78. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko euskarako itzultzaileen bi zerrenda osatzekoa hautaproben bidez; bata, Parlamentuko funtzionarioen prestakuntzarako, eta bestea, aldi baterako administrazio-kontrataziorako.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2022ko apirilaren 11n egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

1. Honako deialdi honen oinarriak onestea: “Deialdia, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko euskarako itzultzaileen bi zerrenda osatzekoa hautaproben bidez; bata, Parlamentuko funtzionarioen prestakuntzarako, eta bestea, aldi baterako administrazio-kontrataziorako”.

2. Agintzea Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bai eta Parlamentuko web orrian eta iragarki-oholean ere.

Iruñean, 2022ko apirilaren 11n.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

1.
DEIALDIA, EUSKARAKO ITZULTZAILEEN ZERRENDA BAT EGITEKOA, NAFARROAKO PARLAMENTUKO FUNTZIONARIOEN PRESTAKUNTZARAKO

Deialdi honen oinarriak honakoak dira:

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Parlamentuko funtzionarioen prestakuntzarako zerrenda bat osatzea hautaproben bitartez, zerbitzu eman dezaten euskarako itzulpeneko teknikari bezala, Legebiltzarreko beharrizanen arabera.

Hori guztia eginen da Nafarroako Parlamentuko Langileen 1991ko martxoaren 20ko Estatutuari eta Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 17.2 artikulua garatzeko 1994ko ekainaren 21eko Erregelamenduari jarraituz.

Nafarroako Parlamentuko Administrazioaren Antolamenduari buruzko Erregelamenduko 24.3 artikuluak xedatuaren arabera, itzultzaileek Parlamentuko organoetako bilkuretan nahiz itzulpena egin beharreko ekitaldietan euskaraz egindako mintzaldien aldibereko itzulpena eginen dute, eta orobat itzuliko dituzte, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara, Parlamentuko organoek agindutako testuak eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialaren euskarazko argitalpenean agertu beharrekoak diren testuak; halaber, interprete-lana ere eginen dute, beren titulazioarekin bat eska dakizkiekeen bestelako lanez gain.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Parlamentuko jarduneko funtzionario izatea, eta bete nahi den lanpostuaren maila berekoa edo baxuagokoa.

b) Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo gradua edo horiek lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edukitzea eskabide-aurkezpenaren epea bukatzen den egunean.

c) Nafarroako Gobernuak jaulkitako Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki aitorturiko titulazio baliokide bat edukitzea.

2.2. Ulertuko da aurreko baldintza horiek eskabide-aurkezpenaren epea amaitzen den egunean bete beharrekoak direla, eta betetze horrek hautaprozeduran zehar iraun beharko du, izendatze-unera arte.

3. oinarria.–Hautaprozesua.

Aurreikusten da hautaprobak 2022ko bigarren hiruhilekoan hastea, eta erabaki honen bidez onetsitako bi deialdien arau amankomunek xedatuari jarraikiz eginen dira.

4. oinarria.–Lanposturako deia eta zerrendaren indarraldia.

Lanposturako deia eginen da Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko Langileen Estatutuko 17.2 artikulua garatzeko Erregelamenduan eta oinarri honetan ezarritako irizpideei jarraituz.

–Beharrizanak sortu ahala eginen zaie dei izangaiei, zerrendako lehentasun-hurrenkera errespetatuz.

–Prestakuntzagatiko zerbitzu berezietako egoerak hiru urte iraunen du gehienez. Epe hori aldi bakarrean edo aldi laburragoetan zatikaturik bete ahalko da. Epe hori amaituta, gehienez beste bi urtez luzatzen ahalko da egoera -etapa partzialetan edo modu jarraituan-, baldin eta prestakuntza-aldian parte hartu nahi duen beste funtzionariorik ez badago.

–Baldin eta zerbitzu berezietako aldi bakoitzaren iraupena laburragoa bada ezarritako gehieneko epea baino, aldia amaitzean izangaia zerrendako lehen tokian egonen da harik eta epe hori bukatzen duen arte, salbu eta egoera hori bera duen beste izangai bat badago, hurrenkeran lehentasuna duena.

