80. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Deialdia, taxi lizentzia bat adjudikatzeko

Artaxoako Udalak, 2022ko martxoaren 10ean egin osoko bilkuran, deialdia onetsi zuen, hiri-taxirako lizentzia bat lehiaketa bidez adjudikatzeko.

Interesdunek hilabeteko epea dute eskaerak aurkezteko, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; hori guztia, jarraian adierazitako oinarrietan xedatutakoarekin bat etorriz.

Argitara ematen da, interesdun orok jakin dezan.

Artaxoan, 2022ko martxoaren 14an.–Alkatea, Juan Ramón Elorz Domezain.

ARTAXOAN TAXI LIZENTZIA BAT ADJUDIKATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Artaxoako udal-mugartean hiri-taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez ematea.

Zerbitzua Artaxoako udalerrian eginen da oso-osorik. Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 16. artikuluaren aginduz, hiriarteko zerbitzuak egiteko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.

2.–Araubide juridikoa.

Arau hauetan jasota dago deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:

–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretua.

–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

–Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa, eta hura aldatzen duen 22/2013 Foru Legea, uztailaren 2koa.

–Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.

–Artaxoan taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza. (2021eko 66. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 24koa).

3.–Taxi lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak.

Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, eta 18tik urtetik gorakoa, baina ez gainditzea Zirkulazio Kodean edo arlo honetan indarrean dagoen legedian jarduera-mota honetarako ezarritako adina.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo, bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

c) Ibilgailua edukitzea frogatzea, jabetzan, errentan hartua edo antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bidez. Ibilgailuak baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ibilgailuek turismo-ibilgailu gisa sailkatuta egon behar dute ezaugarri teknikoen fitxan, eta bildu behar dituzte indarrean dagoen araudian eskatutako ezaugarriak; bestetik, bete behar dituzte aulki gurpildunak erabiltzen dituztenei egokitutako ibilgailuetarako baldintzak eta zehaztapenak.

–Oro har, gehienez zazpi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak, barne dela gidariaren eserlekua. Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak ematen ahalko dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean.

–Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen.

–Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte.

Salbuespenez, mugikortasun murriztuko pertsonak eramateko egokituriko ibilgailuek ate bat izaten ahalko dute atzeko eta/edo alboko aldean, erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legediari jarraikiz, beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, izan dezaten aulki gurpildunean dagoen bezero bat hartzeko adineko edukiera.

–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

d) Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloko betebeharrak betetzea, eta Artaxoako Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea. Deialdira aurkezte hutsarekin udalari baimena ematen zaio egin beharreko egiaztapen oro egin dezan.

e) Erantzukizun zibila estalita izatea zerbitzuan eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

f) Ez edukitzea beste taxi lizentzia bat.

g) Aurrekari penalik ez izatea.

4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, I. eranskineko eredua baliatuta. Artaxoako Udalaren bulegoetan bertan aurkezten ahalko dira (Eugenio Mendioroz kalea 3, Artaxoa) edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Eskabideak postaz ere bidaltzen ahalko dira, eta, halakoetan, interesdunak gordekin bat helarazi beharko du posta elektronikoz (ayuntamiento@artajona.es) aurreko paragrafoan ezarritako epea bukatu aurretik, posta bulegoan bidalketa zer egunetan egin duen egiaztatzeko. Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.

Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 5 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz bidalitako proposamenik.

5.–Dokumentazioa.

Eskaerak bi gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: “Artaxoan taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa” eta izen-deiturak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, bai eta gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:

–1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.

–2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.

1. 1. gutun-azala: “dokumentazio administratiboa”:

1.1. Eskaera aurkezten duenaren indarreko nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

1.2. Indarreko gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

1.3. Erantzukizunpeko adierazpena, indarrean dagoen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak betetzeari buruzkoa, I. eranskinari jarraikiz.

