74. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

45/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren eta “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren kontseilu arauemaileak berritzeko hauteskundeen deialdia egiten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 8ko 69/2018 Foru Aginduaren bidez, “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren eta “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren kontseilu arauemaileak berritzeko hauteskundeen deialdia egin zen. Martxoaren 8ko 69/2018 Foru Aginduaren bigarren xedapen gehigarrian xedatu zen lau urteko indarraldia izanen duela hautatutako kideen agintaldiak.

Bestalde, lau urteko aldi hori ezartzen da aipatu hautapen prozesuan parte hartu zuten kontseilu arauemaileen erregelamenduetan ere; izan ere, haietan ezartzen da hautatutako kideak lau urtean behin berrituko direla, eta berriz hautatuak izan daitezkeela.

Hortaz, laster amaituko denez “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren eta “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren kontseilu arauemaileetako egungo kideen agintaldia, bidezkoa da Nafarroako mugak gainditzen ez dituzten kontseilu horiek berritzeko hauteskundeen deialdia eta prozedura finkatzea.

Foru agindu hau prestatzeko prozeduran, parte hartzeko aukera eman zaie herritarrei, nekazaritzako lanbide erakundeei, enpresa elkarteei, erakunde kooperatiboari eta kontseilu arauemaileei.

Ikusirik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.25 artikulua, bai eta Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta mendien arloari buruz Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Hauteskundeetarako deialdia.

Hauteskundeetarako deialdia egiten da, “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren eta “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren kontseilu arauemaileak berritzeko.

2. artikulua. Hauteskundeak egiteko arauak.

1. Xedapen honen I. eranskinean ezarritako arauei jarraikiz eginen dira foru agindu honen bidez deitutako hauteskundeak.

2. Bestalde, sufragiorako eskubidea askatasun osoz baliatzea funtsezko helburua izanda, hauteskunde prozesua eta foru agindu hau aplikatzetik sortzen diren zalantza guztiak, bertan aurreikusten ez den orotan, Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako araudian ezarritakoarekin bat ebatziko dira.

3. artikulua. Agiriak aurkeztea eta hauteskunde egutegia.

1. Foru agindu honen II. eranskinean ezarrita dago kontseilu arauemaileak berritzeko prozedura gauzatzeko hauteskundeen egutegia.

2. Interesdunek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dituzte hauteskunde-administrazioaren organoei, Hauteskundeetako Goi Batzordeari edo jatorri-deituren organoei zuzendutako agiriak. Agiriok Idazkaritza Tekniko Nagusiko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalera igorri behar dituzte.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Hautagai-zerrenda bakarra.

1. Hautagaitzak irmo direnean, 14. artikuluan xedatuarekin bat, bakarra besterik aurkezten ez denetan, erroldako edo azpierroldako hautagaiak zuzenean geratuko dira hautaturik, bozketarik egin gabe.

2. Jatorri-deituraren errolda edo azpierrolda guztietan hautagaitza bakarra bada, edo ez bada hautagaitzarik aurkeztu deituraren errolda edo azpierrolda guztietan, Deituren Hauteskunde Batzordeak, lau eguneko epean, deituraren kontseilu arauemailerako hautatutako kideak aldarrikatuko ditu.

3. Aldarrikatu eta zazpi egunera, foru agindu honen 38. artikuluan araututako osoko bilkura eginen du kontseilu arauemaileak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hautatutako kideen baja eta ordezkapena.

1. Hautatutako kideen agintaldiaren lau urteko indarraldian, araudi honetan ezarritako moduan hautatzen direnek lotura galtzen badute ordezkatzen dituzten sektoreekin edo hautagai gisa proposatu zituen erakundearekin, hautagai gisa proposatu zituen erakundeak ordeztuko ditu.

2. Inskribatutako enpresa bateko zuzendaritzakoak izateagatik hautatzen diren kideek kargua utziko dute enpresa horretako zuzendaritzan kargua uztean, beste enpresa batera joanda sektoreari lotuta jarraitzen badute ere, eta haren ordezkoa izendatuko da ezarritako moduaren arabera.

3. Dena den, kideren baten baja gertatzen bada heriotzagatik edo kargua uzten badu edozein arrazoirengatik, edo bere eginkizunetan aritzeko gabetua izaten bada jatorri-deituren arloan falta astuna egiteagatik, bai kidea gabetua izan delako bai hark ordezkatzen duen erakundeari ezarri zaiolako gabetze hori, orduan automatikoki ordeztuko du haren ordezkoak edo, bestela, kidea proposatu duen erakundeak izendatutako pertsonak.

4. “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuko kideak ordeztuko dira deituraren eta haren kontseilu arauemailearen erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

5. “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoko kideak ordeztuko dira “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren eta haren kontseilu arauemailearen erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Kontseilu arauemaileetako kideen kargu-uztea.

“Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren eta “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren kontseilu arauemaileetako kideek, zeinak karguaz jabetu baitziren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 8ko 69/2018 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz, beren funtzioak utziko dituzte hauteskunde prozesu honen arabera hautatutako kide berriak karguaz jabetzen diren egunean.

Laugarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko partida.

