75. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38/2022 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak, 2022koak, onesten dituena. DDBN identifikazioa: 617060.

Mugikortasun seguru eta jasangarriaren estrategiak funtsezkoak dira Nafarroako jarduera ekonomiko eta sozialaren funtzionamendurako; zer esanik ez koronabirusaren ondorioek sortu duten egungo ziurgabetasun egoeran. Beraz, administrazio publikoek jarduerak egin behar dituzte herritar guztiek beren joan-etorriak egin ahal izan ditzaten segurtasun eta jasangarritasun baldintzekin, bereziki nahitaez egin beharrekoak direnean.

Bizikleta garraiobide ezin hobea da hiriko eta, kasu batzuetan, hiriarteko joan-etorrietarako; izan ere, haren kanpo-eraginak oso txikiak dira kutsadurari, zaratari eta espazio publikoaren erabilerari dagokienez, eta haren onurak ukaezinak dira osasunerako (norberarena eta besterena) eta ingurumenerako, eta, gainera, urruntze soziala bermatzen dute.

Horregatik guztiagatik, komenigarria da bizikleta ohiko garraiobide izan dadin sustatzeko jarduketak garatzea, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidariaren zirriborroan jasotzen den bezala. Jarduketek bi norabide edukiko dituzte: alde batetik, azpiegitura espezifikoak eta seguruak garatzea (ahal den guztietan ibilgailu motordunen zirkulaziotik bereizita), eta beste alde batetik bizikleta erabiltzearen kultura bultzatzea.

Deialdi honen helburuek guztiz bat egiten dute 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuekin, pizgarriak ematen baititu pertsonen mugikortasunean energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta petrolioaren morrontza murrizteko, baita klima aldaketaren aurkako borrokaren ibilbide orria bultzatzeko ere, berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko neurri gisa.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak adierazi duenez, 2021eko kanpainan lortutako emaitzak ikusita, egokitzat jotzen da bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzen deialdi berri bat sustatzea (2022koa), bizikleta garraiobide seguru eta jasangarri gisa erabil dadin eguneroko eta nahitaezko joan-etorrietan, bereziki, hiri eremukoetan.

Nafarroan bizi den edozein pertsona izan daiteke laguntzen onuraduna. Hori norbera identifikatzeko dokumentuaren bidez edo erroldatze-ziurtagiri baten bidez frogatuko da. Xedea da laguntzak ahalik eta jende gehienera iristea. Xede hori eta onuradun eta bizikleta bakoitzeko emanen den gehieneko dirulaguntza kontuan hartuta (50 euro), eskaera espedienteak erregistratu ahala tramitatu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontuko kreditua dagoen bitartean. Dirulaguntza emateko prozedura banakako ebaluazioa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

Aipatu foru legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 16an hartutako erabakiaren bidez, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion bizikleten konponketetarako eta mantentze-lanetarako dirulaguntza banakako ebaluazioaren bidez emateko.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jakinarazi du, dirulaguntza jasotzeko salbuespen batzuk ezarri direla, bizikleta motari dagokionez, xedea baita pizgarriak ematea bizikleta eguneroko garraiobidea izan dadin. Hori horrela, ia erabat kirol jardueretarako erabiltzen diren bizikletak salbuetsi eginen dira, haien ezaugarri teknikoak kontuan hartuta.

Onuradunentzako laguntzak tramitatzea errazagoa izan dadin, komenigarritzat jo da oinarri arautzaileetan atxikipen prozedura bat ezartzea bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiten dituzten lantegientzat, entitate laguntzaileak izan daitezen eta dirulaguntza kudeatzen lagun dezaten, funtsak aldez aurretik eman eta banatu behar izan gabe. Oinarri arautzaileek ezartzen dute atxikipen prozedura hori.

Ezarri den prozeduraren arabera, onuradunek aldez aurretik atxiki diren entitateetara jo beharko dute, dirulaguntzak eta eskaerak kudeatzeko.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 48. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko 2022ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 100.000 euroko gastua baimentzea deialditik sortutako konpromisoetarako, 2022ko gastuen aurrekontuko 230002 23200 4809 441100 partidaren kargura (“Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko laguntzak”).

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 23an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntza hauenoinarri arautzaileak ezartzea: Nafarroan entitate laguntzaile moduan atxiki den lantegi batean egiten diren bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzak.

1.2. Dirulaguntzen onura publikoa mugikortasun jasangarria sustatzea da, kutsadura eta zarata gutxiagotzeko eta espazio publikoaren erabilerarako dituen onurak baliatzeko; halaber, ariketa fisikoaren eta ingurumenaren aldetik ere onurak ditu, eta pertsonen arteko distantzia gordetzea ziurtatzen du.

