74. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

246E/2022 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: “Enpresa publikoetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntza, MITERD-Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko funtsen bidez”. DDBN identifikazioa: 617702

Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak, 2021eko apirilaren 14an, gehiengo osoz hartutako akordioaren bidez, Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Planari, Ekonomia Zirkularraren Programari eta PIMA Residuos-Ingurumena Bultzatzeko Planari dagozkion kredituen banaketa irizpideak eta lurralde banaketa onetsi ziren.

Akordio sektorial horri esker, Nafarroak 5.223.575,69 euro jaso ditu Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana abiarazteko. Plan hori osatzen duten jarduketak sartuta daude Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) 12. Osagaiaren Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoan.

Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana laguntzen multzo bat da, eta laguntza horiek jaso ahal izateko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean ezarritako helburuak bete, exekutatu eta gauzatu beharra dago. Horrexegatik, laguntza horiei osotara aplikatuko zaizkie EBren Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa- eta kontrol-mekanismoak, bai eta, batetik, Europar Batasunaren araudia ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako ezartzen dena, eta, bestetik, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenaren arloan eta gainerakoetan ezartzen dituen agindu espezifikoak ere, horiek aplikatzea nahitaez bete beharrekoa izanen baita.

Jasotako funtsekin, bultzada emanen zaie hondakinen eta ekonomia zirkularraren esparruan abiarazi beharreko neurriei eta, horrela, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburuak lortuko dira. Helburua da ekonomia zirkularreranzko trantsizioa garatzea, hondakinen sektorean inbertsioak eginez eta baliabideak efizientziaz erabiliz. Horrela, bada, aurrera eramanen diren ekintzen artean, “Enpresa publikoetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntza, MITERD-Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko funtsen bidez” izeneko dirulaguntza dago, 4.620.094,98 euroko zenbatekoa duena. Laguntza horren bidez, bultzada eman nahi zaie hondakinen eta ekonomia zirkularraren esparruan abiarazi beharreko neurriei, horrela lortuko baitira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburuak.

Horrez gain, laguntza horiei esker, bermatuta geratzen da betetzen dela etiketatze berde eta digitalaren koefizientea, hots, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean C12.I3 kodea duen neurrirako esleitua (“Hondakinen araudia ezartzen laguntzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko plana”). Neurri hori sartuta dago “Etxeko hondakinen kudeaketa: prebenitzeko, minimizatzeko, bereizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko neurriak” izeneko 042 esku-hartze eremuan. Hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan dago jasota (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa).

Bestalde, eta Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatzeko eta kontrolatzeko foru-arauen arabera, Kudeaketa Plan bat prestatu eta onartu da. Plan horretan, kudeaketa-esparru bat definitzen duten elementu guztiak biltzen dira, eta esparru horretan garatuko diren jarduketak Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Planari esleitutako helburuak lortzera bideratuko dira. Era berean, urte anitzeko gastuak onartzeari dagokionez, aintzat hartuta ekintza horiek 2021etik 2026ra bitarte garatuko direla, Nafarroako Gobernuaren nahitaezko onespena jaso da: Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, Ingurumeneko zuzendari nagusiari baimena ematen zaio gastu-konpromisoak hartzeko, urte anitzekoak eta 2022-2026 ekitaldiei egoztekoak, Next Generation funtsak exekutatzeko (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana).

Adierazitakoaren arabera, eta kontuan hartuta abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legea, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, kredituen banaketa hau proposatzen da:

AURREKONTUKO PARTIDA

PARTIDAREN DESKRIBAPENA

GASTU AURREIKUSIA

2022

GASTU AURREIKUSIA

2023

GASTU AURREIKUSIA

2024

GASTU AURREIKUSIA

2025

GASTU AURREIKUSIA

2026

GUZTIRA

740001-74100-7609-456200 [PEP: E-21-000457-01]

MRR Dirulaguntza, Erakunde publikoetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

876.894,98

936.800,00

936.800,00

936.800,00

932.800,00

4.620.094,98

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkidate Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1 Dirulaguntza hauen deialdia onestea: “Enpresa publikoetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntza, MITERD-Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko funtsen bidez”.

2 Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3 Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-7609-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, Erakunde publikoetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2022

876.894,98

740001-74100-7609-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, Erakunde publikoetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2023

936.800,00

740001-74100-7609-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, Erakunde publikoetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2024

936.800,00

740001-74100-7609-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, Erakunde publikoetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2025

936.800,00

740001-74100-7609-456200 [PEP: E-21/000457-01]: MRR Dirulaguntza, Erakunde publikoetan Hondakinen Araudia Ezartzen Laguntzeko Plana gauzatzeko

2026

932.800,00

4 Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5 Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Finantzaketaren xedea eta helburua.

