77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

117/2022 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan ikasturtea hasi ondoren eskolatu diren eta egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena 2021-2022 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 619402.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluak administrazio publikoei agintzen die behar diren prebentzio eta konpentsazio jarduketak ziurtatu behar dituztela gizarte, hezkuntza eta kultura aldetik zaurgarritasun egoeran dauden haur guztiak eskolatzeko baldintza egokienak bermatzeko, haien hezkuntza eta gizarte garapenik handiena sustatzeko, eta, hartara, hezkuntza inklusiboa izateko aukera izan dezaten, gainerakoen baldintza beretan. Konpentsazio politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, modu horretan saihesteko faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desparekotasunak.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduak 36. artikuluan ezartzen du ezen, berdintasuna bermatzeko eta desorekak konpentsatzeko, deialdiak eta laguntzak izanen direla urtero, bai jantokirako, bai eskola materialerako, bai prestakuntza jardueretarako eta jarduera osagarrietarako.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 4ko 46/2021 Foru Aginduaren III. kapituluko 42. artikuluan ezarrita dago ikasturtea hasi ondoren eskolatzen diren ikasleak onartzeko eskaeretarako epea.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren irailaren 21eko 398/2021 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleentzako laguntzen deialdiaren oinarriak onetsi ziren 2021-2022 ikasturterako. Laguntza-eskaera horiek aurkezteko epea 2021eko azaroaren 11n bukatu zen. Egokitzat jotzen da beste deialdi bat onestea data horren ondotik eskolatu diren ikasleentzat, haien premiei erantzuteko.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatu du deialdi horren oinarriak onestea, helburua duena laguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan ikasturtea hasi ondoren eskolatu diren eta egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei, 2021-2022 ikasturterako.

Erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan ikasturtea hasi ondoren eskolatu diren eta egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzak emateko deialdi publikoaren oinarriak onestea, 2021-2022 ikasturterako. Oinarri horiek I. eranskinean jaso dira.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoak diruz laguntzeko 37.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuan “Ikastetxe itunduentzako laguntzak immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako” izena duen 420004-42700-4809-322403 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasuna Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2022ko apirilaren 4an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan ikasturtea hasi ondoren eskolatu diren eta egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak 2021-2022 ikasturterako

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak esleitzea ikasturtea hasi ondoren eskolatu diren eta egoera sozioekonomiko ahulean dauden Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan eskolatu badira 2021eko azaroaren 11tik aurrera eta eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

2.–Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzaren zenbateko osoa 37.000 eurokoa da, eta 2022ko gastuen aurrekontuko “Ikastetxe itunduentzako laguntzak immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako” izeneko 420004-42700-4809-322403 partidaren kargura ordainduko da.

Ematen diren baliabide ekonomikoak egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko erabiliko dira.

2.2. 2021-2022 ikasturtean, ikastetxeek egiten dituzten gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, baldin eta ikasleak ikasturtea hasi ondoren eskolatzen direnetik (betiere 2021eko azaroaren 11tik aurrera) 2022ko ekainaren 30era arte egiten badira:

a) Langileen ekipamendua eta eskolako materiala.

b) Eskolako ateraldiak eta beste jarduera osagarri batzuk.

c) Eskolako jantokiaren zerbitzua.

Baliabide ekonomiko horien azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta ikastetxea gastua egiteaz arduratuko da, ikasleen beharren arabera.

2.3. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ikastetxe bakoitzean baldintzak betetzen dituzten ikasleen kopurua eta dirulaguntzaren gehieneko zenbateko osoa.

3.–Dokumentazioa.

Curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek, deialdi honen 1. oinarrian adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatuak dituztenek, eskabide orokor bat aurkeztu beharko dute, honako agiri hauek atxikirik:

a) II. eranskina, behar bezala betea. Ikasleen eskolatze-datak Eskolatze Bulegoan egiaztatuko dira.

b) III. eranskina. Kasuan kasuko gizarte zerbitzuen txostena, dirulaguntzaren xede diren ikasleen egoera sozioekonomiko ahula egiaztatzen duena. Ikasleak egoera sozioekonomiko ahulekotzat joko dira baldin eta beren familiek laguntzaren bat jaso badute 2020ko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera arte.

Hezkuntza Departamentuak emanen dituen egoera sozioekonomiko ahuleko ikasleentzako laguntzen eskaerak ikastetxeen bitartez baizik ez dira eginen. Horiek dirulaguntzaren xede diren ikasleen premia ekonomikoari buruzko txostenak eskatuko dizkiete kasuan kasuko udaleko gizarte zerbitzuei; aldez aurretik, ikasleen legezko ordezkarien baimena izan beharko dute datuak lagatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

4.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak, 3. oinarrian adierazten den dokumentazioarekin batera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta 10 egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduak, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez araututako Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

5.–Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

5.1. Instrukzioa egiteko organo arduraduna Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

5.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta horiek aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, dirulaguntzak behin-behinekoz ematea onetsiko du ebazpen bidez, eta hartan hamar egun balioduneko epea ezarriko da egoki jotzen diren alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko, edo eskatutako dokumentazioa zuzentzeko. Dirulaguntzak behin-behinekoz emateko ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da jakinarazpen ondorioetarako.

Instrukzio organoak erreklamazioak eta/edo zuzenketak ebatzi ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntzak behin betiko ematea.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

6.–Gastuen justifikazioa.

Emandako laguntza justifikatzeko, ikastetxeek 2022ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte ikasturtea hasi ondoren eskolatu diren ikasleak eskolatzen direnetik (betiere 2021eko azaroaren 11tik aurrera) 2022ko ekainaren 30era arte egindako gastuei dagozkien fakturak eta ordainketen frogagiriak, bai eta IV. eta V. eranskinak ere (Excel formatuan).

Ikastetxeek Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari igorri beharko diote justifikazio hori, Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

7.–Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ordainduko da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, 2022ko irailetik aurrera eginen den ordainketa bakar batean; aurretik, 2022ko uztailaren 31 baino lehen, egindako gastuen fakturak eta ordainketen frogagiriak aurkeztu beharko dira.

Ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaizkie, informazioaren ondorioetarako.

8.–Ikastetxeen betebeharrak.

Curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Deialdiaren oinarri hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

2. Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

3. Ikasle onuradunaren familiari laguntzaren jatorria eta xedea jakinaraztea.

9.–Ez-betetzeak.

Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

10.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bai eta haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta biharamunetik hasita.

11.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. eranskina.–Egoera sozioekonomiko ahulean izanda, laguntza ekonomikoa behar duten ikasleak.

III. eranskina.–Kasuan kasuko gizarte zerbitzuen txostena, ikasle eskatzaileen familiek duten egoera sozioekonomiko ahula egiaztatzen duena.

IV. eranskina.–Gastuen justifikazioa.

V. eranskina.–Ikasle bakoitzeko gastuen justifikazio osoa.

Deskargatu II. etik V.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2205056