76. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZANUETA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Ur horniduraren, saneamenduaren eta gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean.
Behin betiko onespena

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko kideen batzarrak, 2021eko abenduaren 30ean egin ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen espediente hau: “Aldaketa, Ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean eta tarifen eranskinean”.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 25ean, bai eta Mankomunitatearen iragarki-taulan ere, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori eta tarifen eranskina aldatzeko espedientea behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara ordenantzaren eta eranskinaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erripan (Odieta), 2022ko martxoaren 16an.–Mankomunitateko burua, Martín M.ª Picabea Aguirre.

ORDENANTZA FISKALA, UR HORNIDURAREN, SANEAMENDUAREN ETA ULTZANUETA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAK EGITEN DITUEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUEREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen tasak, ur hornidurari, saneamenduari eta Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzuei dagokienez

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetan ezartzen diren tasak ezarri dira Nafarroako toki erakundeei aplikatu beharreko araudi fiskalak erakunde horiei emandako ahalmenen babesean eta haiekin bat etorriz.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Titulu honen xedeko tasek oinarri dute uraren behe-horniduraren eta saneamenduaren zerbitzuak egitea, bai eta aurrekoarekin eta uraren ziklo integralarekin ikusteko duten gainerako jarduera eta zerbitzuak ere.

Ezartzen diren ordainarazpenen izaera fiskalari dagokionez, beraz, tasak dira, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren 1., 2., 3. eta 5.t) apartatuetan aipatzen diren zerbitzu eta jarduerak egiteagatik, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak egindako aldaketaren arabera, betiere.

Zerbitzuen eskuragarritasunari eta haiek izateko aukerari dagokienez, Mankomunitatearen kasuan kasuko ordenantzen edukiari jarraikiko zaio.

III. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatean sartuak egonik erregelamenduzko testu honetan arautzen diren zerbitzuak egiten diren mugarteetan, baita, sarturik egon gabe ere, urez hornitzen edo zaborrak biltzen diren horietan ere, halakorik bada.

Mankomunitateak bere zerbitzuak udal mugartearen zati batean –kontzeju batean edo zenbaitetan– baizik egiten ez baditu, zerbitzua egiazki zer kontzejutan egiten den, haiexen mugarteetan baizik ez da aplikatuko.

IV. KAPITULUA

Zerga-egitatea

4. artikulua. Zerga-egitatea da eskura izatea edo eskuratu ahal izatea, edo erabiltzea edo erabili ahal izatea, ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak edo jarduerak. Hona hemen, ekartzen dituzten tasekin batera:

a) Edateko urez hornitzeko zerbitzua eta hori egiteko behar diren elementuak eskura izatea eta mantentzea.

b) Herriko saneamendu eta estolderia sareak eta zerbitzu horiek egiteko behar diren elementuak eskura izatea eta mantentzea.

c) Edateko urez hornitzeko zerbitzua erabiltzea. Ezarri beharreko tasa aldatzen ahalko da uraren erabileraren edo helburuen arabera, eta tarifa konbinatuak ezarriko dira urari erabilera bat baino gehiago eman eta neurgailua bakarra denean.

d) Saneamendu eta hondakin uren hustuketa zerbitzua erabiltzea.

e) Behar diren zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea, beharrezkoak direnak behin betiko kontrata daitezen edateko uraren hornidura edo/eta hondakin uren hustuketa.

f) Edateko ura banatzeko sareetara lotzeko hargune eskubideak. Barne hartzen da hornidura zerbitzuen eskuragarritasun fisikoa.

g) Hondakin uren hustuketa sareetara lotzeko hargune eskubideak. Barne hartzen da saneamendu zerbitzuen eskuragarritasun fisikoa.

h) Behin-behineko horniduretarako altak, obrak edo antzekoak egiteko.

i) Kontsultei erantzunez, aholku teknikoa ematea ur horniduraren eta saneamenduaren arloan (txostenak).

j) Finka pribatuetan ur-ihes ezkutuak detektatzeko zerbitzuak egitea.

