77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko apirilaren 6an hartua, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboetako pentsioak eguneratzen dituena 2022. urterako.

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen duenez, pentsioen zenbatekoa urtero eguneratuko da, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legean ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezartzen den portzentajean.

2022. urterako, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 10. artikuluak ezartzen du: “2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboetako pentsioek, indarreko araudiaren arabera eguneratzeko eskubidea dutenek, pentsio publikoek urte horretan duten igoera bera izanen dute”. Badira alargun eta umezurtz pentsio batzuk lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera finkatzen direnak, beren aplikazio araudian hala ezarrita dagoelako. Pentsio horiei ez zaie aipatutako igoera aplikatuko.

Ildo horretatik, pentsio publikoen 2022rako goititzea ezartzen du urtarrilaren 25eko 65/2022 Errege Dekretuak, zeinaren bidez eguneratzen baitira, 2022ko ekitaldirako, Gizarte Segurantzaren sistemako pentsioak, klase pasiboetako pentsioak eta beste gizarte prestazio publiko batzuk (2022ko 22. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 26koan). Igoera hori aplikatuko zaie bai ezintasun iraunkorragatiko pentsioei, bai erretiro, alargun, umezurtz eta familiakoen aldeko pentsioei, baldin eta 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen sortu badira eta beste pentsiorik jasotzen ez bada. Errege dekretu horretan xedatzen denez, pentsio horiek %2,5 igoko dira, horixe izan baita kontsumoko prezioen indizearen urte arteko aldaketa tasaren batez besteko balioa, ehunekoetan adierazita, 2020ko abendutik 2021eko azarora arteko hilabeteetan.

Eguneratze hori aplikatuko zaio dagokion pentsioak 2021eko abenduaren 31n duen hileko zenbatekoari, hurrengo paragrafoan aipatzen den kontsumoko prezioen indizearen desbideratzea aplikatu ondoren.

Kontsumoko prezioen indizearen desbideratze horri dagokionez, eta bete dadin aipatutako urtarrilaren 25eko 65/2022 Errege Dekretuaren lehen eta bigarren xedapen gehigarrietan xedatutakoa (2021eko ekitaldian pentsioen erosteko ahalmenari eusteari buruzkoak dira xedapen gehigarri horiek), kalkulatu egin da zer alde dagoen Nafarroako administrazio publikoen montepioetako pentsiodunek 2021ean jaso duten pentsioaren eta jaso beharko luketenaren artean, baldin 2020ko abenduaren 31n indarrean zegoen pentsioaren zenbatekoari aplikatu izan balitzaio ez %0,9ko goititzea baizik eta %2,5ekoa, horixe izan delako kontsumoko prezioen indizeak izan duen batez besteko igoera 2020ko abendutik 2021eko azarora bitarteko hilabeteetan. Kantitate hori ordainketa bakar batean jasoko dute, esan bezala, honako hauek:

a) Pentsioa 2021eko urtarrilaren 1aren aurretik sortua eta goititua duten pentsiodunek, non eta ez diren lanbide arteko gutxieneko soldataren menpeko alargun eta umezurtz pentsioak.

b) 2021ean sortutako pentsioak dituzten pentsiodunek, baldin hilean 2.707,49 euroko zenbatekora mugatuta badaude.

c) 2021ean sortutako pentsioak dituzten pentsiodunek, baldin eta pentsio horiek zehazteko kontuan hartu badira funtzionarioen eskubide pasiboen gain eragina duten ordainsarien kontzeptuak, direla Nafarroako Foru Diputazioaren Erretiro eta Pentsioen Kutxako funtzionarioak, direla martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeari atxiki gabeko Nafarroako udal funtzionarioen montepioetakoak.

Gutxieneko alargun pentsioen zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta dago Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean, bat etorriz otsailaren 22ko 152/2022 Errege Dekretuan xedatutakoarekin (errege dekretu horren bidez lanbide arteko gutxieneko soldata zehaztu zen 2022rako). Pentsio horiek 14.000,00 eurokoak izanen dira, 2022. urtean (1.000,00 euro hilabeteko). Zenbateko bera aplikatuko zaie umezurtz pentsioei; batetik, 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistemakoak direnean, baldin haien onuradunak aitarik eta amarik ez duten umezurtzak badira; eta, bestetik, funtzionarioen eskubide pasiboen araubidearen babesean emandakoak direnean, baldin funtzionarioak 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita badaude. Salbuespen bakarrak dira aurreikusten direnak 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan.

Bestalde, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 11. artikuluko 3. apartatuko a) letran zehazten denez, 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita dauden funtzionarioen eskubide pasiboen araubideari dagokionez, “eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak 2022. urteari dagozkionak izanen dira, hau da, sortzen direnak 1983. urtekoei geroko aurrekontuei buruzko foru legeek finkatutako igoerak aplikatu ondoren”.

Bukatzeko, Foru Diputazioaren 1981eko azaroaren 16ko Erabakian aurreikusitako araubide juridikoari atxikita dauden udaleko osasun arloko funtzionarioei dagokienez, horren 7. artikuluak xedatzen du arauan ezarritako ordainsariak urtero eguneratuko direla Foru Diputazioak aurrerantzean ezartzen dituen bezala, udaleko gainerako funtzionarioen araubide orokorraren barnean. Erabaki horren bidez Nafarroako osasun arloko funtzionario titularren ordainsariak erregulatzeko araua onetsi zen.

