81. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

227E/2022 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Lizarra kanpina handitzeko Lizarrako Udal Plan Orokorraren aldaketari buruz. Seirak Bat SLk sustatu du aldaketa.

Lizarrako Udalak 2021eko urriaren 7an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurreko aldia ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021ko 281. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 16koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da 5. poligonoko 238. lurzatia ondo-ondoan dagoen kanpinaren eremuan sartzea. Proposamenaren asmoa da aparkaleku, berdegune, kirolgune edo askotariko ostatuetarako izan litezkeen eremu berriak zehaztea, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko eskari eta testuinguru berriei erantzuteko. Horretarako, lurzatiaren sailkapena aldatzea proposatzen da, eta ustiapen naturalerako balio gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izan beharrean, ingurumen balioko lurzorua “udal intereseko elementuak. Kanpina” izan dadin. Kanpinaren barnean geratzen denez, babes araubidea Lizarrako Udal Planaren 59. 3 artikuluaren araberakoa izanen da.

Lurzatiaren guztizko azalera 1,5 hektareakoa da, eta kanpinaren iparraldean dago kokaturik. Ordenamendua orientaziokoa baino ez da, eta, hortaz, haren exekuzioa dagokion lurralde baimenaren mende egonen da. Nolanahi ere, ingurumen agiriak ezartzen duenez, etorkizunean jarduketak eginen badira, horiei erantsi beharko zaie ingurumena eta paisaia integratu eta leheneratzeko atal bat. Izan ere, baldintza lotesle horiek araudi zehatz horren 59.3 artikuluan daude ezarrita. Aurreikuspenen arabera, terraza-zerrendak eginez handituko da kanpina, eta horrek bidea emanen du lurzoruarekin eta paisaiarekin integrazio hobea lortzeko; desnibelei irtenbide emateko, ezponda txikiez eta inguruaren bertako landaretzaz baliatuko da, eta lurzorua iragazgaizterik ez da aurreikusi.

Ingurumen ikuspegiari dagokionez, nekazaritzako lurzati bat da: badira bertan olibondo bakan batzuk, larreak daude ipar-ekialdeko muturrean, eta 5. poligonoko 236. lurzatiarekiko mugan, zuhaitz zerrenda txiki bat. Aldaketak ez dakar ingurumen ondorio nabarmenik, baina ingurumenaren eta paisaiarekin integratu dadin 3. eranskinean jasotako neurriak aplikatu behar dira, hori bai.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egin da Lizarra kanpina handitzeko Lizarrako Udal Plan Orokorraren aldaketari buruz. Seirak Bat SLk sustatu du aldaketa, eta ondorioztatu da ez dagoela ingurumen ondorio nabarmenik eta 3. eranskinean aurreikusitako neurriak aplikatu behar direla.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Lizarrako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2204133