1.4. Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non aditzera emanen baita, haren erantzukizunpean, egunean daudela betebehar guztiak segurtasunaren, laneko osasunaren eta laneko arriskuen prebentzioaren arloetan, indarreko xedapenetan agindu bezala.

1.5. Zinpeko deklarazioa, eritasun infektokutsakorrik ez izateari buruzkoa, ez eta lanbidean normal aritzea eragozten edo zailtzen duen eragozpen fisikorik ere.

1.6. Zinpeko deklarazioa, zigor-aurrekaririk ez izateari buruzkoa.

1.7. Zinpeko deklarazioa, gidabaimena kentzeko zehapenik jaso ez izanari buruzkoa, ez prozedura penalez, ez administratiboz.

1.8. Agiri honen 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen ibilgailu bat edukitzeko konpromisoa.

1.9. Udal honendako baimena, informazio-kartel bat paratzeko autobus geralekuko markesinan, Bisitariaren Etxean nahiz egoki irizten dion toki orotan, taxi zerbitzua badagoela aditzera emateko, harremanetarako datuekin batera, zerbitzua erabiltzeko.

1.10. Zinpeko deklarazioa, baldintza-agiri hau onartzeari buruzkoa.

2. 2. gutun-azala: “dokumentazio teknikoa”:

II. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak oinarri hauen 6. klausulari begira aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, klausula horretan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntuatu dadin.

6.–Adjudikazio irizpideak.

Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak:

1. Ibilgailuaren edukierari 10 puntu emango zaizkio gehienez, baremo honen arabera:

–Edukiera handia: 10 puntu.

–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 9 puntu.

–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 8 puntu.

–7 lagunendako tokia, gidaria barne: 7 puntu.

2. Zerbitzu eskaintza.

Alderdi honetan 3 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan egiteko konpromisoa: gauez, jaiegunetan eta asteburuetan.

–Zerbitzua gauez egiteagatik: 1 puntu.

–Zerbitzua jaiegunetan egiteagatik: 1 puntu.

–Zerbitzua asteburuetan egiteagatik: 1 puntu.

3. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera:

Gehienez ere 6 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea, konpromisoa eskaintzen bada hori dakarten ibilgailuez baliatzeko. Baremo honi jarraikiko zaio:

–Zero isurtzeen bereizgarria: 6 puntu.

–ECO bereizgarria: 4 puntu.

–C bereizgarri berdea: 2 puntu.

–B bereizgarria: 0 puntu.

Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa; (https://www.pegatinasdirecciongeneraldetrafico.com/tipos-distintivos).

6.–Hizkuntzak jakitea.

Hizkuntzen ezagutza egiaztatzeagatik, gehienez ere hiru puntu emanen dira, honako sailkapen honen arabera:

–Euskarako B2 maila: 1 puntu.

–Ingeleseko B2 maila: 1 puntu.

–Frantseseko B2 maila: 1 puntu.

Berdinketarik bada puntuazio osoa egindakoan, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betetzeko, emakumea taxiaren sektorean sartzeko eskaintzaren alde eginen da, alegia, emakumezko eskatzailearen alde. Hala ere, berdinketa gertatzen bada oraindik, zozketa bidez ebatziko da.

Espainiako Gobernuko Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (IDAE) prestaturiko datu basean oinarrituriko sailkapena (http://coches.idae.es)

7.–Balorazio batzordea.

Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Juan Ramón Elorz Domezain, Artaxoako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: César Valencia Guembe.

1. batzordekidea: Iñaki Maiora Mendía, Artaxoako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Yolanda Rodríguez Guembe.

2. batzordekidea: José Miguel Núñez Ardanaz, Artaxoako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: María Teresa Jurio Vidarte.

3. batzordekidea: Erdialdea Garatzeko Partzuergoak izendatzen duena.

Batzordekide idazkaria: Eva M.ª Mainz Petroch, Udaleko idazkaria.

