81. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

226E/2022 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Arantzako Udal Planaren aldaketari buruz. Arantzako Udalak sustatu du aldaketa, eta AR-2A lurzoru urbanizagarri sektorizatugabeari eragiten dio.

Arantzako Udalak 2016ko ekainaren 17an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurreko aldia ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2016ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ekoan. Aldaketa 2021eko abenduaren 27an behin-behinean onetsi zen.

Aldaketa horren xedea da lurzoru urbanizaezin bihurtzea AR-2A izendapena duen lurzoru urbanizagarri sektorizatugabearen eremua, hor aplikatzekoak baitira produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinaz diharduten arauak (7. artikulua).

Eremu horren azalera 3,4 hektareakoa da gutxi gorabehera, eta bertan daude kokaturik 5. poligonoko 425., 426., 427., 430., 431., 693. eta 747. lurzatiak. Hirigunearen ipar-mendebaldean dago, herrira sartzeko NA-4020 errepidearen eta Galtzada alderdiko baserrietara joateko landabidearen artean. Nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen diren larreak dira, malda nabariko mendi-hegaletan kokatuak, mendebalderantz eta ipar-mendebalderantz.

Lurzoruaren sailkapena aldatzeak ez dio ingurumenari eragiten; izan ere, eremua lurzoru urbanizaezintzat jotzen da, eta hori egokia da, batetik, eremuak gaur egun nekazaritza eta abeltzaintzarako duen balioagatik, eta bestetik, ez delako sortzen lurzorua bizitegi-garapen berri bihurtzeak dakartzan ingurumen-ondoriorik. Proposamen hau Arantzako udalerriaren Garapen Estrategia eta Ereduan txertatu da, udalaren hirigintza plana prestatu aurretik.

Aldaketaren ezaugarriak eta inplikazioak ikusirik, ondorioztatu da proposamenak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea Arantzako udal-planean aldaketa egiteko, Arantzako Udalak sustatua, zehazki AR-2A lurzoru urbanizagarri sektorizatugabean, ikusi baita ez dakarrela ondoriorik ingurumenean.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arantzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2204093