Behin hornidura eskuratuta, horren baja eskatu eta berriz ere alta eskatzen bada, kasuan kasuko egoerarako ezarritako tasa kobratuko da (eranskinaren 13. artikulua).

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1.–Orokorrean, honako hauek daude behartuak tasen ondoriozko tributu zorra ordaintzera:

a) Zordun nagusi gisa: subjektu pasiboa, zergadun nahiz ordezko gisa, bai eta arau-hausleak ere, dirutan ezarritako zehapenak ordaintzeko.

b) Zordun subsidiario gisa: erantzule solidarioak, ustiategien eta jarduera ekonomikoen eskuratzaileak eta erantzule subsidiarioak.

2.–Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eta ordenantza honen xede diren zerbitzu eta jardueren onuradun bilakatzen badira edo haiek ukituta gertatzen badira. Higiezinen jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat, higiezinen okupatzaileek zerbitzu horiek hartzen badituzte.

Zehazki, honako hauek dira subjektu pasiboak:

a) Tasen zerga-egitatea ordenantza honen 4. artikuluaren a), b), c), d), e), h), i) eta j) apartuetan zehazturik badago, kontratu bakoitzaren titularra, zergadun den aldetik.

b) Tasen zerga-egitatea ordenantza honen 4. artikuluaren f) eta g) apartatuetan zehazturik badago:

b.1. Eraikinetako harguneak: Eraikinen sustatzailea egonen da ordaintzera beharturik, eta halakotzat hartuko da higiezinen jabea, etxebizitza horiek eraiki edo horien eraikuntza kontratatzen duena, saltzeko, alokatzeko edo berak erabiltzeko.

Nolanahi ere, eraikuntza proiektua gauzatzeko lana hartu duen eraikitzaileak ordaintzen ahalko du delako tasa, eta gero zenbateko hori, hala badagokio, sustatzaileari eskatu.

b.2. Beste hargune batzuk: obrak, suteak, ureztapena, etab. Hargunearen eskatzailea egonen da ordaintzera beharturik.

3.–Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo ekonomia jarduera batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahal zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo.

Ordaintzeko borondatezko epea akituta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.

Norbaitek eskuratu nahi badu ustiategi edo ekonomia jarduera baten titulartasuna, eskubidea izanen du Mankomunitateari eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondoriozko tributu-zorren ziurtagiri zehatza, titularrak aldez aurretik baietza emanda.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua. 4. artikuluan zerrendaturiko zerga-egitateetarako, hauek dira bakoitzaren karga oinarriak:

a) 4. artikuluaren a) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen mantentze-lanaren kostua gehituko zaio; lan hori Mankomunitatearen gain egonen da.

b) 4. artikuluaren b) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen mantentzearen kostua gehituko zaio; lan hori Mankomunitatearen gain egonen da.

c) 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren arabera edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bidez zenbatetsita.

d) 4. artikuluaren d) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako, NILSA enpresa publikoak ezarritako oinarriak aplikatuko dira, une bakoitzean indarrean daudenak.

e) 4. artikuluaren e) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren arabera.

f) 4. artikuluaren f) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: oinarri edo prezio finko batzuk ezarri dira, harguneen diametroaren arabera.

g) 4. artikuluaren g) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: oinarri edo prezio finko batzuk ezarri dira, harguneen diametroaren arabera.

h) 4. artikuluaren h) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren arabera edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bidez zenbatetsita.

i) 4. artikuluaren i) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: zerga-oinarria izanen da aholkularitza-zerbitzuaren edo -lanaren benetako kostua (txostenak prestatzea, tokian bertan ikustaldiak egitea, etab.).

j) 4. artikuluaren j) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: zerga-oinarria izanen da eginiko zerbitzuaren edo lanaren benetako kostua, tarifen eranskinaren 16. atalean azaltzen den bezala.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, I. eranskinean ageri diren tarifak aplikatuko zaizkio zerga-egitate bakoitzaren zerga-oinarriari.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuotak

8. artikulua. Tributu-kuota izanen da zerga-egitate bakoitzari bere tarifa aplikatzearen ondorioz ateratzen den emaitza.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek une oro ezartzen dituzten zeharkako zergak, lege horiek xedaturiko moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Soilik onartuko dira Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak, eta indarrik gabe gelditzen dira bestelako deskontuak, eratortzen direnak Nafarroako Gobernuak, Mankomunitatean sarturik dauden toki-erakundeek edo beste edozein entitatek edo erakunde publikok hartutako erabakietatik edo egindako jarduketa orotatik.

X. KAPITULUA

Sortzapena

11. artikulua.

1.–4. artikuluaren a) eta b) apartatuetako zerga-egitateetarako ezarritako tasak sortuko dira lauhileko natural bakoitzaren lehenbiziko egunean, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat.

Zerbitzua lehen aldiz hartzen duten erabiltzaileentzat, hura hartzen duten egunean berean izanen dute sortzapena tasek, horien barne izanik, kasua bada, 6. artikuluan ezarritako neurgailuaren alokairua.

2.–4. artikuluaren c) eta d) apartatuetako zerga-egitateetarako ezarritako tasak sortuko dira ur kontsumoa egiten den unean.

3.–4. artikuluaren e) apartatuko zerga-egitaterako ezarritako tasak sortuko dira edateko uraren hornidura eta/edo hondakin urak husteko kontratua sinatzen den unean.

4.–4. artikuluaren f) eta g) apartatuetako zerga-egitateetarako ezarritako tasek honela izanen dute sortzapena:

4.1. Eraikin eta obretarako harguneetarako, Mankomunitateko teknikariek hargunea baimentzen duten unean, eta nolanahi ere, obra bakoitzerako hornidura kontratua formalizatzen den unean, harguneak lehenago egin badira ere poligono baten urbanizazioaren barnean.

4.2. Bestelako harguneetarako, hargunea baimentzen den unean.

5.–4. artikuluaren h) apartatuko zerga-egitaterako ezarritako tasak sortuko dira eskaturiko hornidura baimentzen den unean.

6.–4. artikuluaren j) apartatuko zerga-egitaterako ezarritako tasak sortuko dira eginiko kontsulta teknikoari erantzuten zaion unean.

7.–4. artikuluaren j) apartatuko zerga-egitaterako ezarritako tasak sortuko dira ur-ihes ezkutuak detektatzeko zerbitzurako eskaera egiten den unean.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

12. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren tasak hurrengo arauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1.–4. artikuluaren a) eta b) apartatuetakoak lauhilekoetan ordainaraziko dira, eta hori egiten ahal da aurreraturik edo mugaeguna iraganik.

4. artikuluaren c), d) eta h) apartatuetakoak lauhilekoetan ordainaraziko dira, mugaeguna iraganik.

2.–Sortzapenaren unean ordainaraziko dira e), f), g), i) eta j) apartatuetakoak.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

13. artikulua.

1.–Indarra duen legeriari jarraikiz, ordenantza honetan aurreikusitako tasak aplikatzearen ondoriozko zorrak “jakinarazpen gabetzat” hartzen dira.

2.–4. artikuluaren a), b), c) eta h) apartatuetako zerga-egitateek sortutako tributu-zorrak, behin ordainarazirik daudela 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua argitaratuz Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta argitalpen horretatik aurrera hogeita hamar egun baliodun zenbatu beharko dira borondatezko epean ordaintzeko.

3.–4. artikuluaren d), i) eta j) apartatuetako zerga-egitateagatik sorturiko zorrak ordaindu beharko dira sortzen diren unean.

4.–4. artikuluaren f) eta g) apartatuetako zerga-egitateagatik sorturiko zorrak ordaindu beharko dira sortzen diren unean, hau da, hargunerako eskubidea aitortu ondoren, hori arautzen duen ordenantzarekin bat.

