82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

112E/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 20ko 351/2010 Foru Aginduaren 1., 2. eta 3. artikuluak. Foru agindu horren bidez, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dira.

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen du basa faunak eragindako kalteen ordainetarako araubide orokorra.

Salbuespen gisa, lege horren 2. puntuak dioenez, ez da kalte-ordainik emanen dena delako espeziea izurritzat jotzen bada edota aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena emana badu espezie horretako animaliak kontrolpean harrapatzeko.

Espezie bat izurri deklaratzearen xedea da haren kontrolerako neurri orokorrak hartu ahal izatea.

Halaber, foru lege horren 9. artikuluak dioenez, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak espezie jakinak harrapatu edo hiltzeko baimena ematen ahal du, pertsonen osasuna eta segurtasuna babestearren, edo animalia horiek espezie mehatxatuei kalterik egin ez diezaieten, edo beste espezie batzuek, nekazaritzak, baso eta mendiek, ehizak, arrantzak eta uraren kalitateak izan ditzaketen kalte larriei aurrea hartzeko.

Baimen hori eman ordez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak xedapen orokorren bitartez arautzen ahal ditu kaltegarritzat jotzen diren animaliak harrapatu eta hiltzeko baldintzak eta bitartekoak. Xedapen orokor horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

Hori guztia dela-eta, 1999. urteaz geroztik bada xedapen orokor bat, aipatutako araudiaren ondorioetarako izurritzat jotako basa espezieak harrapatzea eta hiltzea arautzen duena.

Lehenbiziko xedapen orokorra Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren otsailaren 17ko 253/1999 Foru Aginduaren bidez onetsi zen. Foru agindu horren bidez, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dira.

Foru agindu hori indargabetuta geratu zen honakoaren bidez: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 5eko 198/2008 Foru Agindua, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dituena.

Eta azken hori indargabetuta geratu zen honakoaren bidez: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 20ko 351/2010 Foru Agindua, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dituena.

Gaur egun, beharrezkoa da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 20ko 351/2010 Foru Agindua aldatzea, espezieen egoera berrira hobeki egokitu dadin eta horiek kudeatzeko prozedurei eraginkortasun handiagoa eman diezaien.

Horrela, aipatutako foru aginduaren 1. artikuluan, eta Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean aurreikusitakoaren ondorioetarako, Nafarroan izurritzat jotzen da, besteak beste, etxe-txolarrea (Passer domesticus).

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 20ko 351/2010 Foru Agindua onetsi zenetik, etxe-txolarrearen populazioak nabarmen murriztu dira. Eskuragarri dauden informazioek adierazten dute %40 inguruko beherakadak izan direla Estatuan. Horregatik, hainbat elkarte naturalistek eskatu dute espezie hori izurritzat deklaratutako espezieen zerrendatik kentzeko. Horrekin bat etorriz, martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluaren 2. puntuaren ondorioetarako, proposatzen da izurri diren espezietzat hartzetik kanpo uztea.

Usapal turkiarra (Streptopelia decaocto) ez dago Espainian espezie ehizagarritzat hartuta, Hegaztiei buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren edukiaren arabera. Bestalde, espezie horrek azken urteetan eragindako kalteak ez dira handiak izan. Horregatik, egokia da izurri diren espezieen zerrendatik kanpo uztea, elkarte naturalistek eskatzen duten bezala.

Bestalde, berriki mufloia foru lurraldean agertu da. Mufloia espezie inbaditzailea da, eta legez kanpo sartu dute foru lurraldean. Horri loturik, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 55. artikuluaren 6. apartatuak ezartzen du ezen “Legez kanpoko birsartzeen kasuan, Estatuaren Administrazio Orokorrak eta autonomia erkidegoek, beren eskumenen esparruan, beharrezko ekintzak bultzatuko dituzte legez kanpoko birsartzearen aurreko egoerara itzultzeko, askatutako aleak eta horien ondorengoak desagerraraziz”.

Espezie horren hedapenak ekosistemetan izaten ahal dituen ondorioez gain, kontuan izan behar da arrisku sanitario garrantzitsuak dituela abeltzaintzarentzat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak abeltzaintzarako garatutako abeltzaintzako saneamenduko lan garrantzitsua geldiarazten edo lehengoratzen ahal dituela. Era berean, eta jada agerian geratu denez, nekazaritzari kalteak eragiten dizkio, alorretan animalia basatien taldeak sartu direlako. Espezie hori agindu honetan sartzearen helburua haren aurka borrokatzeko mekanismo berriak aktibatzea da.

