77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

25/2022 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez “Kodesko Las Llanas haize-parkea, 1. fasea, Azuelo” izeneko proiektuaren eraginpeko ondasunak eta eskubideak okupatu behar izatea onesten baita.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 95/2021 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri zen “Kodesko Las Llanas haize-parkea, 1. fasea, Azuelo” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 8. zenbakia, 2022ko urtarrilaren 13koa).

Emilio Fernandez Andrések alegazio-idazkia aurkeztu du M.ª Delia Zurbano Zufiaurreren izenean eta ordezkaritzan. Hona hemen alegazioak eta eman zaien erantzunaren laburpena:

1.–Ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzen duen ebazpenaren deuseztasuna, onura publikoaren adierazpena berriz egin behar dela-eta.

Lehenbizi, bereizketa bat egin behar da: gauza bat da onura publikoaren adierazpena, lege bidez egin beharrekoa, kasu honetan adieraztea onura publikokoak direla energia elektrikoa sortzeko instalazioak, behinola Sektore elektrikoaren azaroaren 27ko 54/1997 Legeak, orduan indarrean zegoenak, arautzen duena, gaur egun Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak arautzen duena, eta beste bat energia elektrikoa sortzeko instalazio bakoitzerako, kasu honetan “Kodesko Las Llanas haize-parkea, 1. fasea, Azuelo” izeneko proiekturako, lortu behar den onura publikoaren onarpena.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeak honako hau xedatzen du 9. artikuluan: “Nahitaezko desjabetzea egiteko, ezinbestekoa da aurretik adieraztea jabetza kentzen den objektuaren xedea onura publikokoa edo interes sozialekoa dela”.

Lege horren 10. artikuluak honako hau ezartzen du: “Estatuko, probintziako eta udalerriko obra eta zerbitzu plan guztietako ondasun higiezinen desjabetzeetan onura publikoa inplizitua da. Onura publikoa legez modu generikoan adierazten den gainerako kasuetan, onarpenerako Ministroen Kontseiluaren erabakia beharko da, legerian besterik arautzen den obra, zerbitzu eta emakida kategoria jakin batzuetan izan ezik”.

Aplikatu beharreko arautegi sektoriala, orduan indarrean zegoena, Sektore elektrikoaren azaroaren 27ko 54/1997 Legea zen. Lege horren IX. tituluan desjabetzeak eta zortasunak arautzen ziren. 52. artikuluan honako hau ezartzen zuen: “1. Energia elektrikoa sortu, garraiatu eta banatzeko instalazio elektrikoen onura publikoa adierazten da haiek ezartzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, eta bide zorra ezarri eta erabili ahal izateko. 2. Onura publikoaren adierazpen hori instalazio elektrikoek eta horien kokalekuek eskatzen dituzten nahitaezko desjabetzeetara ere hedatzen da, baldin eta energia efizientzia, teknologia eta ingurumen arloko arrazoiengatik egokia bada instalazio berriekin ordeztea edo instalazioetan aldaketa funtsezkoak egitea”.

Halaber, 1955/2000 Errege Dekretuak honako hau ezartzen du 140. artikuluan (1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena): “Sektore Elektrikoaren Legearen 52.1 artikuluan ezartzen denaren arabera, elektrizitatea sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko instalazio elektrikoen onura publikoa adierazten da, haiek ezartzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako eta bide zorra ezarri eta erabili ahal izateko.”

Onura publikoaren adierazpenari buruzko arautegia aztertu ondoren azpimarratu behar da ezen Nafarroako Gobernuaren 1996ko ekainaren 17ko erabaki baten bidez Energía Hidroeléctrica de Navarra, SAk sustatutako Nafarroan energia eolikoa sortzeko azpiegituren udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zela. Erabaki haren hirugarren apartatuan hona hau xedatzen zen: “Udalez gaindiko proiektu sektorial hau onura publikokoa dela adieraztea legez ezartzen diren ondorioetarako”.

