80. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

“Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak Sociedad Limitada” tokiko merkataritza sozietatearen eraketa

Osoko bilkura berezian, 2022ko martxoaren 2an, jarraian ematen den erabakia hartu zen, besteak beste; Hona hemen haren xedapen zatia:

“ERABAKI DA:

Lehena.–Jasotako aholkularitza (zerbitzuaren kostuari buruzko txostenak barne) eta laguntza teknikoa justifikatzeko memoria behin betiko onestea, Zangozako Udalaren kirol instalazioak kudeatzeko udal zerbitzu publikoaren kudeaketaren inguruan, eginiko alegazioak eta oharrak espedientean jasotzen den bezala ebatzirik.

Bigarrena.–Zuzeneko kudeaketa onestea, tokiko merkataritza sozietatearen bidez. Horretarako, behin betiko onesten da “Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak Sociedad Limitada” merkataritza sozietatea eratzeko administrazio espedientea, eta eraketa hori eginen da behar bezala eginbideturik espedientean diren memoria eta estatutuei jarraikiz; horiek ere behin betiko onetsirik gelditu dira.

Hirugarrena.–Erabaki honen iragarkia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–”Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak Sociedad Limitada” sozietatea 3.300 euroko kapital sozialaz hornitzea, sozietateko 110 partizipazio banaezin eta metagarritan zatiturik. Partizipazio bakoitzak 30 euroko balio nominala du eta elkarren segidan zenbakiturik daude, 1etik 110era bitarte, biak barne.

Bosgarrena.–Alkatetzari ahalmena ematea, erabaki hau aplikatu eta gauzatzeko behar diren agiri guztiak sina ditzan.

Zangozan, 2022ko martxoaren 31n.–Alkatea, Lucía Echegoyen Ojer.

ERANSKINA

Zangozako Udalaren “Zangozako Kirol Zerbitzuak” udal sozietate mugatuaren estatutuak

I. KAPITULUA

1. artikulua.

“Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SL” izeneko merkataritza sozietatea eratu da, erantzukizun mugatuko tokiko sozietate gisa. Kapitaleko Sozietateei buruzko Legea, tokiko araudia eta estatutu hauek izanen ditu arau.

2. artikulua.

“Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SL” sozietateak, erantzukizun mugatuko sozietate gisa eraturik, udal enpresa den aldetik, nortasun juridikoa izanen du bere xedeak gauzatu eta betetzeko, legezko xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritako mugak gainditu gabe.

3. artikulua.

Sozietatearen xedea da Zangozako kirol instalazioen kudeaketa zerbitzua ematea.

Sozietate hori, ondorio guztietarako, Udalaren bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat hartuko da, Zangozako Udalaren kirol instalazioen kudeaketa hari esleitu ahal izateko.

Sozietateak ez du irabazteko asmorik izanen, kirol arloko sozietate pribatua izanen baita. Sortzen diren irabaziak sozietatean inbertituko dira berriz, sozietateak pertsona fisikoei ematen dizkien zerbitzuak hobetzeko.

4. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak zeharka gauzatzen ahalko ditu sozietateak, parte hartuz helburu bera edo antzekoa duen edozein elkartetan (nortasun juridikoa izan zein ez).

5. artikulua.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egilesten den egunean hasiko da bere sozietate-jardunean.

6. artikulua.

Sozietateak hemen izanen du egoitza soziala: Zangozako Udalaren udaletxea, Kale Nagusia 31, Zangoza (Nafarroa).

Administrazio organoak izanen du eskumena egoitza soziala aldatzeko udal-mugarte bereko beste toki batera.

II. KAPITULUA

7. artikulua.

Kapital soziala 3.300 eurokoa izanen da, 110 partizipazio sozial banaezin eta metagarritan zatitua. Partizipazio bakoitzak 30 euroko balio nominala du eta elkarren segidan zenbakiturik daude, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Zangozako Udalak harpidetuak eta ordainduak dira osoki, eta bera da kapitala osatzen duten partizipazio guztien titular bakarra, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kapitala ezin da transferitu eta ezin da erabili beste ezertarako, enpresaren xederako baizik, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraikiz.