–Prestakuntzarako izendapenari edo, prestakuntza-aldian zehar, prestakuntza-jardunari uko egiten bazaio, gainerako izangaiak izanen dira deituak zerrendan ezarritako hurrenkerari jarraituz, eta prestakuntza-aldiari uko egin dion langilea zerrenda horretako azken tokira pasaturik.

II.
DEIALDIA, EUSKARAKO ITZULTZAILEEN ZERRENDA BAT EGITEKOA, ALDI BATERAKO ADMINISTRAZIO-KONTRATAZIORAKO

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez zerrenda bat egitea, Nafarroako Parlamentuko itzulpeneko teknikari gisa aldi baterako kontratatuak izateko izangaiena, Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuna emate aldera, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduan adierazten denarekin bat.

Nafarroako Parlamentuko Administrazioaren Antolamenduari buruzko Erregelamenduko 24.3 artikuluak xedatuaren arabera, itzultzaileek Parlamentuaren organoetako bilkuretan nahiz itzulpena egin beharreko ekitaldietan euskaraz egindako mintzaldien aldibereko itzulpena eginen dute, eta orobat itzuliko dituzte, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara, Parlamentuko organoek agindutako testuak eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialaren euskarazko argitalpenean agertu beharrekoak diren testuak; halaber, interprete-lana ere eginen dute, beren titulazioaren arabera eska dakizkiekeen bestelako lanez gain.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiar nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitakoak izanik langile-zirkulazio askea aurreikusten duten nazioarteko itunen aplikazio-esparruan dagoen estatu batekoa edukitzea.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulu edo gradu ofiziala edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edukitzea. Atzerrian lortutako tituluen kasuan, haien homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Nafarroako Gobernuak jaulkitako Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki aitorturiko titulazio baliokide bat edukitzea.

e) Kasuko eginkizunetan jarduteko beharrezkoa den gaitasun fisikoa eta psikikoa edukitzea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizita ez egotea, eta diziplinazko kaleratzearen xede ere ez izatea.

2.2. Ulertuko da baldintza guztiak beteta eduki beharko direla eskabide-aurkezpenerako epea bukatzen den egunean, eta baldintza-betetze horri eutsi beharko zaio hautaprozesuan zehar eta kontratazio-aldiak irauten duen bitartean.

2.3. Kontrataziorako deituak diren izangaiek beste inork ez du aurkeztu beharko betekizun horiek betetzen direla egiaztatzen duen jatorrizko dokumentazioa edo kopia konpultsatua, kasuko kontratua formalizatu baino lehen.

Behar adina justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan ez baldin bada, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira kontratatuak izan, eta haien egintza guztiak deuseztatuta geldituko dira, horrek eraginik izan gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizunean.

3. oinarria.–Hautaprozesua.

Aurreikusten da hautaprobak 2022ko bigarren hiruhilekoan hastea, eta erabaki honen bidez onetsitako bi deialdien arau amankomunek xedatuari jarraikiz eginen dira.

4. oinarria.–Lanposturako deia eta zerrendaren indarraldia.

4.1. Izangaiei Nafarroako Parlamentuan suertatzen diren beharrizanen arabera dei egin ahalko zaie, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduak xedatuari eta deialdi honetako oinarriek ezarritakoari jarraituz. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aldi baterako kontratazioak egiteari buruzko araudia osagarri gisa erabiliko da.

4.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. xedapen gehigarrian ezarritakoa, eta Nafarroako Parlamentuko Legelari Nagusiaren 59/2016 Ebazpena, 2016ko azaroaren 8koa, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako lorbidea izateari dagokionez.

4.3. Kontratuan bi hilabeteko probaldia ezarriko da. Aldi horretan zehar, alderdietako edozeinek zilegi izanen du kontratua aldebakartasunez hutsaltzea.

Ez da probaldirik ezarriko baldin, kontratu bat amaitu ondoren, izangaia lanpostu bererako berriro kontratatzen bada urtebete igaro aurretik.

