82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUNBERRIKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, gerokultore lanposturako zerrenda bat eratzeko merezimendu-lehiaketa murriztuaren bidez

Lehendakaritzaren apirilaren 11ko 1/2022 Ebazpenaren bidez, onesten da deialdia zerrenda bat eratzeko, merezimendu-lehiaketa murriztuaren bidez, gerokultore lanpostuan aritzeko San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdia iragartzen da San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura gerokultore lanposturako zerrenda bat merezimendu-lehiaketa murriztuaren bidez eratzeko, hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko, lanaldi partzialeko langileen eta lanaldi osoak dituzten langileen artean mugikortasuna sustatuz.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Merezimendu-lehiaketa murriztu honen xede den zerrenda eratzeko deialdian parte hartu nahi dutenek honako baldintza hau bete beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean:

a) San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko plantilla organikoan sartuta egotea eta betetzea zuzeneko arretako lanpostu bat gerokultore gisa.

3.–Eskabideak, aurkezteko epea eta lekua.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epea luzaezina izanen da. Deialdiaren testu osoa eskura egonen da Irunberriko Udalaren www.lumbier.com web-orrian, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Idazkaritzan, edo, bestela, Internet bidezko www.lumbier.com gunean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean bertan.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideren bat erabiliz, eskatzaileak eskabidea igorri dela jakinaraziko dio administrazio kontratatzaileari posta elektronikoz (gestión@residencialumbier.com), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

3.3. Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira, jatorrizkoak edo fotokopiatuak.

4.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea igaro ondoren, Mankomunitatearen Burutzak onetsiko ditu izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak, eta argitaratuko dira San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan, hala nola Irunberriko Udalaren web-orrian (www.lumbier.com), eta izena eta abizena jarri beharko dira.

4.2. Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Idazkaritzan eskabidea aurkeztuz.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta horiek ebatzi ondoren, Mankomunitateko burutzak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitaratzeko San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan, hala nola Irunberriko Udalaren web-orrian (www.lumbier.com), eta izena eta abizena jarri beharko dira.

4.4. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Mauro Gogorcena Aoiz, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Misael Narros Martín, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kudeatzailea.

Lehen epaimahaikidea: Arantza Beorlegui Primo, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Erizaintza Unitateko zuzendaria.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Vanesa Sola Iso, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko terapeuta okupazionala.

Bigarren epaimahaikidea: María Isabel Miranda Garcés, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari-ofiziala.

Bigarren mahaikidearen ordezkoa: María del Carmen Goñi Esquíroz, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari-ofiziala.

Hirugarren epaimahaikidea: Ana Extremado Berruezo, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko ordezkari sindikala.

Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Katty Bravo Jaramillo, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko ordezkari sindikala.

Epaimahaikide idazkaria: Beatriz Beroiz Erdozain, San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Lucía Machín Llarri, Nabaskozeko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasoak dauden arrazoiak suertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio epaimahaiaren konposizioa aldatzen bada, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Epaimahaia eratu beharko da bost egun balioduneko epean, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Irunberriko Udalaren web-orrian (www.lumbier.com) argitaratu ondotik.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren gora-beherak.

6.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak honako elementu eta puntuazio hauen arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

a) San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean egindako zerbitzuak: 72 puntu, gehienez.

b) Gerokultorearen lanpostuarekin lotutako prestakuntza: 28 puntu, gehienez.

Izangaiek aurreko apartatuei dagokienez alegatu eta justifikatutako merezimenduak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du iragarki-taulan eta aipatu web-orrian, lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alega dezaten merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia, eskabidea aurkeztuz San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Idazkaritzan.

Kalifikazio epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, izangaien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu eta lehiatzaileen zerrenda igorriko dio Mankomunitateko buruari, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera.

Guztizko puntuazioan gertatzen diren berdinketak antzinatasun handiena dutenen alde ebatziko dira; berdinketak bere horretan badirau, zaharrenaren alde ebatziko da.

7.–Igoerako eta dei egiteko prozedura.

Funtzionamendurako irizpideak honako hauek izanen dira:

7.1. Deialdira aurkeztutako pertsonekin zerrenda bat eginen da, urte BATeko indarraldia izanen duena, salbu eta Zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko berariazko akordioa badago edo zerrenda hori agortu ez bada.

Lanpostu bat hutsik gelditzen denean, dagozkion behar eta irizpide zehatzen arabera eskainiko da, eta eskaintzen den lanpostuak ez du zertan bete aurretik zeuzkan baldintza berberak.

Deialdi honetako zerrendak egun dagoena deuseztatuko du.

8.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Irunberrin, 2022ko apirilaren 12an.–Mankomunitateko burua, Mauro Gogorcena Aoiz.

I. ERANSKINA

Eskabidea (DOC).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean gerokultorearen jardunean egindako zerbitzuak. Balorazioari dagokienez, 0,5 puntu emanen da lan egindako hilabete bakoitzeko.

Oharrak:

1. Hilabeteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Gehienez ere 72 puntu emanen dira a) apartatu honetan (144 hilabete).

b) Prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,05 puntu, lanpostuarekin lotuta egindako prestakuntza-ordu bakoitzeko.

Oharrak:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute.

2. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Bukatutako prestakuntza-ekintzak bakarrik baloratuko dira, eta dagokien tituluaren edo ziurtagiriaren bidez justifikatuko dira.

3. Gehienez ere 28 puntukoa izanen da b) apartatuaren puntuazioa (560 prestakuntza ordu).

Iragarkiaren kodea: L2205360