75. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, hautaproben bidez izangaien zerrenda bat eratzeko, euskarazko B2 maila duten etxezaintzako lanpostuak aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko

Uharteko Udalak, 2022-03-31ko Alkatetzaren Ebazpenaren bidez, onetsi zituen honako deialdia eta honako hauek:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

Deialdia egiten da etxezain lanpostuan (D mailakoa) aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Uharteko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Langileen Batzorde Paritarioak 2012ko otsailaren 29an aldi baterako kontratazioa kudeatzeko onetsitako arauen 8. artikulua (arauak 2012ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, apirilaren 20an) eta deialdi honen oinarriak.

1.1. Zerrenda hau aldi baterako ordezkapenak egiteko erabiliko da, etxezaintzako lanpostuak betetzeko laneko bajak edo oporraldiak direla-eta, bai eta udal zerbitzuak indartzeko behar puntualak sortzen direnean ere. Aldi baterako, sor daitezkeen lanpostu hutsak betetzeko ere balioko du, betiere udalaren kontratazioari buruzko barne-araudia errespetatuz.

1.2. Lanpostuek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen D mailari dagozkion ordainsariak izanen dituzte. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden soldata-osagarriak ere jasoko dituzte, baita hitzarmen kolektibo bidez lor daitezkeenak ere.

1.3. Aplikatu beharreko araudian ezarrita dago lanaldiaren araubidea, baita opor, jaiegun, dieten ordainketa eta gainerako eskubideen araubidea ere. Hala ere, administrazio-organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute lanaldia, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean. Goizeko eta arratsaldeko txandetan egiten ahalko da, zatituak edo jarraituak izan, eta ohiko lanaldia luzatzen ahalko da, zerbitzuaren beharren arabera.

Lanegunak eta oporrak baldintzaturik egonen dira artatzen diren instalazioen irekiera-egutegien arabera. Kultur Etxeko etxezaintzako lanpostuaren kasuan, noizean behin egin beharko dira leihatilako lanak ere jaiegunetan edo lanorduetatik kanpo antolatutako jardueretan.

2.–Eginkizunak.

2.1. Eskolako etxezaintza eginkizunak.

–Ikasleei eta irakasleei arreta ematea beren karguari dagozkion eginkizunetan, ikastetxeko eskola-ordutegiaren barruan.

–Erabiltzaileen eskaerei erantzutea eskola-orduetatik kanpo utzitako instalazioak irekitzeko, ixteko eta funtzionatzeko.

–Ikastetxeko sarrera-ateak behar bezain goiz irekitzea, ikastetxeak behar bezala funtziona dezan. Ikastetxeko zuzendaritzak ordutegia jakinaraziko du.

–Zaintzea eta kontrolatzea higiezinaren instalazio komunen erabilera.

–Zaintzea eta kontrolatzea ikastetxekoak ez diren pertsonen sarrera.

–Arduratzea abiarazteaz eta gelditzeaz berokuntza, ur beroa eta horien lokalak.

–Arduratzea ikastetxearen lehen mailako mantentze-lanez:

  • Elektrizitatea: ordeztea lanparak, zebadoreak, etengailuak eta entxufeak.
  • Arotzeria: konpontzea eta ordeztea heldulekuak, sarrailak, hagaxkak, pertsianak, paper-euskarriak eta eskuoihal-euskarriak.
  • Iturgintza: ordeztea eta doitzea txorrotak, zisternetako kulunkak eta flotagailuak, sifoiak eta ur-galdarak.
  • Udaleko administrazio organoek zerbitzua hobeto emateko egokitzat jotzen dituzten obrak.

• Zaintzea ikastetxeko zuhaitzak, landareak eta berdeguneak.

–Uharteko Udalari jakinaraztea beharrezkoak diren eta etxezaintza-zerbitzuak egin ezin dituen bestelako mantentze-lanak.

–Zaintzea instalazioak ixten direla eta eguneko jarduerak amaitzean argiak itzaltzen direla.

–Jasotzea eta banatzea ikastetxera iristen diren altzariak edo bestelako eskola-materiala.

–Zentrotik kanpo egitea ikastetxearen funtzionamenduarekin lotutako kudeaketak.

–Fotokopiak egitea eta interesdunei ematea, bai eta beste edozein material ere.

–Arreta eskaintzea egunean zehar gerta daitezkeen garbiketako arazo puntualei.