2.–Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diruz lagungarriak izanen dira konponketetarako, mantentze-lanetarako eta osagarriak jartzeko piezen eta eskulanaren kostua, ondoren adierazten den bezala:

a) Konponketa.

Elementu hauek konpontzea eta aldatzea sartzen da:

–Balaztak: heldulekuak, diskoak, zapatak, pastillak, pintzak.

–Koadroa eta aurreko urkila.

–Errodamenduak.

–Katea, piñoiak eta platerak.

–Martxa aldagailuak.

–Pneumatikoak eta ganberak.

–Zela eta hodia.

–Bateria.

b) Mantentze-lanak.

–Garbitu eta koipeztatzea.

–Gurpilak zentratzea eta erradioak doitzea edo aldatzea.

–Balazta-doitzea: zapatak aldatzea eta palankak doitzea, balazta-pastillak aldatzea eta balaztak purgatzea.

–Aldagailua doitzea: aurrekoa (desbideragailua) eta atzekoa.

–Torlojuak doitzea: zela, potentzia eta direkzioa. Gurpilen itxiturak aztertzea.

–Transmisioa: lubrifikatu eta garbitzea. Behar diren elementuak aldatzea: katea, piñoiak, gurpilak eta/edo platerak.

–Zirgak eta zorroak: aldatzea, burugabetuak, hondatuak edo gaizki doituak daudenean.

c) Ekipamendu eta osagarriak jartzea:

–Argiak eta txirrina jartzea.

–Lohi-babesak jartzea.

–Haurrentzako aulkiak, atoiak eta arrastatzeko beste sistema batzuk.

2.2. 50 euroko laguntza ez da izanen piezen eta eskulanaren kostua (BEZa barne) baino handiagoa.

2.3. Laguntza, gehienez, 50 eurokoa izanen da, onuraduneko eta bizikletako.

3.–Bizikleta diruz lagungarriak.

3.1. Bizikleta diruz lagungarriek bete beharko dute maiatzaren 9ko 339/2014 Errege Dekretuak ezartzen duena (dekretu horrek bizikletak eta beste ziklo batzuk, eta haien zatiak eta piezak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko betebeharrak ezartzen ditu).

3.2. Bizikleta mota hauek laguntzetatik kanpo daude:

a) Errepidekoak, MTB (mountain bike) edo hibridoak, honako elementu hauetako bat badaukate:

–Karbonozko koadroa.

–Aldagailu elektronikoa.

b) BMX (bike motocross): guztiak.

4.–Onuradunak.

4.1. Onuradun izateko, eskatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona fisikoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

b) Kontu bat edukitzea banku batean. Adingabeen kasuan, betebehar hori betetzeko, aski izanen da aitaren, amaren edo legezko tutorearen banku-kontua aurkeztea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, eskaera inprimakian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpena eginen da, eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

4.2. Onuradun bakoitzak behin baizik ez du jasoko laguntza hau. Hau da, 2020ko eta 2021eko deialdietan onuradun izan zirenek ezin izanen dute onuradun izan deialdi honetan.

5.–Bizikleten erabilera.

5.1. Onuraduna bizikletaren erabileraren jarraipena errazteko behartuta egonen da bi urteko epean, jarduketa egiten den unetik kontatuta.

5.2. Onuradunak ezin izanen du dirulaguntza jasotzen duen bizikleta inori saldu bi urteko epean, jarduketa egiten den egunetik kontatuta.

5.3. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari dagokio ezarritako bi urteetan erabileraren eta titulartasunaren jarraipena egitea. Horretarako, onuradunei beharrezkoa den informazio guztia eskatzen ahal diete.

6.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 100.000 eurokoa da, eta 2022ko Nafarroako gastuen aurrekontuko “Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzak” izeneko 230002 23200 4809 441100 aurrekontuko partidaren kargura ordainduko da.

7.–Entitate laguntzaileak.

7.1. Eskaeren kudeaketaren efizientzia hobetzeko asmoz, entitate laguntzaileen bidez eginen da kudeaketa hori, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

7.2. Bere jardueren artean bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiten dituen edozein entitatek eska dezake atxikitzea entitate laguntzaile bezala, egoitza soziala edo lantokia Nafarroan edukiz gero.

7.3. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak eta entitate laguntzaileak izenpetu behar dute aipatu foru legearen 11. artikuluan ezarritako lankidetza hitzarmena. Entitate laguntzaileak bere egiten dituen baldintzak eta betebeharrak arautuko dira bertan, eta ulertuko da formalizatuta dagoela entitateak atxikipen eskaera aurkezten duenean eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko ebazpena eman ondoren. Atxikipen eskaera horrek berekin dakar oinarri hauetan ezartzen diren betebehar guztiak onartzea. Lankidetzak deialdi honek irauten duen beste iraunen du.

