78. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

2/2022 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, apirilaren 13koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, balio erantsiaren gaineko zergari buruz eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruz hartutako zenbait neurriren indarraldia luzatzen duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, aipatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga eta balio erantsiaren gaineko zerga ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une oro indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta ordainketak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.

Estatuaren esparruan, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzen dituenak, sektore elektrikorako zenbait tributu-neurriren indarraldia luzatu du, 2022ko apirilaren 30ean bukatzen baitzen.

Zehazki, 2022ko ekainaren 30era arte luzatzen da energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren etendura, eta data horretara arte mantentzen da balio erantsiaren gaineko zergaren tasa murriztuaren aplikazioa (%10ekoa). Tasa hori faktura elektrikoaren osagai guztiei aplikatuko zaie, 10 kW-eko potentzia finkoa gainditzen ez duten kontratuetan, fakturazio hilabetearen aurreko hilabetean handizkako merkatuaren hileko batez besteko prezioa 45 €/ MWh-tik gorakoa denean. Tasa hori aplikatuko zaie, orobat, elektrizitatearen hornidura-kontratu baten titularrak izanik, bono sozialaren onuradun direnentzat egiten diren hornidurei, baldin eta, horrez gainera, pertsona ahul larriaren izaera edo gizarte bazterketan gelditzeko arriskuan dagoen pertsona ahul larriaren izaera ere aitortua badute, kontuan hartu gabe handizkako merkatuan elektrizitateak duen prezioa.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldi baterako eteteari buruzko neurriak eta, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, ehuneko 10eko tasa murriztua aplikatzeari buruzko neurriak –betiere 2022ko apirilaren 30era arte eta elektrizitate-hornidura jakin batzuetarako– Tributu Harmonizazioari buruzko otsailaren 2ko 1/2022 Legegintzako Foru Dekretuan arautzen dira, horren bidez aldatu baitziren balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga.

Horregatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergei dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berberak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko apirilaren hamahiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Tributu neurri batzuen indarraldia luzatzea.

2022ko ekainaren 30era arte luzatzen da Tributu Harmonizazioari buruzko uztailaren 14ko 3/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren 1. artikuluan aurreikusitako neurria, hots, Europar Batasunaren barruan egiten diren energia elektrikoaren entrega, inportazio eta eskurapenetan balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 10eko tasa aplikatzekoa (legegintzako foru dekretu horren bidez balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen dira).

2. artikulua. Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuak zehaztea 2022ko zergaldirako.

2022ko zergaldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria hau izanen da: energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko guztizko zenbatekoa, hura zentraleko barretan neurtua, kenduta lehenengo bi hiruhileko naturaletan sisteman sartutako elektrizitatearengatik jasotako ordainsariak.

2022ko lehenengo bi hiruhilekoei dagozkien ordainketa zatikatuak kalkulatzeko, epe horretan ekoiztutako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioa zero eurokoa izanen da, betiere energia hori zentraleko barretan neurtuta.

Hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan, ordainketa zatikatuak kalkulatuko dira zergaldiaren hasieratik urteko bederatzi edo hamabi hilabetera bitarte (hurrenez hurren) ekoiztutako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioaren arabera, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta lehenengo bi hiruhileko naturaletan sisteman sartutako elektrizitateagatik jasotako ordainsariak, aplikatuta Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituen martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen 1. artikuluaren 8. apartatuan aurreikusitako zerga-tasa, eta kenduta aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022ko martxoaren 31tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko apirilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2205504