaso behar baitira:

a) Proiektuaren datuak (izenburua, deskribapena eta helburu nagusiak) eta erakunde parte-hartzaileen identifikazioa, kontuan hartuz, hala behar duenean, 6.1.d) puntuan jasotakoa. Orobat, ekintza senidetze baten ondorio den edo senidetze bati lotua dagoen zehaztu behar da (4. oinarrian jasotakoaren arabera).

b) Proiektuaren xede espezifikoak eta mugaz gaindiko izaeraren justifikazioa, pandemiak eraginiko krisiaren ondorioak arintzen laguntzea barne hartuta.

c) Akitania Berriko erakunde frantsesarekiko lankidetzaren deskribapena (haren artikulazioaren eskema eta bere gain hartzen dituzten rolak/erantzukizunak). Mugaz gaindiko lankidetzarekin loturiko proiektuetan parte hartzen duten erakundeen ibilbidea adierazteko apartatu bat sartu behar da.

d) Ekintzen programa orientagarria, horien deskribapenarenarekin eta gauzatze egutegiarekin.

e) Proiektuaren publizitaterako, hedapenerako eta iraunkortasunerako jarduerak.

–Proiektua elkarlanean eta ordezkari gisa gauzatuko delako adierazpena, hala badagokio (II. eranskina).

–Gastuen aurrekontu xehakatua eta diru-sarreren aurreikuspena (halakorik bada). Agiri guztiak aurkeztu beharko dira euskarri elektronikoan.

Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Windows Media erreproduzigailua.

Dirulaguntza-eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari errekerimendua eginen zaio akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa.

Laguntza kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen 5. apartatuan eskatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, lege hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedaturikoa ere bete beharko da.

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, xedapen hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa, eta hura garatzen duen araudia.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie erakunde eskatzaileei.

8. Ebaluazioa eta ebazpena.

8,1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Prozedura horrek, funtsean, honakoan datza: aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzea, deialdian ezarritako mugak eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

8,2. Prozedura honen organo kudeatzailea Kultur Ekintza Zerbitzua izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legezkotasun, publikotasun, objektibotasun, gardentasun, berdintasun eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

8.3. Batzorde bat sortuko da berariaz, eta aurkezturiko proiektuak ebaluatuko ditu batzorde horrek, deialdi honen 9. oinarrian zehazten diren irizpideei jarraikiz.

Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Lorenzo García Echegoyen, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Joaquín Llansó Sanjuan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–1. batzordekidea: Estefanía Munárriz Nuin, Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Marisol Martínez Caspe, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

–2. batzordekidea: Marina Roncal Delgado, Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Pedro María Pellejero Goñi jauna, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria.

–Pätrick Ullate García, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako tituluduna, zeinak idazkari gisa jardunen baitu, hitz egiteko eskubidearekin baina ez bozkatzekoa.

Ordezkoa: M.ª José Redín Armañanzas, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako tituluduna.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kulturako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

9. Proiektuen balorazioa.

9.1. Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

–Mugaz gaindiko izaera. Lankidetzaren intentsitatea (25 puntu gehienez).

  • Mugaz gaindiko lankidetzaren balioa identifikatutako helburuak lortzeko (15 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Mugaz gaindiko lankidetzaren premia proiektua gauzatzeko

5 puntu gehienez

Lankidetzaren eragina kuantitatiboki eta kualitatiboki

5 puntu gehienez

Noraino den premiazkoa lankidetza koronabirusaren krisiaren ondorioak arintzeko

5 puntu gehienez

  • Lankidetzan parte hartzen dutenak (10 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Erakunde parte-hartzaileen eskarmentua mugaz gaindiko lankidetzan

5 puntu gehienez

Erakundeen eskumena proposaturiko jardueretan

5 puntu gehienez

–Aurkeztutako jardueren programaren kalitatea (50 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Proiektua deialdiaren xedearekin bat etortzea

10 puntu gehienez

Proiektuaren helburuen argitasuna eta egokitasuna

10 puntu gehienez

Aurreikusiriko jardueren egokitasuna proiektuko helburuak lortzeko

20 puntu gehienez

Proiektuaren zabalkunderako eta publizitaterako neurriak

5 puntu gehienez

Proiektua iraunarazteko neurriak

5 puntu gehienez

–Proiektuaren jasangarritasun soziala (5 puntu gehienez):

PUNTUAZIOA

Proiektuan genero-berdintasunaren ikuspegia sartzea, bai eta eginkizun, gai eta eduki guztietan eta publikoekiko harremanean emakumeen eta gizonen presentzia orekatzea ere

2 puntu gehienez

Bazterkeria arriskuan dauden edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen irisgarritasuna errazteko neurriak sartzea

2 puntu gehienez

Prestakuntza jarduerak euskaraz / euskararen presentzia

1 puntu gehienez

–Proiektuaren aurrekontua (20 puntu gehienez).

Baloratuko da aurrekontuak dituen egokitasuna eta koherentzia jarduerak egiteko eta aurreikusitako emaitzak lortzeko.

