75. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73E/2022 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Mendigorriko udal mugartean dagoen zerri-ustiategi baten (umetarako zerramak) ingurumen baimen integratua. Granja El Saso SL da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 27ko 287E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eta lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimena eman ziren eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen zerri ustiategi baterako (Granja El Saso SL da titularra) eta hondakin organikoen biometanizazio zentro baterako (Bioenergía Mendi SL da titularra), biak batera hartuta. Izan ere, hasierako proiektuaren planteamendua izan zen, funtsean, biometanizazio zentroan abeltegian sortutako simaurren tratamendua egitea, hondakin horiek nekazaritzan ongarri gisa erabili aurretik.

Garai hartan abeltzaintzako ustiategia baino ez zegoen sailkatuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskinean eta Europako Kontseiluak kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruz 1996ko irailaren 24an emandako 96/61/EE Zuzentarauan zerrendatutako kategorietako batean. Beraz, abeltzaintzako ustiategiak hartzen zuen zatia baizik ez zegoen ingurumen baimen integratuaren araubidearen pean.

Denboraren buruan, ordea, hasierako proiektuak eboluzionatu egin du eta biometanizazio zentroa dagoeneko ez da abeltzaintzako ustiategiaren menpeko unitate tekniko bat, funtzionamendu autonomoa duen instalazioa baizik. Abeltegiaz kanpotik ekarrita biometanizazio zentroan tratatzen diren hondakin organikoen kopurua handituz joan da, eta hondakin motak ere bai, eta gaur egun gutxi dira abeltegitik bertatik zentrora eramaten diren abere hondakinak.

Gaur den egunean, batetik, biometanizazio zentroak abeltzaintzako ustiategitik bereiz funtzionatzen du, eta bestetik, egunean 100 tona hondakin tratatzeko ahalmenaren atalasea gainditu du. Beraz, jarduera hori, berez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskinean azaltzen diren kategorietako batean sailkatzeko modukoa da.

Hori guztia dela-eta, bereizi egin behar dira abeltzaintzako ustiategiaren ingurumen baimen integratua eta hondakin organikoen biometanizazio zentroaren ingurumen baimen integratua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia), bere lehen xedapen iragankorrean, xedatzen du ezen ingurumen baimen integratuak emateko eskumena duen organoak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra, eta eragina dute aipatu instalazioan; esate baterako, uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Halaber, 2017ko otsailaren 15ean, Batzordearen 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakia argitaratu zen, eta hartan ezarri ziren etxeko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, industriako isuriei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera; erabaki horretan ezarrita dago ingurumen baimen integratuaren baldintzak berritu eta, behar izanez gero, eguneratu behar direla lau urteko epean, argitalpenaren egunetik hasita, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori) bere lehen xedapen iragankorraren 2.d) apartatuan xedatutakoa betetzeko, berrikusi dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu da, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, egoki da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Eguneratzea Granja El Saso SLk Mendigorriko udal mugartean duen zerri ustiategi baten (umetarako zerramak) ingurumen baimen integratua, halako eran non instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko baitituzte.

Bigarrena.–Berrikustea Granja El Saso SLk Mendigorriko udal mugartean duen zerri ustiategi baten (umetarako zerramak) ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da ezen instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiari; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Hirugarrena.–Instalazio horrek lurzoru urbanizaezinean jarduteko duen baimenaren indarraldia mantentzea. Baimen hori Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez eman zitzaion, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea, 15P02167040202021 zenbakiarekin, hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, eta 15P03167040202021 zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bosgarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1670070428/ 3/1 plana onestea. Ebazpen honen VI. eranskinean dago.

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikulua (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Zazpigarrena.–Halaber, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatu edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen integratuaren baldintzak, gertatzen baldin bada abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan edo Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean aurreikusitako inguruabarretako bat.

Zortzigarrena.–Instalazio horren ingurumen baimen integratuaren indarraldia kentzen da, baita hura berritzeko betebeharra ere; izan ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) ez baitu aurreikusten ingurumen baimen integratua berritzea.

Bederatzigarrena.–Instalazioan edonolako aldaketak egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamargarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2022ko apirilaren 15a baino lehen; hartan deskribatuko da zer neurri hartuko diren ingurumenean ukipena izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Granja Sojo SLri, Mendigorriko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2022ko martxoaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2204449