Dirulaguntza honen xedea da behar diren inbertsioak bizkortzea Espainian hondakinen kudeaketa hobetzeko, batetik, eta, hiri-hondakinen eta ontzi-hondakinen kudeaketari dagokionez, EBko helburu berriak beteko direla bermatzeko, bestetik. Toki-erakundeak arduratuko dira inbertsio horiek egiteaz.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da Ekonomia Zirkularraren Espainiako Estrategia-Espainia 2030 delakoaren helburuak lortzeko prozesua bizkortzea (2020ko ekainean onetsi zen estrategia hori), eta gure herrialdean trantsizio ekologiko baterantz aurrera egitea, non ekonomia zirkularrak funtsezko zeregina duen.

Zehazki, honako jarduketa-ildo hauek finantzatuko dira:

–Gaien bilketa bereizi berriak ezartzea, bereziki biohondakinak, eta daudenak hobetzea.

–Bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea.

–Bereiz bildutako beste hondakin batzuen fluxuak berrerabiltzeko eta birziklatzeko instalazio berriak eraikitzea.

–Bilketarako (garbiguneak), triajerako eta sailkapenerako (ontziak, papera, etab.) instalazioetan inbertitzea eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak hobetzea.

Horrez gain, laguntza horiei esker, bermatuta geratzen da betetzen dela etiketatze berde eta digitalaren koefizientea, hots, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean C12.I3 kodea duen neurrirako esleitua (“Hondakinen araudia ezartzen laguntzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko plana”). Neurri hori sartuta dago “Etxeko hondakinen kudeaketa: prebenitzeko, minimizatzeko, bereizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko neurriak” izeneko 042 esku-hartze eremuan. Hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan dago jasota (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa).

Jarduketa-ildo horiek Ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen funtsekin kofinantzatzen direnez, aplikatzekoak izanen dira abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako neurriak. Errege lege-dekretu horren bidez onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak. Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua aplikatuko da (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa), bai eta aplika daitezkeen gainerako xedapenak ere.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 4.620.092,98 eurokoa da, guztira, eta hurrengo apartatuan zehazten diren jarduketa-ildoen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektuen betebehar teknikoak.

Honako jarduketa-ildo hauek finantzatuko dira:

1. ildoa.–Bilketa bereizi berriak ezartzea, bereziki biohondakinak, eta lehenagotik zeudenak hobetzea. Gehienez ere, 1.813.000 euro emanen dira proiektu hauetarako:

1.1. Tratamendu biologikoko instalazio espezifikoetara (konpostajea, digestio anaerobikoa edo biak) bideratzen diren biohondakinen bilketa bereizia ezartzeko, handitzeko edo hobetzeko proiektuak.

Ildo horretan finantzatzen ahal diren proiektuek deskribapen zehatza eta proiektuaren irismena jaso beharko dituzte. Zehazki, bereiz bildutako biohondakinak tratamendu biologikoko instalazio baimendu batera bideratu beharko dira, eta ziurtatu beharko da biohondakin horiek ez direla nahasten konposta (CMC 3) edo digestatoa (CMC 5) egiteko lehengai gisa baimendutakoez bestelako hondakinekin, jarraikiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/1009 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinari. Erregelamendu horren bidez, EBko ongarriak merkatuan eskuragarri jartzeari buruzko xedapenak ezarri ziren.

Bereiz bildutako biohondakinen destinoko instalazioa oraindik ere martxan ez badago, instalazio berria delako, biohondakinen bilketa bereiziaren proiektua finantzatzen ahalko da, baldin eta destinoko tratamendu biologikoaren proiektua tramitatzen ari bada eta 2. ildoan ezarritako betebehar teknikoak betetzen baditu.

Proiektuek barnean hartu beharko dituzte artatzen dituzten biztanleak prestatzeko, informatzeko eta sentsibilizatzeko jarduketak, behar bezala zehaztuta.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak eta bete beharreko baldintzak II. eranskinean jasotakoak dira.

1.2. Biohondakinak sorburuan bereizi eta birziklatzeko proiektuak, etxeko eta komunitateko konpostajearen bidez.

Proiektuek deskribapen zehatza eta proiektuaren irismena jaso beharko dituzte, bereziki honako hauek:

–Proiektuan parte hartzen dutenen prestakuntzarako jarduketak: estrategia bat txertatuko da parte-hartzaileak prestatzeko (adibidez, konpostajeari buruzko eskuliburu bat, prestakuntza teorikoa eta praktikoa, zalantzak argitzeko mekanismoak).

