78. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

31E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Generazinema Sustapena 2022 izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 616200.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du Generazinema Sustapena 2022 laguntzen deialdia onestea, haren oinarri arautzaileak onestea, 20.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Generazinema Sustapena 2022 dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: Generazinema: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2022

20.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 18an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Generazinema Sustapena 2022 dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak xedea du bi laguntza modalitate arautzea, banakako ebaluazioko araubidean, Nafarroako ikus-entzunezko profesionalaren sektorean filmak sustatzeko eta zabaltzeko ekintzak egin daitezen 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte, biak barne.

1.2 Enpresek eta profesionalek aurkezten ahalko dituzte eskaerak zinemagintzako eta ikus-entzunezkoen jaialdi, azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko, jada eginak dituzten pelikulak aurkez ditzaten.

1.3. Eskaera berean, merkatu, azoka edo ekitaldi profesional desberdinetan film batekin edo gehiagorekin parte hartzeko laguntza eskatzen ahalko da. Gainera, banakako erregimeneko deialdia denez, beste eskaera batzuk aurkezten ahalko dira lehenengoaren ondoren, betiere beste ekitaldi batzuetarako bada. Laguntza eskaera guztien baturak, guztira, 3.3 oinarrian eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga izanen du.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2021eko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2021eko urtarrilaren 1etik. Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean ikus-entzunezko edo zinema jarduerak egitea egon beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona fisikoek edo entitateek, eskaera aurkezten duten unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean (kasuan kasuko udalak emana) edo zinemari edo ikus-entzunezko jarduerari lotutako beste edozeinetan:

–1. atala (enpresa jarduerak): 96 edo 99 multzoak.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85 edo 89 multzoak.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1, 2 edo 3 multzoak.

2.3. Onuradun izateko aukeratik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki-erakundeak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeen partaidetza duten enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak eta entitateak.

3. Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiak 20.000 euroko zenbatekoa izango du guztira, 2022rako onartutako aurrekontuko partida honen kargura: A20002 A2500 4709 334102 GENERAZINEMA: ikus-entzunezko sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak.

3.2. Laguntzen zenbatekoak 3.1 puntuan ezarritako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %50 baino handiagoa, eta gehienez ere 3.000 eurokoa proiektu bakoitzeko.

3.3. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: pertsona edo entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua ken berreskuratzen ahal duen BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatuaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.4. Aipatutako mugak betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion minorazioa aplikatuta, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean, 3.2 oinarrian ezarritako mugak gainditu gabe.

3.5. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.6. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.7. Aurrekontuko dirua deialdi honek ezarritako epeetan bukatzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-promocion-2022) argitaratuko da.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2022ko urriaren 15era arte (egun hori barne).

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-promocion-2022). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo cl@ve eduki beharko da.) siendo necesario para identificarse disponer de certificado digital o de Clave.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-promocion-2022).

4.3. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean aurreikusitako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Ziurtagiri bat, bertan frogatzen dela ezen, eskaera aurkezteko unean, alta emanik dagoela 2.2 oinarrian aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) I. eranskina, Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

–Aurrekontu osoa: Proiektuaren aurrekontu osoaren zenbatekoa jasoko du.

–Diruz lagungarria den aldiaren aurrekontua. Bakarrik sartuko dira 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastuz diruz lagungarrriak jotzen diren kontzeptuak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru sarrerak berdinduta izatea.

Oharrak: 5.1.e) epigrafean jasotako zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietarako gastuak.

–Onartutako aurrekontua: Emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren eta Nafarroako gastuaren ehunekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren berretsiko da.

–I.A eranskina (Eskaera), sinatuta eta PDF formatuan.

–I.B eranskina (Proiektuaren azalpen memoria), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

Aukeran, “Memoriari erantsitako materiala” izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da. Formatu librean eginen da, eta argazkiak, ilustrazioak eta abar jasoko ditu, bai eta proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazioa egiteko garrantzitsutzat jotzen den oro ere.

e) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdiren batean parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko oinarriaren b.1, b.2 eta b.3 apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Dirulaguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, pertsona edo entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, 10 egun naturaleko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkeztu ahala ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da dirulaguntza, ebaluazio horretatik ondorioztatzen den neurriaren araberakoa, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean izaten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Ekitaldiari lotutako ostatu gastuak, dietak eta joan-etorrien gastuak 2 parte-hartzailerentzat gehienez (ekoiztetxearen eta/edo enpresa banatzailearen ordezkariak), muga hauek gainditu gabe:

–Ostatua: soilik Nafarroatik kanpo bidaiatzen bada; gehienez 75 euro Espainian, eta 120 euro Espainiatik kanpo.

–Mantenua: gehienez 40 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo, pertsona eta egun bakoitzeko (bazkarietarako eta afarietarako soilik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

–Joan-etorriak: Norberaren autoa erabiliz gero, 0,33 euro ordainduko dira kilometroko, eta aparkalekuko gastuak. Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, alokairuaren prezioa eta erregaia. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

b) Egiaztatze edo inskripzio kuotak ordaintzea.

c) Azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelakoak alokatzea.

d) Honako hauekin komunikazioa eta konexioa errazteko diseinatutako plataformen edo aplikazioen tasak: salmenta-agenteak, banatzaileak, telebistako operadoreak edo OTT zerbitzuak.

e) Bonuak jaialdietan banatzeko edo salmenta-agenteen kuotak, filmak Estatuko nahiz nazioarteko jaialdietan inskribatzeko.

f) Komunikazioa eta prentsa: Prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

g) Argitalpena eta zabalkundea: Publizitate kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak (material inprimatuak zein digitalak).