14. artikulua. Borondatezko epean ordaindu ez diren tributu-zorrak premiamendu bidez ordainaraziko dira, salbu eta –ordaintzeko betebeharra duenak aurretiaz eskaturik– Mankomunitateak geroratzea edo zatikako ordainketa onartu badu, 2/1995 Foru Legearen 90. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboentzat, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboentzat, edota helbideratua izan arren edozein arrazoirengatik zorrak ordaindu gabe gelditu diren kasuetan, kobratzeko gaitzen diren banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoaz gain, aplikatuko dira Mankomunitatearen kasuan kasuko ordenantzetan arau-hausteei eta zehapen araubideari buruz ezarritako xedapenak.

II. TITULUA

Saneamendu kanona

17. artikulua. Saneamendu kanona arautua dago abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta hura garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan (10/1988 Foru Legea, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzkoa).

18. artikulua. Kanon hori ezarri da 10/1988 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrarekin eta gainerako araudiarekin bat, eta, aurrekontuen ekitaldi bakoitzerako, haren zenbatekoa ezartzen da Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean edo, bestela, kasuan kasuko foru araudian.

Azken xedapen bakarra.

Ordenantza honek 2022ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Ordenantza fiskala, Ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituena.

I. ERANSKINA

Tarifak, Ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzuen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalarenak

1.–4.a) eta 4.b) artikuluetako zerga-egitateak.

1.1. Kuota finkoak (saneamendua eta estolderia): ezarritako kontagailuaren diametroaren arabera.

KONTAGAILUAREN DIAMETROA

HORNIDURAREN LAUHILEKOKO KUOTA FINKOA

ESTOLDERIAREN LAUHILEKOKO KUOTA FINKOA

KONTAGAILUAREN MANTENTZE-LANA

13 mm

9,55

12,73

1,98

20 mm

32,72

19,4

2,86

25 mm

46,07

39,53

4,90

30 mm

74,23

56,27

6,54

40 mm

133,87

111,69

16,78

50 mm

193,45

167,92

24,34

65 mm

207,39

226,72

30,26

80 mm

248,8

276,87

38,62

100 mm

414,4

386,03

47,30

150 mm

1.916,59

386,03

47,30

Kontagailurik ez duten etxebizitzen kasuan, 13 mm-ko diametroari dagozkion hornidura eta estolderia kuota finkoak aplikatuko dira, eta etxebizitzaz besteko erabileretarako, horietan ere ez badago kontagailurik, 25 mm-ko diametroari dagokion kuota finkoa aplikatuko da.

Estolderia kuota finkoa ez da kobratuko saneamenduko sare orokorrera hustubiderik ez duten etxebizitza eta/edo bestelako instalazioen kasuan.

1.2. Kontagailuen mantentze-lanaren kuota finkoak.

Hauxe izanen da aplikatzeko tarifa: kontagailuaren batez besteko prezioaren %1,25 hilabetean. Hartan konponketa eta kontserbazio gastuak sartzen dira.

Kontagailurik ez duten etxebizitzen eta/edo instalazioen kasuan, kuota hori berdin aplikatuko zaie, aurreko puntuaren arabera dagokien kontagailuan oinarrituz.

1.3. Suteetarako aho zigilatuei dagozkien kuota finkoak.

Suteetarako aho bakoitzeko, 10,60 euro kobratuko da lauhilekoan.

2.–4.c) artikuluko zerga-egitateak. Kontsumoa.

Kuota aldakorra: prezioa m³ bakoitzeko.

1. tarifa.–Etxeko erabilera etxebizitzetan eta hari lotutako erabilerak. Honako hauek barne hartzen dira: etxebizitzarako eta ekipamenduetarako beste eraikin batzuk; Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta abarretako ikastetxe ofizialki aitortuak; erabilera kolektiboko kirol instalazio publikoak; eta parke-lorategi publikoak. 0,45 euro/m³.

