77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEITZA

Ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Leitzako Udalak, 2021eko azaroaren 30eko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2022ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 18an.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betikoz onetsita gelditu da aipatu ordenantza, ondoren ematen baita; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.

Leitzan, 2022ko martxoaren 23an.–Alkatea, Mikel Zabaleta Aramendia.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAN TERRAZAK ETA OSTALARITZARI ZEIN MERKATARITZARI LOTURIKO BESTELAKO ELEMENTUAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal mugartean dauden jabari publikoko edo pribatuko lurren aprobetxamenduaren araubide juridikoa ezartzea, lur horiek aldi baterako okupatzen direnean, dela terrazekin dela ostalaritzako zein merkataritzako establezimenduen jardueren osagarri diren bestelako elementuekin.

2. artikulua. Eremua.

Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatuko zaie (karrika, plaza, barneko patio, espazio libre, berdegune eta abarrei), titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan. Erabilera publikoa dutela erabakiko da bai izatezko egoerari begira bai indarreko planeamenduko determinazioen aplikazioari begira.

3. artikulua. Definizioak.

Terrazaren kontzeptuaren barnean mota askotakoak sar daitezke udalerriaren paisaian ikus daitekeenez, hala nola mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak, edo bakarrik upel eta tabureteez osatuak. Ordenantza honen ondorioetarako, zenbait elementu bereizgarri hartzen dira aintzat:

–Mahaiak, aulkiak eta bankuak, upelak eta tabureteak: kontzeptu horretan sartzen dira establezimenduak, ostalaritzako jardueran diharduela, bezeroen esku uzten dituen elementu eramangarri guztiak, dela esertzeko dela kontsumizioak gainean jartzeko. Haien arteko desberdintasunak egitekoan ikusi behar da eserlekuak pertsona bakarrak erabiltzekoak (aulkiak eta tabureteak) edo gehiagok baliatzekoak (bankuak) izaten ahal direla, eta zutik erabiltzeko (upelak eta tabureteak) edo eserita baliatzeko diseinatuak (mahaiak, aulkiak eta bankuak).

–Babesteko elementuak eta haize-babesak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazak hartutako eremua mugatzeko eta perimetroan kokaturiko mahaiak babesteko diren elementuak, establezimendukoek ekipamendu horiek beren kabuz eraman baditzakete eta ordenantza honetan haientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

–Apaingarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz eraman daitezkeen elementuak, eremu publikoan ostalaritzako edo merkataritzako establezimendu baten ondoan ezar daitezkeenak, baldintza estetikoak hobetzeko edo establezimenduak eskaintzen dituen produktuak handik igarotzen diren pertsonei ikusarazteko; halakotzat joko dira loreontziak, dekorazioko irudiak etab., eta horien tankerako beste elementu batzuk.

–Eguzki-babesak edo eguzkitakoak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko elementu guztiak; batzuk eramangarriak dira (eguzkitakoak) eta beste batzuek egitura autosostengatzailea eta desmuntagarria dute (eguzki-babesak). Babes-elementua terrazak hartzen duen eremua estaltzeko adina hedatzen ahalko da, ez gehiago, eta ez du alboetako babes-elementurik izanen.

–Eguzki-oihalak: terraza instalazio guztietan paratzen ahalko dira dagokien eraikinaren fatxadan lotutako eguzki-oihal hedagarriak, terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko, betiere horizontalki hedatzen badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak ez bezalakoak dira, azken horiek ezin direlako inola ere eraikinaren fatxadan lotu.

–Berogailuak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazak hartzen duen eremua berotzeko diren elementu guztiak; bai berogailu eramangarri autonomoak bai fatxadari erantsita egonik hornidura elektrikoaren instalazio finkoa behar dutenak.

–Galtzadetako gehigarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz desmunta daitezkeen elementuak, espaloi bat handitzen laguntzen dutenak, terraza bat errazago jartzeko haien gainean eta pertsonen mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko.

4. artikulua. Baimenak.