Horrenbestez, bidezkoa da ordainketa bakarra egin dadin agintzea, bermatzeko pentsioen erosteko ahalmenari eutsi zaiola 2021eko ekitaldian, eta zehaztea bai pentsioen 2022rako eguneratzea bai erretiroko, alarguntzako eta zurztasuneko gutxieneko pentsioen zenbatekoa. Era berean, bidezkoa da pentsioak eguneratzea eta erretiroko, alarguntzako eta zurztasuneko gutxieneko pentsioen zenbatekoak zehaztea, bai eta eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak ere, behin aplikatu ondoren 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legeak 2022. urtean sortzen diren erretiro eta pentsioetarako finkatzen duen igoera, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemaren babesean dauden funtzionarioen eskubide pasiboen araubidean. Izan ere, lege horren bidez, eskubide pasiboen araubide iragankor bat ezarri zen Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioentzat. Azkenik, bidezkoa da eguneratzea osasun arloko udal langileen eskubide pasiboak kalkulatzeko kontuan hartu behar diren ordainsari kontzeptuak, funtzionarioak atxikita daudenean 1981eko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako araubide juridikoari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Agintzea ordain dakien, jarraian adieraziko diren Nafarroako administrazio publikoen montepioetako pentsiodunei, bi hauen arteko aldea: batetik, 2021ean jaso zuten pentsioa, eta, bestetik, jaso beharko luketena baldin % 2,5ko igoera aplikatu izan balitzaio 2020ko abenduaren 31n indarrean zegoen pentsioaren zenbatekoari, ehuneko hori baita kontsumoko prezioen indizeak 2020ko abendutik 2021eko azarora bitarteko hilabeteetan izan duen batez besteko igoera. Hauei ordainduko zaie:

a) Pentsioa 2021eko urtarrilaren 1aren aurretik sortua eta goititua duten pentsiodunei, non eta ez diren lanbide arteko gutxieneko soldataren menpeko alargun eta umezurtz pentsioak.

b) 2021ean sortutako pentsioak dituzten pentsiodunei, baldin hilean 2.707,49 euroko zenbatekora mugatuta badaude.

c) 2021ean sortutako pentsioak dituzten pentsiodunei, baldin eta, pentsio horiek zehazteko, kontuan hartu badira funtzionarioen eskubide pasiboen gain eragina duten ordainsarien kontzeptuak, direla Nafarroako Foru Diputazioaren Erretiro eta Pentsioen Kutxakoak, direla martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeari atxiki gabeko Nafarroako udal funtzionarioen montepioetakoak.

2. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboetako pentsioek, gaurkotzeko eskubidea dutenek, %2,5eko goititzea izanen dute, horixe izan baita kontsumoko prezioen indizearen urte arteko aldaketa tasaren batez besteko balioa, ehunekoetan adierazita, 2020ko abendutik 2021eko azarora arteko hilabeteetan.

Dagokion pentsioak 2021eko abenduaren 31n duen hileko zenbatekoari aplikatuko zaio eguneratzea, kontsumoko prezioen indizearen desbideratzea aplikatu ondoren.

3. Eguneratze hori ez zaie aplikatuko jadanik aitortuak dauden edo etorkizunean aitortuko diren pentsioei, baldin eta berek bakarrik nahiz onuradun berak jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuekin batera, pentsio publikoetarako ezarritako urteko gehieneko zenbatekoa gainditzen badute, hau da, 39.468,52 euro 2022. urtean.

4. Nafarroako administrazio publikoen montepioetako gutxieneko erretiro pentsioa, indarreko araudiaren arabera gaurkotzeko eskubidea duena, 16.010,40 eurokoa izanen da 2022. urtean, urte osoko kopurua harturik.

5. Gutxieneko alargun pentsioak eta umezurtz pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzen dira 2022rako; hortaz, 14.000,00 eurokoak izanen dira urte osoko kopurua harturik. Salbuespena da, umezurtz pentsioei dagokienez, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan ezarritakoa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarrita dagoen eskubide pasiboen sistemako umezurtz pentsioei ere aplikatuko zaie, baldin onuradunak aitarik eta amarik ez duten umezurtzak badira. Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoa da foru lege hori.

Seigarrena. Martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako langile funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoaren, babesetik aparte dauden eta Nafarroako Foru Diputazioko Erretiro eta Pentsio Kutxan eta Nafarroako udal funtzionarioen montepioetan sartuta dauden funtzionarioei dagokienez, haien eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak honako hauek izanen dira 2022. urterako:

MAILA

SOLDATA

BIZITZA GAR. PLUSA

1

14.310,55

10.568,59

2

11.772,55

10.026,49

3

10.480,13

9.750,83

4

9.960,99

9.640,38

5

9.523,21

9.547,13

6

9.119,92

9.460,78

7

8.737,66

9.595,97

8

8.471,24

9.895,08

9

8.085,55

9.812,60

10

7.858,47

9.584,50

11

7.654,03

9.464,94

12

7.214,96

9.205,71

13

6.915,57

9.058,94

14

6.369,37

8.780,22

15

5.866,39

8.378,24

16

5.559,65

8.197,62

17

5.052,69

8.017,36

7. 1981eko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako araubide juridikoari loturiko osasun arloko udal langileen eskubide pasiboak kalkulatzeko kontuan izan behar diren ordainketa kontzeptuak ondoko hauek dira 2022. urterako, ezertan galarazi gabe Nafarroako Osasun Eskualdeei buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legearen laugarren xedapen iragankorrean dauden kasuetarako aplikagarri gerta daitezkeen gainerako kontzeptuak:

a) Medikuak, farmazialariak eta albaitariak:

SOLDATA

FAKULTATIBOAREN LANPOSTUA

8.941,46

5.843,45

b) Osasun laguntzaile teknikoak:

SOLDATA

FAKULTATIBOAREN LANPOSTUA

5.167,81

4.675,13

8. Erabaki honek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

9. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen eta Prestazio Sozialen Zerbitzura.

Iruñean, 2022ko apirilaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2205107