4 kidetik gorako familien kasuan, tarifa 0,30 euro/m³ izanen da.

2. tarifa.–Industria eta merkataritzako erabilera. Tarifa honetan sartzen dira industria, merkataritza eta bulegoak. Halaber, sartzen dira etxabeak hornitzeko erabilerak, salbu ureztatzekoa: 0,45 euro/m³.

3. tarifa.–Baratze, aisiako finka eta kirol instalazio partikularretarako (igerilekuak) erabilera, eta ureztatzeko erabilera.

–Lehenbiziko 35 m³-ak lauhilekoan: 0,45 euro/m³.

–Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lauhilekoan: 0,80 euro/m³.

4. tarifa.–Abeltzaintzarako erabilerak: 0,35 euro/m³.

5. tarifa.–Erabilera konbinatuak

5.1. Etxeko erabilera etxebizitzan eta industriako edo merkataritzako erabilera (industria edo merkataritzako jarduera ohiko bizilekuan).

–Lehenbiziko 85 m³-ak lauhilekoan: 0,45 euro/m³.

–Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lauhilekoan: 0,80 euro/m³.

5.2. Etxeko erabilera etxebizitzan eta ureztatzeko edo kirol instalazio partikularrerako erabilera (ohiko bizilekua, berdegunea, baratzea eta/edo igerilekua duena).

–Lehenbiziko 35 m³-ak lauhilekoan (4 kide bitarteko familiak): 0,45 euro/m³.

–Lehenbiziko 45 m³-ak lauhilekoan (4 kidetik gorako familiak): 0,45 euro/m³.

–Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lauhilekoan: 0,80 euro/m³.

NILSA enpresaren aldeko kanonetik eratorritako tasari dagokionez, benetako kontsumoa hartuko da erreferentziatzat, eta gehienez 35 m³.

Etxebizitza bat baino gehiagoko urbanizazioetan, gutxieneko horiek jasotzen dira dauden etxebizitzen kopuruaren arabera.

5. tarifa (“Erabilera konbinatua”) nahitaez aplikatuko da etxebizitza batean baldin eta, etxebizitza-motagatik, kanpoko itxuragatik edo ikuskapen zerbitzuek prestatutako txostenagatik, bertan egiten ahal bada aukeren erabilera konbinatua. Subjektu pasiboak ezin du jarri banakako kontagailurik erabilera posible bakoitzerako.

5.1 eta 5.2 tarifetan aurreikusitako erabilerak aldi berean izan ditzakeen etxebizitza baten kasuan, aplikatuko zaio hartutako ur bolumenari gehien hurbiltzen zaion erabileraren tarifa, eta, zalantza izanez gero, beti 5.2 tarifa.

Ultzanueta Mankomunitateak behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, erabiltzaile bakoitzari dagokion tarifa mota esleitzeko.

6. tarifa.–Erabilera soziala, ongintzako zentroak barne: 0,45 euro/m³.

7. tarifa.–Mankomunitateko ente ofizialen erabilera zerbitzuetan eta udal ureztaketan, baita erabilera publikoko jabetza pribatuko ureztatzea ere: 0,45 euro/m³.

8. tarifa.–Hornidura, kamioi zisternadunen bidez:

Ur kontsumoa 0,80 euro/m³ kobratuko da, eta gutxienez ere 25 euro.

Halaber, Mankomunitatetik kanpoko bitartekoak erabiltzen badira hornidurarako (kamioi zisternadunak eta abar), erabiltzaileei kobratuko zaie aipatu zerbitzuen kostua.

9. tarifa.–Hornidura egitea kontsumoaren kontagailurik ez duten higiezinei.

–Etxebizitzak: 24 euro lauhilekoa.

–Bestelako higiezinak: 31,20 euro lauhilekoa.

3.–4.d) artikuluko zerga-egitateak.