Foru agindu hau aplikatzetik sortzen diren konpromisoak 2022ko aurrekontuko “Askotariko gastuak” izeneko 72200 2279 413104 partidaren kargura izanen dira, eta horretarako, 5.000 euro erreserbatuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa gorabehera, indarrik gabe uzten dira foru agindu honen kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, berariaz, eta hauteskunde prozesu honetan parte hartzen duten kontseilu arauemaileei soilik dagokienez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 8ko 69/2018 Foru Agindua, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan elikagaien kalitate figuren zenbait kontseilu arauemaile berritzeko hauteskundeetarako deia egin baitzen.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko apirilaren 5ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

“Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren eta “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren kontseilu arauemaileak berritzeko arauak

I. TITULUA

Hauteskundeen arauak

1. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Hauteskunde prozesua antolatu eta koordinatzea.

1. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia arduratuko da “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren eta “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren kontseilu arauemaileak berritzeko hauteskunde prozesua antolatzeaz eta koordinatzeaz.

2. Hauteskunde prozesuaren egutegia egun naturaletan dago.

3. Jarduketa baterako epearen azken eguna larunbatarekin, igandearekin edo jaiegunarekin denean, ulertuko da hurrengo egun balioduna gaituko dela horretarako.

2. artikulua. Hauteskunde batzordeak.

Hauteskundeetako Goi Batzordea sortzen da. Gainera, hauteskunde batzorde bakarra eratzen da 1. artikuluko kontseilu arauemaileak berrituko dituzten deitura eta adierazpen geografikoetarako (JDB eta AG).

3. artikulua. Hauteskundeetako Goi Batzordearen osaera.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Iruñeko Gonzalez Tablas kalea, 9) egoitza izanen duen Hauteskundeetako Goi Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua:

  • Landa Garapenerako zuzendari nagusia, edo hura ordezten duena.

–Epaimahaikideak:

  • Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko ordezkari bat.
  • INTIA SAko zuzendari kudeatzailea, edo hark eskuordetutakoa.
  • Administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatua.
  • Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten nekazaritzako bi lanbide erakundeen ordezkari bana.
  • Bodegas de Navarra elkarteko ordezkari bat.
  • Kooperatiben ordezkari bat, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarrak proposatua.

–Idazkaria:

  • Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia, edo hark eskuordetutakoa.

2. Nekazaritzako lanbide erakundeen, enpresa elkarteen eta kooperatiben ordezkari izateko hautagaiak aurkezteko, dagokion entitatearen gobernu organoaren erabakia beharko da, ordezkaria eta haren ordezkoa proposatuta.

4. artikulua. Deituren Hauteskunde Batzordearen osaera.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Iruñeko Gonzalez Tablas kalea, 9) egoitza izanen duen Deituren Hauteskunde Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua:

  • Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetutakoa.

–Epaimahaikideak:

  • Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Ataleko burua.
  • INTIA SAko ordezkari bat.
  • “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arauemaileko idazkaria.
  • “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren Kontseilu Arauemaileko idazkaria.
  • Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten nekazaritzako bi lanbide erakundeen ordezkari bana.
  • Kooperatiben ordezkari bat, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarrak proposatua.
  • Bodegas de Navarra elkarteko ordezkari bat.

–Idazkaria:

  • Administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatua.

5. artikulua. Hauteskunde batzordeen eginkizunak.

1. Honako hauek dira Hauteskundeetako Goi Batzordearen eginkizunak:

a) Hauteskunde prozesua koordinatzea.

b) Deituren Hauteskunde Batzordeari esleitutako eginkizunak betetzen direla zaindu eta gainbegiratzea.

c) Deituren Hauteskunde Batzordearen erabakien kontra jartzen diren errekurtsoak ebaztea, honako gai hauen inguruan: hauteskunde errolden zerrendak, hautagaiak eta hautatutako kideak aldarrikatzea eta kontseilu arauemaileetako burua eta buruordea proposatzea.

2. Honako hauek dira Deituren Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Hauteskunde prozesua koordinatzea deitura guztietan.

b) Deituren erregistroetan inskribatutako hautesleen erroldak argitaratzea eta haiek jendaurrean paratzea kontseilu arauemaileetan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan eta Departamentuko Arloetako Bulegoetan.

c) Erreklamazioen gainean erabakitzea lehen auzialdian, haren erabakien kontra aurreikusitako epean aurkezten direnean.

d) Behin betiko zerrendak onestea.

e) Kide izateko hautagaien aurkezpenak jasotzea.

f) Hautagaiak aldarrikatzea.

g) Hauteskunde mahaietako kideak izendatzea eta kideen alegazioak jaso eta ebaztea.

h) Bozketak zaintzea.

i) Kontseilukideak aldarrikatzea.

j) Hauteskunde prozesu osoa bermatzea, kontseilu arauemaileko burua eta buruordea proposatu bitartean.

2. KAPITULUA

Erroldak prestatzea eta jendaurrean jartzea

6. artikulua. “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren hautesle-errolda.

1. Honako hauek dira “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arauemaileak prestatu behar dituen hautesle-erroldak:

A ERROLDA: Jatorri Deituraren mahastien erregistroan inskribaturik dauden ekoizleek osatua.

–A.1 azpierrolda. Ekoizle txikiak.

Produkzio azalera txikienaren titularrek osatzen dute, “Nafarroa” Jatorri Deituraren mahastien erregistroaren produkzio azalera guztiaren erdia bete arte.

