76. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

82/2022 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Nafarroako Foru Komunitatea Félix Sembroiz Sembroiz jaunaren abintestato jaraunsle (GP 2017/2020179) deklaratzeko prozedurari.

2020ko azaroaren 26ko eta 2022ko martxoaren 21eko idazkien bidez, Ondare Zerbitzuari jakinarazi zitzaion Félix Sembroiz Sembroiz jaunaren jabetzako etxebizitza bat zegoela, zeina jaraunsle ezagunik gabe hil baitzen, eta eskatu zen Nafarroako Foru Komunitatea legezko oinordeko deklaratzeko, eskubide hobeko beste jaraunslerik ez zegoelako.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak, 24.5 artikuluan, xedatzen du Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen dela lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.

Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.

Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 5era bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 6.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, “halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz”.

Félix Sembroiz Sembroiz jauna Leatxen (Nafarroa) jaio zen 1926ko apirilaren 16an, eta Iruñeko Bideko Ama Birjina ospitalean hil zen 2014ko martxoaren 17an. Haren azken helbide ezaguna honako hau izan zen: San José egoitza, Domingo Ellizondo kalea 9, Aoiz.

Hona hemen orain arte identifikatu diren eta zenduari egozten zaizkion ondasunak (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ere ager litezkeenak):

–Irigarai Auzoa kalea 11, behea, Agoitzen, garaje bat, 4.181.94 euroko katastro-balioa duena.

–Irigarai Auzoa kalea 11, 3. D atea, Agoitzen, etxebizitza bat, 42.762,08 euroko katastro-balioa duena.

–Bizitza aseguru bat, Vida Caixa SA de Seguros y Reaseguros/vida konpainian. Poliza-zenbakia: 9690248978601-006900000028219-AFI001.

Espedientean jasota daude kausatzailearen erroldatzearen eta heriotzaren ziurtagiriak, bai eta Azken Nahietako Egintzen Erregistroarenak ere, non ondorioztatzen baita ermandadeko testamentua egin zuela, eta haren emaztea izan zela haren oinordeko bakar eta unibertsala, hura baino lehen hil zena, ondoren jaraunslerik izendatu gabe. Horregatik, Agoizko Udalean eta Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzan behar ziren ikerketak eginda, eta horien emaitza negatiboa izan denez, ez baita inolako ahaiderik aurkitu, bidezkoa da hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzera bideratutako administrazio prozedurari.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organiko orokorra ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak esleitutako eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Félix Sembroiz Sembroiz jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.

2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Agoizko Udalera igortzea bertako iragarki-taulan ikusgai jar dadin hilabetez, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen 24. artikuluko 6. apartatuan aurreikusitakoarekin bat.

3. Hilabeteko epea irekitzea edozein interesdunek alegazioak edo dokumentuak edo egoki jotzen dituen beste juizio-elementu batzuk aurkez ditzan, hona zuzendurik: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala.

4. Ebazpen hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kudeaketa Juridikoaren Atalera igortzea.

Iruñean, 2022ko apirilaren 5ean.–Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.

Iragarkiaren kodea: F2205093