1. Halako instalazioak ezarri baino lehen udal baimena eskuratu beharko da ordenantza honetan eta sektoreko araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiz.

2. Terrazarako baimenaren agiria eta haren xehetasun planoa jarduera egiten den tokian egon beharko dira, betiere erabiltzaileek eta herritarrek garbi ikusteko gisan, eta udal agintarien eskura.

3. Organo eskudunak onetsitako baimenean honako alderdi hauek jasoko dira, gutxienez ere: baimenduriko espazioaren neurriak, funtzionamendu orduak, kokalekua, baimendutako zer elementu dauden, eta erabilera mugatzen duten baldintzak.

4. Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

5. Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, administrazio emaileak bere kabuz eta kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe kentzen ahal ditu baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.

6. Baimena emanik, ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak erabili eta konpondu beharko dira.

7. Baimenak hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira.

II. TITULUA

Instalazioen ezaugarriak

5. artikulua. Terrazen tipologia.

1. Nahiz eta terraza bat eratzen duten elementuak askotarikoak izan daitezkeen eta praktikan askotariko osaerak egon daitezkeen, ordenantza hau aplikatzeko ondorioetarako, eremu publikoan terraza bat paratzeko mota bakarra dago.

Hala, terrazatzat jotzen da jabetza edo jabari publiko zein pribatuko lur eremua, ostalaritzako jarduerekin zerikusia duen aprobetxamendua izan dezakeena bertan zenbait elementu jarriz, eta establezimenduen barnean egiten den jarduera handitu edo zabaltzeko eremu gisa erabiltzen dena. Instalazio horiek, nolanahi ere, aldi baterako izanen dira.

2. Era zabalean ulertu behar da “terraza” kontzeptua, hor hainbat tipologia sartuta (zenbait mota eta neurritako mahai eta aulkiak dituztenak, upelak eta tabureteak, elementu mugatzaileak, eguzki-oihalak dituztenak edo ez dituztenak). Edonola ere, ordenantza hau aplikatzean, bakarrik baimentzen ahalko dira ordenantza honek aipatzen dituen terraza elementuak dituzten instalazioak, eta elementu horiek Leitzako Udalean aurkeztutako baimen eskaeran agertu beharko dira eta eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

6. artikulua. Terrazetako elementuak.

1. Oro har, bakar-bakarrik honako elementu hauek eratzen ahal dituzte terrazak: mahaiak eta aulkiak, bankuak, upelak eta tabureteak, babes elementuak eta haize-babesak, apaingarriak, eguzki-babesak edo eguzkitakoak, eguzki-oihalak, berogailuak eta espaloi handitzeak.

2. Terraza eratzen duten elementuen arabera, titularrak eskaeran adieraziko du zer elementuk osatuko duten bere instalazioa, eta ez du beste elementu bat gehitzen ahalko, udal baimen osagarria lortu bitarte.

3. Salbuespenezko kasuetan, aurrekoak ez bezalako terraza elementuak paratzen ahalko dira, titularrak eskaera aurkezten badu, eta, beharrezkoa izanez gero, teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa eransten badu, hartan garbi adierazten dela elementu horren ezaugarriak eta helburua.

4. Terrazako elementu bat ere ez da zoladuran itsasten ahalko, salbuespenezko baimen berariazkoa lortzen ez bada behintzat; beraz, elementu guztiak eramangarriak edo desmuntagarriak izanen dira, kasuen arabera.

6.1 artikulua. Terrazak hartzen duen espazioa.

Terrazak eremu publikoan hartzen duen espazioa garbiro eta era iraunkorrean egonen da mugatua, zehaztuko den seinalizazio sistemaren bidez: baimendutako azalera mugatzen duen poligonoaren erpinetan jarritako pintura markak edo antzeko zerbait. Udalak eginen du mugaketa hori.

6.2 artikulua. Elementuen neurriak eta ezaugarriak.

1. Ezaugarri orokorrak:

–Elementu guztiek, batez ere azalera handienekoek, diseinu eta tratamendu bateratua izan beharko dute, ingurunera egokitutako koloreekin.