–A.2 azpierrolda. Gainerako ekoizleak.

Aurreko azpierroldan sartuta ez baina “Nafarroa” Jatorri Deituraren mahastien erregistroan inskribatuta dauden titularrek osatzen dute.

B ERROLDA: “Nafarroa” Jatorri Deituraren erregistroetan inskribatuta dauden upategi merkaturatzaileek osatuko dute, 2020tik aurrera Jatorri Deituraren berme prezintoa duen ardoa merkaturatu badute.

2. Produkzio hektareak eta haren titularrak errolda bakoitzean sailkatzerakoan ez bada ateratzen azalera guztiaren erdiaren parekoa den zenbakia, errolda bakoitzean behar adina titular sartuko dira diferentzia ahalik eta txikiena izan dadin, goitik zein behetik, errolda bakoitzari esleitutako azalera osoarekiko.

3. Hona hemen azpierrolda eta errolda bakoitzari dagokion kideen kopurua:

–A.1 azpierrolda: 3 kide.

–A.2 azpierrolda: 3 kide.

–B errolda: 6 kide.

7. artikulua. “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren hautesle-errolda.

1. Honako hauek dira “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren Kontseilu Arauemaileak prestatu behar dituen hautesle-erroldak:

A ERROLDA: elaboratzaile-botilaratzaileak, kontseilu arauemailearen erregistroan inskribatuak.

B ERROLDA: basaranak ekoizten dituzten nekazariak, baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Indarrean izatea basaranen salerosketarako kontratu bat, edo aurreko kanpainan eduki izana, elaboratzaile-botilaratzaileen erregistroan inskribatutako enpresa batekin.

–Nafarroako Foru Komunitatean gutxienez basaranondoen sail baten titularra izatea.

2. Errolda bakoitzak 3 kide izanen ditu.

8. artikulua. Erroldetan egoteko bete beharreko baldintzak.

1. Erroldetan egoteko, ezinbestekoa izanen da:

a) Kontseilu arauemailearen kasuko erregistroetan inskribatuta egotea foru agindu hau argitaratzen denean amaituta dagoen azken kanpainaren itxieran.

b) Desgaitua ez egotea eskubide zibilak erabiltzeko.

c) Epai judizial irmoak sufragiorako eskubidea galtzera kondenatua ez egotea, hura bete behar den bitartean.

2. Ulertuko da kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatuta dagoena izanen dela eskubidearen titularra.

3. “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren B erroldarako, ezinbestekoa izanen da basaranak ekoizten dituzten nekazarien zerrendan egotea basaranaren azken uzta kanpainaren itxieran.

9. artikulua. Errolden aurkezpena.

1. II. eranskinean ezarritako egutegiaren arabera aurkeztuko dituzte erroldak kontseilu arauemaileek, III A eta III B eranskinetako ereduei jarraikiz, hurrenez hurren. Erroldak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, eta Deituren Hauteskunde Batzordeari igorriko zaizkio, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalaren bitartez. Erroldetan titularrek agertu beharko dute, alfabetikoki ordenatuta, eta honako hauek zehaztuta: izen-deiturak, nortasun-agiri nazionala, helbidea, posta kodea eta udalerria.

2. Erroldak eguneratuta, osorik eta alfabetikoki ordenatuta aurkeztu beharko dira, sozietate-izenaren edo titularren izen-deituren arabera. Euskarri informatikoa erabiliko da horretarako –Excel taula bat, zehazki–, eta han jasoko dira, bakoitza gelaxka batean, honako datu hauek: NAN/IFZ, helbidea, posta kodea eta udalerria.

10. artikulua. Erroldak onartzea eta jendaurrean paratzea.

1. Deituren Hauteskunde Batzordeak, kontseilu arauemaileek behin-behineko erroldak eman ondoren eta egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egin ondoren, errolda guztiak eginbidetuko ditu, batzordeko idazkariak sinatuta eta batzordeburuak ikus-onetsita, eta aginduko du deituraren errolda osoa jendaurrean paratzeko kontseilu arauemaileen bulegoetan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentukoetan eta haren Arloetako bulegoetan.

2. II. eranskineko egutegira egokituko dira erroldako aldaketak, erreklamazioak eta errekurtsoak.

3. Deituren Hauteskunde Batzordeak behin-behineko erroldak aipatutako tokietara igortzen dituenean, idazkariaren idazki bat ere aurkeztu beharko da nahitaez, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

3. KAPITULUA

Kide izateko hautagaiak aurkeztea eta haiek aldarrikatzeko modua

11. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.

a) 6. eta 7. artikuluetan aipatzen diren erroldak ordezkatuko dituzten kideak hautatzeko, errolda horietako bakoitzean daudenak izanen dira hautesleak eta hautagaiak.

Pertsona juridikoak badira, edota ondasunen komunitateak edo nortasunik gabeko bestelako entitateak, hautagaiak pertsona juridiko horiek izanen dira, eta hautesleak, berriz, zuzendaritzako kideak edo haien legezko ordezkariak, edota erkideek ordezkari hautatzen dituztenak.

b) Talde bakoitza ordezkatuko duten kontseilu arauemaileetako kideen hautagaitzak Deituren Hauteskunde Batzordean aurkeztuko dira aldarrikapen-eskaeraren bidez, II. eranskineko egutegian jasotzen den epean.