Saneamendu kuota:

NILSA enpresa publikoak urtero Mankomunitateari igortzen dion saneamendu kanonaren zenbatekoa kobratuko zaie erabiltzaileei. Honako alderdi hauen arabera eginen da kobrantza hori:

A.–Etxebizitzak edo instalazioak ur kontagailua badu, NILSA enpresak aplikatzen dituen parametroen arabera kobratuko da, kontsumoari begira betiere.

B.–Etxebizitzak edo instalazioak ur kontagailurik ez badu, NILSA enpresak aplikatzen dituen parametroen arabera kobratuko da, ratio bidezko prozedura edo sistema erabilita.

C.–Aurreko apartatuetan azaldutakoaz gain, putzu septikoa duten etxebizitzen eta/edo beste instalazio batzuen kasuan, NILSA enpresak aplikatzen dituen tarifa batzuk edo besteak ezarriko dira, instalazio hori legeztatua dagoen ala ez kontuan hartuz.

D.–Ureztatzeko uraren kasuan, ez da kobratuko saneamendu kanona.

“Ureztatzeko ura” zer den zehazteko orduan, 3. tarifan aurreikusitako kasuaz gainera, halakotzat joko da 5.1 eta 5.2 tarifetako kasuetan ezarritako metro kubikoetatik gorako kontsumoa ere.

E.–Ur-ihes ezkutuen kasuan, NILSA enpresak zehazturiko kanon edo tarifa aplikatuko da.

F.–Behin-behineko horniduretarako alten kasuan, ez da kobratuko saneamendu kanona.

4.–4.e) artikuluko zerga-egitateak.

Kontagailuaren diametroaren araberako urteko hornidura kanona halako bi.

5.–4.f) artikuluko zerga-egitateak.

–Hornidurako hargune bakoitzeko:

  • 600 euroko zenbateko finkoa, hargunearen diametroa 36 mm-koa edo txikiagoa bada.
  • 2000 euroko zenbateko finkoa, hargunearen diametroa 36 mm-tik gorakoa bada.

–Suteetarako hargune bakoitzeko: 95 euroko zenbateko finkoa.

6.–4.g) artikuluko zerga-egitateak.

–Saneamendurako hargune bakoitzeko: 300 euroko zenbateko finkoa.

7.–4.h) artikuluko zerga-egitateak.

Kontsumitu edo zenbatetsitako m³ bakoitzeko, 0,80 euro kobratuko da (astebete gutxienez eta 4 m³-ko gutxieneko bolumena astean).

Orobat, 1. puntuan ezarritako hornidura eta saneamendu kuota finkoak jasanaraziko dira.

Egoera horren denbora-muga 3 urtekoa izanen da. Ordutik aurrera, eta egoera erregularizatu arte (behin betiko hargunea eta hornidura), kontsumitutako m³ bakoitzaren prezioa izanen da 2 euro/m³, gutxieneko kontsumo-bolumen berekin.

8.–Ihes ezkutuen tarifa.

Ur-ihes ezkutuaren kontzeptua: kontsumo bat “ur-ihes ezkututzat” hartzeko, eskatuko da ondoko baldintza hauek guztiak betetzea eta behar bezala frogatzea:

1.–Lauhilekoan 100 m³-tik gorako kontsumoa erregistratu duten abonatuen erreklamazioak onartuko dira.

2.–Ur-ihes ezkutua izan beharko du, abonatuak aurretiaz jakin ez duela hodiak edo neurketa ekipoak hondatuta daudela.

3.–Egiaztatu beharko da ez dela inolako zabarkeriarik izan abonatuaren aldetik, ez ur-ihesa eragin duten egintzetan, ez ur-ihesaren ondoko jarduketan.

4.–Apurtu edo hondatu eta, horren ondorioz, ur-ihesa izan duen instalazioa 7 eguneko epean konponduko da, gehienez ere, ur-ihesa atzematen denetik aurrera.