–Salbuespenik gabe, elementu bat ere ez da aterako terrazarako baimendutako eremutik.

–Udalak berariaz baimentzen dituen elementuak bakarrik finkatuko dira zoruan edo eraikinaren fatxadan, besterik ez.

–Oro har, haien ezaugarriek eta neurriek aukera emanen dute berehala kentzeko, ohiz kanpoko baliabiderik erabili gabe.

2. Elementu bakoitzaren ezaugarriak:

–Mahai eta aulkiak:

Mahaiak karratuak zein biribilak izan daitezke, eta gutxi gorabehera 80 cm-ko alboa edo diametroa dutenak. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira. Haiek egitean erabilitako materialen arabera, lurreko euskarriek gomak edo neoprenoak izanen dituzte, arrastaka eramatean egiten den zarata txikiagotzeko.

–Banku eta mahai linealak:

Salbuespenez, eta aldez aurretik eskaera arrazoitua eginik, baimena ematen ahalko da aurreko atalean deskribatutakoak baino neurri handiagoko banku eta mahaiak jartzeko. Eskaeran, elementu horien neurriak eta ezaugarriak azaldu beharko dira, eta non kokatu nahi diren.

–Upelak eta tabureteak:

Upelak eta tabureteak paratzen ahalko dira, haien pisu eta neurriengatik eramateko modukoak badira; upelek gutxi gorabehera 60 cm-ko aldea edo diametroa eta 1,20 metroko garaiera izanen dute, eta tabureteen garaiera upelari egokitutakoa izanen da. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira.

Tabureteen hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

–Babesteko elementuak eta haize-babesak:

Arau orokor gisa, zilegi izanen da babes elementuen bidez terraza mugatzea, eta haien garaiera 0,90 eta 1,80 metro artekoa izanen da. Oro har, elementu mugatzaileak erabat gardenak izanen dira, baina metro bateko altueraraino opakuak izaten ahalko dira.

Ez dira lurrean lotzen ahalko, eta haien euskarri moduan, oro har, barruko aldean jarritako kontrapisua erabiliko da, lore-aska edo antzeko zerbait, elementuaren egonkortasuna bermatzeko adinako pisua duena.

Elementu hauen gehieneko luzera eta, oro har, pisua eta neurriak egokiak izanen dira, elementuak, kendu behar direnean, prozedura arrunten bidez kendu ahal izateko, establezimenduak dituen bitartekoak erabilita.

–Eguzki-babesak eta eguzkitakoak:

Eguzkitakoak eramangarriak izanen dira eta, beraz, egitura arina eta tolesgarria izanen dute.

Eguzki-babesek egitura autosostengagarri eta desmuntagarria eduki beharko dute, beren ezaugarri eta neurriekin bat datorrena, eta, horretarako, egitura arina izanen da eta modu ez solidarioan mihiztatuta egonen da, ez da lurrean edo eraikinaren fatxadan lotzen ahalko, ezta eremu publikoko beste ezein elementutan ere, eta zilegi izanen da beheko aldean kontrapisuak jartzea, lore-askaz edo antzekoz osatuta, elementuaren egonkortasuna ziurtatzeko adinako pisuz.

Eguzki-babesen eta eguzkitakoen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa. Elementu horiek gutxienez ere 2,20 metroko altuera izanen dute beheko aldean (salbu eta berariaz justifikatzen denean ez dagoela zirkulazio zonarik espazio horretan, zeina ez baita 1,80 metro baino gutxiagokoa izanen) eta gehienez ere 3,50 metroko altuera gailurrean. Gailurra, betiere, gutxienez 0,50 metro beherago egonen da alboko fatxadako edozein baoren beheko ertza baino (non ez dagoen leiho edo balkoi horren jabearen berariazko baimena), eta elementuak ez dira ibilgailu motordunen errodadura eremuen gainetik irteten ahalko.

Elementu horiek ez dute inola ere izanen terrazarako baimenduriko eremutik irteten den elementurik.

–Eguzki-oihalak:

Oro har, edozein terraza instalaziok babesgarri hau izan dezake.