7.4. Deialdira atxiki nahi duten entitateek atxikipen eskaera bat aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), dagokion fitxan, horretarako prestatutako inprimakiaren bidez. Inprimakiak erantzukizunpeko adierazpen hauek barne hartuko ditu:

a) Alta emanda egotea jarduera ekonomikoen erregistroan, bizikleten salmenta, konponketa eta mantentze-lanak biltzen dituen epigrafean.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako debeku egoera batean ere ez egotea.

c) Dirulaguntzaren onuradunek eskaera orrian emandako informazioa deialdiaren oinarrietan aurreikusita ez dagoen beste edozein erabileratarako ez emateko konpromisoa.

Halaber, baimena emanen diote dirulaguntza kudeatzen duen organoari, EJZn alta emanda daudela egiaztatzeko eta Nafarroako Foru Ogasunarekin ordainketak egunean dituztela ziurtatzen duen agiria eskuratzeko. Informazio hori lortzeko baimena eman ezean, aipatu dokumentazioa aurkeztu beharko dute atxikipen eskaerarekin batera, Gestam Transportes aplikazioaren bidez.

Hala badagokio, ordezkariaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Atxikitzeko eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7.5. Entitateek atxikitzeko eskaerak aurkezteko daukaten epea amaitu eta gero, aurkeztutako dokumentazioa eta ezarritako betebeharrak betetzen diren egiaztatuko da. Atxikitzeko eskaeraren bat osorik ez badago, entitateari eskatuko zaio osatzeko. Eskaera orria osatzeko epea 10 egun baliodunekoa izanen da. Epea amaituta ez bada osatu, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da. Entitate laguntzaileen zerrenda Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsi eta Nafarroako Gobernuaren atarian emanen da argitara (www.nafarroa.eus).

7.6. Entitate batek atxikipen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauek onartu eta bertan ezartzen dena betetzeko konpromisoa.

7.7. Entitate laguntzaileek konpromisoa hartzen dute beren izena eta kokapena erabil daitezen onartzeko, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak deialdi hau sustatzeko egiten dituen informazio eta komunikazio kanpainetan.

7.8. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak hala eskatzen badu, entitate laguntzaileek ekintza identifikatzen duen logoa jarriko dute lantegian, erraz ikusteko moduan.

7.9. Ez da izanen entitate laguntzaileen aldeko ordain ekonomikorik.

7.10. Entitate laguntzaileek posta elektronikoko helbide bat emanen dute, prozesuan gerta litezkeen gorabeherak komunikatzeko. Entitate laguntzaile bakoitza arduratuko da emandako posta elektronikoari kasu egiteaz eta ongi funtzionatzen duela ziurtatzeaz.

7.11. Entitate laguntzaileek konpromisoa hartzen dute dirulaguntzaren onuradunek eskaera orrian eman dituzten datuak eta informazioa inori ez emateko, oinarri hauetan aurreikusten ez den edozein erabileratarako. Bereziki, ez diote inori emanen dokumentuen edo datuen kopiarik. Debekatuta dago dokumentuen eta datuen inolako erreprodukziorik egitea, eta osorik edo partez ezein pertsona fisikori edo juridikori lagatzea. Entitate laguntzaileek eta onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

8.–Dirulaguntza eskatzeko eta emateko prozedura.

8.1. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.

8.2. Dirulaguntza bi fasetan eskatuko da:

–Dirulaguntzaren eskaera orria aurkeztea.

–Dirulaguntza justifikatzea, xede den jarduketa egin ondoren.

8.3. Dirulaguntzaren eskaera orriak entitate laguntzaileen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) argitaratzen den egunetik aitzina aurkezten ahalko dira, oinarri hauen 7.5 apartatuan ezarritakoaren arabera.

8.4. Entitate laguntzaileetan bakarrik aurkezten ahalko dira eskaera orriak, modu telematikoan, Gestam Transportes aplikazioaren bidez.

8.5. Dirulaguntzaren eskaera orriak eranskinean ezarritako ereduaren araberakoak izanen dira. Onuraduna adingabea bada, haren aitak, amak edo legezko tutoreak eginen du eskaera haren ordez.

Dirulaguntzaren xede diren konponketak eta mantentze-lanak lantegia entitate laguntzaile gisa atxiki den egunetik aurrera egindakoak izan beharko dira, eta dirulaguntza Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak duen diru erabilgarriaren menpe egonen da. Ulertuko da lan horiek fakturan ageri den egunean eginak direla.

8.6. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez, dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren edo, hala badagokio, ordezkariaren nortasuna (NANa edo AIZ) eta bizilekua kontsultatuko ditu. Eskatzailea kontsultaren aurka dagoela adierazten badu, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu eskaera orriarekin batera:

a) Identifikazio pertsonalerako agiria (NANa edo AIZ).

b) Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.