Abonatuaren instalazio partikularrean ihes ezkuturik baldin bada, ondoko irizpideen arabera izanen dira tarifak:

–Ur-ihesa etxebizitzetako kontratuetan edo parekoetan (1.etik 6.era bitarteko tarifak).

100 m³ fakturatuko dira (edo azken hiru urteetan lauhileko berean kontsumitutakoaren batezbestekoa, hori handiagoa bada), hornidura kontratuan abonatuak kontratatua duen ohiko tarifaren arabera.

–Gainerako kontsumoa: ez da fakturatuko.

Oharrak:

1.–Ur-ihes ezkutua gertatu baldin bada instalazioak berdeguneak ureztatzeko duen atalean, tarifa izanen da 0,45 euro/m³.

2.–Ordainagiri bakar bati aplikatuko zaio tarifa hori, abonatuak erreklamazioa zein lauhilekotan egiten duen, horkoan.

3.–Urbanizazioetan, kontagailu bakarra bada etxebizitza batzuetarako, arestian kontsumitutako metro kubikoetarako ezarri diren parametroei dagokienez, 100 m³-ko kontsumoa aplikatuko da etxebizitza bakoitzeko.

9.–Tarifak kontsumo kontagailuen irakurketa okerra egin edo funtzionamendu akatsak dauden kasuetan.

Kasu horietan, egindako kontsumoaren tarifak kalkulatuko dira aurreko urteko lauhileko bereko datuetan oinarrituz.

Horrela jokatuko da kontsumo kontagailuaren akatsak konpondu eta irakurketa zuzena egiten den arte.

10.–Tarifak kontsumo kontagailuen irakurketa ezinezkoa denean.

Ezintasun hori erabiltzailearen jarduketaren ondorioa bada, honela kalkulatuko da kontsumoa:

1. tarifa: 100 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

2. tarifa: 1000 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

3. tarifa: 100 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

4. tarifa: 1000 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

5.1. tarifa: 200 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

5.2. tarifa: 200 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

Horrela jokatuko da, harik eta kontsumo kontagailua irakurri ahal izan arte.

11.–Murrizketa berezia, lanbide arteko gutxieneko soldata adinako pentsioa edo txikiagoa hartzen dutenentzat.

4.c) –kontsumoa– eta 4.d) –saneamendu kanona– artikuluetan ezarritako zerga-egitateei dagokien kuota zatia, ordenantza honen arauketaren xede, %50 murriztuko da, oro har aplikatu beharrekoaren aldean, honako kasu hauetan:

1.–Ordaintzeko betebeharra duena Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren prestazio baten onuraduna denean, baldin eta haren zenbatekoak ez badu lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen.

2.–Aurreko apartatuan bezala, soldatak ez duenean gainditzen lanbide arteko gutxieneko soldata halako 1,2, baldin eta ezkonduta badago edo antzeko bizikidetza harremana badu, bien guztirako diru-sarrerak batuta.

3.–Ezkontideaz bestelako familia kargak daudenean (adingabeko seme-alabak, legezko langabezian edo ikasten ari diren 23 urte arteko seme-alabak –23koak barne– edo desgaitasun bat duten diru-sarrerarik gabeko seme-alabak), aipatutako muga ekonomikoak handituko dira lanbide arteko gutxieneko soldata halako 0,2 mendekotasuna duen pertsona bakoitzeko.

Nahiz eta aurreko baldintza bete, ez da murrizketa berezi horretarako eskubiderik izanen baldin beste diru-sarrera batzuen bitartez urtean lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen bada, izan eskatzailearen beraren diru-sarrerak nahiz etxean harekin bizi direnen sarrerak. Orobat, eskatzailearen edo bizikideen ondare higigarria nahiz higiezina ez da izanen handiagoa 21.000 euro baino, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.

Aipatutako baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Eskabidea.