Elementu horiek eraikinaren fatxadan soilik lotzen ahalko dira, eta tolesgarriak edo bilgarriak izanen dira. Eguzki-oihala plano horizontalean edo makurtuan hedatu beharko da, debekatuta daudelarik alboko eguzki-oihal mota guztiak.

Eguzki-oihalen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa. Elementu horiek 2,20 metroko garaiera izanen dute gutxienez, garaiera hori isurkiaren beheko ertzeraino neurtuta, halakorik badute. Gehieneko garaiera 3,50 metrokoa izanen da, eta, betiere, kasuan kasuko fatxadako edozein baoren azpialdezko ertza baino 0,50 metro beheragokoa (non eta ez dagoen leiho edo balkoi horren jabearen berariazko baimena).

Gainera, eguzki-oihalek baldintza hauek beteko dituzte:

1. Ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazetan ezartzen diren eguzki-oihalek honako muga hauek izanen dituzte:

–Eguzki-oihala eratzen duten elementuetako bakar bat ere, salbuespenik gabe, ez da ateratzen ahalko terrazarako baimendutako eremutik; hau da, erabat hedatu ondoren, eguzki-oihalak espaloiaren planoan duen proiekzio horizontalak ez ditu gaindituko baimendutako eremuaren mugak.

–Eguzki-oihala elementu isolatua izan beharko da, hau da, ez du atal komunik izanen mugatzeko edo babesteko beste elementu batzuekin (bereizgarri, eguzki-babes, haize-babes edo antzekoekin), eta ez da inola ere lotuta egonen terrazako beste elementuekin.

–Berariaz debekatzen dira batzuetan terrazaren eremua mugatzeko erabiltzen diren alboko eguzki-oihalak; haien lekuan, titularrak eskatzen ahalko du babesteko elementuak edo haize-babesak paratu ahal izatea.

2. Baimendutako ordutegitik kanpo, bilduta egon beharko dute.

–Berogailuak:

Homologaturiko ereduak baizik ez dira paratzen ahalko, eta kontsumo baxukoak izanen dira; ingurumenaren jasangarritasuna txukun errespetatuz instalatuko dira.

Berogailuak eramangarriak eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira eta, hortaz, ez dira zolan tinkaturik egoten ahalko. Diseinuak (dimentsioak, pisua etab.) aukera emanen du lekuz aise aldatzeko establezimenduaren baliabideak erabiliz; arrazoi beragatik, gas-berogailuen kasuan, erregai-botila kentzen ahalko da modu independentean.

Argindarrez elikatzen diren berogailuen kasuan, hornidura elektrikoa instalatu behar denean, soilik onartuko da eraikinaren fatxadan paratzea hori, edo integratua eguzki-babesen egituran, terraza elementu horiez hornituta badago. Kasu horietan, instalazio elektrikoa diseinatuta egonen da titularrak azkar eta aise desmuntatu ahal izateko, inolaz ere ez galarazteko eguzki-babesa desmuntatzea.

Ez da inolako kable elektrikorik paratzen ahalko eremu publikoaren lurrean.

Fatxadaren ondoan oinezkoak oztoporik gabe igaro daitezen, paramentu horri finkatutako berogailuen osagai bat ere ez da egonen 2,20 metroko altueraren azpitik.

–Apaingarriak:

Apaingarriak jartzeko baimena ematen ahalko da (loreontzi-euskarriak, lore-askak edo antzekoak) merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan, establezimenduak bere jardunari lotutako terraza izan ala ez izan. Elementu hauetako mota bat bakarrik ezartzen ahalko da establezimendu bakoitzeko; publizitate mezuren bat badute, kokatzen diren establezimenduari buruzkoa izaten ahalko da bakarrik.

Betiere, 1,20 metroko pasabidea bermatu beharko da.

Establezimenduaren beraren fatxadako mugen barneko eremuan baizik ezin dira jarri, eta ezin dira okupatu aldameneko saltokietako edo atarietako eremuak.