12. artikulua. Hautagai-zerrendak proposatzea.

1. Nekazaritzako kooperatibak, nekazaritzako lanbide erakundeak eta ekoizleen eta/edo merkaturatzaileen enpresa elkarteak ordezkatzen dituzten entitateek proposatzen ahal dituzte hautagaitzak, bai eta horien talde edo koalizioek ere, baldin eta hala erabaki badute modu formalean beren organoek.

Hauteskunde batera elkarrekin aurkezteko talde edo koalizio bat eratzen duten entitateek horren berri eman beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, deialdia egin eta hurrengo hamar egunen barnean. Jakinarazpena Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez eginen dute, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalera zuzenduta. Jakinarazpenean adierazi beharko dira taldearen edo koalizioaren izena, zer arauren arabera jarduten duen eta zein diren zuzendaritza edo koordinazio organoetako titularrak.

2. Aurreko apartatuetan aipatutako entitateek ezinen dute hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda edo azpierrolda bererako. Hautagaitza horiek aurkeztean ezin izanen da alderdi politikoen ikurrik edo identifikaziorik erabili.

3. Hautagai batek ezin du errolda batean baino gehiagotan parte hartu.

13. artikulua. Zerrendak aurkeztea.

1. Entitate batek, nekazaritzako lanbide erakunde batek, enpresa elkarte batek eta talde edo koalizio batek, goragoko beste batean integratuta badago, ezin izanen du bere hautagai-zerrenda aurkeztu esparru handiagokoak berea aurkezten badu.

Entitateek, nekazaritzako lanbide erakundeek, enpresa elkarteek eta talde edo koalizioek aurkezten dituzten zerrendak haien ordezkaritza dutenek sinatu behar dituzte, haien estatutuekin bat.

2. Zer errolda edo azpierroldatarako aurkezten den, hari dagokion kide kopurua ezin du gainditu hautagaitzetako hautagai titularren kopuruak. Titular bakoitzak dagokion ordezkoa izan beharko du nahitaez, eta horrek ere inskribatuta egon beharko du, salbu eta izena eman dutenen kopurua nahikoa ez bada; kasu horretan, izena eman dutenen kopurua lortzen duten hautagai titularrek soilik izanen dituzte ordezkoak.

3. Zerrendak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, eta Deituren Hauteskunde Batzordeari igorriko zaizkio, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalaren bitartez. Honako datu hauek adierazi beharko dira:

1.–Hura proposatzen duen erakundearen edo elkartearen izena, edo independentea den, hala balegokio.

2.–Bertan dauden hautagaien izen-abizenak eta nortasun agiri nazionala, baita dagozkien ordezkoenak ere.

3.–Hautagaien eta ordezkoen hurrenkera zerrenda bakoitzaren barrenean.

Deituren Hauteskunde Batzordeko idazkaritzak eginbidea eginen du jasota geratzeko zein egun eta ordutan aurkeztu zen, eta horren frogagiria emanen du, hala eskatzen bazaio.

Aurkezpen hurrenkeraren araberako zenbakia emanen zaio zerrenda bakoitzari.

4.–Hautagai-zerrendak onartzeko adierazpenak, hautagaiek izenpetuak, aurkeztu beharko dira zerrendekin batera. Hautagaiek hautatuak izateko baldintzak bete behar dituzte.

5.–Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa izanen da ordezkari bat izendatzea hautagai-zerrenda bakoitzerako; horren ardura izanen da kasuan kasuko hautagai-zerrendaren gestioak hauteskunde batzordearekin egitea, eta egin beharreko jakinarazpen guztiak jasotzea.

Ordezkaria hautagaia izan daiteke, edo ez, eta haren helbidea Deituren Hauteskunde Batzordeari emanen zaio zerrenda aurkezten denean.

14. artikulua. Hautagai-zerrendak aldarrikatzea.

Hautagaiak aurkezteko epea bukatuta, Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak aldarrikatuko ditu, salbu eta arrazoiren bat badago hautatuak ez izateko, edo erroldan ez badaude; horrek, Batzordeak salatu edo atzeman eta gero, hautagaia baztertzea ekarriko du.

15. artikulua. Hautagai-zerrendak jendaurrean paratzea eta erreklamazioak.

1. Hautagai-zerrendak aldarrikatu ondoan, Deituren Hauteskunde Batzordeak erabakiko du jendaurrean paratzea, erroldak erakusteko tokietan, V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

2. Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta jendaurrean paratu ondoren, II. eranskinean ezarritako epean haren kontrako erreklamazioak aurkezten ahal dira Deituren Hauteskunde Batzordean, eta horrek hurrengo bi egunean ebatzi beharko ditu. Deituren Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Hauteskundeetako Goi Batzordean.

4. KAPITULUA

Hauteskunde mahaiak eratzea, bozketa eta kontaketa

A) Hauteskunde-mahaiak

16. artikulua. Hauteskunde mahaien eraketa.

1. Hauteskunde mahaiak eratuko dira, bozketan buru izateko, kontaketa egiteko eta sufragioa garbia dela zaintzeko. Deituren Hauteskunde Batzordeak zozketa bidez hautesleen artean izendatuko dituen buru batek eta bi albokok osatuko dute hauteskunde mahai bakoitza. Ordezkoak izendatuko dira, bai buruarena bai albokoena, prozedura bera erabiliz.