Kapital soziala handitu edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aurretik, Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du hori justifikatzeko.

III. KAPITULUA

8. artikulua.

Honako organo hauek zuzendu eta administratuko dute sozietatea:

–Batzar Orokorra.

–Administrazio Kontseilua.

–Kudeatzailetza.

9. artikulua.

Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatu bezala, Zangozako Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Udalbatzako burua izanen du buru, edo Batzarrak izendatzen duen pertsona.

10. artikulua.

Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamendua –prozedurari eta erabakiei dagokienez– toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta gainerako gai sozialetan aplikatuko dira erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak.

11. artikulua.

Udalbatzak, sozietateko Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitu edo txikitzea.

–Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapital Sozietateen Legeak Batzar Orokorrari esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua.

Batzar Orokorra, nahitaez, urtean behin bilduko da ohiko bilkura egiteko, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa onesteko edo ez onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada, eta gai-zerrendaren arabera bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko.

13. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako ohiko bilkuraz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik buruak deituta, Administrazio Kontseiluak hala galdaturik, edo aurretiaz horretarako eskaera eginez gero Udalbatzako legezko kideen laurdenak, gutxienez.

14. artikulua.

Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez bilkura egitea erabakitzen badute, Batzar Orokorra deituta eta edozein gairi heltzeko modu baliozkoan eratuta geldituko da.

15. artikulua.

Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzaren akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezalaxe onetsiko dira, baldintzen, formaren eta ondorioen aldetik. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, buruak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.

16. artikulua.

Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek parte hartzen ahalko dute haren bilkuretan, hitzarekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere.

17. artikulua.

Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako bost kidek osatuko dute.

Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina Udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero, kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan. Kargu-uzte hori berariaz erabaki beharko du Batzarrak eta, ondoren, Merkataritza Erregistroan inskribatu beharko da.

18. artikulua.

Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute, eta indarreko legediaren arabera dagozkien ezgaitasun eta bateraezintasunak izanen dituzte kontseilukideek, ordezkaritza karguetan jarduteko.

Zangozako Udaleko alkatea izanen da Administrazio Kontseiluko burua, baldin kontseilukidea bada, edo Batzar Orokorrak kontseilukide izendaturiko zinegotzi bat. Kontseiluko buruordea kontseiluburuaren lekuan ariko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren ahalmen guztiak izanen ditu.

Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz kanpoko pertsona bat izan daiteke eta, hala denean, hitzarekin baina botorik gabe parte hartuko du Kontseiluaren bileretan.

Edozein kontseilukidek proposatuz gero, alkate udalburuak izendatutako teknikari espezializatuek Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartzen ahalko dute, hitzarekin baina botorik gabe.

Kontseilukide kargua dohainik da.

19. artikulua.

Kontseiluak ohiko bilkura sei hilean behin gutxienez eginen du, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak dei egiten duenean edo bi kontseilukidek gutxienez hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.

Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie, bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da, kontseilukideen edo haien ordezkarien erdiak gehi bat bilduz gero.

Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen gehiengo osoz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, kontseiluburuaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak dagokion liburuan transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua.

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du judizioan nahiz judiziotik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez legeak eta estatutuek Batzar Orokorrarendako gordetzen ez dituzten ahalmenak esleitzen zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak ere izanen ditu, besteak beste:

1. Ondasun higigarriak eta higiezinak, landa-lurrekoak nahiz hiri-lurrekoak, eskubide gorpuzgabeak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, xedatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzen ahalko ditu; era berean, hipotekak eta, oro har, eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzen ahalko ditu.

2. Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partizipazioak esleituz, sortzen diren erkidegoak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez; deskripzioen zabalkuntzak eta azaleren nahiz beste kontzeptu batzuen zuzenketak egitea, eta zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta azkentzea.

