77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

243E/2022 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Azkoiengo Corraliza del Cascajo parajean 6.000 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; Alfredo Orduña Oses da proiektuaren sustatzailea.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen direnetakoa da –1. taldeko a) 3 epigrafean–. Beraz, aipatu xedapenean ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Era berean, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratua onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskinean, 9.3.b) kategorian, sartzen direnetakoa da proiektua, eta, beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Ingurumen ebaluazio arruntaren prozeduraren laburpena:

2021eko martxoaren 15ean, proiektuaren titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen, eta ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera.

2021eko martxoaren 15ean, proiektuaren titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen, eta ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera.

2021eko apirilaren 23an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarri zituen ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez (93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), eta eragindako administrazio publikoei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Jendaurreko informazioko aldian ez da horri buruzko alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Azkoiengo Udalari. Honako hauen erantzunak jaso dira espedientean: Ingurumen Eraginaren Atalarena, Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalarena, Animalien Ekoizpenaren Atalarena (Abeltzaintza Zerbitzua) eta Azkoiengo Udalarena. Bidenabar, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

Txosten honen eranskinetan jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioko aldiaren emaitzen laburpenak.

2021eko ekainaren 23an, proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu zion titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. 2021eko irailaren 22an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak Biodibertsitatearen Zerbitzuari bidali zion espedientea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 19. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, azterketa teknikoa egin eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta eman zezan.

2021eko azaroaren 8an, sustatzaileak dokumentazio berria gehitu zuen, simaurrak zabaltzeko lurralde plana sartu izana eta jarduera kontrolatzeko ingurumen jarraibideak eta neurri zuzentzaileak hartu izana justifikatzeko.

Azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa:

Instalazioa –txosten honen I. eranskinean jaso da haren deskribapenaren laburpena– 12. poligonoko 607. lurzatian dago, Azkoien udalerritik 5,5 km baino pixka bat gehiagora, udal mugartearen ipar-ekialdean, terrazaz osatutako azalera goratu batean.

Berriki Nafarroako Ubidearen IV.5 Sektoreko presioz ureztatutako sail bihurtutako azalera bat da. “Erriberriko Merindadeko zereal estepak” izeneko Nafarroako Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Interes Bereziko Eremuan (NEHKIBE) dago. Orobat, NEHKIBE horretan bertan “Oso altua” eta “Altua” kategorietan sailkatutako beste azpieremu batzuen alboan eta horiez inguratuta dago.

Lehengo 505 ureztatze lursailaren ipar-ekialdeko zatian, zati goratuenean, dago instalazioaren eremua, legarretan oinarritua; proiektuarekin, bereizi eginen da. Lursaila berdintzeko, erdiko zatia hondeatu eta perimetroa beteko da, ipar-ekialdeko aldean izan ezik, hori kota berean baitago ia. Hori horrela, betelan ezpondak sortuko dira; ekialdean, 5 metrotik gorako altuera izanen dute. 2H:1B inklinazioa edo handiago duten ezpondetarako, proiektuan aurreikusi da gainazala leheneratuko dela eta landareak jarriko direla, ingurumena leheneratzeko eta eremua paisaian integratzeko neurri gisa.

Instalazioa eta simaurrak zabalduko diren azalera ureztalurrean daudenez, nitrato bidezko kutsadurarekiko zaurgarria ez den eremu batean, biziagotzeagatik habitatak eraldatzeko eta hegazti-faunari eragozpenak eragiteko ingurumen arriskuak oso txikiak dira. Gainera, proiektuak ongi landu ditu sarbidearen eta horniduraren kontuak, ibilbideak ureztalurraren barruan baitaude. Nitrato bidezko kutsadurarekiko zaurgarritzat jotako azalera hurbilenak 1,5 km baino gehixeagora daude ekialderantz, eta 6 bat km-ra hego-ekialderantz, eta honako hauek dira: 3. eremua, “Cidacos ibaiaren arroa”; eta 2. eremua, “Ebro, Aragoi”, hurrenez hurren. Hornidura sorgailu autonomo baten bidez eginen da.

Paisaiaren ikuspegitik, instalazioa handia denez, azpimarratutako alderdi garrantzitsuena da inpaktu bisuala izanen duela bertatik bertarako behaketa planoan, ustiategiaren alboko zerbitzu bideetatik; izan ere, paisaia irekia eta zabala denez, instalazioak ongi integratzen ahal dira beste behaketa puntu batzuetatik.

Ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen ebaluazioko azterlan hau aztertuta, ikusi dugu, baliabideen kontsumoaz, sortutako usainen kontrolaz eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolaz gain –alderdi horiek aztertu dira ingurumen baimen integratuaren espedientean–, hauek direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, gizakien erabileretan, pertzepzio ingurunean, azaleko uretan, fauna espezieetan eta habitatetan eraginak sortzen ahal dituztelako: faunaren gaineko eraginak (hegazti faunaren gainekoak batez ere) eta “Erriberriko Merindadeko zereal estepak” NEHKIBErekin lotutako agrosistemaren babesa, paisaiaren eraldaketa eta gaueko zerurantz argia igortzea.

Proiektuaren ingurumen eraginen analisi teknikoa egin ondotik, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela, eta obrek ez dutela inpaktu larririk sortuko ingurumenean, behin ingurumen eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ingurumen ebaluaziotik sortutako neurri osagarriak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpen hau ematea, Azkoiengo Corraliza del Cascajo parajean 6.000 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; Alfredo Orduña Oses da proiektuaren sustatzailea.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, bai eta honako baldintza hauek betez ere:

–Hildako animaliak entregatzeko edukiontziak eraikin itxietan jarriko dira; behar bezala diseinatuta egonen dira, fauna nekrofagoak ez dezan irispiderik izan animalien hondarretara, eta ez daitezen erakarpen foku bihurtu. Bestelako irtenbideren bat aukeratuz gero, bermatu beharko da fauna nekrofagoak ez duela inola ere irispiderik izanen ez animalien hondarretara ez horiek gordetzen dituzten edukiontzietara.

–Etorkizunean simaurrak zabaltzeko lurralde plana aldatzen edo zabaltzen bada, eta plan horretan sartzen badira “Erriberriko Merindadeko zereal estepak” izeneko Nafarroako Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Interes Bereziko Eremukoak (NEHKIBE) diren eta ureztalur bihurtu ez diren lursailak, simaurrak lursail horietan zabaltzean, nahitaez bete beharko da “Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa” (ebazpen honen eranskin gisa jaso da).

–Kanpoko argiteriak xedapen hauetan ezarritakoa bete beharko du: azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea, argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa, garatzeko erregelamendua onesten duen irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta kanpo argiteriako instalazioen energia efizientziari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa, eta batez ere 6. artikuluan ezarritakoa, zeinak arautzen baititu “gaueko argi distira, argi arrotza edo gogaikarria”. Kanpo argiztapenerako behe presioko sodio lurrunezko lanparak edo LED anbar monokromatikoa erabiliko dira, eta, argi iturri horiek baliatu ezin direnean, 440 nm baino gutxiagoko uhin luzerako erradiazioa iragazi eginen da. Kanpo argiteria une jakinetan eta aldi laburretan bakarrik erabiliko da; animalien zama-lanak egitean, hain zuzen ere.

–Proiektuan aurreikusitakoari jarraikiz, ezpondak landare lurrez egokitu ondotik, birlandaketak eginen dira, landa ereintzaren eta landaketaren bidez. Landaketak baso albeoloz egiten ahalko dira, eta irekiak izan beharko dute. Landaketa horietarako, bertako espezieak erabiliko dira, hala nola tamariza (Tamarix gallica / T. canariensis) eta basolibondoa/olibondoa (ezpondaren beheko aldean tamariza jartzea gomendatzen da, eta gainerakoa olibondoarentzat uztea). Landaketan behar diren ureztapenak eta zaintzak eginen dira, jarduera abian egon bitartean landaketa behar bezala ezarri eta gara dadin.

–Urmaelak honako hau izan beharko du, urmaelera istripuz erortzen ahal diren animaliek handik irteteko aukera izanen dutela ziurtatzeko: ezpondetako batek gutxienez 3H:1B inklinazioa izanen du, eta, ur mailaren eta lurzoru naturalaren artean, ezpondaren gainazal osoa lurrera finkatutako sare plastiko sendo batez estaliko da, zimurdurak sortzeko.

Lanak egitean hartu beharreko neurriak:

–Lanak hasi aurretik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena jaso beharko da, ondare arkeologikoa babesteari buruzkoa.

–Ustiategia nibelatzeko egiten diren hondeaketa eta betelan ezpondek 2H:1V inklinazioa izanen dute gehienez. Ezpondok landare lurra hedatuz eta landa ereintza aplikatuz egokituko dira.