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 oinarrian adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, proiektuarentzat nahikoa beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

e) Ordezkaritza gastuak, protokolokoak edo neurriz gaindikoak.

f) Mantenuarekin (bazkaria edo afaria) zerikusirik ez duten elikagaiak edo edariak erosteko gastuak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak tramitatzeko eta ebaluatzeko ardura duen organoa Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atala da. Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileen agerraldia eskatzen ahal da, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kudeaketa organoak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak banakako ebaluazioa prestatu, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1. Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

8.1.1. Jaialdi, merkatu, azoka eta ekitaldi profesionalen ezaugarriak (20 puntu, gehienez):

a) Jaialdi, merkatu, azoka edo ekitaldi profesional bakoitzaren eragin eremua (non egiten den kontuan hartu gabe).

–Estatuan: 10 puntu.

–Nazioartean: 20 puntu.

Puntu horiek lortzeko, beharrezkoa da eskatzailearen parte-hartze aktiboa dokumentu bidez egiaztatzea (gonbidapen gutunen, egiaztatze gutunen eta abarren bidez).

8.1.2. Jaialdi, merkatu, azoka edo ekitaldi profesional bakoitzean izandako parte-hartze mota (20 puntu gehienez):

–Filmak proiektatzea: 2 puntu erakutsitako film bakoitzeko (6 puntu gehienez).

–Topaketa profesionalak: 1 puntu topaketa bakoitzeko, (6 puntu gehienez).

–Bilerak salmenta-agenteekin eta/edo banatzaileekin, film bat erosteko edo saltzeko (puntu 1 bilera bakoitzeko, 8 puntu gehienez).

Puntu horiek lortzeko, beharrezkoa da parte-hartze mota dokumentu bidez egiaztatzea.

8.1.3. Eskaera egiten duen pertsonaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea eta jarduera (50 puntu gehienez):

a) Ibilbidea: 1 puntu, eskaera egiten duen pertsonak, enpresa ekoizleak edo banatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (15 puntu gehienez).

b) Jarduera: 2 puntu, azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (15 puntu gehienez).

c) Diruz lagundutako filmak: 5 puntu proiektuaren parte den Vianako Printzearen Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Generazinema Garapena eta Generazinema Ekoizpena deialdietan diruz lagundutako film bakoitzeko (15 puntu gehienez).

d) Egile berriak: 5 puntu, jaialdi, merkatu, azoka edo ekitaldi profesional batera joateagatik, zuzendari baten lehen zinema proiektuarekin.

8.1.4. Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (10 puntu gehienez).

a) Nafarroako kultura zabaltzea, egile, zuzendari edo ekoizle nafarrak sustatuz (5 puntu gehienez).

b) Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (5 puntu gehienez).

–Jarduera nagusiki euskaraz bada edo euskara erabiltzen bada proiektuaren komunikazio hizkuntza gisa, hala proiektua sortzean nola hedatzean: 5 puntu.

–Proiektua eta bere hedapena elebidunak ez badira, baina jarduerak edozein euskarritan zabaltzeko euskara erabiltzen bada: 3 puntu.

8.2. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio aurkeztutako proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.3. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskaera orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da:(https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-promocion-2022).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horietarako, eskatzaileek II. eranskina bete beharko dute (Mezenasgoaren erantzukizunpeko adierazpena). Adierazpen hori bete eta tramitatzen ahalko da Nafarroako Gobernuaren web-orrian (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-promocion-2022).

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11. Onuradunek bete beharrekoak.

11.1. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Onuradunak hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

11.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek (pertsona fisikoak izan ezik) gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Adierazpena egiteko eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez kontsultatzen, betetzen eta tramitatzen ahalko dira (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/generazinema-promocion-2022).

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.3. Orobat, onuradunak betebehar hauek ditu:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

b) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

11.5. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

11.6. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko apartatuan deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsultatzen ahal da: “Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1.1. Ordainketa.

Oro har, onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2021eko azaroaren 15a izanen da (egun hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina baldin badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Justifikazioa egiteko, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

–Fakturen zerrenda: Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta), eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoizle eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak), eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotako zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

–Finantzaketa-iturriak: Finantzaketa-iturrien eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

–Azken memorien datuak: Epigrafe honetako c eta d ataletako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

c) Gauzatutako jarduera azaltzen duen memoria, proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio-txostena barne; hartan adieraziko da zenbateraino bete diren proiektuaren alderdi guztiak, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoari dagokionez.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Filmak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.1.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Aurrerakinaren zenbatekoa dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, 2022ko urriaren 15erako, egun hori barne, aurrerakina eskatzeko V. eranskina (Aurrerakina eskatzea) aurkeztu beharko da, behar bezala beteta. Bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo bere banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak; eta zehaztuko da dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela.

12.2. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, pertsona edo entitate onuradunek 12.1.1 oinarrian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte 2022ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

12.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

12.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

13. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Informazio tekniko eta ekonomikoa.

I.A eranskina.–Eskaera.

I.B eranskina.–Proiektua azaltzen duen memoria.

II. eranskina.–Mezenasgoaren erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena.

IV. eranskina.–Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena.

V. eranskina.–Aurrerakina eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2204826