–Zentroko telefonoaz arduratzea, zentroko zuzendaritzak ezarritako ordutegian.

–Agintzen zaizkien antzeko beste batzuk, espezializazio zehatzik behar ez dutenak.

2.2. Kultur Etxeko etxezaintzaren eginkizunak.

Instalazioen erabileraren gaineko kontrola:

–Kultur instalazioen erabilera eskatzeko aurkeztutako instantzien informazioa, bilketa eta kudeaketa, asteko plantillaren antolaketa aretoen okupazioa koordinatzeko, erabiltzaileen instalazioen erabilera-arauei buruzko informazioa ematea erabiltzaileei, eta instalazioen funtzionamendu egokia gainbegiratzea.

–Ateak ireki eta ixtea. Gainbegiratzea argiak itzali direla eta komunak.

–Berokuntza programatzea areto bakoitzaren erabilera taularen arabera eta gainbegiratzea behar bezala funtzionatzen duela.

Mantentze-lana:

–Mantentze-lan txikiak: aldatzea luminariak, konpontzea sarrailak, pertsianak, leihoak eta abar.

–Espazioak mantentzea eta hobetzea: hautematea eta jakinaraztea matxurak, beharrak eta instalazioen hobekuntzak.

–Oinarrizko eta/edo premiazko garbiketak, behar izanez gero.

–Hautematea gertaturiko gabeziak esleitutako kultura azpiegituretan eta espazioetan.

Prestatzea aretoak eta baliabide teknikoak:

–Aretoak prestatzea hainbat erabileratarako (aulkiak, mahaiak jartzea eta beste behar batzuk), erakusketak muntatu eta desmuntatzea, tresneria teknikoa jartzea hitzaldietarako, proiekzioetarako, bileretarako eta abarretarako.

–Aretoak erabiltzen dituzten taldeen edo pertsonen behar puntualei erantzutea eta kultur taldeei maileguan lagatzen zaien materiala kontrolatzea: mahaiak, aulkiak, panelak, proiektorea, tresneria teknikoa...

–Ekitaldi-aretoko ekipamendu teknikoak behar bezala funtzionatzen duela gainbegiratzea, matxurak jakinaraztea eta horien konponketaren eta/edo mantentzearen jarraipena egitea.

Kontrolatzea giltzak eta dagoen materiala:

–Gordetzea Kultur Etxeko eta Plazaldeako bulegoetako giltzak, behar bezala identifikatuta eta ordenatuta egon daitezen, eta kontrolatzea giltzen lagapena eta itzulketa. Eguneratuta edukitzea giltzen erregistroa eta giltzen erreklamazioak. Kudeatzea eta kontrolatzea automatikoki irekitzeko giltzak aktibatzeko sistema. Plazaldeako irekiera automatikoko zerbitzuaren funtzionamenduaren berri ematea erabiltzaileei.

–Antolatzea biltegietako materialak, altzariak, ekipamendua eta makineria. Kontrolatzea instalazioetako biltegietan dagoen materiala. Material guztien jabetzaren identifikazio fisikoa egitea, erabiltzen diren bakoitzean kontserbazio egoera zainduz eta oinarrizko mantentze-lanak eginez (konponketa txikiak eta hondatutako materiala ordeztea); beraz, berehala konpontzeko beharrezko materiala eta ordezko piezak izan beharko ditu uneoro.

–Urtero inbentario bat egitea, gune desberdinetan eskuragarri dauden materialekin, urtero eguneratua, eta kopia bat ematea Kulturako teknikariei.

–Lagatako materialak berrikustea eta materialak itzultzen direla kontrolatzea.

Inskripzioak eta sarreren salmenta:

–Ikastaroetako inskripzioak, eta jarduerak erosteko eta saltzeko arreta ematea.

–Sarrerak ticketing sistemaren bidez saltzea.

–Asteko kutxaren orria: eskudirutan saldutako sarreren asteroko kontrola, txostena eta diru-bilketaren konturako sarrera.

–Laguntzea datu-basean eta beste aplikazio batzuetan jasotako informazioa eguneratzen eta erregulartasunez mantentzen.

Agenda kulturalaren publizitatea eta hedapena:

–Informazio-panelak gainbegiratzea eta eguneratzea.

–Kultura-ekipamenduetan eta herrian ezarritako puntuetan kartelak jartzea eta zabalkunderako agendak eta euskarriak banatzea.