–Landare lurra lanek ukitutako zonak eta ezpondak lehengoratzeko erabiliko da lehentasunez; soberakinak egonez gero, lurzatiaren azalera produktiboaren gainerako zatietan hedatzen ahalko dira, landarediari eta drainatze naturalari eragin gabe eta bertan eten topografikorik sortu gabe.

–Zabalguneko soberako hondeaketa lurrak, landare lurrak ez direnak, bai eta gainerako materialak eta obra hondarrak ere, kudeatzaile baimendu baten esku utziko dira, haien izaeraren arabera.

Jardueraren gaineko ingurumen zaintza:

–Instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

  • Fauna nekrofagoa gorpuak biltegiratzen eta kudeatzen diren eremura ez sartzeko hartutako neurriari buruzko azalpena, memoria eta dokumentazio grafiko eta guzti.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari (Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atala), Azkoiengo Udalari, Basozaintzari (10. barrutia, Tafalla-Zangoza) eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan. Iruñean, 2022ko martxoaren 25ean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzioa

Zerri gizendegi bat jarri nahi da 12. poligonoko 607. lurzatian. Ustiategia hiru nabe berdin-berdinek osatuko dute; orotara, gizentzeko 6.000 plaza egonen dira, itxitura sanitario beraren barruan. Nabeek beren siloak, bi lokal tekniko lagungarri eta mindak biltegiratzeko urmael bat eta urez betetako urmael bat izenen dituzte, 2.895 m³ eta 2.200 m³ gordineko edukierakoak, hurrenez hurren. Bi lokal teknikoez gainera (batean bulegoak, dutxa eta komuna egonen dira, eta, bestean, ur ponpak, sorgailu elektrikoa eta biltegi txiki bat), ustiategiak zamaleku zolatu bat izanen du nabeen artean.

Hiru nabeek 117,8. x 15,1 metroko azalera eta 5,9 metroko gailurrera arteko altuera izanen dute; bi isurkiko estalkia izanen dute, eta ahokalekua, hobietan (horien sestra goratuta jarriko da lursailaren parean). Uraren eta minden azalera errektangularreko urmaelak lursailean hondeatuko dira, 2H:1B inklinazioko ezpondekin; 4 metroko sakonera izanen dute, eta iragazgaiztuta egonen dira xafla plastikozko geruza batez. Urmaelek jarioak hautemateko eta itxitura propiorako neurriak izanen dituzte. Minden urmaela xafla malgu batez estalita egonen da, igorpenak murrizteko. Uraren urmaelean, neurriak hartu dira istripuz erortzen ahal diren animaliak irten ahal izateko.

Urbanizatutako eremua eta nabeak ipar-mendebaldeko eremu goratuenean jarriko dira, lehen 505 lurzatia zen horretan. Nabeak paraleloan jarriko dira, eta bi urmaelak ipar-ekialdean egonen dira; hor, betelanen bidez nibelatutako zabalgunea bideak mugatuko du, urmaeletarako sarbidea ematen duen bideak, alegia. Nabeak jartzeko, 20.155 m² nibelatzea aurreikusi da; horietatik, 17.700 m² zabalgunea izanen dira, eta gainerakoa, ezpondak, betelanetakoak gehienak. Orotara, ustiategiak 7.400 m² lurzoru iragazgaiztu izanen du, eraikinetan, zoladuretan eta biltegiratze urmaeletan, hain zuzen ere.

Instalazioaren hornidura elektrikoa gasolioz elikatutako ekipo elektrogeno bidez eginen da, eta ur hornidura Nafarroako Ubidearen Ureztatzaile Elkarteko 505 lurzatiko ur hargune baten bidez hartuko da. Instalazioko nabeetara sartzeko, han dagoen kontzentrazio pista erabiliko da, lurzatia ekialdetik mugatzen duena; Tafalla-Azkoien-Rincón del Soto NA-115 errepidera iristen da, 15,345 kilometroaren parean.

