75. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Deialdia, Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez

Tafallako Udalaren Gobernu Batzarrak 2022ko martxoaren 22an hartutako erabakiaren bidez, deialdi bat onetsi zen, Tafallako Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2022ko martxoaren 24an.–Alkate udalburua, Jesús M.ª Arrizubieta Astiz.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Tafallako Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzea, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez. Lanpostu hori funtzionarioen araubidekoa da, C mailakoa, eta 04.05 zenbakia du plantilla organikoan. Barne igoerako txandaren bidez beteko da, eta Tafallako Udaltzaingoko kideek parte har dezakete.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen den izangaia bihurtuko da Tafallako Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko agente lehen. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio bertan, eta araubide horren babespean geldituko da.

Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa jada afiliaturik badago eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, aukera izanen du bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.3. Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko prestakuntza-ikastaroak egin bitartean, zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.

1.4. Izendatzen den izangaiak izanen ditu martxoaren 23ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

3.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, jarraikiz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 38. artikuluari (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea):

a) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea, udalerri honetako agente lehenaren lanpostuaren jabetza hartu zuen egunetik.

b) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

3.2. Izangaiek betebehar horiek bete beharko dituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.

4. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari jar diezazkioten data eta zigilua, ziurtatu aurretik.

Eskabideak I. eranskineko ereduari jarraikiz aurkeztuko dira.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4.3. Honako hau da barne igoerako txandako izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskabideaz gain:

4.3.1. Tafallako Udaltzaingoko lanpostu honen jabetza hartu ondoren, Udalak ofizioz aurkeztuko du gutxienez hiru urteko antzinatasuna baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.

4.3.2. Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, II. eranskineko baremoaren araberakoak, eta, horiekin batera, alegatzen diren merezimenduen zerrenda.

Izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

4.4. Izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio jatorrizkoa edo kopia konpultsatua edo behar bezala autentifikatua, indarrean dagoen legeriaren arabera.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Ezarritako epean inork eskaerarik aurkezten ez badu, kategoriaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen da.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.5. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan honako datu hau bakarrik agertuko da: udaltzainaren zenbakia.

6. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute.

–Epaimahaiburua: Jesús Arrizubieta Astíz, Tafallako alkatea.

–Ordezkoa: Tafallako Udaleko zinegotzia, horretarako eskuordetutakoa.

–Epaimahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Tafallako Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Tafallako Udaltzaingoko buruak izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Javier María Pérez Tafalla, Tafallako Udaltzaingoko agente lehena.

–Ordezkoa: Tafallako Udaltzaingoko agente lehenak izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Íñigo de Carlos Mina, Eguesibarko Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Jesús Moriones Oyaga, Eguesibarko Udaltzaingoko inspektoreordea.

–Epaimahaikidea: Jesús María Angós Jaso, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatutako ordezkaria.

–Ordezkoa: Jesús Sádaba Sola, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatua.

–Idazkaria: Tafallako Udaleko lan-harremanetako graduduna.

–Ordezkoa: idazkariak izendatzen duena.

6.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.

7.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketan, epaimahaiak bata bestearen atzetik baloratuko ditu oposizio-lehiaketako elementuak, oinarri hauetan ezarritako moduan eta ordenan.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan hasiko diren kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak argitara emanen dira, 48 ordu lehenago, web-orrian eta Tafallako Udaltzaingoaren lokaletan.

Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2. Lehiaketaldia.

7.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak, eta gehienez ere 82,50 puntu emanen dira:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: Gehienez ere 35 puntu eskuratzen ahalko dira.

b) Polizia eginkizunarekin lotuta dauden prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira.

c) Hizkuntzak jakitea: euskara, frantsesa, ingelesa eta/edo alemana: gehienez ere 20,00 puntu eskuratzen ahalko dira.

d) Sariak: 2,5 puntu gehienez ere.

Aurreko apartatuetan alegatu eta frogatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Merezimendu horiek alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten den unean. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak.

Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak Tafallako Udaleko iragarki-taulan argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta erreklamazioak aurkezteko 5 egun balioduneko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek komeni zaiena alegatu ahal dezaten beren eskubideen arabera.