2. Hartzen den laguntzaren ziurtagiria.

3. Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo, bestela, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, agertzen duena ez dagoela behartua hura aurkeztera, bai eta eskatzailearen edo bizikideen diru-sarrerak frogatzen dituzten bestelako agiriak ere.

4. Bizikidetzako ziurtagiria, udal erroldakoa.

Betiere, murriztapen bereziaren onuradunak titularra izan beharko du ur hornidura eta saneamenduaren kontratuan.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak noiznahi ikuskatzen ahalko du ea betetzen diren murrizketa berezi horretarako eskatzen diren baldintzak, eta kendu eginen ditu baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunak, bai eta egiaztatzeko dokumentuak eskatu eta aurkezten ez dituztenak ere.

12.–Horniduraren erabilera aldatzea.

12.1. Ofizioz: Atzematen denean erabilera aldatu dela kontratu baten hornidura eta saneamendu zerbitzuetan, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak aplikatu beharreko tarifa aldatuko du, benetako erabilera egiaztatuaren arabera fakturatzeko.

12.2. Interesdunek eskatuta:

–1. kasua: Horniduraren erabilera “merkataritza-lokaletik” “etxebizitzara” aldatzea.

Aldaketa hori onartzeko, erabiltzaileak kasuan kasuko udalaren ziurtagiria aurkeztu beharko du Mankomunitatean, adierazten duena lokal horretan ez dela jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren menpeko jarduera ekonomikorik egiten. Orobat, etxebizitzaren bizigarritasun zedula aurkeztu beharko du.

–2. kasua: Merkataritza-lokala ixtea erretiroa dela-eta, baina hornidurari eutsirik.

Aldaketa hori onartzeko, erabiltzaileak kasuan kasuko udalaren ziurtagiria aurkeztu beharko du Mankomunitatean, adierazten duena lokal horretan ez dela jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren menpeko jarduera ekonomikorik egiten.

13.–Aldi baterako baja horniduran.

Erabiltzaileei ez zaie inongo tarifarik kobratuko, salbu eta kasu hauetan:

–Elementuak/instalazioak aipatu egoerara egokitzearen kostua kobratuko da (buxatzea, hornidurako giltzak ixtea eta abar).

–Horniduraren baja 30 egun natural baino gutxiagoz bada, alta eskatzeko orduan ez da hargune berriko tasa kobratuko (5. puntua).

–Horniduraren baja 30 egun natural baino gehiagoz bada, alta eskatzeko orduan ez da hargune berriko tasa kobratuko (5. puntua), baina 200 euroko tarifa kobratuko da, “alta berriz hastea” kontzeptuagatik.

14.–Horniduraren tarifa eraikin, instalazio edo jarduerarik gabeko urbanizatutako orubeetan.

Honako tarifa hauek baino ez dira kobratuko:

–Hornidura kuota finkoa (1.1 puntua).

–Kontagailuaren mantentze-lanaren kuota (1.2 puntua).

15.–4.i) artikuluan ezarritako zerga-egitateari dagokion zerbitzuen tarifa (aholku teknikoa ematea ur horniduraren eta saneamenduaren arloan –txostenak–).

120 euro.

16.–4.j) artikuluan ezarritako zerga-egitateari dagokion tarifa (finka pribatuetako ur-ihes ezkutuak detektatzea): Lanaren edo zerbitzuaren benetako kostua.

Kasuak:

1) Zerbitzuak egiten direnean Mankomunitatearen beraren bitartekoak erabiliz, tarifak kalkulatuko dira parametro hauen arabera:

–Makineria teknikoa erabiltzea (geofonoa): 70 euro.

–Mankomunitateko langilearen eskulana: 30 euro ordu bakoitzeko.

2) Zerbitzuak egiten direnean besterenak edo Mankomunitatetik kanpokoak diren bitartekoak erabiliz, enkargatu edo kontratatu behar baitira: Kobratuko den tarifa izanen da enkargu edo kontrataziogatik Mankomunitateak bere gain harturiko kostua.

Iragarkiaren kodea: L2204005