82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez zenbait izangai zerrenda eratzeko, irakasle lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratuarekin, espezialitate hauetan: Akordeoia, Gitarra Elektrikoa, Gitarra Espainiarra, Perkusioa eta Txistua

María Camino Iriarte Garayoak, Noain Elortzibarko “Julián Gayarre” Musika Eskolako Udal Patronatuko lehendakari ordezkariak, 2022ko martxoaren 30ean, honako ebazpen hau eman zuen:

Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira honako deialdi honen oinarri arautzaileak: oposizio-lehiaketa bidez zenbait izangai zerrenda eratzeko deialdia, Noain Elortzibarko “Julián Gayarre” Musika Eskolako Udal Patronatuko irakasle lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratuarekin, espezialitate hauetan: Akordeoia, Gitarra Elektrikoa, Gitarra Espainiarra, Perkusioa eta Txistua, sortzen diren beharrei erantzutearren.

Aplikatzekoak diren xedapenek legez ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua kontuan hartuz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, oposizio-lehiaketa bidez zenbait izangai zerrenda eratzeko, Noain Elortzibarko “Julián Gayarre” Musika Eskolako Udal Patronatuko irakasle lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratuarekin, espezialitate hauetan: Akordeoia, Gitarra Elektrikoa, Gitarra Espainiarra, Perkusioa eta Txistua, sortzen diren beharrei erantzutearren.

2. Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean daude.

3. Ebazpen hau Udalaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Noain Elortzibarrren, 2022ko martxoaren 30ean.–Lehendakari ordezkaria, María Camino Iriarte Garayoa.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangai zerrendak eratzea, Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolako irakasle lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratuarekin, idazpuruan adierazitako espezialitateetan, sortzen diren beharrei erantzutearren.

1.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta oinarriak interesdunen eskura egonen dira Udalaren www.noain.es web-orrian.

1.3. Izangaiak ukitzen dituen gorabehera oro, deialdi honi, haren oinarriei nahiz hura betearazteko ematen diren egintzei dagokienez, Noaingo Udalaren www.noain.es webgunean argitaratuko da, haiei jakinarazteko.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.5. Lanpostuak B mailari dagokion ordainsaria izanen du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren arabera, bai eta plantilla organikoan eta indarreko arauetan jasotzen diren ordainsari kontzeptuak ere.

1.6. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein aldek hutsaltzen ahalko du kontratua, aldebakarreko erabakiz.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa. Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Aukeratutako espezialitateko goi-mailako ikasketen titulua edo, bestela, espezialitate horri dagokion erdi-mailako titulua, Musika Kontserbatorioen Erregelamendu Orokorrari buruzko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera emana.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Ez izatea inoiz kondenatua sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, epai irmo bidez. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

Hautapen prozesuan parte hartzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute, oinarri honen eranskineko ereduaren arabera, Noain Elortzibarko Udalaren Musika Patronatuaren erregistro orokor elektronikoan, patronatuaren egoitza elektronikoaren bidez: http://patronato-musica-julian-gayarre.sedelectronica.es (eskabide orokorra bete behar da). Halaber, aurkezten ahalko da Noain Elortzibarko Udalaren Musika Patronatuaren erregistroetako edozeinetan, Udalaren Musika eskolan (San Miguel kalea 2, 31110 Noain Elortzibar), astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00ak arte.

Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jartzeko, ziurtatu baino lehen. Era berean, mezu elektronikoa igorriko da arestian adierazitako helbidera, inguruabar horren berri emateko, aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi honen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere deusetan galarazi gabe jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatu edo autentifikatuak aurkeztu behar izatea kontratatuak izateko deitzen zaienean, indarreko araudiak ezarri moduan:

–Nortasun agiri nazionalaren edo nortasuna eta nazionalitatea frogatzen duen agiriaren fotokopia, eta, hala bada, deialdiko 2.a) oinarrian nazionalitateaz edo ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharren egiaztagirienak.

–Deialdiaren 2.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia.