Mahaiak, kasuko zerbitzuburuaren ekimenari erantzunez, jotzen duenean langile kontratatuak ez duela probaldia gainditu, bere erabakiaren berri eman beharko dio Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeari.

4.4. Izangai-zerrendako lehentasuna ariketetan lorturiko puntuazio handienaren arabera ezarriko da, 4.2 oinarrian ezarritakoa salbu.

4.5. Langileen Batzordeari aurretiaz emanen zaio irizpide horien arabera eginen diren kontratazio-proposamenen berri.

4.6. Kontratatuei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, eta bertan afiliatuak izanen dira; beraz, haien konturakoak izanen dira kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZerako atxiki beharreko zenbatekoak ere.

4.7. Aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendak sei urteko indarraldia izanen du. Baldin eta zerrendaren indarraldian lanpostu bererako beste zerrenda berririk egiten bada, zerrendarik zaharrenetako izangaiek lehentasuna izanen dute berrienetakoen aldean, zerrenda zaharrenaren indarraldia amaitzen ez den bitartean.

III.
BI DEIALDIEN ARAU AMANKOMUNAK

Lehena.–Eskabideak.

1.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari zuzendu beharko zaizkio, eta Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Navas de Tolosa kalea, 1-Iruña), edo administrazio-araudi indardunaren araberako beste erregistro batzuetan.

Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuz gero, eskabidea eta haren kopia bat aurkeztu beharko dira. Kopia zigilatu eta interesdunari itzuliko zaio, izen ematearen ziurtagiri gisa. Nafarroako Parlamentuaren erregistroaren ordutegia honakoa da: astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 17:30era, eta ostiraletan 9:00etatik 14:30era. Apirilaren 19tik 22ra, ordutegia 9:00etatik 14:30era izanen da.

1.2. Eskabidea posta bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki bidez eginen da, kasuko posta-langileak eskabideari data eta zigilua jar diezazkion, ziurtapena egin aurretik.

1.3. Eskabideak I. eranskinean agertzen den ereduari jarraitu beharko zaizkio prestakuntzarako izangaien kasuan, eta II. eranskinekoari, aldi baterako kontrataziorako izangaienean. Interesdunentzat eskuragarri egonen dira Nafarroako Parlamentuaren erregistro orokorrean nahiz Nafarroako Parlamentuaren webguneko (www.nafarroakoparlamentua.eus) “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” atalean.

1.4. Parte-hartze eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute ezarrita dauden baldintza guztiak betetzen dituztela eskabide-aurkezpenerako zehaztutako epea amaitzen den egunean.

1.5. Parte hartzeko eskabidearekin batera, aldi baterako kontrataziorako zerrendara aurkezten diren izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio-zenbakiaren edo beste identifikazio-agiri ofizial baten fotokopia aurkeztu beharko dute.

1.6. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte, bai eta, kasua bada, II.2.2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzak frogatzen dituztenenak ere. Halaber aurkeztu beharko dute zinpeko edo hitzematezko aitorpena, beren jatorrizko herrialdean funtzio publikorako sarbidea eragozten dien inolako diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izatearena.

1.7. Desgaitasun aitortua duten izangaiek zilegi izanen dute balizko denbora- edo baliabide-egokitzapenak eskatzea horiek beharrezkoak dituzten ariketarako. Kasu horretan, horren berri eman beharko dute eskabidean, aparteko orri batean adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zein diren eskatzen dituzten egokitzapenak, eta legezko desgaitu-izaera frogatu beharko dute, organo eskudunak jaulkitako dokumentuaren kopia bat atxikiz.

Bigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena.–Izangaiak onartzea. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda jendaurreratuko du, Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean eta www.nafarroakoparlamentua.eus webguneko “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” atalean. Izangai bazterturik ez badago, izangai onartuen zerrenda zuzen-zuzenean behin betiko gisa onetsiko da.

3.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean zehar, interesdunek erreklamazioak egin ahalko dituzte, edo beren eskabideko akatsak zuzendu. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da www.nafarroakoparlamentua.eus webguneko “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” izeneko atalean, bai eta Parlamentuko iragarki-oholean ere.