9.2. Ebaluazioaren ondoren guztira 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

10. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

10.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta adjudikatzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta emandako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta esanbidez adieraziko da zein eskabidea ezetsi diren, halakorik baldin bada.

10.2. Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik esanbidez jakinarazi gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

10.3. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira:

https://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17183/BASES-REGULADORAS-DE-LA-CONVOCATORIA-DE-SUBVENICIONES-A-ENTIDADES-LOCALES-PARA-EL-IMPULSO-DE-ACTIVIDADES-DE-COOPERACION-TRANSFRONTERIZA-EN-EL-AMBITO-CULTURAL-2021--copia

10.4. Halaber, eskatzaileari horren berri emanen zaio erakundeak eskabidean emaniko eta gaituriko helbide elektronikoaren (GEH) bitartez. Halaber, eskatzaileak harpidetua egon beharko du Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikoetarako gaiturik duen prozeduran.

Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

10.5. Deialdiaren ebazpena Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

10.6. Erakunde onuradunen batek eman zaion laguntzari uko egiten badio, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat ematen ahalko du deialdi honetan aurrekonturik ez izateagatik dirulaguntza jaso gabe geratu den hurrengo erakunde eskatzailearen alde.

11. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

11.2. Kultur Ekintza Zerbitzuari jakinaraztea, gehienez ere 5 egun balioduneko epean dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarririko epeak bete.

11.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

11.4. Diruz lagunduriko ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Kultur Ekintza Zerbitzuari, ekintza horiek gauzatu aurretik.

Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

11.5. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

11.6. Dirulaguntzaren xede den ekintzaren gaineko informazio eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:..., Honako honek diruz laguntzen du...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatzen ahal dira: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

11.7. Jasotako funtsak justifikatzen dituzten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren artean.

11.8. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikatzeko modua.

12.1. Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. 2022ko azaroaren 11 bitartean, egun hori barne dela, eskatzaileek diruz lagunduriko proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa aurkeztu behar dute, deialdi honen oinarrietan ezarririko moduan, onartu eta ziurtatu ondoren aurkezturiko dokumentazioa gauzatu den jarduerari dagokiola.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifika daitekeen gastutzat joko da justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena (hau da, 2022ko azaroaren 11ra arte), baldin eta gastua proiektua gauzatzeko epearen barnean badago (hau da, 2022ko urriaren 31ra arte).

Ordainduriko laguntzaren zenbatekoa eginiko eta onarturiko gastu osoaren %100 izanen da.

12.2. Justifikatzeko modua.

Justifikazioa telematikoki aurkeztuko da derrigorrean.

a) Diruz lagundutako jarduerak eginik, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2022ko azaroaren 11n beranduenez:

–Dirulaguntza jasoko duen proiektua justifikatzeko gauzatze memoria xehatua, aurreikusiriko helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne hartuta, honako gidoi honi jarraikiz:

  • Proiektuaren identifikazioa eta erakunde parte-hartzaileen kopurua.
  • Proiektuaren helburu orokorren eta espezifikoen betetzearen ebaluazioa.
  • Ekintzen araberako ebaluazioa: gauzatze maila, gorabehera nabarmenak eta emaitzak.
  • Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (halakorik egonez gero), norberaren diru-sarrerak ez ezik, nola erakunde publikoetatik hala pribatuetatik datozenak xehatuta eta kontzeptuen arabera banaturiko gastuen zerrenda batekin.
  • Entregatzekoen zerrenda.

Memoria horrek dokumentu base bat izanen du, honako honekin: aurkezturikoak, informazio euskarriak, argazkiak, laburpen bideoak, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten beste edozein.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek taula bat egin beharko dute, non gastuen zerrenda bat jasoko baita, deialdi honen 5. oinarrian adieraziriko tipologiaren arabera, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoko laguntza fitxaren arabera (V. eranskina).

Taula horretan zerrendaturiko gastuak modu korrelatiboan zenbakituta eta dagozkien jardueren arabera multzokatuta eta ordenatuta egonen dira.

–BEZa aitortzeko betebeharra izatearen edo betebehar horretatik salbuetsita egotearen ziurtagiria.

b) Kontu-hartzailearen edo idazkari-kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkateak ontzat emana (IV. eranskina) edo, bestela, erakundeko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du erakundeak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

13. Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu berarekin jarduera berak garatzeko ematen diren beste dirulaguntza batzuekin, administrazio honek edo eskualdeko, tokiko, Espainiako edo Europako beste administrazio publiko batzuek edo entitate publiko zein pribatuek eman.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, erakunde eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

18.–Eredu edo txantiloien zerrenda.

Honako dokumentu hauek eskuragarri egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-atarian, Tramiteen Katalogoan:

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina–.Erakundeen elkartearen adierazpena.

III. eranskina.–Datu ekonomikoak.

IV. eranskina–Gastuak justifikatzeko ziurtagiria.

V. eranskina.–Gastuak justifikatzeko taula.

Iragarkiaren kodea: F2204948