–Jendeari arreta emateko lana, aurrez aurre nahiz telefono bidez, Kultur Etxean zein beste gune kultural batzuetan egiten diren jarduera eta zerbitzu kulturalen eskaintzarekin lotuta.

–Kultura-jarduerak hedatzen laguntzea.

Kultura-jardueretan laguntzea:

–Antolatutako kultura-jardueretan laguntzea: jardueren informazio-parteak edo egoera-orriak egitea.

–Argazkiak egitea Kultur Etxean, Plazaldean edo beste espazio batzuetan antolatutako kultura-jardueretan. Kultura-jardueren argazki-artxiboa mantentzea.

–Sormenezko aisialdiko tailerretako ikasleen zirkularrak banatzea eta dokumentazioa biltzea.

–Laguntza pertsonala eta laguntza zuzena ematea aktoreei, artistei, abeslariei, antzerki-konpainiei, hitzaldiei, talde antolatzaileei...

–Etxezaintza ordutegitik eta egutegitik kanpo, kultura-jardueretan txandaka parte hartzea: jaiegunetan edo lanorduetatik kanpo antolatutako jardueretan. Laguntza honako honetan datza: ateak irekitzea eta instalazioak prest jartzea, konpainiei eta taldeei laguntzea, ikuskizunetarako sarrerak saltzea, instalazioak prestatzea (aulkiak, mahaiak, beste behar batzuk...), jarduera gainbegiratzea eta jasotzea, ixtea...

–Kulturako, gizarteko eta jaietako ekitaldietan ematea laguntza eta laguntza logistikoa, ohiko lan-ordutegitik kanpo.

–Administrazio jardunean laguntzea: dokumentazioa erregistratu eta artxibatzea, fitxategiak mantentzea eta zerrendak egitea (administrazio-laguntzaileei dagozkien administrazio-zereginak). Parte hartzea kulturako teknikariek deituta koordinaziorako beharrezkoak diren bilera profesionaletan.

–Kexak, erreklamazioak edo iradokizunak jasotzea eta Kultura Zerbitzuko bulegoetan jakinaraztea.

2.3. Zerbitzu anitzetako beste eginkizun batzuk.

–Honako hauekin lotutako lanak: eraikinen mantentze-lanak, kirol-instalazioen eta igerilekuen mantentze-lanak, kaleen mantentze-lanak, babes zibilarekin lotutako lanak, kultura-jarduerekin lotutako instalazio ez-iraunkorrak muntatu eta desmuntatzea, eta ibilgailuak eta ibilgailu bereziak gidatzea.

–Berezko jarduerekin lotutakoak, kaleak eta eraikinak eskobatzea eta garbitzea.

–Kaleak eskobatzeko makina autopropultsatua gidatzea eta mantentzea.

–Dagozkien lanpostu, titulazio eta mailarekin bat Udalak agintzen dizkien gainerakoak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, beren kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa zein psikikoa izatea.

d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) B2 euskara-titulua izatea edo maila baliokidea egiaztatzea horretarako egiten diren probetan. Lanpostu honetarako eskatzen den euskara-ziurtagiria aurkezten ez duten izangaiek proba bat egin eta gainditu beharko dute beren ezagutzak egiaztatzeko. Ziurtagiri bidez euskara-maila egiaztatzen ez duten edo euskara-azterketa gainditzen ez duten hautagaiak ez dira onartuko.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (San Juan plaza, 1, 1.a), 8:30etik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 15 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari jar diezazkioten data eta zigilua, ziurtatu aurretik.

Eskabideak aurkeztuko dira jarraikiz deialdi honen I. eranskineko ereduari. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute hautapen-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela. Uharteko Udalaren erregistro orokorrean eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, www.huarte.es helbidean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

4.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Eskatutako titulazioaren fotokopia.

c) Indarrean dagoen B mailako gidabaimena izatea.

d) Euskararen ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioa, behar izatera.

e) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 5,00 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: ES59 3008 0087 74 1447560721). Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Eskabidea erregistro orokorrean bertan aurkezten duten izangaiek tasaren ordainketa dirutan egiten ahalko dute, unean bertan.

Salbuetsita egonen dira inskripzioa egiteko unean langabezian daudela egiaztatzen dutenak.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko da Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean (http://www.huarte.es).

Alegazioak aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, behin-behineko zerrendak argitaratzen diren egunetik hasita.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

6.–Behin betiko zerrendak.

Aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta hori ikusgai jarriko da Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean (http://www.huarte.es).

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela.

Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Jose María Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

–Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Oihane Uribeetxebarria Garmendia, kultura arloko arduraduna.

–Epaimahaikidea: langileen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Udaleko giza baliabideen aholkularia.

–Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

7.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

7.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketarik suertatzen bada, mahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Probak.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren.

Lehenengo ariketa.–Proba bat izanen du: idatziz erantzun beharko zaio epaimahaiak horretarako prestatutako galde-sorta bati. Galde-sorta hori II. eranskinean jasotako gai-zerrendari buruzkoa izanen da. Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Proba gaindituko dute gutxienez 25 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

Bigarren ariketa.–Bigarren proba praktiko eta teorikoa izanen da, epaimahaiak zehaztuko du egiten den unean bertan, eta aukera emanen du hautagaiek deialdi honetan lanpostuaren eginkizunei buruz dituzten ezagutza praktikoak frogatzeko. Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Proba gaindituko dute gutxienez 25 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

Izangai guztiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez baliokidea den agiriren bat aldean dutela azaldu beharko dute, eta hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute; bestela, kanporatu eta baztertuak izanen dira, salbu eta zuzenbidearekin bat datorren beste bideren bat erabiliz nortasuna egiaztatzen badute.

Probetan oharretatik kopiatzeak zein beste edozein iruzur egiteak berehalako kanporatzea ekarriko du, bidezko jarduketa penalak deusetan galarazi gabe.

Agertzen ez diren izangaiak ere oposiziotik baztertuko dira.

Hautaprobak egiteko, desgaitasuna duten izangaiek hala eskatuz gero, denborak eta baliabideak ahal bezala moldatuko dira, haien eskabidean adierazi dutenaren arabera.

Probak egin ondoan zerrenda bat eginen da, izangaiak puntuazio ordenan ezarrita. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.huarte.es/eu helbidean.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, zozketa eginen da.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Jarritako errekurtso guztiak eta horien ebazpena argitaratuko dira Udalaren webgunean, interesdunei jakinarazteko ondorioetarako, hautapen-prozesu honen barnean.

Uharten, 2022ko martxoaren 31n.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

I. eranskina.–Eskabidea (DOC).

II. ERANSKINA

Eskatzen den ikasketa-mailari dagozkion galderak

A.–Komunikazio alorra:

1.–Kultura orokorra.

2.–Ortografia.

3.–Hiztegia.

B.–Matematika alorra:

1.–Matematikako zenbait ariketa eta problema ebaztea.

2.–Zenbaki naturalak eta dezimalak idatzi eta ordenatzea.

3.–Luzera, azalera, masa, kapazitate eta denbora neurriak. Multiplo eta azpimultiplo erabilienak. Unitateen konbertsioa.

4.–Ezagutzea irudi lau eta gorputz geometriko ezagunenak. Jakitea zein diren haien oinarrizko osagaiak (aldea, angelua, erpina, aurpegia, oinarria eta altuera).

C.–Alor juridiko-soziala:

1.–Uharteko Udalaren egitura administratiboa eta gobernu organoak. Oinarrizko antolakuntza eta antolakuntza osagarria.

2.–Uharteko geografia: deskribapen orokorra. Parajeak. Kale-izendegia. Huarte eta bere ingurunea. Biztanleria: bilakaera.

D.–Informatika eta ikus-entzunezko eta bulegoko elementuak.

1.–Informatika, Word eta Excel erabiltzaile mailan.

2.–Oinarrizko ezagutzak honako hauek erabiltzeko: telefonogunea, faxa, fotokopiagailuak, koadernagailuak eta agiriak suntsitzeko gailuak.

3.–Ikus-entzunezko material teknikoen oinarrizko ezagutzak eta erabilerak.

E.–Mantentze-lanetako alorra.

1.–Elektrizitateko oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...).

2.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

3.–Oinarrizko argi zirkuituak eta fluoreszenteak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

4.–Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak...).

5.–Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak, telebistako zirkuitu itxia...).

6.–Iturgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea.

7.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

8.–Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, kolak...).

9.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila zilindroak eta pertsianak.

10.–Segurtasun eta higiene arauak eraikinetan. Iturgintza, zurgintza eta elektrizitateko mantentze eta konponketa lanetan hartu beharreko babes neurriak.

Iragarkiaren kodea: L2204896