Eskatzaileek modu arrazoituan adierazten ahalko dute aipatutako kontsulten aurka daudela, inprimaki bat beteta (https://www.aepd.es/sites/default/files/2019-09/formulario-derecho-de-oposicion.pdf),dagokion eskaerarekin batera aurkeztu beharrekoa.

8.7. Dirulaguntzen eskaera orriak aurkezteko epea 2022ko urriaren 1era artekoa da.

8.8. Dirulaguntza eskaerak automatikoki onartuko dira tramitatzeko, seigarren oinarrian ezarritako aurrekontu kreditua gainditzen ez den bitartean. Tramitatzeko onartzen direnean, eskatzaileei komunikatuko zaie, eman duten helbide elektronikoaren bidez.

8.9. Aurkeztutako dirulaguntza eskaeren zenbatekoa seigarren oinarrian ezarritako aurrekontuko zuzkidura adinakoa denean, entitate laguntzaileek eskaerak jasotzen jarraitzen ahalko dute, baina ez dira tramitatzeko onartuko, eta itxarote-zerrenda bat osatuko dute. Aurkeztutako dirulaguntzak justifikatzeko fasean kreditu nahikoa geratzen bada, aurkeztutako eskaerei esleituko zaie, itxarote-zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Eskaerok tramitatzeko onartuko dira, eta horren berri emanen zaie eskatzaileei eta entitate laguntzaileari, emandako helbide elektronikoaren bidez.

8.10. Webgune bat gaituko da eskatzaileek beren eskaeren egoera kontsulta dezaten (tramitatzeko onartua, justifikatua, ikuskatua, ordaindua), edo eskaera itxarote-zerrendako zer postutan dagoen begiratu dezaten. Halaber, seigarren oinarrian ezarritako aurrekontu kreditua agortzen denean horren berri emanen da.

8.11. Eskatzaileak dirulaguntzaren eskaera deuseztatzen ahalko du, eskaera tramitatu duen entitate laguntzailearen bidez.

9.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

9.1. Jarduketa egin ondoren, entitate laguntzaileek modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte eskaera bakoitzari dagozkion frogagiriak. Hauek izanen dira:

a) Faktura, non agertuko baitira eskatzailearen datuak eta egindako jarduketak. Dirulaguntza honen xede diren jarduketei dagozkien fakturak baizik ez dira onartuko, oinarri hauen 2.1 apartatuan ezartzen denaren arabera.

b) Egindako ordainketaren frogagiria.

c) Bizikletaren argazkia.

Entitate laguntzaileek formatu digitalean (PDF edo JPG formatuan) aurkeztuko dute adierazitako dokumentazio guztia, Gestam Transportes aplikazioaren bidez. Entitateek jatorrizko eskaera orriak gordeko dituzte paperean, besterik ez. Deialdia amaitu eta gero, eskaera orri horiek Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzura bidaliko dituzte.

9.2. Dirulaguntzaren eskaera orria aurkeztu eta gero, lau hilabeteko epea egonen da jarduketak justifikatzeko, laguntza programa ixteko egunera arte (2022ko urriaren 31).

9.3. Dirulaguntzaren justifikazioen zenbatekoa aurrekontu erabilgarria adinakoa denean, entitate laguntzaileei komunikatuko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atariaren bidez ere jakinaraziko da (www.nafarroa.eus), interesdunek horren berri izan dezaten.

9.4. Eskaeran zuzenketarik egin behar bada edo hari buruzko azalpenik behar bada, entitate laguntzaileari eskatuko zaio –edo eskatzaileari, entitate laguntzailearen bidez–, eta jakinarazpena egiten zaionetik 10 egun baliodun izanen ditu errekerimendu horri erantzuteko. Epe hori amaituta, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da.

10.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.

10.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

10.2. Ezetsi eginen dira programa ixten den egunean, oinarri hauen 9.2 puntuan adierazitakoan, justifikatu gabe dauden edo aurrekontu krediturik ez izateagatik tramitatzeko onartu ez diren dirulaguntza eskaerak.

10.3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia da. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, dirulaguntza eskaeraren frogagiriak aurkezten diren egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak. Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), deialdiaren laburpenean.

10.4. Dirulaguntza ordainduko da onuradunak dirulaguntzaren eskaera orrian eman duen banku-kontuan.

11.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

11.1. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

11.2. Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren laburpenean, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.

b) Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak, laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko, eskatzen dien informazio guztia ematea.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

12.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izanen da beste administrazio batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza batzuekin. Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko egin beharreko jardueraren kostua.

14.–Publizitatea.

Entitate laguntzaileek, deialdi honi buruz egiten duten edozein adierazpenetan, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia aipatu behar dute.

15.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi hau edo bere oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Deskargatu eranskina (eskabide eredua) (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204516