79. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Ordenantza, autonomiaren sustapeneko eta mendekotasunaren prebentzioko zerbitzua arautzen duena. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2021eko urriaren 28an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Burlatako Udalaren autonomiaren sustapeneko eta mendekotasunaren prebentzioko zerbitzua arautzen duen ordenantza (2022ko otsailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 28. zenbakian).

Jendaurreko epean inork ez zuen alegaziorik aurkeztu. Beraz, behin betiko onetsi zen autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua arautzen duen ordenantza.

Aplikatzekoa den araudia: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Burlatan, 2022ko martxoaren 23an.–Alkatea, Ana María Góngora Urzaiz.

BURLATAKO UDALAREN ORDENANTZA, AUTONOMIAREN SUSTAPENEKO ETA MENDEKOTASUNAREN PREBENTZIOKO ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Burlatako Udala 2015. urtean hasi zen autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua aldi baterako ematen; etxez etxeko arretaren zerbitzu osagarria da, «jubiloteka» izenez ezagunagoa. 2015ean sortu zenetik eman da zerbitzua, etenik gabe, eta langabeak kontratatzen dira urtero. Zerbitzua irizpide teknikoen eta buruzagitza edo alkatetza irizpideen arabera arautu da, eta organo eskudunak erregularizatu eta onartu behar ditu; izan ere, udalerrian formalki ezarri ez bada ere, erregulazio orokor eta osoa behar du.

Ordenantza honek hiru titulu, xedapen iragankor bat, azken xedapen bat eta bi eranskin ditu.

LEHENENGO TITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek helburu du autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua arautzea, 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten udalerriko adinekoei eskaintzeko.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Burlatako Udalaren autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua jasotzen duten pertsonei aplikatuko zaie ordenantza hau. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

–65 urte baino gehiago izan.

–Burlatan erroldatuta egon.

–Mugitzeko autonomia eta programatutako jarduerak egiteko gaitasuna izan.

–Mendekotasun ertaina izan, edo, pertsona autonomoa izanik, zerbitzura jotzeko beharra izan.

–Salbuespen gisa, eta betiere irizpide teknikoei jarraikiz, autonomian dituzten mugengatik beste baliabide soziokultural batzuk erabiltzeko aukerarik ez izan, beren garapen pertsonal eta familiarrerako zerbitzu hau onuragarritzat jotzen bada.

Burlatako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorrak alderdi horien aldeko txostena egin beharko du.

3. artikulua. Administrazio eskuduna.

Burlatako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorrari dagokio autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua arautzea eta kudeatzea.

4. artikulua. Tokia.

Udalaren lokal batean emanen da zerbitzua; hain zuzen ere, Adinekoen Udal Zentroan. Zerbitzua beste lokal batean ematen ahalko da, baldin eta helburua erabilera optimizatzea eta sortzen diren beharrei erantzutea bada.

Zerbitzuaren gehieneko edukiera lokalaren baldintzen eta kontratatutako langileen araberakoa izanen da.

BIGARREN TITULUA

Zerbitzua eskatzeko prozedura kudeatzeko arauak

5. artikulua. Eskabidea.

Autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzuan parte hartu nahi duten pertsonek edo haien legezko ordezkariek –interesdunek legezko ezgaitasuna badute– Burlatako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan egin beharko dute eskaera. Horretarako, I. eranskinean jasotako eskabide eredua bete beharko dute (alorrak ahalmena du eskabidea aldatzeko).

6. artikulua. Balorazio teknikoa.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egiaztatuko du baldintzak betetzen ote diren; haren egokitasuna baloratuko du, eta horretarako informazio osagarria eskatu ahalko du (medikuaren txostena eta/edo balorazio horretarako beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri). Ondoren, hutsik dauden plazen arabera, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko programaren ardura duten teknikariek txostena eta onespen proposamena eginen dute, hasiera data eta alkatetzaren edo, hala badagokio, zinegotzi ordezkariaren ebazpenari dagokion ekarpena adierazita.

Profesional tekniko arduradunek ere ukatze txostena eginen dute, eskatutako baliabidea egokitzat jotzen ez bada II. eranskinaren arabera (baliabidea desegokitzat emateko irizpideen dokumentua), edo ez badira betetzen hura eskuratzeko baldintzak.

7. artikulua. Itxarote zerrenda.