2. Hautagai-zerrenda bakoitzaren ordezkariak artekariak izendatzen ahal ditu Deituren Hauteskunde Batzordearen aurrean, bozketa eta kontaketa behatzeko, hauteskunde mahaien parte izanda. Artekari horiek hautesle-erroldan sartuta egon behar dute, eta ez dira hautagaiak izanen. Deituren Hauteskunde Batzordeak egiaztatuko ditu bi puntu horiek.

3. Hautagai-zerrenda bakoitzaren ordezkariak inskribatuta dagoen edozeini eman diezaioke ahala, hautagaia ez bada. Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak ematen dizkion eskubideak eta betebeharrak izanen ditu ahaldun horrek.

17. artikulua. Hauteskunde mahaietako kideak.

1. Hauteskunde mahaietako kidea izateak nahitaezko izaera dauka. Izendapena egin ondoan, interesdunei jakinaraziko zaie, onarpena eragozten duen desenkusa alega dezaten, agiri bidez frogatuta. Deituren Hauteskunde Batzordeak ebatziko du, ondoko errekurtsorik gabe, hurrengo hiru eguneko epean.

2. Eragozpenaren arrazoia geroago sortzen bada, gaztigua segituan emanen da, betiere eraketaren ordua baino lehenago. Kasu horietan, Deituren Hauteskunde Batzordeak ere berehala ebatziko du.

3. Mahaia eratzeko behar diren kide guztiak bertaratzen ez badira, bertaratutakoek Deituren Hauteskunde Batzordeari horren berri emanen diote, eta batzordeak libreki izendatzen ahal ditu pertsonarik egokienak hautaketa eta kontaketa taxuz egiteko.

18. artikulua. Hauteskunde mahaien kopurua.

Hauteskundeetako Goi Batzordeak ezarriko du zenbat hauteskunde mahai dagoen eta zer udalerri sartzen den haietako bakoitzean.

19. artikulua. Hauteskunde mahaiak eratzea.

1. Hauteskunde mahai bakoitzeko burua eta albokoak, ordezkoekin batera, bozketaren eguneko 15:00etan bilduko dira horretarako erabiliko den tokian.

2. Burua agertzen ez bada, lehen ordezkoak ordeztuko du, eta hura falta bada, bigarren ordezkoak. Hura ere agertzen ez bada, lehen albokoak eta bigarren albokoak, hurrenkera horretan. Burutzan aritzen diren albokoak edo bertaratzen ez direnak ordezkoek ordezkatuko dituzte.

3. Ezin da mahai bat eratu burua eta bi albokoak egon gabe. Buruak, 15:30ean, mahaiaren eraketaren akta eginen du, berak, albokoek eta artekariek, halakorik balego, sinatua.

4. Aktan nahitaez adieraziko da nork eratzen duen mahaia, mahaikide gisa, eta artekarien izenen zerrenda, halakorik balego, zein hautagai-zerrenda ordezkatzen duten zehaztuta.

5. Halaber, jasoko da lokalen ordenaren gaineko edozein gorabehera, baita hura sortu dutenen izen-abizenak ere.

6. Mahaiko buruak aginte osoa izanen du lokalaren barrenean, ordenari eusteko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea betetzen dela ziurtatzeko.

20. artikulua. Lokalak zehaztea.

Hauteskundeetako Goi Batzordeak zehaztuko du hauteskunde mahai bakoitzari dagokion lokala.

21. artikulua. Hauteskunde mahaiek bete beharreko dokumentazioa.

Mahai bakoitzak ondoko dokumentazioa bete beharko du, Hauteskundeetako Goi Batzordeari igorri beharrekoa:

–Mahaiaren eraketaren akta.

–Artekarien zerrenda.

–Kontaketaren akta, egindako ziurtagiriak zehaztuta.

–Kontaketaren aktaren ziurtagiria, horretarako eskubidea dutenek eskatzen badute.

Lehenengo hiru agiriak gutun-azal itxian igorriko dira.

B) Bozketa

22. artikulua. Bozketaren hasiera.

1. Mahaiaren eraketaren akta eginda, bozketa 16:00etan hasiko da, eta, etenik gabe, 20:00ak arte jarraituko du.

2. Bozketa ez hastea edo, behin hasita dagoela, etetea ezinbesteko arrazoiengatik baizik ez da erabakiko, betiere mahaiko buruaren erantzukizunpean; buruak horren inguruan ebatziko du, arrazoibidezko idazki batean, eta bozketa egunean bertan igorriko dio, hura egindakoan, eskuz zein posta ziurtatuaren bidez, Hauteskundeetako Goi Batzordeari, horrek egiazta dezan arrazoiak egiazkoak diren eta izan litekeen erantzukizuna deklaratzeko edo eskatzeko. Idazkiaren kopia bat mahaiburuaren esku geratuko da.

3. Bozketa eteten bada, emandako botoak ez dira kontuan hartuko, eta ez dira kontatuko; mahaiburuak aginduko du hautetsontzian utzitako boto-paperak suntsitzeko, eta gertatutakoa jaso beharko du aurreko paragrafoan aipatzen den idazkian.

