77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

69/2022 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez osasun larrialdietako teknikari tituluak lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egiten baita 2021-2022 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 1.2 artikuluan ezartzen du funts publikoekin eusten den prestakuntzaren eskaintzak bizitza osoko prestakuntza bultzatuko duela, askotariko espektatiba eta egoera pertsonal zein profesionalei egokituta. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 69.4 artikuluan, eskumena ematen die hezkuntza administrazioei Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probak antolatzeko aldian behin, betiere 40. artikuluan ezarritako helburuak betetzen direla frogatuz gero.

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak 35. artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketako tituluak lortzen ahal direla horiek zuzenean lortzeko antolatutako probak gaindituz, eta 36. artikuluan xedatzen du hezkuntza administrazioei dagokiela proba horiek aldian behin antolatzea, eta, beren eskumenen esparruan, haietarako deia egitea gutxienez urtean behin, eta, orobat, zehaztea zein diren proba horien xedeko heziketa zikloetako lanbide moduluak, noiz den matrikulazio epea, zein egunetan eta zein ikastetxetan eginen diren eta zein izanen diren proben edukiei dagozkien curriculumak. Era berean, 37. artikuluak zehazten du zein diren probetan parte hartzeko baldintzak eta adinari buruzko betebeharrak.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 27an emandako 76/2016 Foru Aginduak Lanbide Heziketako titulu ofizialak lortzeko proben deialdiak egiteko baldintza orokorrak ezarri zituen. Arau-esparru berri horrek aurreikusten du deialdi orokorrak ezartzeko aukera, eta baita berariazko deialdiak ere, zenbait eremu edo kolektibo profesionali zuzenduak, zeinek, Nafarroako Foru Komunitatearentzat duten interes bereziagatik edo kasuan kasuko lanbide jarduera arautzen duten inguruabar bereziengatik, besteak beste, deialdi hauen bidez arreta berezia behar baitute.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio proben deialdia egitea, eta zehaztea horren xedeko lanbide moduluak eta heziketa zikloak, izena emateari eta matrikulari buruzko alderdiak, eta probak zein egunetan eta zein ikastetxe publikotan eginen diren.

Ikusirik aldeko txostena eman duela Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak Lanbide Heziketako Teknikari tituluak lortzeko proba libreen berariazko deialdi bat egiteari buruz, baita horiek 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean egiteko arauak zehazteari buruz ere, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Osasun Larrialdietako teknikari tituluak lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egitea, 2021-2022 ikasturterako, ebazpen honen eranskinean jasotako oinarriekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura,Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxera; Barne Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolara, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzura eta aipatu zerbitzuko Prestakuntza Atalera (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan).

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

OINARRIAK, LANBIDE HEZIKETAKO TITULUAK LORTZEKO PROBA LIBREETARAKO BERARIAZKO DEIALDIARENAK

2021-2022 ikasturtea

Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da Nafarroan Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egitea, ekainaren 27ko 76/2016 Foru Aginduaren 1. eranskinaren 2. oinarrian ezarritakoa garatzeko.

Berariazko deialdi hau zuzendua dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile izateko 38 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiari lotutako suhiltzaileen Oinarrizko Prestakuntzaren ikastaroan onartutako izangaiei (deialdi hori Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak otsailaren 22an emandako 490/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen), baldin eta eranskin honetako 5. oinarrian izena emateko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proba libreetarako berariazko deialdia, ebazpen honetan arautua, ziklo osoko proba libreen deialdi bat da. Ez da proba libreen deialdi modular bat.

Aurrekoa oinarri hartuta, inskribatu ondoren onartuak diren pertsonek ziklo osoko proba libreetan inskripzioa eta matrikula egiten dituzte, hau da, hori osatzen duten modulu guztienak; ez dute inskripzio eta matrikula modularrik egiten, hots, zikloko zenbait lanbide moduluri lotutakorik.

Ez da aplikagarria izanen, beraz, 17 tarifa (‘Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren titulua lortzeko proba modularretako inskripzioa’), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36.4 artikuluan ezarri zena.

3. Berariazko deialdi hau titulu honetarako egiten da:

–Titulua: Osasun Larrialdietako Teknikaria (Lanbide arloa: Osasuna-Maila: Erdia).

Nafarroako curriculuma: 43/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa (2009ko abuztuaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala); azken aldaketa: 27/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa (2018ko ekainaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Zentro aztertzailea (inskribatzeko eta probak egiteko zentroa): Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa IB -ESTNA (Irunlarrea 3. Nafarroako Ospitalearen esparrua. 31008 Iruña. Tel. 848 431060).

http://escuelasanitaria.educacion.navarra.es/web/

escuela.sanitaria@educacion.navarra.es

Inskribatzeko bete beharreko baldintzak. Berariazko deialdia.

4. Osasun Larrialdietako teknikari tituluak lortzeko probetarako berariazko deialdian (ebazpen honen bidez arautua) izena emateko, berariazko bi baldintza orokor hauek bete beharko dira aldi berean:

a) Baldintza orokorrak: deialdi orokorrerako ezarritakoak.

b) Berariazko baldintzak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile izateko 37 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiari lotutako suhiltzaileen Oinarrizko Prestakuntzaren ikastaroa egiten ari izatea; deialdi hori Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak otsailaren 22an emandako 490/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Deialdia garatzeko jarraibideak.

5. Aplikatuko dira abenduaren 30eko 140/2020 Ebazpenaren 4. eranskineko 6. oinarritik 27.era eta 29. oinarritik 35.era bitartean ezarritako jarraibideak, honako hauei dagokienez: proben inskripzioa, kudeaketa eta garapena, behin-behineko zerrendak, erreklamazioak eta behin betiko zerrendak, lanbide moduluen matrikulazioa, baliozkotzea eta aitortzea, proben prestaketa, egitura eta edukia, eta probak egitea.

6. Inskribatzeko eta probak egiteko egutegia “Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa” ikastetxe bateratuko zuzendaritzak finkatuko du. Horretarako, kontuan hartuko du moduluei dagokien lehenbiziko proba 2022ko apirilaren 28tik aurrera egin beharko dela.

7. Ebaluazio batzordeei dagokienez, aplikatuko da abenduaren 30eko 140/2020 Ebazpenaren 4. eranskineko 28. oinarrian ezarritakoa.

Iragarkiaren kodea: F2204901