Itxarote zerrenda bat eratuko da plaza librerik ez geratzeagatik baliabidea aldi baterako eskuratu ez duten pertsonekin, betiere eskabidea aurkeztu eta baldintza guztiak betetzen badituzte. Itxarote zerrendako ordena eskabidearen sarrera dataren araberakoa izanen da, baldin eta profesionalek egokitzat jotzen badute zerbitzua.

8. artikulua. Onespenaren ebazpena.

Alkatetzak emanen du zerbitzua onesteko ebazpena, eta interesdunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko dio, gehienez ere hamar eguneko epean. Ebazpen horretan, prezio publikoaren zenbatekoa adieraziko da, autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua erabiltzeagatik dagokien prezio publikoei buruzko 3. arauari jarraikiz, baita zerbitzuari noiz ekinen zaion ere.

Emakida denbora mugarik gabe eginen da, betiere une bakoitzean ezarritako baldintzak betetzen badira. Gizarte Zerbitzuen Alorrak egiaztatuko du zerbitzua ematea justifikatu zuten baldintzak betetzen diren oraindik ere, bai eta, hasiera batean eskatu ez arren, unean-unean nahitaez bete beharreko baldintzak betetzen diren ere.

9. artikulua. Ordaindu beharra.

Ordaintzeko betebeharra zerbitzua hasten den egunean sortzen da. Data hori aipatutako zerbitzuaren emakida onartzen duen alkatetzaren ebazpenean adieraziko da.

10. artikulua. Prezio publikoa.

Autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua erabiltzeagatik dagokien prezio publikoei buruzko 3. arauak zehaztuko du zer prezio publiko aplikatu behar den autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua erabiltzeagatik.

Prezio publikoa ordainduko da hilero kargua helbideratuta eskabidean emandako kontu zenbakian.

Prezio publikoa hilero ordainduko da, hila bukaturik. Zerbitzua hilabete baino epe laburragoetan erabiltzen bada, 30 egunen arabera hainbanatuko da kuota.

11. artikulua. Probaldia.

Hamabost eguneko probaldia ezarriko da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baloratu dezan haren egokitasuna, zerbitzuko monitoreak emandako informazioan oinarrituta. Hori guztia, bat etorriz Burlatako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baliabideak egokiak diren baloratzeko unean-unean ezartzen dituen irizpideekin. Baliabidea desegokitzat jotzen bada, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko programako teknikariek txostena eginen dute desegokitasun horren arrazoiak azaltzeko.

Txosten hori nahitaezkoa eta loteslea izanen da alkatetzarentzat, eta, probaldia gainditu ezean, 3 egun izanen ditu, gehienez ere, horren gaineko ebazpena emateko.

12. artikulua. Azkentzea.

Honako kasu hauetan azkenduko da zerbitzua:

1. Interesdunak hala nahi izatea, erregistro bidez idatziz jakinarazita.

2. Probaldia ez gainditzea.

3. Erabiltzaileak mendekotasun larria edukitzea edo haren mendekotasun-maila handiak ezinezko egitea haren beharrei eta taldeak dituenei erantzutea, taldearen jardueren garapena eragozten duten portaerak dituelako edo taldean egokitzen ez delako. Baliabidea desegokitzat emateko barne irizpideei jarraikiz (II. eranskina), urtero-urtero berrikusiko da erabiltzaileen balorazioa, baliabidearen egokitasuna zehazteko.

4. Baliabidearen egokitasuna zehazte aldera urtero edo unean-unean egiten den erabiltzaileen balorazioaren berrikuspena ez gainditzea. Balorazioa urtero eginen da, bai eta pertsonen eta taldearen premiak baliabidera egokitzeko behar den guztietan ere, baliabidea desegokitzat emateko barne irizpideei jarraikiz (II. eranskina).

5. Zerbitzua hiru hilabetez baino gehiagoz etenda egotea.

6. Hiru kuota ez ordaintzea.

7. Erabiltzailea hiltzea.

13. artikulua. Azkentzeagatiko baja izapidetzea.

Zerbitzuan baja emateko, zerbitzu horretako gizarte-langile edo teknikari arduradunak agiri bat sinatu beharko du; agiri horretan, erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak azalduko dira, baita zerbitzua emateari utziko dion eguna ere. Txosten teknikoa Burlatako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baliabidea desegokitzat emateko unean-unean ezartzen dituen irizpideekin bat etorriz eginen da.