Ez dira finkatzen ahalko lurrean edo eraikinaren fatxadan edo eremu publikoko beste edozein elementutan, eta diseinu egokia izanen dute bere kabuz egonkor izateko.

6.3 artikulua. Elementuen segurtasuna.

1. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jardueraren titularraren erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea. Horretarako, jardueraren titularraren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, non ziurtatuko baita terrazaren elementu guztiak fabrikatzailearen jarraibideen arabera instalatu direla eta hala erabiliko direla.

2. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak, eta kaltetu daitekeen beste edozein elementu, tolesten edo jasotzen ahalko dira, haizearen abiadura denean haien egileak segurtasunerako gehieneko abiaduratzat jotakoa bezalakoa edo handiagoa.

III. TITULUA

Eremu publikoaren baldintzak

7. artikulua. Terrazak jartzeko baimenaren baldintza orokorrak.

1. Eremu publikoetan terrazak eta apaingarriak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez diete traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ezta kalterik ere oinezkoen edo ibilgailuen segurtasunari.

2. Oro har, terraza non jarri nahi den, karrika horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak eta antzeko elementuak jartzeko.

Oinezkoentzako karriketan edo salbuespenezko beste kasu batzuetan, bestelako kokalekuak eta bestelako neurriak ere onartzen ahalko dira, eta alderdi horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

3. Udal agintaritzak ezarriko du zer eremutan baimentzen ahal den terrazak eta antzeko elementuak paratzea, eta eremu horiek mugatuko ditu.

4. Terrazak eta antzeko elementuak paratzeko eskabideak kasuan kasuko ezaugarri berezien arabera ebatziko dira, betiere kontuan hartuz ingurunea, begi-inpaktua, jendearen eta ibilgailuen joan-etorria, irisgarritasunaren gaineko araudia, atarietako sarbideak eta egokitzat jotzen diren gainerako inguruabar guztiak. Nolanahi ere, eremu publikoaren kalitate ona bermatu beharko da.

5. Atsedena hartzeko establezimenduak ixten diren egunetan, mahai eta aulkiak pilatu eginen dira, eta mugitzeko pisu eta bolumen handiegia ez duten elementu guztiak kenduko dira, adibidez, eguzkitakoak eta apaingarriak.

6. Astebetetik gorako oporraldietan, titularrak terraza osatzen duten elementu guztiak kendu beharko ditu eremu publikotik, salbu eta beren ezaugarriak direla-eta desmuntatze zaila dutenak edo baliabide arrunten bidez lekualdatzen ahal ez direnak.

8. artikulua. Eremu publikoan terrazak instalatzeko baldintzak.

1. Oro har, oinezkoen zirkulazioa ez galarazteko, 1,20 metroko pasabide librea utzi beharko da. Salbuespenezko eta behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik, terrazek ez dute establezimenduko fatxada-frontetik haragoko lurrik hartuko.

2. Establezimendua oso estua izateagatik terraza egokirik paratu ezin denean, salbuespenez eta udal agintariak aldez aurretik baimenduta, terraza hori alboko establezimenduetako baten fatxadaren parean jarri ahalko da. Kasu horretan, ezinbesteko baldintza izanen da establezimendu horren titularraren berariazko baimena dakarren agiria aurkeztea; udal baimena baliogabetuta geratuko da, establezimenduaren titularrak bere baimena ukatzen duen unean.

3. Arrazoiturik, udal agintaritzak baimena eman dezake galtzadetan gehigarriak jartzeko, horietan terraza instalatzeko.

Galtzada okupatzen denean, betiere egitura eramaile baten bidez eginen da, galtzadaren zoladura ondoko espaloiaren zoladurak duen maila berera igotzeko aukera ematen duena, galtzadetarako sarbidean irtengunerik eta eskailera-mailarik ez duelarik.

Galtzadan instalatutako terrazarako sarbide bakarra ondoko espaloitik eginen da; instalazioaren ezaugarriek eragotziko dute fisikoki sartzea galtzadako edo aparkatzeko eremuko edozein puntutatik. Horretarako, eta terrazan daudenek erorikorik izan ez dezaten, inguru guztian babes elementuak edo haize-babesak jarriko dira.