Behin epaimahaiak ebatzirik behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsiko ditu, eta argitaratuko ditu Tafallako Udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean (www.Tafalla.es).

7.3. Oposizioaldia.

7.3.1. Oposizioaldian honako hauek sartuko dira:

a) Lanpostuaren eginkizunei eta edukiari buruzko proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoak gehienez 150 puntu emanen ditu. Idatziz erantzun beharko zaio test motako galde-sorta bati: 100 galdera izanen dira, eta hiru erantzun izanen dira aukeran, lanpostuaren edukiaz eta eginkizunez, oinarritzat harturik III. eranskinean ezarritako gai-zerrenda. Ongi erantzundako galdera bakoitzeko 1,5 puntu emanen da, eta gaizki erantzundako galdera bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 75 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

b) Proba psikoteknikoa.

Gehienez ere 70 puntu emanen dira.

Proba psikoteknikoen xedea da zehaztea izangaiak noraino egokitzen diren lanpostuaren lanbide-profilaren eskakizunetara. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen du, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.

Honako hauek izanen dira probak: nortasunari buruzko galde-sortak, talde dinamikak eta/edo banakako nahiz taldekako elkarrizketak.

Proba psikoteknikoak hasi aurretik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondotik, lanbide profilari buruzko proposamena igorriko dio alkateari. Alkatetzak onetsi eginen du profil hori, eta deialdiko epaimahaiari jakinaraziko dio.

Hark argitaratuko ditu ebaluatu beharreko ezaugarriak, lanbide profilean ezarriak, proba psikoteknikoak egin aurretik (gainerako proben puntuazioen berri zer bitartekoren bidez ematen den, horien bidez argitaratuko dira).

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du izangai bakoitzari buruz; txostenak baloratuko du hura nola egokitzen den lanpostuaren izaera eta ezaugarrietara. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 70 puntura baloratuko da.

Proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

7.4. Proba bakoitza kalifikatu ondoren (proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak) epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Tafallako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren webgunean (www.tafalla.es), eta 5 egun balioduneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama eta alega dezaten balorazio horri buruz.

Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, epaimahaiak proba bakoitzaren behin betiko puntuazioa argitaratuko du Tafallako Udaletxeko iragarki-taulan eta www.tafalla.es udal webgunean.

7.5. Behin baloraturik merezimenduak eta proba teoriko-praktikoa eta psikoteknikoak, eta behin kalifikazioak behin betikoak bihurturik, epaimahaiak argitaratuko du, udal webgunean (www.tafalla.es) eta Udaletxeko iragarki-taulan, oposizio-lehiaketako probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio-ordenaren arabera, puntuazio handienetik txikienera, batuta oposizio-lehiaketako elementu bakoitzeko puntuazioak, eta, orobat, argitaratuko du trebakuntza ikastaroan onartutako izangaien zerrenda; kopurua ezin da izan deialdiaren xede diren lanpostu kopurua baino handiagoa.

Berdinketarik bada, lehenetsiko dira administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasun onarturik handiena dutenak. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.

8. oinarria.–Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

8.1. Zerbitzu berezien egoeraren deklarazioa.

Tafallako Udaltzaingoko agente lehena izateko ikastaroa egiteko, zeina emanen baitu Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak, hautapen-prozedura gainditu duen izangaia deklaratuko da zerbitzu berezietako egoeran, jarraikiz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluari (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).

Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendarekin batera adieraziko da ikastaroa zer toki, egun eta ordutan hasiko den.

8.2. Izaera baztertzailea.

Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du. Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako prestakuntza-ikastaroa baztertzailea da. Ikastaroa bukatutakoan, izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.

Prestakuntza-ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

8.3. Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, segituko baitu jatorrizko lanpostuan zuenarekin.

Nafarroako polizia kidegoetako kideak lanpostuz igotzeko prestakuntza-ikastaroak egin bitartean, zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.