–Izangaiek aurkeztu nahi dituzten merezimenduak, agirien bidez aurkeztu eta egiaztatu beharko direnak eskabidea aurkeztearekin batera, hari atxikirik geldituko baitira. Lan esperientziaren kasuan, lan bizitza aurkeztuta frogatuko da.

4. oinarria.–Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Noain Elortzibarko Udalaren Eskolako Musika Patronatuko lehendakariak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Udalaren www.noain.es webgunean jendaurrean jarriko.

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Musika Patronatuko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Noain Elortzibarko Udalaren webgunean argitaratzeko aginduko, deialdiko hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita, goian adierazitako zerrendako espezialitateetako batetik hasita. Gainerako proben egunak eta orduak argitaratuz joanen dira Noain Elortzibarko Udalaren webgunean: www.noain.es.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangaien behin betiko zerrenda, eta Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin, orduarekin eta tokiarekin batera, goian adierazitako zerrendako espezialitateetako batetik hasita. Gainerako proben egunak eta orduak argitaratuz joanen dira Noain Elortzibarko Udalaren webgunean: www.noain.es.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaiak.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute espezialitate bakoitzeko epaimahaia, baina behin betiko osaera zehazten ahalko da izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean:

Epaimahaiburua: Camino Iriarte, Noain Elortzibarko Udalaren Musika Patronatuko lehendakari ordezkaria.

Ordezko epaimahaiburua: Francisco José Zuza Arraiza, Noain Elortzibarko Udaleko zinegotzia.

–Lehen epaimahaikideak:

Akordeoiko espezialitatean: Garbiñe Sertutxa Azkarate, akordeoi irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Gitarra Klasikoko espezialitatean: África Domínguez Méndez, gitarra klasikoko irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Gitarra Elektrikoko espezialitatean: Asier Egüés Ascunce, gitarra elektrikoko irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Perkusioko espezialitatean: Andoni Zugasti Arizmendi, perkusio irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Txistuko espezialitatean: Maite Lomas Erquicia, txistu irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Lehen epaimahaikideen ordezkoak:

Akordeoiko espezialitatean: Marta Moreno Ibarrola, musika hizkuntzako irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Gitarra Klasikoko espezialitatean: Asier Egüés Ascunce, gitarra elektrikoko irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Gitarra Elektrikoko espezialitatean: África Domínguez Méndez, gitarra irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Perkusioko espezialitatean: Garbiñe Sertutxa Azkarate, akordeoi irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Txistuko espezialitatean: Marta Eslava Uruñuela, zeharkako flautako irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Bigarren epaimahaikidea: Oihane Manterola Legaz, musika hastapeneko irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Andoni Zugasti Arizmendi, perkusio irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

Epaimahaikide idazkaria: Isabel Álvarez Berango.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Laura Álvarez Berango, musika hizkuntzako irakaslea Noain Elortzibarko Udalaren “Julián Gayarre” Musika Eskolan.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta patronatuko lehendakariari hala jakinarazi, baldin gertatzen badira indarreko araudian abstenitzeko xedaturiko arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Hautapen prozesuak, zerrenda eratzeko, bi zati izanen ditu:

6.1.1. Merezimenduen balorazioa (40 puntu gehienez).

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Izangaiek agiri bidez aurkeztu eta egiaztatu beharko dituzte merezimenduak, eskabidea aurkeztearekin batera, eta horri atxikirik geratuko dira.

A) Irakaskuntzako esperientzia (20 puntu gehienez):

A.1. Administrazio publikoen musika eskoletan edo kontserbatorioetan eskatzen den espezialitateko irakasle gisa eginiko zerbitzuak, ikasturte oso bakoitzeko eta lanaldiaren proportzioan: 2 puntu.

Ikasturtearen zatiki bakoitzeko eta lanaldiaren proportzioan. Eskatutako lanpostuetan egindako hilabete bakoitzeko: 0,5 puntu.

A.2. Zentro pribatuetan eskatzen den espezialitateko irakasle gisa eginiko zerbitzuak, ikasturte oso bakoitzeko eta lanaldiaren proportzioan (5 puntu gehienez): 1 puntu.

Ikasturtearen zatiki bakoitzeko eta lanaldiaren proportzioan. Eskatutako lanpostuetan egindako hilabete bakoitzeko: 0,25 puntu.