Instalazio guztia, beste edozein terraza bezala, erraz desmuntatzekoa izanen da eta, beraz, ez da zoladuran lotzen ahalko, eta diseinuak (neurriak, pisua etab.) aukera emanen du erraz lekualdatzeko; erraz desmuntatzeko baldintza hau terrazak izan ditzakeen elementu edo instalazio guztiei ere aplikatuko zaie.

Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, jardueraren titularraren ardura izanen da kendu beharreko elementu guztiak kentzea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

4. Nolanahi ere, Udalak kasuan kasuko berezitasunak eta inguruabarrak kontuan hartuz erabakiko ditu terrazetarako baimenen ezaugarriak.

IV. TITULUA

Funtzionamendurako baldintzak

9. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

1. Baimenen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta seguru mantendu beharko dituzte.

2. Baimenen titularrak izanen dira terrazen erabileraren arduradunak, eta eskura dituzten baliabideak erabiliko dituzte establezimenduaren erabiltzaileek bizilagunei eragozpenik ez sortzeko.

3. Higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie ordenantza honen xede diren instalazioei.

4. Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

a) Ur hornidurako eta saneamenduko harguneak.

b) Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak edo antzeko beste edozein.

c) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, mahai-futbolak edo antzeko beste edozein.

d) Irudi eta/edo soinu erreproduzigailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailuak, telebistak edo beste edozein (ekipo informatikoak, karaokeak, etab.).

5. Arau orokor gisa, debeku da honelakoak egitea:

a) Ez da deus ere zoladuran edo eraikinaren fatxadan lotzen ahalko, eguzki-oihalak eta berogailu elektrikoak izan ezik, lizentzian horretarako aukera espresuki ezartzen ez bada behintzat.

b) Establezimenduaren kanpoaldean ez da produkturik, gairik edo hondakinik gordetzen edo pilatzen ahalko, ez funtzionamendu orduetan ez bestelakoetan, bai estetikari lotutako arrazoiengatik bai higieneari dagozkion arrazoiengatik.

10. artikulua. Terrazen ordutegia.

Terrazari lotuta dagoen jarduera nagusirako baimendutako ordutegia gorabehera, terrazaren zerbitzu ordutegia 00:00 artekoa izanen da oro har, eta 01:00 artekoa ostiral, larunbat eta jaiegun-bezperetan, urte osoan.

Herriko bestetan eta bestelako egun berezietan, funtzionamendurako bestelako ordutegi batzuk finkatzen ahalko ditu Udalak.

V. TITULUA

Araubide juridikoa eta zehapenen araubidea

I. ATALA

Terrazen araubide juridikoa

11. artikulua. Udal lizentzia.

1. Terrazak edo bestelako elementuak eta osagarriak paratu baino lehen udal baimena beharko da. Leitzako Udalaren organo eskudunak emanen du baimen hori.

2. Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren arabera taberna, kafetegi, jatetxe, taberna berezi eta ikuskizunetarako kafetegi gisa sailkaturiko establezimenduei soilik emanen zaie baimena terraza edukitzeko.

3. Horretarako, interesdunak behar den eskabidea aurkeztu beharko du Udaleko Erregistro Orokorrean, honelakoak zehaztuz:

a) Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzaileak funtzionamendurako udal lizentziaren titularra beharko du izan.

b) Titularraren datuak: helbidea, telefonoa eta NANa eta, hala behar denean, IFK zenbakia.

c) Jarduera nagusiaren eta terrazaren izena eta kokapena.

d) Terrazaren deskribapena:

–Terrazaren kokapenaren planoa, instalazioak ukitutako eremua deskribatuko duena, neurri eta guzti.

–Terrazaren elementu guztien deskribapena.

–Terrazak ukitzen dituen udal zerbitzuen (ura, saneamendua, etab.), hiri altzarien, seinaleen, kutxatilen eta abarren azalpena, halakorik bada.

e) Terrazak establezimenduaren fatxadaren proiekzioa gainditzen duenean, ukitutako titularraren edo titularren berariazko baimena (titularrik baldin bada).

