79. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36E/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: “Artem Exporta 2022. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalei laguntzak, birak egin eta azoketan parte har dezaten”. DDBN identifikazioa: 618777.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztutako txostenean proposatzen da honako deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak onestea: “Artem Exporta 2022. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin eta azoketan parte har dezaten”. Halaber, 24.000 euroko gastua egiteko baimena onestea proposatzen da, bai eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko martxoaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, deialdi hau baimendu zuen, banakako ebaluazioaren araubideko deialdia baita.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza honen deialdia onestea: “Artem Exporta 2022. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin eta azoketan parte har dezaten”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334103: ARTEM EXPORTA: arte eszenikoen arloko ekitaldi, jaialdi eta lehiaketetarako laguntzak

2022

24.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK DEIALDI HONETARAKO: “ARTEM EXPORTA 2022. ARTE ESZENIKOETAKO ETA MUSIKALETAKO PROFESIONALENTZAKO LAGUNTZAK, BIRAK EGIN ETA AZOKETAN PARTE HAR DEZATEN”

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak xede du arte eszeniko eta musikaletako artista eta enpresen mugikortasunerako laguntzak arautzea, banakako ebaluazioaren araubidean, horien bidez beren ekoizpenak Nafarroatik kanpo kontratatuak izateko edo Nafarroatik kanpo diren azoketan parte hartzeko, Nafarroako artearen sektore profesionalari sostengua emate aldera eta haren proiekzioa Foru Komunitatetik kanpo sustatze aldera.

Deialdi honen xedea da, halaber, emakumeen eta gizonen berdintasunean eragin positiboa lortzea. Ekintza horiek 10.11 oinarrian adierazitako generoari buruzko memorian jasoko dira.

1.2. Deialdia zuzentzen zaie arte eszenikoetako eta musikaletako produkzioen mugikortasun proiektuei, baldin Nafarroako arte eszenikoetako eta musikaletako konpainiek eta/edo artistek sortuak badira edo Nafarroako enpresek banatuak (hau da, Foru Komunitatetik kanpoko emanaldien kontratazioa).

1.3. Aurkezten ahal diren proiektuak Nafarroako konpainien, ekoizleen eta/edo artisten arte eszeniko eta musikalen produkzioak izanen dira, performatiboak barne.

1.4. Pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Oinarri hauen ondorioetarako, proiektu bakartzat joko da bira bat edo azoka batera edo batzuetara joatea, edo biak, eskaera bakarrean aurkezten badira.

1.5. Deialdi honen xedeko jarduerak 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte eginen dira, biak barne.

2.–Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

2.1. Pertsona eta erakunde hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2021eko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2021eko urtarrilaren 1etik.

Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean jarduera eszeniko edo musikalak egitea agertu beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 4.3 puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki-entitateak, beren erakunde autonomoak eta Nafarroako Foru Komunitateko toki-entitateek partaidetza nagusia duten duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Pertsona eta entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak eta erakundeak.

2.6. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, kondena jarri denean sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

3.–Deialdiaren zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren diru kopurua 24.000 eurokoa izanen da, guztira.

3.2. Laguntzaren zenbatekoa ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen eskatzaile bakoitzeko.

3.3. Diruz lagundutako proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua izanen da entitateak aurkeztutako aurrekontua, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

3.4. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.5. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.6. Pertsona edo entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

3.7. Aurrekontu-baliabideak deialdi honek ezarritako epeetan bukatzen badira, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, itxita deklaratuko du eskaerak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), baita Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki-taulan ere.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2022ko irailaren 30era arte (egun hori barne).

4.2. Pertsona juridikoek nahitaez telematika bidez aurkeztuko dituzte eskaerak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa.

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

Eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentuak oinarri hauei erantsitako ereduen araberakoak izanen dira (I., II., III., IV., V., VI. eranskinak). Eredu horiek eskuragarri izanen dira Nafarroako Gobernuaren web-atariaren tramiteen katalogoko fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Agiri bakoitza bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko da dokumentazioa.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (erakunde ofizial eskudunak emana):

–1. atala (enpresa jarduerak): 96. edo 99. multzoak.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85. multzoa.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1, 2 edo 3 multzoak.

b) Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, gainera, sozietatearen kontratuaren kopia, eratzeko eskrituraren edo, hala denean, estutuen aldaketaren kopia eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena.

c) Pertsona edo erakunde eskatzailearen IFZ/IFKren kopia.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskripzioak ez du 30 folio baino gehiago beteko, DIN A4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Folio kopuru horretatik aurrerako informazioa ez da baloratuko.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean aurkeztu beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

f) Kontratuak edo, hala badagokio, azoketan izen-ematea frogatzen duen dokumentazioa.

4.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten pertsonek eta entitate onuradunek ez dituzte aurreko puntuko b) eta c) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non agiri horietan ez den aldaketaren bat izan.

