77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2022 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 11/2022 Ebazpenaren 2. atala, non izendatu baitzen errepideko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko azterketak berrikusteko epaimahaia Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretua otsailaren 15eko 70/2019 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen, zeinak II. eranskinean jaso baitzuen errepideko garraioan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko araubidea, azterketa bidezkoa.

Eranskin horretan ezartzen denez, azterketak egiteko eskumena duen organoak azterketak berrikusteko epaimahai bat izendatuko du. Epaimahai horren eginkizuna izanen da ziurtagiria lortzeko izangaiek egindako erreklamazioak ebaztea, halakorik bada, baldin eta uste badute azterketan planteatutako galdera edo kasu praktikoetako bat okerra dela edo aplikazioak gaizki kalifikatu duela.

Hori betetzeko asmoz, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 11/2022 Ebazpenaren bidez, izendatu zen errepideko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko azterketak berrikusteko epaimahaia, Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako.

Ebazpen horren 2. atalean, ezarri zen ezen errepideko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko probetako azterketak berrikusteko epaimahaia erreklamazio bakoitzarekin batera eratuko dela.

Hautagaiek erreklamazioak aurkezteko duten epea finkatu ez denez, ez aipatutako araudian, ez Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 11/2022 Ebazpenean, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egokitzat jo du epe hori ezartzea, segurtasun juridikoaren printzipioa betetzearren.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 11/2022 Ebazpenaren 2. atala aldatzea, honela idatzita geldituko baita:

“2. 10 egun balioduneko epea ezartzea, kalifikazioak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, izangaiek emaitzei buruzko erreklamazioak aurkez ditzaten. Horren ondorioetarako, errepideko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko probetako azterketak berrikusteko epaimahaia erreklamazio bakoitzarekin batera eratuko da”.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

3.–Ebazpen hau Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari eta epaimahaikideei igortzea.

4.–Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2204939