23. artikulua. Bozkatzeko eskubidea frogatzea.

1. Hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuetan inskribatuta egonda frogatuko da bozkatzeko eskubidea, eta nortasuna frogatu beharko da legez onartutako frogagiri baten bidez: NANa, pasaportea, gidabaimena.

2. Hauteslea pertsona juridiko baten ordezkaria denean, beharrezkoa izanen da, horretaz gain, haren izenean jarduten duela frogatzen duen jatorrizko dokumentu bat aurkeztea. Dokumentu hori mahaiburuaren esku geratuko da, kontaketaren aktari eransteko.

24. artikulua. Bozketa nola eginen den.

Bozketa pertsonala eta sekretua izanen da, eta buruak horren hasiera hau esanda iragarriko du: “Empieza la votación”. Hautesleak banan-banan hurbilduko dira mahaira, izen-deiturak adieraziz. Albokoek eta artekariek hautesle-erroldako zerrendak aztertu ondoren, hauteslearen izena eta nortasun agiria bertan dagoela egiaztatu ondoren eta botoa ematera joan dela jaso ondoren, hautesleak eskuz emanen dio buruari boto-papera, dagokion koloreko gutun-azal batean sartuta. Buruak, hauteslearen izena eta “vota” esanda, jendaurrean, aipatutako hautetsontzian sartuko du boto-papera.

25. artikulua. Bozketaren bukaera.

1. 20:00etan, buruak iragarriko du bozketa bukatuko dela, eta ez dio utziko inori lokalean sartzen. Galdetuko du bertan dauden hautesleren batek oraindik ez ote duen botorik eman, eta lokalaren barrenean daudenen botoak onartu eginen dira.

2. Jarraian, mahaiko kideek eta artekariak, halakorik balego, bozkatuko dute, eta horiek guztiek sinatuko dituzte aktak.

26. artikulua. Propaganda debekatzea.

1. Ezin izanen da hauteskunde kanpainako ekintzarik edo propagandarik egin bozketaren bezperako 15:00etatik aurrera.

2. Hauteskunde prozesuan parte hartzen ez duen pertsona juridiko batek ere ezin du hauteskunde kanpainako ekintzarik egin, hauteskundeak deitzen direnetik aurrera.

27. artikulua. Hautetsontzien eta boto-paperen hornidura.

1. Bozketa egiteko hautetsontziak udalek utziko dituzte, Hauteskundeetako Goi Batzordeko idazkariak eskatuta.

2. Boto-paperak Hauteskundeetako Goi Batzordeak emanen dizkie kasuan kasuko hauteskunde mahaiei.

28. artikulua. Hautetsontziak eta boto-paperak hornitzea.

1. Hauteskunde-mahai bakoitzean egonen da 6. eta 7. artikuluetan zehaztutako hautesleen errolda edo azpierrolda bakoitzerako hautetsontzi bana, honako hauek adierazita, kasuaren arabera: “A1 azpierrolda”, A2 azpierrolda”, “A errolda” eta “B errolda”.

2. Boto-paperak eta dagozkien gutun-azalak hainbat koloretan eginen dira: sepia A erroldarako eta zuria B erroldarako. “Nafarroa” Jatorri Deituraren kasuan, hauek izanen dira koloreak: sepia A1 azpierroldarako, zuria A2 azpierroldarako eta urdina B erroldarako.

3. Mahaiko buruek jasotako boto-paperen kopurua ezin da izan mahai bakoitzari dagozkion hautesleen kopuru bikoitza baino txikiagoa.

29. artikulua. Boto-paperen edukia.

1. Boto-paperetan honako hau jasoko da: hautagai-zerrendaren erakunde, elkarte, federazio, koalizio edo hautesle-elkartearen izena eta, hala balegokio, siglak eta ikurra, baita hautagaien eta ordezkoen izen-deiturak ere, kokapenaren hurrenkeraren arabera.

2. Zer taldetan bozkatzen den, hari dagokion kide adina hautagai agertuko dira boto-paper bakoitzean, VI. eranskineko ereduaren arabera. Halaber, beste horrenbeste ordezko egon daitezke, kasuan kasuko errolda edo azpierroldako hautagai kopuruaren arabera.

30. artikulua. Boto-zenbaketa.

Bozketa bukatuta, mahaiko buruak deklaratuko du hura itxi dela, eta jendaurreko kontaketa hasiko da. Hautetsontzi bakoitzeko zigilua kenduko da, handik gutun-azalak banan-banan aterako dira eta haietatik boto-paperak; hautagai-zerrendaren izena ozen irakurriko da. Buruak boto-paper bakoitza erakutsiko die, irakurri ondoan, mahaiko gainerakoei eta bukaeran alderatuko dira emandako boto guztiak eta jasotako hautesle guztiak.

31. artikulua. Boto baliogabeak eta boto zuriak.

1. Honako hauek izanen dira boto baliogabeak:

a) Ofizialak ez diren gutun-azal edo boto-paperen bidez egindakoak, edo gutun-azalik gabeko boto-paperekin, edo hautagai-zerrenda nahiz errolda desberdineko boto-paper bat baino gehiago daramanean gutun-azal batek. Gutun-azal batean hautagai-zerrenda bereko boto-paper bat baino gehiago dagoenean, boto bakartzat hartuko da.

b) Boto-papereko hautagaien izenak aldatu, erantsi, markatu edo urratuta dituzten botoak, edo kokapenaren hurrenkera aldatuta dutenak, baita beste aldaketaren bat daramatenak ere.

c) Aurreko paragrafoetan adierazitako edozein aldaketa duten gutun-azal batean egindako botoak.