4. Herriko bestetan terraza handitzeko baimena eskatzen ahalko da. Eskabidea hilabete lehenago aurkeztu beharko da. Baimen hori eskatzeko prozedura artikulu honetan ezarritakoa izanen da. Terraza handitzeko baimena ematen bada, Udalak markatuko du hartzen ahal den eremua.

12. artikulua. Baimenaren ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoak nahiz juridikoak egin ondoren, Udaleko agintari eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Udalak jakiten badu baimenaren eskatzailea, eta behar den udal lizentziaren titularra, ez dela egiazki jardueraz arduratzen dena, ezezkoa emanen dio baimenari.

13. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, hartuko duten azalera, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

2. Lizentzia behin-behinekoa izanen da beti eta udal agintaritzak baimendutako instalazioak eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Gastuak partikularraren kontura izanen dira, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

3. Lizentziaren titularra behartua dago instalazioak eremu publikoan eragindako kalte guztiak konpontzera.

4. Lizentzia eskuratuta eta tasa ordainduta, lizentzian zehazturiko espazio publikoko puska erabiltzeko ahalmena izanen du titularrak.

5. Baimenek ostalaritzako establezimenduetako titularrei terrazak paratu eta zuzenean ustiatzeko ahalmena ematen diete; ezin dira, hortaz, ez errentan eman ezta hirugarrenei inola ere laga ere.

14. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

1. Lizentzien indarraldia egutegiko urtea izanen da (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte). Indarraldi hori, betiere, etenik gabekoa izanen da.

2. Lizentziak automatikoki berrituko dira, eta ez da inolako agiririk aurkeztu beharko non ez den terrazan aldaketarik egin; izan ere, halakoetan 11.3 artikulua aplikatuko da eta berriz eskatuko terrazarako baimena.

3. Titularra aldatzen bada, hori jakinarazi beharko da, eta une horretan lizentzia besterik gabe berrituko da, ez badira aldatu terrazarako baimenaren baldintzak.

II. ATALA

Zehapen araubidea

15. artikulua. Ikuskapenak.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko bai jarduera egiteko moduaz bai gainerako aginduei dagokienez.

16. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udal agintaritzak aginduko du, kautelazko neurri gisa, eremu publikotik berehala ken daitezela lizentziarik jaso gabe jarritako terrazak edo bestelako elementuak.

2. Terrazak edo bestelako elementuak ezarritako lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe instalatu badira, udal agintariak egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko du.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen XI. tituluan xedatutakoaren babespean eta ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1. Hona hemen hutsegite arinak:

a) Terrazaren funtzionamendua ezarritako ordutegitik kanpo luzatzea.

b) Baimenean jasotako elementuak paratzean (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak gainditzea.

c) Mahaiak, aulkiak edo osagarriak baimenduriko kokalekutik kanpo paratzea.

d) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea, eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin.

e) Terrazak okupatzen duen eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunaren eta segurtasunaren aldetik.

f) Funtzionamenduko ordutegian, mahaiak, aulkiak eta instalazioko beste elementu batzuk eremu baimendutik kanpo edukitzea tolestuta, pilatuta edo bilduta.

g) Betebehar hau ez betetzea: terrazarako baimendutako eremua mugatzen duten zoruko markak beti agerian edukitzea edo, argi ikusten ez badira, udal agintaritzari abisatzea.

h) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, baldin eta astuntzat edo oso astuntzat jotzeko kasuak ez badira.

i) Hiri altzariak edo baimendu gabeko beste euskarriren bat erabiltzea terrazako instalazioari eusteko elementu gisa.

2. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Baimenean jasotako elementuak paratzean (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak nabarmen gainditzea.

c) Terrazak eta/edo ordenantza honek baimentzen dituen beste elementu batzuk paratzea nahitaezko udal lizentzia edo baimena eskuratu baino lehen.

d) Funtzionamendu ordutegitik kanpo, bide publikoan biltegiratu ezin diren instalazioko elementuak tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea eremu baimenduaren barnean nahiz handik kanpo.

e) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin, oinezko edo ibilgailuendako erreserbaturik dagoen oztoporik gabeko pasabidea inbaditurik.

f) Desobeditzea, Udalak instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko eskatu duenean, udal lizentzia ez izateagatik edo lizentzian ezarritako baldintzetara ez egokitzeagatik.

g) Araudian espazioen eta pasabide libreen gainean ezarri diren neurriak ez betetzea.

h) Erretzeko arriskua izan dezaketen instalazioko elementuak egoera txarrean edukitzea.

3. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Urtebetean 3 arau-hauste astun egitea.

b) Ordenantza honek berariaz debekatutako terrazak edo/eta beste elementu batzuk paratzea (ur hornidurako eta saneamenduko harguneak, musikako aparatuak edo bozgorailuak, irudi eta soinu ekipoak, josteta makinak edo ausazko jokoak, salmenta makinak etab.).

c) Bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin izan, modu larri eta nabarmenean hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak ez direnean.

d) Desobeditzea instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko agindua, udal agintaritzak hala agindu duenean trafikoari, urbanizazioari, interes orokorrari edo udal interesari lotutako arrazoiengatik.

e) Berariaz baimendutakoa ez besteko edozein jardueran aritzea.

f) Bide publikoaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoak ez ordaintzea.

g) Terrazako instalazioa paratzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako bide publikoan paratuta dauden elementuak, edo oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren segurtasunerako elementuak.

h) Bide publikoko lurzorua okupatzea jendearen joan-etorria oztopatzen duten argitalpen edo elementuekin, edo hiri ingurunea narriatzen dutenekin.

i) Terrazako instalazioaren eskualdatzea, azpierrentamendua edo lagapena.

18. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honetako arau-hausteak isunaren bidez zehatuko dira, honako eskala honi jarraikiz:

a) Arau-hauste arinak: 60tik 600 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 601etik 3.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia aldi baterako errebokatzea.

c) Arau-hauste oso astunak: 3.001etik 6.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia errebokatzea.

2. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

19. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

1. Isuna gorabehera, instalazioa legeztatu ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

2. Era berean, ikuskapenean egiaztatzen bada baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela, abiarazten den zehapen espedientearen emaitzaz gain eta interesdunari lizentziaren baldintzei egokitzera behartzeaz gain, espazio publikoaren okupazioaren gehiegizko aprobetxamendu horren tasa ere likidatuko da, baimendu gabeko instalazioa egon den denborari dagokiona alegia.

3. Agindu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, horiek ez dira arau-hauste jarraitutzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

20. artikulua. Mailakatze irizpideak.

Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gorde beharko da arau-haustearen astuntasun-mailaren eta ezartzen den zehapenaren artean; hala, aplikatu beharreko zehapena mailakatzeko, jarraikiko zaie legedian administrazio prozedura erkideari buruz jasotzen diren irizpideei eta jurisprudentziak oro har onartzen dituenei.

21. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau honetan xedaturiko arau-hausteei dagokienez, oso astunek hiru urtera preskribatuko dute, astunek bi urtera, eta arinek sei hilabetera.

Epe horiek zenbatuko dira egintza zehagarria egiten denetik hasita, edo, arau-hauste jarraikiak direnean, egiteari uzten zaionetik hasita, edo Udalak egintza zehagarriaren berri izaten duenetik hasita.

22. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenek aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dute, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1. Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek urtebeteko epea izanen dute baimen berria eskatzeko ordenantza honen arabera.

2. Ordenantza honek indarra hartu eta urtebeteko epea iragaten denean indarrik gabe geldituko dira lehenagoko baimen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 65. artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

I. ERANSKINA

Tasak

–Terrazek hartutako metro karratu bakoitzeko: 2 euro urtean, hainbanatzeko aukerarik gabe.

–Bestetan terraza handitzeko hartzen den azalera: 1 euro metro karratu bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2204366