3.3. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu egiten zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztenik. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan ondorioztatzen bada ez dutela eskaturiko baldintzetakoren bat betetzen, galdu eginen dituzte deialdian parte hartzetik erator lekizkiekeen eskubide guztiak.

3.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Kalifikazio-epaimahaia.

4.1. Epaimahai kalifikatzailea honako kide hauek osatuko dute:

Presidente: Maiorga Ramirez Erro jauna, Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria.

Ordezkoa: Inmaculada Jurío Macaya andrea, Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea.

Epaimahaikidea: Xabier Aristeguieta Oquiñena jauna, Nafarroako Parlamentuko itzultzailea.

Ordezkoa: Mikel Iriarte Cilveti jauna, Nafarroako Parlamentuko Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: Fernando Rey Escalera jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskararako Atal Teknikoko burua.

Ordezkoa: Susana Preboste Iraizoz andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintzarako Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak proposatuta izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen Batzordeak proposatuta izendatu beharrekoa.

Idazkaria: Silvia Doménech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.

Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma andrea, Kontuen Ganberako legelaria.

4.2. Baldin eta, abstentziorako eta errefuserako arrazoi zuzenbidezkoak aplikatuz, epaimahaiaren osaera aldatuko balitz, aldaketa hori publikoki jakinaraziko litzateke izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzearekin batera.

4.3. Epaimahaia hautaproben aurretik eratu beharko da. Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatutako ordezkarien izendapena izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzearekin batera eginen da.

4.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez bere kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketa eta jarduna baliodunak izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertaratuta egon beharko dute.

4.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

4.6. Epaimahaiak zilegi izanen du probarako aholkulari espezialistak bereganatzea. Aholkulari horiek lankidetzan ariko dira epaimahaiarekin, beren espezialitate teknikoetan jardutera mugaturik.

Bosgarrena.–Hautaprozesuaren bilakaera eta balorazioa.

5.1. Epaimahaiak gutxienez ere hiru egun balioduneko aurredenboraz iragarriko du ariketak zein datatan eginen diren, Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean horren berri emanez.

Antolaketa-arrazoiengatik eta izangai-kopuruaren arabera, zilegi izanen da bigarren ariketa egiteko ordu desberdinak ezartzea, hartarako deian. Zertzelada hori kasuko iragarkiaren bidez jakinaraziko da.

5.2. Hautaproben fasea bi kanporatze-ariketak osatuko dute, zeinak egun ezberdinetan eginen baitira, eta honela gauzatuko da:

a) Lehen ariketa: Idatzizko itzulpena. Gehieneko puntuazioa: 50 puntu.

Bi probaz osatua, egun berean bata bestearen ondoren egitekoak.

1. proba. Epaimahaiak ezarritako testuak gaztelaniatik euskarara itzultzea, gehienez ere bi orduan. Gehieneko puntuazioa: 25 puntu.

2. proba. Epaimahaiak ezarritako testuak euskaratik gaztelaniara itzultzea, gehienez ere bi orduan. Gehieneko puntuazioa: 25 puntu.

Ariketa hau ordenagailudun ikasgela batean eginen da, testu-tratamenduko programa bat erabiliz (zuzentzaile ortografikorik gabekoa), eta Interneterako sarbiderik gabe. Izangaiek zilegi izanen dute beraiek ekarritako hiztegi bat erabiltzea, euskarri inprimatukoa.

Ariketa gainditzeko, probetako bakoitzean puntuen % 50 lortu beharko da.

Ariketa honetan plika itxien sistema aplikatuko da. Plikak ekitaldi publikoan irekiko dira, eta ekitaldi hori gutxienez hogeita lau ordu lehenago iragarriko da Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean.

Ariketa hau gainditu duten pertsonen zerrenda jendaurrean ipini ondoren, bost egun balioduneko alegazio-epea hasiko da.

b) Bigarren ariketa: Euskarazko mintzaldi parlamentario bat aldi berean itzultzea gaztelaniara. Gehieneko puntuazioa: 30 puntu.