B) Prestakuntza (gehienez 10 puntu).

–Instrumentu espezialitateetarako:

B.1. Aukeratutako instrumentu espezialitatean goi mailako titulua izatea: 5 puntu.

B.2. Aukeratutako espezialitatekoa ez den musika arloko beste titulu bat izatea, goi mailakoa edo erdi mailakoa: 1 puntu.

B.3. Pedagogiaren arloko titulua izatea, goi mailakoa edo erdi mailakoa: 1 puntu.

C) Beste merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).

C.1. Aurkeztu nahi diren beste merezimendu batzuk, aukeratutako espezialitatearekin harremana dutenak eta izangaiak behar bezala egiaztatuak, baldin eta aurreko apartatuetan baloratu ez badira.

Kontzertua bakarlari gisa: 0,5 puntu.

Kontzertua taldean: 0,25 puntu.

Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea: 0,25 puntu.

Argitalpenak: 0,5 puntu.

Izangaiek aurkeztutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak edonoiz.

6.1.2. Ariketa praktikoa (gehienez 60 puntu).

Idatzizko proba eta epaimahaiaren aurreko defentsa.

Idatzizko proba bat eginen da, aukeratutako espezialitatearen irakaskuntzaren gainean epaimahaiak proposatzen dituen galderen inguruan.

6.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute nortasun agiri nazionala aldean dutela.

Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7. oinarria.–Hautaprobak gainditu dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

7.1. Proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, Musika Eskolako iragarki-taulan eta Noain Elortzibarko Udalaren www.noain.es webgunean, lortu duten puntuazio osoaren hurrenkeran. Hala, bost egun naturaleko epe bat irekiko da alegazioak egiteko.

Epea bukatuta eta, hala dagokionean, alegazioak ebatzita, epaimahaiak patronatuko lehendakariari gainditu dutenen behin betiko zerrenda bidaliko dio, onets dezan. Zerrendan agertuko dira izena, deiturak, identifikazio agiria eta puntuazioa, eta jendaurrean jarriko dira Musika Eskolako iragarki-taulan eta Udalaren www.noain.es webgunean.

7.2. Noain Elortzibarko Udalaren Musika Eskolan gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei gainditu duten izangaiei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoarekin bat eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

8.–Zerrendaren kudeaketa.

8.1. Deialdi honetan jasotako lanpostuetan langile beharren bat sortzen den bakoitzean, bukaerako puntuazio osoaren ordenaren arabera (handienetik txikienera) dei eginen die izangaiei Noain Elortzibarko Udalaren Musika Patronatuak.

Izangaiak lan eskaintza egiten zaion egunean bertan onartuko du edo uko egin beharko dio (ezintasuna justifikatua denean), eta betiere, izangaia lanean hasteko egun eta ordutik behar bezainbesteko tartearekin.

Izangaiak ez badu lan eskaintza onartzen edo ez badio uko egiten behar besteko tartearekin, lan harremanari eta zerbitzuari hasiera emateko, automatikoki hurrengo izangaiari deituko zaio.

Lan eskaintza onartu eta lanean hasteko agertu ezean, edo lan harremana formalizatzeko beharrezko dokumentazioa formalizatzeko agertu ezean, izangaia automatikoki baztertuko da zerrendatik, langileak behar diren hurrengo aldietarako.

Lan eskaintzari uko egitea ez da izanen zerrendatik baztertzeko arrazoi eta ez da inolako zigorrik ezarriko, baldin eta justifikatua bada, motibatua eta arrazoizkoa.

8.2. Bost urteko iraupena izanen du gehienez deialdi honetako lanpostuetarako langile beharrak asetzeko izangai zerrendak. Indarrean egonen da hurrengo hautapen prozesu berria bukatzen den egunera arte, Noain Elortzibarko Udalaren Musika Patronatuak halakoa egiten duenean aukeratutako espezialitateko irakasle lanpostu berean aritzeko. Orduan, automatikoki indargabetuko da.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

ESKABIDE EREDUA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Iragarkiaren kodea: L2205251