3. Sozietateko langileak izendatzea eta kentzea, haien soldatak eta ordainsariak ezartzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4. Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatu eta aurkeztea.

5. Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.

6. Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta berme pignoratizioak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubide eta aukerei dagozkien transakzioak egitea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta, oro har, gutuneria jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, bai eta administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7. Zenbatekoak maileguz hartzea eskudirutan edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, adibidez, hitzartzen diren interes eta baldintzekin, eta era guztietako bermeak onartu eta ematea, baita hipotekak ere.

8. Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera-irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.

9. Sozietatea ordezkatzea judizioan nahiz judiziotik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aurrean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien aurrean, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen aurrean eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aurrean, espedienteetan, akzioak eta salbuespenak egikaritzean, sustatzaile, auzi-jartzaile, laguntzailekide edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, judizioa edo jurisdikzioa, eta haietan frogak proposatzea, lekukoak arbuiatzea, funtzionarioak errekusatzea, errekurritzea, prozeduretan amore eman eta atzera egitea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10. Sozietatearen xedea betetzea eta gauzatzea, eta horretarako aurretik egin beharrekoa eta ezinbestekoa den oro egitea.

11. Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, kontratatzeko zerbitzuak, obrak eta produktuen, materialen nahiz manufaktura-gaien hornidurak; agiriak, adierazpenak edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko adjudikazioak onartzea.

12. Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, judizioan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak errebokatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta haiei erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berariazkoa osoki gauzatzeko behar den oro egitea.

13. Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14. Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren bukaeran, Udalbatzari memoria bat aurkeztea, sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruz.

21. artikulua.

Kontseiluburuari dagokio ordezkaritza ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan.

22. artikulua.

Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatuko du, zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena. Gaitasuna berezia duen pertsona bat izendatuko da.

Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

–Kontseiluaren erabakiak betetzea eta betearaztea.

–Sozietatearen jarduna zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.

–Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

–Kontseiluak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

23. artikulua.

Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta mendeko langile guztiak, kudeatzaileak proposaturik, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan-harremana izanen dute.

IV. KAPITULUA

24. artikulua.

Sozietatearen ondareak biltzen ditu kapital soziala eta haren jabetzako era guztietako ondasun eta eskubideak, hala eskuratu direnak erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan, nola lortu direnak Zangozako Udalaren, Foru Komunitatearen, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerri batzuen, Estatuaren edo partikularren lagapen, dohaintza eta dirulaguntzen bidez.

25. artikulua.

Sozietatearen ogasunak honako baliabide hauek biltzen ditu:

–Kapital soziala, ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak, emaitzak edo interesak.

–Zangozako Udalak ematen dizkion dirulaguntzak.

–Zangozako Udalak, Foru Komunitateak, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerri batzuek, Estatuak edo partikularrek ematen dizkioten dirulaguntzak, laguntzak eta dohaintzak, halakorik jasoz gero.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

–Entitateek edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak eskuratzen duen legezko beste diru-sarrera oro.

V. KAPITULUA

26. artikulua.

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Ekitaldi ekonomikoa bukatu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean Udalbatzari aurkeztuko dio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

27. artikulua.

Sozietatea deseginen da toki araubideari buruzko legedian eta Kapital Sozietateen Legean aurreikusitako kasuetan, Batzar Orokorraren erabaki bidez.

Sozietatea likidatzen bada, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.

Likidazio aldia burutu arte, Batzar Orokorrak urteko ohiko bilkurak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten segituko du, indarreko xedapenen arabera.

Irabazi asmoko xedez, likidazioaren ondoriozko ondasun eta eskubideak oso-osorik izanen dira beste fundazio edo irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuendako, interes orokorreko helburuak baldin badituzte eta haien ondasunak helburu horiek erdiesteari loturik baldin badituzte, baita deseginez gero ere.

Iragarkiaren kodea: L2204897