2. Boto zuriak eta baliodunak izanen dira boto-paperik ez duten gutun-azalak.

32. artikulua. Kontaketaren emaitza.

1. Botoak kontatuta, aurreko jarraibideen arabera, buruak galdetuko du kontaketaren kontrako proposamenik ote dagoen. Ez badago, edo mahaiaren gehiengoak aurkeztutakoak ebatzi ondoren, ozen iragarriko da emaitza, zehaztuta zein den hautesleen, boto-paper baliogabeen eta boto-paper baliodunen kopurua, eta, azken horien artean, zenbat boto-paper zuri diren eta hautagai-zerrenda bakoitzak zenbat boto eskuratu dituen.

2. Hautetsontzietatik ateratako boto-paperak bertaratutakoen aurrean suntsituko dira, salbu eta baliozkotasuna ukatua izan dutenak edo erreklamazioren xede izan direnak; horiek aktari erantsiko zaizkio, mahaiko kideek sinatu ondoren.

3. Operazioak bukatuta, buruak, albokoek eta mahaiko artekariek, halakorik balego, kontaketaren akta sinatuko dute; bertan zehazki adieraziko dute zein den hautesle-erroldaren arabera dagoen hautesle kopurua, zenbat hauteslek eman duten botoa, zenbat boto-paper baliodun, zenbat boto-paper baliogabe eta zenbat boto-paper zuri den, eta hautagai-zerrenda bakoitzak zenbat boto eskuratu duen; halaber, laburki jasoko dituzte egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gorabeherak, halakorik balego, betiere zehaztuta zein diren egileen izen-deiturak. (VII. eranskina. Kontaketa aktaren eredua).

33. artikulua. Emaitzak ziurtatzea.

Jarraian, emaitzen ziurtagiria eginen da, eta bozketa egiteko lokalean paratuko da, ongi ikusteko moduan; gutun-azal itxian kontaketaren jatorrizko akta igorriko zaio Hauteskundeetako Goi Batzordeari, eraketaren aktarekin eta boto-paper baliogabeekin edo erreklamazioaren xede izan direnekin batera. Gutun-azal hori mahaiko kide guztiek sinatuko dute, edukia bermatzeko.

34. artikulua. Boto aurreratua.

Gertatuko balitz hautesle batek ezin parte hartzea 2022ko ekainaren 23an eginen den hauteskunde-prozesuan, aurretik ematen ahalko du botoa, artikulu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz:

a) Aurretik ematen ahalko du botoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetan, 2022ko ekainaren 13an, 15ean, 17an eta 20an, 11:00etatik 12:00etara eta Deituren Hauteskunde Batzordearen buruaren eta idazkariaren aurrean. Boto aurreratua errebokaezina izanen da. Prozesu honetara bertaratzen ahalko dira, halaber, Deituren Hauteskunde Batzordeko kideak, hala nahi dutenak.

b) Botoa emateko eskubidearen ziurtapena 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eginen da.

c) Hautesleak boto aurreraturako eskaera formalizatuko du botoa eman aurretik. Boto aurreraturako eskaera eginez gero ezin izanen da botoa eman ekainaren 23ko bozketa prozesuan. Inguruabar hori hautesle zerrendetan jasoko da, kasuan kasuko hauteskunde mahaietan.

d) Boto aurreratua pertsonala eta sekretua izanen da. Hautesleek boto-paperak eta gutun-azalak sartuko dituzte horretarako prestatutako gutun-azal batean, hauteslearen identifikazio datuak eta zein erroldatakoak diren adierazita.

e) Deituren Hauteskunde Batzordeko idazkariak, hautesle-erroldako zerrendak aztertu, boto-emailearen izena bertan ageri dela eta haren identitatea egiaztatu, eta botoa ematera agertu dela idatzi ondoren, gutun-azala zigilatuko du, bere zigilua eta sinadura ezarriko ditu eta bozketen egunera arte zainduko du.

f) Boto aurreratuak kasuan kasuko hauteskunde mahaiko buruari entregatuko zaizkio mahaia eratu eta berehala.

5. KAPITULUA

Hautatutako kide titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea, kontseilu arauemaileen osaera eta kontseilu arauemaileko burua eta buruordea bozkatzeko prozedura

A) Hautatutako kide titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea

35. artikulua. Kidetzen esleipena.

Gutun-azal itxian hauteskunde mahai guztien dokumentazioa jasota, Hauteskundeetako Goi Batzordeak ireki eginen ditu, eta kidetzak eta, halakorik balego, ordezkotzak esleituko ditu, ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 163.1 eta 164.1 artikuluekin bat.

36. artikulua. Kide hautatuak aldarrikatzea.

1. Deituren Hauteskunde Batzordeak, postuen esleipena bukatuta, aldarrikatu eginen ditu, jendaurrean eta batzordeburuaren bitartez, kasuan kasuko kontseilu arauemaileko kide hautatuak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan argitaratuko ditu emaitzak.