20 kg eta 110 kg arteko zerriak gizentzeko jarduera, animaliak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta zikloen artean huste sanitarioa eginez. Ustiategiak aurreikusitakoaren arabera, 5.039 m³ minda balorizatuko dira, nekazaritza ustiaketarako zabalduta 181 ha produktibotan, eta ustiategian hildako animalien gorpuak kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkio. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumo hauek eraginen ditu: 3.622 tona pentsu, 10.536 m³ ur eta 2.700 litro gasolio urteko. Bestalde, honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Azkoiengo Udala

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan Iruña

Ecologistas en Acción

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Greenpeace Espainia

SEO/BirdLife

Ingurumen Eraginaren Atalak honako hau dio: 2.000 gizentze plazako ustiategi bat jartzeko izapidea eta gero leku berean ustiategia 6.000 plazara arte hedatzeko izapidea aldi berean aurkeztu direnez, ingurumen eraginaren ebaluazioaren ikuspegitik, proiektua 6.000 plazako zerri gizendegiaren proiektu berri gisa aurkeztu behar da, lehenengo proiektua ez baitago gauzatuta, eta ez baitu aurretiko administrazio baimenik.

Esan dute proiektuak ebaluazio espezifikoa egin beharko duela “Erriberriko Merindadeko zereal estepak” izeneko Nafarroako Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Interes Bereziko Eremuan (NEHKIBE) dauden hegazti faunako espezieen gaineko eraginari buruz.

Mindak zabaltzeko eremu potentzialari dagokionez, nitratoen bidezko kutsadurarekiko zaurgarriak diren eremuetatik gertuen dauden lekuak azpimarratu dituzte.

Txostenak dioenez, klimaren ikuspegitik, garrantzitsua da haizeen ezaugarriak zehaztea, usaien igorpenen eragina murrizteko neurriak hartu ahal izateko. Bestalde, ura metatzeko urmaelari dagokionez, neurri zehatzak hartu behar dira urmaelera istripuz erortzen ahal diren animaliak itotzeko arriskua minimizatzeko.

Azkenik, adierazi dute azterlanean paisaiari eta instalazioen paisaia integrazioa bermatzeko neurriei buruzko kapitulu bat sortu behar dela, eta, neurri horien artean, kontuan hartu behar dela ezponden altuera eta bertikaltasuna kentzeko edo murrizteko aukera. Gainera, txostenak dio kanpoko argiztapena irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko dela. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak baieztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituenean, ezarritako kokapen baldintzak. Halaber, jakinarazi du proiektuak justifikatu beharko duela betetzen direla etxeko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako ezarritako Teknika Erabilgarri Onenak (TEO); horretarako, inprimaki bat eta azalpenen gida dokumentu bat eman ditu, eta titularrak inprimaki hori bete beharko du abeltzaintza sektoreko TEO horiek betetzen dituela justifikatzeko.

Azkenik, adierazi du, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretua, zerri haztegi intentsiboen oinarrizko antolamendu arauak ezartzen dituena, betetze aldera, egokitu egin beharko direla elikadura pentsuaren proteina gordinaren gehienezko edukiak, eta zenbait teknika edo tekniken konbinazio baliatu beharko direla zerritokiko eta mindak gordetzeko urmaeleko amonio igorpenak %60an eta %80an murrizteko, hurrenez hurren, aipatutako tekniken emisioekiko.

Estrategia eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar plazaratu ditu, informazio modura, “Ebroko Ardatza” 5. LAPk (Lurralde Antolamenduko Plana) –hor kokatuta baitago udalerria– horiei buruzko muga edo debekuak ezartzen ahal dituelako. Lurzoruaren sailkapenaren arabera, Babes Bereziko Eremuak eta Arrisku Naturalengatiko Lurzoru Babestuak eta faunarentzako Interes Bereziko Eremuak dira horiek. Estepako eremuak, bai eta lurraldearen konektagarritasunarekin, paisaiarekin edo bide historikoekin lotutako beste zenbait figura ere. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen beste betebehar batzuk ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoetarako distantziak. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialekin bat egitea.

Azkoiengo Udal Plan Orokorrari dagokionez, azaldu dute ustiategia dagoen lurzatia lurzoru urbanizaezin babestu gisa sailkatuta dagoela ustiaketa naturalerako duen balioagatik, Nafarroako Ubideko eremu ureztagarri gisa (SNUPrtEN); hortaz, Nafarroako Ubideko ureztatze planaren eta ureztatze azpiegituraren eraikuntza eta ustiaketari buruzko sektore araudian ezarritakoaren araberakoak izan behar dute eremuko jardueraren baldintzek. Orobat, planeamenduan ezarrita dago ubiderako finkatutako araubidea aplikagarria ez denean, SNUPrsEN:C nekazaritza balio ertaineko lurzoruena aplikatuko dela; horren arabera, abeltzaintza instalazioak baimentzen ahal dira, eta, horretarako, dokumentazio bidez arrazoitu behar da instalazioak proportzionalak direla ustiaketa beharrekiko.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta ukipen sektorialak direla eta titularrak egoki diren txostenak eskatu behar dituela adierazten da.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari, eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du, proiektuak antolamendu zooteknikoko araudia betetzen duela argudiatuta.

