76. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

95/2022 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2021-2022 ikasturtean goi mailako arte ikasketak egiteko nazioarteko mugikortasunerako programen laguntza osagarrien deialdia egiten duena.

Arte Ikasketen Ataleko buruak, 2022ko martxoaren 8ko txostenaren bidez, proposatu du 2021-2022 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onetsi eta argitaratzea. Deialdia goi mailako arte ikasketen ikastetxeek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. 2021-2022 ikasturtean goi mailako arte ikasketen ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri da.

2. 6.000 euroko gehieneko gastua onestea, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorren “Goi mailako arte ikasketen ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak” izeneko 420001 42400 4800 322500 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari/ordezkariari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Arte Ikasketen Atalari, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioari, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolari, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolari eta “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduari.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketen ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia.
2021-2022 ikasturtea

OINARRIAK

1. Xedea

Nazioarteko dimentsioaren garapena gakoetako bat da unibertsitateko ikasketak hobetzeko orduan. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek eta unibertsitatetik kanpoko goi mailako ikasketen ikastetxeek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarriak Nafarroako Gobernuak egiten duen ekarpen zuzena dira, goi mailako arte ikasketen ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntza hauek goi mailako arte ikasketen ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako goi mailako arte ikasketen ikastetxeek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen zenbatekoa.

Arte Ikasketen Atalak ezarriko du laguntzei aplikatu beharreko hileko modulua. Hori kalkulatzeko, 2022ko aurrekontu partidan erabilgarri dagoen diru kopuru osoa banatuko da baliozkoak diren eskaeren hilabete guztien artean. Deialdi honetako aurrekontu esleipena 6.000 eurokoa da graduko edo masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako.

Azaroaren 30a hartuko da jaso beharreko laguntza kalkulatzeko azken eguntzat. Ez da laguntzarik emanen hiru hilabetetik beherako egonaldietarako.

4. Eskatzaileek bete beharrekoak.

a) 2021-2022 ikasturtean Espainiako goi mailako arte ikasketen ikastetxe batean matrikulaturik egotea.

b) Goi mailako ikasketen ikastetxeen arteko nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez, etenik gabe.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

6. Dokumentazioa.

a) Laguntza eskabidea, deialdiaren II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, banku-entitateak behar bezala betea eta zigilatua. Kontuaren titularra eta laguntzaren onuraduna pertsona bera izan beharko dira. Kontuak aktiboa egon beharko du laguntza jaso arte.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik.

d) Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztuko dute, azken bi urteotan Nafarroan bizi izan direla frogatzeko.

e) 4. oinarriko a) eta b) atalak frogatzeko agiria:

–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan matrikulaturik dauden ikasleen kasuan, ikastetxeek beraiek aurkeztuko dute ofizioz ziurtagiri hori.

–Goi mailako arte ikasketen beste ikastetxe batzuetan matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, ikastetxe horretan matrikulaturik dagoela ziurtatzen duen eta eskatzailea partaide den truke-programaren edo hitzarmenaren gaineko datu hauek biltzen dituen ziurtagiria aurkeztuko da: destinoko ikastetxea eta egonaldiaren hasiera eta amaiera egunak.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da adierazpen hau (II. eranskina).

g) Nafarroatik kanpo dauden goi mailako arte ikasketen ikastetxeetako ikasleen kasuan: erantzukizunpeko adierazpena, dioena bere ikastetxea dagoen autonomia erkidegoan ez duela beste laguntza osagarri bat hartu nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da adierazpen hau (II. eranskina).

h) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, “Egonaldiaren amaierako agiria” (III. eranskina) ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.

7. Laguntzak emateko irizpideak.

Onartzen den eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa esleituko zaio, kontuan hartuta egonaldiaren hilabete kopurua eta deialdian guztira erabilgarri dagoen zenbatekoa.

8. Ebazpena.

Arte Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko du www.nafarroa.eus atarian, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan, baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak azalduta. Baztertutako eskatzaileek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoia zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da dokumentazioa, eta ebazpen honen 5. oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko da.

Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die eta, ondoren, eskatzaile onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa egiteko organo eskuduna Arte Ikasketen Atala da, zeinak eskaerak ebaluatuko baititu eta ebazpen proposamena Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari igorriko baitio.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.nafarroa.eus atariko zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiria aurkeztu behar dute (deialdiaren III. eranskina), behar bezala beteta eta destinoko ikastetxeak zigilatuta. Agiri hori “nafarroa.eus” atariko zerbitzuen katalogoan ere eskuratzen ahal da.

2022ko azaroaren 30aren ondoren bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, eta egun hori egonaldiaren azken eguntzat hartuko da laguntza justifikatu eta ordaintzeko ondorioetarako.

“Egonaldiaren amaiera” agiria ezinbestekoa da laguntzak ordaintzeko. Arte Ikasketen Atalari zuzenduko zaio, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren, erregistro elektronikoaren edota edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako baten bitartez. Aipatu agiria igorri baino lehen, eskaneatuta helaraziko da helbide elektroniko honetara: ensearti@navarra.es.

10. Uko egitea.

Laguntzei uko eginez gero, horren berri emanen zaio Arte Ikasketen Atalari ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, eta itzuli egin beharko da jasotako dirua.

11. Ez-betetzeak.

Arrazoi hauetako bat gertatzen denean galduko da laguntza:

a) Egonaldia ez egitea edo hori egin dela egiaztatzen duen “Egonaldiaren amaiera” agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, laguntza ez da ordainduko.

b) Egiten den egonaldia eskatutakoa eta onartutakoa baino laburragoa izatea, egindako egonalditzat hartuta “Egonaldiaren amaiera” agirian agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela azaroaren 30etik haratago joan, eta betiere egonaldiaren iraupen osoa gutxienez hiru hilabetekoa izan bada.

12. Laguntzaren ordainketa.

Laguntzen onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute zenbateko osoa.

Laguntzak ordainketa bakarrean emanen dira, behin onuradun guztiek “Egonaldiaren amaiera” agiria aurkeztuta.

Egonaldia azaroaren 30etik aurrera bukatzen duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da ordainketa.

13. Laguntzaren bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

14. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatua ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidean barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

15. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

16. Informazioa eta harremanak.

Eskabide-orria eta “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria oinarri hauekin batera argitaratuko dira, “nafarroa.eus” atariko zerbitzuen katalogoko atal honetan: Zerbitzuak-Laguntzak eta bekak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

–Arte Ikasketen Atala:

  • Hezkuntza Departamentua.
  • San Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa).
  • Telefonoak: 848 426973/ 848 426218.
  • Helbide elektronikoa: ensearti@navarra.es

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabide-orria.

III. eranskina.–“Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria aurkeztea.

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204149