Ariketa hau Nafarroako Parlamentuko itzulpen-kabinetako batean eginen da, audio artxibo batean grabaturiko mintzaldi parlamentario bat oinarri hartuta. Ariketa hau gainditzeko, gehieneko puntuazioaren ehuneko berrogeita hamar lortu beharko da.

Ariketaren audio-grabazioa eginen da, zuzenketarako.

5.3. Epaimahaiak Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta www.nafarroakoparlamentua.eus webguneko “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” atalean argitaratuko ditu ariketetan lortu diren emaitzak.

5.4. Izangaien puntuazio osoa lehenengo eta bigarren ariketetan lortutako puntuazioen batura izanen da. Gainditzeko, proba bakoitzean eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu beharra dago.

5.5. Ariketa bakoitzerako deialdia dei bakarraren bitartezkoa izanen da, eta ariketak egun desberdinetan eginen dira. Bi ariketa horietara, izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak askiesten duen beste identifikazio-dokumentu ofizial bat eraman beharko dute. Bertaratzen ez diren izangaiak deialditik kanpo geratuko dira.

5.6. Proba egiteko, posible diren denbora- eta baliabide-egokitzapenak eginen dira desgaitasunen bat duten pertsonentzat, beren eskabidean horietarako nahia adierazi badute, eta azaldu dutenaren arabera.

Seigarrena.–Gainditzaileen zerrenda eta agiri-aurkezpena.

6.1. Bi ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak gainditzaileen zerrendak eginen ditu, puntuaziorik handienetik txikienerako hurrenkeran antolatuak, eta Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean argitaratuko dira.

6.2. Izangaien artean gerta litezkeen puntuazio-berdinketak ebazteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Prestakuntzarako deialdia: aintzat hartuko da nork duen antzinatasunik handiena eskaerak aurkezteko epearen azken egunean. Horrela ere berdinketak bere horretan baldin badirau, zozketa bidez ebatziko da.

b) Aldi baterako kontrataziorako deialdia: berdinketak ebazteko, irizpide hauek hartuko dira aintzat, aipatzen diren hurrenkeran: lehen ariketan lortutako puntuazioa eta bigarren ariketan lortutako puntuazioa. Horrela ere berdinketak bere horretan badirau, zozketa bidez ebatziko da.

6.3. Prestakuntzan aritzeko edo, kasuko administrazio-kontratua tarteko, euskarako itzultzaile-lanpostuan aldi baterako jarduteko zerbitzu berezien administrazio-egoeran daudelako adierazpena lortzeko, gainditu duten izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, deia edo kontratazioa jakinarazten zaienetik hamar egun naturaleko epean:

a) Prestakuntza-zerrendako funtzionarioek:

–Deialdian baldintza gisa ezarritako titulu akademikoaren eta euskarako titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia (haien konpultsa egin ahal izateko, jatorrizkoekin batera aurkeztu beharko dira).

b) Aldi baterako kontrataziorako zerrendan gainditu dutenak:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

–Deialdian baldintza gisa ezarritako titulu akademikoaren eta euskarako titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia (haien konpultsa egin ahal izateko, jatorrizkoekin batera aurkeztu beharko dira).

Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztea ezinezkoa gertatzen dela behar bezala frogatzen denean, zuzenbidean onarturiko edozein frogabide erabiliz frogatu ahalko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla.

6.4. Deialdien oinarrietan ezarritakoari jarraituz eginen zaie deia kasuko zerrendak osatzen dituzten izangaiei, betiere errespetatuz prestakuntzan aritzekoak diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aurretik deituak izateko duten lehentasuna.

Zazpigarrena.–Errekurtsoak.

7.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta berari buruz Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

7.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak edo kalifikazio-epaimahaiak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituzten gainerako egintzen aurka, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. Eranskina.–Prestakuntza-zerrendarako eskabide-eredua.

II. Eranskina.–Aldi baterako kontratazioaren zerrendarako eskabide-eredua.

Deskargatu I. eta II. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2205514