Azkoiengo Udalak ere txostena eman du, eta adierazi du lurzorua lurzoru urbanizaezin babestu gisa sailkatuta dagoela, ustiaketa naturalera bideratuta. Beste ureztalur batzuk: Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriak (SNUPrtEN:R); aplikagarria da indarreko legedi sektorialak Nafarroako Ubiderako ezarritako araubidea, eta, hor sartzen ez denerako, SNUPrsEN: C LABOREAK gisa sailkatutako nekazaritza balio ertaineko lurzoruetarako araubidea. Ustiaketa naturalerako babestutako lurzoru urbanizaezina da eremua, eta, kategoria horretan, hazitegiak baimentzen ahal dira. Halaber, jakinarazi du “Erriberriko Merindadeko zereal estepak” Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Interes Bereziko Eremuan (NEHKIBE) gauzatuko dela jarduera, balio Oso Altua eta Ertaina duten eremuetan.

III. ERANSKINA

Ingurumen inpaktuaren azterketaren laburpena

Tramitazioan jaso da ingurumen inpaktuaren azterketa bat, ingurumen baimen integratuaren eskabidean aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta horretatik ondorioztatzen da alternatibarik egokiena, ingurumenaren ikuspegitik, instalazioak proiektuan proposatzen den eremuan eraikitzea dela.

Azterlanean alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak ezartzean eta funtzionamenduan jartzean izaten ahal dituen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen dira, kontuan hartuta eremua Nafarroako Ubideko VI.5 Sektoreko ureztalur bihurtutako eremu batean dagoela, balio Oso Altua kategoriako “El Cascajo-La Vergalada” izeneko azpieremutik gertu, “Erriberriko Merindadeko zereal estepak” izeneko Nafarroako Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Interes Bereziko Eremuan, eta ez dagoela urruti nitrato bidez kutsatzeko zaurgarria den eremutik. Hori horrela, proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak ezarri dira.

Estepako hegazti faunan eta uren kalitatean eragiten ahal diren inpaktuak prebenitzeko hartutako neurriez gain, proiektuak beste zenbait neurri ere aurreikusten ditu, prebentziozkoak, obren ukipena proiektuaren esparru hertsira mugatzeko, eta xedatzen da abian egon bitartean ingurumen eragina txikiagotzeko teknika erabilgarri onenak (TEO) erabili behar direla; horien artean sartzen dira, besteak beste, ustiategian sortutako mindak balorizatzeko lurralde planari dagozkion neurriak.

Azterketan, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta hor daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten diotenak.

IV. ERANSKINA

Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltegi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak eragina badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatuta dagoen lurzatiren batean (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 Sarean edo Nafarroako Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Garrantzizko Eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da nekazaritza jarduera eta lehorreko laboreen txandaketa mantentzen direla, faunaren kontserbazio egokirako, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko laboreetan, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatze aldera.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Leku horietan minda zabaltzeko, banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiekiko tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia, eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen ur idoirik edo isuririk.

–Alfer lur iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik zabaltzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Landu gabeko eremu edo alfer lur horiei, interes bereziko habitatak badira –KBEan zein hortik kanpo egon–, zeharka ere ez diete eragiten ahalko mindak edo deribatuak zabaltzen diren laborantzatik datozen lerradurek edo istiltzeek.

–Debeku da mindak, digestatoa edo/eta simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantzia batera, kontuan hartuta ibilgu nagusiak nahiz bigarren mailakoak. Ur masak babesteari begira, banaketaren baldintzak ezartzean kontuan hartuko dira estatu mailan sektorerako ezarritako berariazko araudian ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian deskribatutako TEOak - Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen kutsadura saihestuko da, urtaroen araberakoak zein jarraituak izan. Erreka zuloak eta haien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, bazkalekuak, landaredi higrofiloa edo landare mehatxatuen multzoak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon nahiz ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara doan azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz hezegune eta erreketako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2204532