Horrenbestez, egiaztatu denez kasu honetako proiektua, elektrizitatea sortzeko instalazioa, onura publikokoa dela Gobernuaren erabakian berariaz adierazi den bezala, lehen alegazioa ezesten da.

2.–Akatsa ondasunaren deskribapenean: jendaurrean azaldu den deskribapenaren arabera landa-lurzoruko bazka-saila da, baina benetan industria-lurzoruko baimena daukan landa-lurzoruko lursaila da.

PROSISen izapideak egin zirenean indarrean zen Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea. Lege horren 61.4 artikuluan ezartzen zenaren arabera, plan edo proiektu sektorialak udalez gaindikotzat jotzea Nafarroako Gobernuari dagokio, eta horixe egin zuen 1996ko ekainaren 17ko erabakiaren bidez.

Proiektu sektorialean lursaila lurzoru urbanizaezintzat jo zen, eta kalifikazio horrek bere hartan dirau. Finkako ondasun eta eskubide guztiak sartu beharra dela-eta, aurrean adierazi den bezala, 1955/2000 Errege Dekretuaren 143.3.e) artikuluan ezartzen da eskaerarekin batera, besteak beste, desjabetu beharreko ondasun eta eskubide guztien zerrenda aurkeztu behar dela, hau da, xedea lortzeko behar diren ondasun eta eskubideen zerrenda, denen inguruabar material eta juridiko guztiak zehazturik.

3.–Egitatezko bidea egotea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak (APEL) 97.1 adierazten duenaren arabera, administrazio publikoek ez dute ezer eginen herritarren eskubideak mugatzen dituen ebazpena betearazteko, aurretik haren oinarri juridikoa den ebazpena onetsi ezean, eta egitatezko bidetzat hartuko da administrazio publiko batek bere eskumeneko esparrutik kanpo jardutea legez ezarritako prozedurari buruzko arauak alde batera utzita.

Beraz, kasu honetakoa ez da egitatezko bidea, baizik eta sustatzaileak elektrizitatea sortzeko instalaziorako behar duen lursaila okupatzeko prozedura, aspaldi legez ezarria, beharrezkoa gertatzen ahal dena epaia betearazteko izapidean epaitegiak agintzen badu instalazioak desmuntatzeko gero berriz muntatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Emilio Fernandez Andrések M.ª Delia Zurbano Zufiaurreren izenean eta ordezkaritzan egindako alegazioak ezestea ebazpen honen azalpen-zatian adierazitako arrazoiengatik.

2. “Kodesko Las Llanas haize-parkea, 1. fasea, Azuelo” proiektuak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda onestea, eta horiek okupatu behar direla adieraztea. Zerrenda ebazpen honen eranskinean dago.

3. Ebazpen hau igortzea Industriaren, Energiaren eta Meatzeen Araubide Juridikoaren Atalera eta Acciona Energía, SAra, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau M.ª Delia Zurbano Zufiaurreri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren aurrean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen. Errekurtsoan espedientearen zenbakia adierazi beharko da.

5. Ebazpen hau eta beraren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Aguilar Kodesko udaletxeko iragarki-taulan argitaratzea.

Iruñean, 2022ko martxoaren 23an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ERANSKINA

Ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda

Zk.

JABEA

KATASTROKO DATUAK

Erabilera

Tokia

UKIPENAK (m²)

Izen-abizenak

Jabari osoa

Bide-zortasuna

Lurgain-zortasuna

Beste ukipen
batzuk.

Udalerria

Zapata

Plataforma

Ikusgai

Zangak

Babes eolikoa
(BE)

1

María Delia Zurbano Zufiaurre

1

395

Aguilar Kodes

Larreak

El Espinal, Aguilar Kodes (Nafarroa)

1382,00

181,20

1321,30

1092,55

Iragarkiaren kodea: F2204438