Alkatetzak emanen du baja emateko ebazpena, eta honako hauek jasoko dira bertan: arrazoia, ondorioetarako data eta, zerbitzua erabiltzeagatik zorrik balego, zor den zenbatekoa.

2., 3. eta 4. kasuetan, ebazpena eman aurretik, erabiltzaileak edo familia interesdunak 10 eguneko epea izanen dute autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko programako bi teknikariek eta gizarte zerbitzuetako unitateburuak osatutako batzorde batek entzunen diezaion.

14. artikulua. Etetea.

Zerbitzua aldi baterako eten ahalko da; gehienez ere hiru hilabeterako. Bitarte horretan lekua gordeko da, eta dagokion tarifa kobratuko. Salbuespenez, aukera izanen da egoera hori luzatzeko, betiere itxarote zerrendarik ez badago.

Hiru hilabeteko epea igarotakoan, erabiltzailea itxarote zerrendan sartuko da.

15. artikulua. Tasaren kudeaketa baja gertatzen denean.

Azkentzeen kasuan, azkentze eguna erreferentziatzat hartuta kobratuko da tasa, 30 egunen arabera hainbanatuta.

III. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ordenantza honetan araututakoa ez betetzea arau-haustetzat joko da, eta zehapena ezarri behar den erabakiko da.

2. Zehapen prozedura administrazio publikoen zehapen ahalmenaren gaineko araudi orokorrarekin bat etorriz izapidetuko da.

3. Alkatetzak izanen du zehapenak ezartzeko eskumena. Zentroko kudeaketa taldeak eta programaren ardura duten teknikariek txosten bat eginen dute aldez aurretik.

4. Izan daitezkeen gainerako erantzukizunez aparte, zehapenak egindako arau-haustearen neurrikoak izanen dira, eta kontuan hartuko dira inguruabar pertsonalak, falta nahita egin ote den eta zerbitzuaren funtzionamenduari zer ondorio ekarri dion.

5. Zehapen hauek ezartzen ahalko dira, besteak beste: hitzezko kargu-hartzea, zerbitzua erabiltzeko aldi baterako debekua, isuna, lehengoratzea, erabiltzaile izaera behin betiko galtzea eta zerbitzutik kanporatzea.

Xedapen iragankorra.

Xedapen iragankor hau indarrean jartzen den egunean zerbitzua jasotzen ari diren pertsonek zerbitzua baliatzen jarraituko dute. Gizarte Zerbitzuen Alorrak, behar izanez gero, ordenantza berrian jasotakoa betez dagozkion tasak kalkulatzeko dokumentazioa eskatuko du.

Azken xedapena.–Indarrean sartzea.

Arau hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (DOC).

II. ERANSKINA

Baliabidea desegokitzat emateko irizpideak

Autonomiaren sustapeneko eta mendekotasunaren prebentzioko zerbitzua.

1.–Erabiltzailearen ohiko portaerak kalte egiten dio taldearen dinamikari.

2.–Begiraleei eta/edo zerbitzuko beste erabiltzaile batzuei errespetua galtzea.

3.–Egunean zehar egiten diren jardueretako bi gutxienez ez egitea edo ez aprobetxatzea.

4.–Hirugarren pertsona bat behar izatea komunera joateko edo zerbitzuan mugitzeko.

5.–Begiraleek erabiltzailea etengabe zaindu behar izatea, bere buruari edo zerbitzuko beste erabiltzaile batzuei arriskurik eragin ez diezaien.

6.–Materialak behar ez bezala erabiltzea.

7.–Zerbitzura joateak edo bertan egoteak urduritasuna, antsietatea eta/edo estresa eragitea erabiltzaileari.

8.–Higienea ez zaintzea.

9.–Mendekotasun larria edo mendekotasun-maila handia izatea.

10.–Zerbitzuan egiten diren jardueretan/lanetan etengabe gainbegiratu behar izatea.

Balorazioa: hamar irizpide horietatik gutxienez hiru betetzen badira, esan nahi du zerbitzua ez dela erabiltzailearendako baliabide egokia, eta, beraz, baja emanen zaio ofizioz.

Burlatako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak laguntza eskainiko du erabiltzailearentzat eta haren senideentzat egokia den baliabidea kudeatzeko.

Iragarkiaren kodea: L2204780