Zerbitzu berezietako egoera bukatutakoan, aurreko apartatuan aipatutako lansari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

9. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

9.1. Prestakuntza-ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, proposa dezan izenda dadila prestakuntza-ikastaroan “Gai” kalifikazioa lortu duen izangaia.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

9.2. Kalifikazio epaimahaiak, jaso ondoren izangaiek prestakuntza-ikastaroan erdietsitako kalifikazioak, espedientean bilduko ditu, onetsiko du ikastaroa gainditu dutenen zerrenda, jarraikiz hautapen-prozesuan ateratako guztirako puntuazioei, eta deialdia egin duen organoari igorriko dio probak gainditu eta puntuazio handiena lortzen duten izangaien zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenaturik, eta proposatuko dio izenda daitezela lanpostu kopuruan kabitzen diren izangaiak.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Eskatzen den dokumentazioa aurkeztu ondoren, Alkatetzak, ebazpen bidez, Tafallako Udaltzaingoko agente lehen izendatuko du kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditzen duen izangaia.

10.2. Izendatutako izangaiak karguaren jabetza hartuko du izendapenean ezartzen den egunean. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duenak igoerarako eskubidea galduko du.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Administrazioarekiko Auzien Tafallako Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: Gehienez ere 35 puntu eskuratzen ahalko dira.

1. Nafarroako polizia kidego batean, langile finko gisa egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia edo agente lanpostuan.

2. Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko langile gisa eta deialdiko lanpostuan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

3. Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, langile finko gisa, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu polizia edo agente lanpostuan.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira.

1. Parte hartzea erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan : 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatutakoak.

2. Txostenak edo komunikazioak aurkeztea biltzar edo jardunaldietan, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea, eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: hiru (3) puntu gehienez, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egin duen edo taldean egin den, eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere bi (2) puntu, kalifikazio epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere lau (4) puntu.

5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: gehienez ere bi (2) puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan: gehienez ere lau (4) puntu.

Oharra B) apartatu osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute. Inola ere ez dira baloratuko agente lehenaren lanpostua eskuratzeko prestakuntza-ikastaroak.

C) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa, alemana eta/edo euskara: (gehienez ere: 20,00 puntu).

1. Ingelesez, frantsesez, alemanez eta/edo euskara jakiteagatik (hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez):

a. A1 maila: 1 puntu.

b. A2 maila: 2 puntu.

c. B1 maila: 3 puntu.

d. B2 maila: 4 puntu.

e. C1 maila: 5 puntu.

Tituluak eta ziurtagiriak baloratuko dira Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera. Maila horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Gorengo mailari dagokion puntuazioa emanen da, ez dira inola ere batuko hizkuntza bereko bi mailatako edo gehiagotako puntuak.

D) Sariak: gehienez ere 2,50 puntu eskuratzen ahalko dira.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

3.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.

4.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

5.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

6.–Zigor Kodea. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: III. titulua. VI. titulua. VIII. titulua. IX. titulua. XIII. titulua. XVII. titulua. XVIII. titulua. XXII. titulua.

7.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: I. liburua: IV. titulua. II. liburua: I. titulua. III. titulua. V. titulua. VI. titulua eta VIII. titulua.

8.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, baldintzak arautzen dituena aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko, eta ezartzen dituena sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak.

9.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, arautzen duena Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea.

10.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

11.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

12.–16/2014 Jarraibidea, Segurtasuneko Estatu Idazkaritzarena, jarduteko protokoloa onesten duena Segurtasun Indar eta Kidegoentzat, diskriminazioaren lege-arauak urratzen dituzten gorroto-delituen eta jokabideen aurrean.

13.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

14.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa.

15.–“Agente tutorea” programa. Esparru-protokoloa. Oinarriak.

16.–Ordenantza, arautzen duena Tafallako bide publikoa okupatzea ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazekin.

17.–Tafallako Udaltzaingoaren zerbitzu aginduak, indarrean daudenak.

18.–Tafallako trafikoko udal ordenantza.

19.–Udal ordenantza, arautzen duena animaliak edukitzea Tafallan.

20.–Aisialdiko lokal pribatuak arautzen dituen testua.

Oharra: gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2204765