2. Egutegian ezarritako epearen barrenean hautatutako kideen aldarrikapena errekurritzen ahal da Hauteskundeetako Goi Batzordearen aurrean; horrek ebatziko du errekurtsoa, eta ebazpena Deituren Hauteskunde Batzordeari eta errekurtsogileari jakinaraziko die.

3. Egutegian ezarritako epean beharrezko egiaztagiriak igorriko zaizkie hautatutako kideei, hautagai-zerrenda bakoitzaren ordezkarien bidez.

B) Kontseilu arauemaileak osatzea eta burua eta buruordea bozkatzeko prozedura

37. artikulua. Kontseilu arauemaileen osaera.

1. Kontseilu arauemaile bakoitza honako hauek osatuko dute:

a) Kontseiluburuak.

b) Buruordeak.

c) Foru agindu honen 6.3 eta 7.2 artikuluetan zehazten den kide kopurua adina kide, sektoreak ordezkatzeko.

Kontseilu arauemailearen bileretara legez ezarritako moduan izendatzen diren Administrazioko ordezkariak joanen dira, botoa dutela baina hizpiderik ez.

38. artikulua. Kontseilu arauemaileak eratzea.

1. Egutegian ezarritako epean, kontseilu arauemaileko osoko bilkuran, aurreko kideek kargua utziko dute, eta berriak karguaz jabetuko dira. Jarraian eta bilkura berean, kontseiluaren osoko bilkurak burua eta buruordea hautatuko ditu.

2. “Nafarroa” Jatorri Deituraren Kontseilu Arauemailearen kasuan, Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatzen duen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuaren 25. artikuluan horren inguruan xedatzen dena aplikatu beharko da.

3. “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren Kontseilu Arauemaileko burua eta/edo buruordea dagokion sektoreko kontseilukideen artetik hautatzen badute, kontseilukide hori bere ordezkoak ordeztuko du Kontseilu Arauemailean.

4. Kontseilu arauemaileak hautatuen izena jakinaraziko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, hark izendatu ditzan. Hautagaiek eskuratutako boto kopurua jaso beharko da.

39. artikulua. Burua eta buruordea izendatzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak izendatuko ditu burua eta buruordea, Kontseilu Arauemailearen proposamenari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Kontseilu arauemaileak berritzeko hauteskunde egutegia

IZAPIDEA

EPEAREN AMAIERA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea hauteskundeen deialdia egiteko foru agindua

2022ko apirilaren 13a

Hauteskunde batzordeetako ordezkariak jakinaraztea (HGB eta IHB)

Apirilaren 19a

Hauteskundeetako Goi Batzordeko nahiz Deituren Hauteskunde Batzordeko kideak izendatzea

Apirilaren 20a

Kideen izendapenaren kontrako errekurtsoak aurkeztea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzenduak

Apirilaren 22a

Errekurtsoak ebaztea

Apirilaren 26a

Hauteskunde Batzordeen eraketa

Apirilaren 28a

Kontseilu arauemaileek erroldak aurkeztea Deituren Hauteskunde Batzordeari

Maiatzaren 2a

Erroldak jendaurrean jartzea eta erreklamazioak aurkeztea Deituren Hauteskunde Batzordearen aurrean

Maiatzaren 6a

Deituren Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea

Maiatzaren 11

Erreklamazioen ebazpenaren kontrako errekurtsoak, Hauteskundeetako Goi Batzordeari zuzenduak

Maiatzaren 13a

Hauteskundeetako Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Maiatzaren 17a

Behin betiko erroldak jendaurrean paratzea

Maiatzaren 20a

Hautagai-zerrendak aurkeztea

Maiatzaren 25a

Hautagaiak aldarrikatzea

Maiatzaren 27a

Hautagaien aldarrikapenaren kontrako erreklamazioak

Ekainaren 1a

Deituren Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea

Ekainaren 3a

Erreklamazioen ebazpenaren kontrako errekurtsoak, Hauteskundeetako Goi Batzordeari zuzenduak

Ekainaren 8a

Hauteskundeetako Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Ekainaren 10a

Hauteskunde mahaietako kideak izendatzea

Ekainaren 13a

Mahaietako kideek desenkusak alegatzea

Ekainaren 20a

Deituren Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebaztea

Ekainaren 21a

Mahaiak eratzea eta bozketa

Ekainaren 23a

Kide hautatuak aldarrikatzea Deituren Hauteskunde Batzordeak

Ekainaren 24a

Kide hautatuen aldarrikapenaren kontrako errekurtsoak

Ekainaren 28a

Hauteskundeetako Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Ekainaren 30a

Egiaztagiriak igortzea

Uztailaren 1a

Kide berriak karguaz jabetzea

Uztailaren 5a

III. eranskina. A.–Erroldak aurkezteko eredua. “Nafarroa” Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arauemailea.

III. eranskina. B.–Erroldak aurkezteko eredua. “Nafarroako Patxarana” Adierazpen Geografikoaren Kontseilu Arauemailea.

IV. eranskina.–Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrenden aldarrikapena jendaurrean paratzea.

V. eranskina.–Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak igortzeko eredua.

VI. eranskina.–Boto-paper ofizialaren eredua.

VII. eranskina.–Kontaketa aktaren eredua.

Deskargatu III.etik VII.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2205022