8.–Gutun-azalak irekitzea eta baloratzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Balorazio Batzordeak, barne ekitaldi batean, eskatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra egiaztatuko du, eta onargarriak diren ala ez ebatziko du.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 15 egun natural igarota, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da eskaera onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta erreklamazioak aurkezteko epea iragarriko da. Epe horren barrenean, bada, erreklamazioak aurkezten ahalko dira, eta egindako akatsak zuzendu.

Eskatzaileen behin-behineko zerrendan adierazitako egunean, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da eta horrela adieraziko da.

Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da dokumentazio teknikoa dakarten gutun-azalak zer egun, ordu eta tokitan irekiko diren.

Onartutako eskaerak ezagututa, barne ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikaziorako bildutako irizpideei jarraituz.

2. gutun-azala irekitzeko ekitaldia egin ondotik, gehienez ere 5 eguneko epean, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian lehentasun ordenaren araberako puntuazio zerrenda emanen da argitara, lehiaketan den lizentzia eskuratzeko 10. oinarrian zehaztutako moduan. Hala, puntu gehien lortu dituena izanen da behin-behineko adjudikazioduna.

9.–Lizentziaren adjudikazioa.

1. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, gehienez, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:

–Lizentzia atxikiko zaion ibilgailua edukitzearen gainekoa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du, eta Taxiari buruzko Foru Legean ezarritako ezaugarriak bete.

–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena.

–Ekonomia-jardueren gaineko zergako alta, uneko ekitaldikoa, eta, hala badagokio, azken ordainagiria.

–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak egunean dituela diotenak. Ziurtagiri horiek proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak izanen dira.

–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago, gehienez ere, emana. Hartan frogatuko da langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatu, afiliatu edo haiei alta eman izana, behar diren kotizazio dokumentuak aurkeztu izana eta indarra duten xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana.

–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non aditzera emanen baita, haren erantzukizunpean, egunean daudela betebehar guztiak segurtasunaren, laneko osasunaren eta laneko arriskuen prebentzioaren arloetan, indarreko xedapenetan agindu bezala.

2. Behin-behineko adjudikaziodunak ez badu aurkezten adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa, eta bereziki ibilgailuarena, aseguruen kontratazioarena eta, hala denean, soldatapeko gidariarena, lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da. Haren tokia hartuko du, lehentasun ordenaren arabera, lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehendabiziko izangaiak.

3. Dokumentazio hori aurkeztu eta Balorazio Batzordeak onetsita, adjudikazio proposamena eginen da eta, Alkatetzaren ebazpen bidez, behin betiko eta epe mugagaberako adjudikatuko da taxi lizentzia; halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da nor izan den Artaxoan hiri-taxi zerbitzua egiteko behin betiko adjudikazioduna.

10.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.

Taxi lizentziaren behin betiko adjudikaziodunak bete beharko ditu Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak, taxi lizentziaren titular izateko, bai eta Taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzan ezarritakoa ere.

Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, lizentzia indarrean egon bitartean.

11.–Informazio eta adostasun klausulak.

Datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia bete beharrez, jakinarazten da ezen ematen zaizkigun datuak “Lizitazioak” deritzon fitxategian sartuko ditugula. Helburua da dagozkion adjudikazio publikoak eta zerbitzuak kudeatzea eta datuok behar bezala tratatzea. Halaber, jakinarazten dugu hirugarren batzuei lagatzen ahalko zaizkiela, lizitazioen oinarrietan ezarritakoa legearekin bat betetze aldera. Datuok dokumentazio publikoaren izaera izanen dute horiek kontsultatzeko legitimitatea dutenendako. Datuok eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, eta eramateko, aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzen ahalko dira Artaxoako Udalaren Erregistro Orokorrean.

12.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Lizentziak adjudikatzen dituen organo eskudunak erabakiko du lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sortzen diren gorabehera guztiak. Haren ebazpenak aurkaratzen ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.

I. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

II. ERANSKINA

Dokumentazio teknikoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2204191