Gainera, landa-ingurunean karraskariak kontrolatzeko metodoak mugatu egin dira produktu jakin batzuk erabiltzera. Horregatik, araua eguneratu behar da, aurrekoarekin bat etorriz.

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 9. eta 31.2 artikuluetan xedatutakoarekin bat, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak proposaturik,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 20ko 351/2010 Foru Aginduaren 1., 2. eta 3. artikuluak aldatzen dira. Foru agindu horren bidez, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dira. Aipatutako manuak honela idatzita geratzen dira:

“1. artikulua.

Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluaren 2. puntuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Nafarroan basa faunako honako espezie hauek izurritzat jotzen dira:

a) Sator arrunta (Talpa europaea).

b) Arratoi arrunta (Rattus norvegicus).

c) Arratoi beltza (Rattus rattus).

d) Etxe sagua (Mus musculus).

e) Satagina (Apodemus sylvaticus).

f) Guenther lursagua (Microtus duodecimcostatus).

g) Landa lursagua (Microtus arvalis).

h) Ekialdeko ur arratoia (Arvicola terrestris).

i) Arratoi musketaduna (Ondatra zibethicus).

j) Koipua edo arratoi-igaraba (Myocastor coypus).

k) Mufloia (Ovis musimon).

l) Arabazozo pikarta (Sturnus vulgaris).

m) Arabazozo beltza (Sturnus unicolor).

n) Etxeko haitz uso (Columba livia) basatuen populazioak.

2. artikulua.

Izurritzat jotako espezie bakoitzerako, oro har kontrol neurri hauek baimentzen dira:

a) Sator arrunta: matxarda moduko tranpen bidez harrapatzen ahalko da.

b) Arratoi beltza, arratoi arrunta, etxe sagua eta satagina: karraskariak harrapatzeko prestaturik dauden tranpak eta legeztaturik dauden errodentizidaz bustiriko amuak erabiltzen ahalko dira.

c) Lursagu mediterraneoa, landa lursagua eta ekialdeko ur arratoia: matxarda gisako tranpak eta legeztaturik dauden errodentizidaz bustiriko amuak erabiliz kontrolatzen ahalko dira. Gai horiez bustiriko amuak galerien barruan jarriko dira.

d) Mufloia, arabazozo beltza, arabazozo pikarta eta etxeko haitz usoaren populazio basatuak: Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ehizarako baimentzen dituen armen bidez harrapatzen ahalko dira, baldintza hauek betez:

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aurretik jakinarazi beharko zaio, idatziz, jarduera hasi baino bost egun lehenago gutxienez, ondokoak adieraziz:

1) Eskatzailearen datuak: izen-abizenak, NANa, helbidea eta telefonoa.

2) Ukitutako lurzatien datuak: poligonoa, lurzatia, ukitutako laboreak.

3) Kontrolatu beharreko espeziea.

4) Kontrolaren hasiera eta bukaera egunak.

5) Horretarako baimena duten pertsonak: izen-abizenak eta NANa.

–Idatziz egin daitezke jakinarazpenak, idazkia erregistroan aurkeztuz edo posta elektronikoz. Nolanahi ere, kontrola egiteko baimena duten pertsonek eraman beharko dute aurkeztutako jakinarazpenaren kopia, igorpen data justifikatuz: erregistroan aurkeztutako idazkiaren kopia, sarreraren edo bidalitako mezu elektronikoaren datu mekanizatuekin, hartzailea eta data adierazita.

–Halaber, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ehiza-debekuei buruz urtero ematen duen foru aginduan baimendutako espezieen ehizan botatzen ahalko dira.

–Hiriguneetan, etxeko haitz usoaren populazio basatuen kontrola Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea garatzeko araudiak baimendutako metodo edo prozeduren arabera eginen da.

3. artikulua.

Neurri espezializatuagoak aplikatzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua arduratuko da horiek kontrolatzeaz. Batez ere, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren zuzendaritza teknikoari jarraikiz, eskualdeko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldea arduratuko da koipu edo arratoi-igaraben eta arratoi musketadunen populazioak hiltzeaz, kaiola moduko tranpak jarriz edo ehizatzeko baimendutako armekin hilez. Era berean, ehizan erabiltzen diren armak erabiltzen ahalko dira mufloia hiltzeko. Animalia horiek suzko armaz hiltzeko, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak horretarako baimendutako tiratzaile bat eramaten ahalko du.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko apirilaren 8an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2205247