4.5. Dirulaguntza eskaera aurkeztuta, deialdian aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, pertsona edo erakunde interesdunari errekerimendua eginen zaio akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkeztu ahala ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da dirulaguntza, ebaluazio horretatik ondorioztatzen den neurriaren araberakoa, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Ondorio horietarako, honako hauek joko dira gastu diruz lagungarritzat:

1.–Langileak kontratatzeko gastuak eta gastu sozialak (Gizarte Segurantza eta antzeko beste batzuk), baldin eta lan araubidean egiten bada, edo cacheak edo zerbitzu-emateen kostuak, merkataritza araubidean egiten bada.

2.–Talde tekniko eta artistikoko kideen ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrien gastuak, bai eta emanaldia egiteko beharrezkoak diren elementuak garraiatzekoak ere, kopuru hauek gainditu gabe:

–Ostatua: gehienez 60 euro gau bakoitzeko.

–Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko gehienez 20 euro ordainduko dira. Deialdi honen ondorioetarako, mantenu gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak bakarrik (bazkaria eta afaria).

Mantenu gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da emanaldia/bira dela eta mugitu diren pertsonen, artisten eta/edo teknikarien kopurua.

–Joan-etorriak:

  • Norberaren ibilgailua erabiliz gero, gehienez, 0,33 euro kilometro bakoitzeko.

Ibilgailua alokatzen bada, hartuko dira kontuan alokairuaren kostua eta gehienez 0,15 euro kilometro bakoitzeko.

  • Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Joan-etorrien gastuak lotuta badaude emanaldi bat baino gehiago duen bira batekin, talde artistikoak edo artistak joan-etorri bakarra sartzen ahal du kontzeptu horretan.

  • Emanaldia egiteko behar diren elementuen garraioa: automobila erabiliz gero, gehienez 0,33 euro kilometro bakoitzeko. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, gehienez 0,43 euro kilometro bakoitzeko.

Ibilgailua alokatzen bada eta automobila bada, hartuko dira kontua alokairuaren kostua eta gehienez 0,15 euro kilometroko; furgoneta edo zama-ibilgailua bada, berriz, alokairuaren kostua eta gehienez 0,20 euro kilometroko.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

Laguntza eskatzen bada produkzio baten bira egiteko zenbait herritan, tarteko ibilbideak gehituko zaizkio joan-etorriaren distantziari, kilometrajea kalkulatzeko.

3.–Proiektuan sartutako jarduerak zabaltzeko, digitalizatzeko eta merkaturatzeko gastuak (guztizko gastu diruz lagungarrien %15 gehienez ere).

4.–Dirulaguntza xede den proiektua gauzatzeko egin diren gastuak, behar bezala egiaztatuak eta berreskuratu ezin direnak, baldin eta ezin izan badira gauzatu, osorik edo zati batean, agintari eskudunek COVID-19aren eraginari buruz hartutako neurrien ondorioz.

5.–Azoketara joateko gastuak: izena ematea eta standen alokairu kostuak eta stand-zerbitzuak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

b) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal duena, bai eta antzeko zergak ere.

c) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

d) Jardunbide egokiekin eta gardentasunarekin bateragarriak ez diren guztiak.

e) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

f) Ez dira onartuko laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

g) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

h) Autobide gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

6.–Eskaeren tramitazioa eta ebaluazioa.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatu eta ebaluatuko ditu eskaerak, banakako ebaluazioaren araubidean.

Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileen agerraldia eskatzen ahal da, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du.

6.3. Kultur Ekintza Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusirik, laguntzak ematea proposatuko du.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1. Ondoko irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak (guztira 100 puntu):

a) Proiektuaren ezaugarriak (50 puntu gehienez):

–Emanaldi kopurua:

Emanaldi solteak badira

10 puntu, emanaldi bakoitzeko.

Birak badira (gutxienez 4 emanaldi deialdiaren epearen barnean)

12 puntu, emanaldi bakoitzeko.

–Jokaespazioen kokalekuak:

Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi, Akitania Berria)

5 puntu, jokaespazio bakoitzeko.

Estatuko beste lurralde batean

8 puntu, jokaespazio bakoitzeko

Estatutik kanpo (Akitania Berria izan ezik)

10 puntu, jokaespazio bakoitzeko

–Dirulaguntzaren xede den ekoizpenak lortutako sariak (zuzendaria, egilea):

1 puntu sari bakoitzeko

b) Eskaera egiten duen artistaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea eta jarduera (gehienez 25 puntu).

–Ibilbidea eta jarduera (gehienez 15 puntu):

Jarduera

1 puntu azken 5 urteetan ekoitzitako produkzio garrantzitsu bakoitzeko

Ibilbidea

1 puntu konpainiak edo artistak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (gehienez 10 puntu)

10 urtetik gora

10 puntu

9 urtetik beherakoa

9 puntu

8 urtetik beherakoa

8 puntu

7 urtetik beherakoa

7 puntu

6 urtetik beherakoa

6 puntu

5 urtetik beherakoa

5 puntu

4 urtetik beherakoa

4 puntu

3 urtetik beherakoa

3 puntu

2 urtetik beherakoa

2 puntu

1 urte

1 puntu

–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuak (10 puntu gehienez).

Eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko

2 puntu

Onartu bai baina dirulaguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik)

1 puntu

c) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (gehienez 15 puntu):

–Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZik gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea.

%40 bitarte

15,0 puntu

%40 baino gehiago eta %45 arte

14,0 puntu

%45 baino gehiago eta %50 arte

13,0 puntu

%50 baino gehiago eta %55 arte

12,0 puntu

%55 baino gehiago eta %60 arte

10,0 puntu

%60 baino gehiago eta %65 arte

7,5 puntu

%65 baino gehiago eta %70 arte

5,0 puntu

d) Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu):

Nafarroako kultura zabaltzea bertako egileak sustatuz

2 puntu gehienez

Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean

3 puntu gehienez

e) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea, bai entitatearen antolamenduan (rol profesionalen banaketa sexuaren arabera, eta barne-ekintzak), bai programaren helburu eta ekintzetan (5 puntu gehienez):

Desberdintasunaren gaiari modu espezifikoan eta kritikoan heltzen dioten proiektuak, edo genero rolak eta estereotipoak haustearekin eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrari ekarpena egitearekin zuzenean lotutako ekintza positiboak garatzen dituztenak

2 puntu

Sorkuntzako, zuzendaritzako eta kudeaketako rolen banaketa paritarioa aurreikusten duten proiektuak

2 puntu

Desberdintasun egoerak detektatzen eta zuzentzen laguntzen duten barne ekintzak egiten dituzten entitateak (prestakuntza, berdintasun planak, jazarpenari aurre egiteko protokoloak, familia-kontziliaziorako erantzunkidetasuna sustatzea eta antzekoak)

1 puntu

7.2. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

7.3. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak eskaera eginen du deialdi honen II. eranskinean deskripzio memoriaren ereduari jarraikiz; eredu horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskineko inprimakian aurkeztuko da.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak deialdiaren fitxan argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriaren tramiteen katalogoaren barnean: https://www.navarra.es/eu/tramiteak

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, interesdunek Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera jotzen ahal dute, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

9.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsonek eta entitateek egiten badituzte, eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f artikuluan aipatzen dira), arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina bete beharko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, pertsona eta entitate onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo edo babesletza ekarpenak jasotzen dituzten pertsonek edo entitate onuradunek amaierako memoria batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10.–Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak salbuetsita daude) dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritakoarekin bat, foru lege horrek Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Hemen deskargatzen ahal dira gardentasun betebeharrari buruzko adierazpen ereduak:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egindako proiektuak direla ulertuko da.

10.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak funtsean aldatzen ez badu onetsitako proiektua.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute pertsona edo entitate onuradunek, eta hori adierazten duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatzen ahal da: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

10.11. Laguntzen onuradun diren pertsona eta entitateek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta.

Txosten horretan honako hauek adieraziko dira:

a) Proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

b) Diruz lagundutako proiektuan parte hartzen duten pertsonak, sexuaren arabera.

10.12. Kudeaketa lanean konpromiso etikoa begiratzearren, pertsona edo entitate eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du jardun egokiak izateko dirulaguntzaren xede den jardueraren garapenean, bereziki lan eskubide eta betebehar oinarrizkoen esparruan.

10.13. Pertsona edo entitate onuradunek ez dute hizkera edo irudi sexistarik erabiliko publizitate edo informazio euskarrietan. Halaber, zuzenean sortzen diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsultatzen ahal da: “Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11.–Justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko da laguntza, proiektua amaitu ondoren.

11.2. Dirulaguntzaren likidaziorako, pertsona edo erakunde onuradunek jarraian adierazten diren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, proiektua amaitu eta bi hilabeteko epean, eta betiere azken eguna izanen da 2022ko azaroaren 7a (data hori barne).

Dirulaguntza ematen denean jarduera amaituta dutenek hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazio hori, emakida jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta betiere azken eguna izanen da 2022ko azaroaren 7a (data hori barne).

11.3. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda:

a) Eskaera, azken likidazioa eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da, V. eranskineko eredua erabilita.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko. Fakturek bat etorri beharko dute Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

5 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako xehetasunak eman beharko ditu.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

e) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Horretarako, V. eranskineko eredua erabili beharko da.

f) Proiektuaren bukaerako memoria.

g) Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

h) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

Dokumentazio hori Erregistroaren bidez aurkeztuko da, 4.2 oinarrian araututakoaren arabera.

11.4. Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.5. Ezarritako epean hala justifikatu ezik, justifikatu ez diren gastuei dagokien dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11.6. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

12.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

12.2. Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

12.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak ez badu behar bezala justifikatzen proiektua gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Pertsona edo entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

15.-Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

17.–Eredu edo txantiloien zerrenda.

Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko dokumentuak bat etorriko dira deialdi honen eranskinekin. Horiek eskuragai daude Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

I. eranskina.–Eskaera eredua.

II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. eranskina.–Eskaeraren datu ekonomikoak.

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoa.

V. eranskina–Justifikazioen informazio ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: F2204933