–Proiektuaren jarraipena egiteko jarduketak, barnean dela tratatutako kantitateen jarraipena, proiektua abian jartzen den bitartean (aldizkako bisitak parte-hartzaileei, aholkularitza telefonoz edo posta elektronikoz, etab.) eta proiektua abian jarri ondoren, gutxienez, urtebetez. Erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du baduela koordinatzaile tekniko bat prestakuntza egokia duena hautatutako proiektuen jarraipena egiteko.

–Informazioa biltzeko aurreikusitako jarduketak, kalkulatu ahal izateko zer-nolako ekarpena egiten dien proiektuak Hondakinei buruzko Esparru-Zuzentarauan hondakinak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko ezarritako helburuei, bat etorriz Batzordearen 2019ko ekainaren 7ko 2019/1004 (EB) Betearazpen Erabakian ezarritakoarekin. Erabaki horren bidez, hondakinei buruzko datuak kalkulatu, egiaztatu eta jakinarazteari buruzko arauak ezarri ziren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat, eta indarrik gabe utzi zen Batzordearen C(2012) 2384 Betearazpen Erabakia.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak eta bete beharreko baldintzak II. eranskinean jasotakoak dira.

1.3. Etxean, saltokietan eta zerbitzuetan erabilitako sukaldeko olioa bereiz biltzeko proiektuak ezartzea edo daudenak hobetzea, hari balioa emateko, bereziki bioerregaia lortzeko.

Proiektuek deskribapen zehatza eta proiektuaren irismena jaso beharko dituzte. Bereziki, bereiz bildutako hondakinak tratatuko dituen destinoko instalazio baimendua zein den adierazi beharko da. Proiektuek barnean hartu beharko dute artatzen dituzten biztanleak, saltokiak eta zerbitzuak sentsibilizatzeko kanpaina bat, eta behar bezala zehaztuko dira eginen diren jarduketak.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak eta bete beharreko baldintzak II. eranskinean jasotakoak dira.

1.4. Hiri-hondakinen ehun-hondakinen frakzioa bereiz biltzeko proiektuak ezartzea edo daudenak hobetzea, horiek berrerabilpenerako edo birziklapenerako prestatzeko.

Proiektuek deskribapen zehatza eta proiektuaren irismena jaso beharko dituzte. Bereziki, bereiz bildutako ehun-hondakinak tratatuko dituen destinoko instalazio baimendua zein den adierazi beharko da. Proiektuek barnean hartu beharko dute proiektuak artatzen dituen biztanleei zuzendutako komunikazio eta sentsibilizazio kanpaina bat, aurreikusitako jarduketen deskribapen zehatzarekin.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak eta bete beharreko baldintzak II. eranskinean jasotakoak dira.

2. ildoa.–Bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea. Gehienez ere, 1.942.000 euro emanen dira proiektu hauetarako:

1. Konpostajeko instalazioak, digestio anaerobikokoak edo bi tratamenduen konbinazioa egiten duten instalazioak eraikitzeko proiektuak, bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko.

2. Tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak egokitzeko proiektuak, bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko lerro independente bat gehitzeko.

3. Konpostajeko eta digestio anaerobikoko instalazioak hobetzeko proiektuak, xedetzat bereiz bildutako biohondakinak tratatzea dutenak.

Ez dira hautagarriak izanen bereiz bildutako biohondakinak tratatzen dituzten konpostajeko edo disgestio anaerobikoko instalazioen proiektuak, baldin eta aldez aurreko tratamendu mekaniko zehatz bat badute hondakin desegokiak bereizteko (horiek bilketa nahasiei dagozkie); hau da, ez dira hautatuko Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planak eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeak hondakin desegokietarako ezarritako balioak gainditzen dituztenak.

Proiektuek deskribapen zehatza eta proiektuaren irismena jaso beharko dituzte, honako hauek adierazita: tratatuko diren hondakinak, tratamendu mota, ekipoak, lortutako materialekin zer eginen den, biogasaren erabilerak, kasua bada, etab.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak izanen dira:

–Obra zibila, barnean hartuta bereiz bildutako biohondakinen tratamendu biologikorako erabiltzen den lur-eremua, instalazioa edo tratamendu-lerroa egokitzea, bai eta hondakinak eta tratamenduaren ondoriozkoak biltegiratzeko eremuak ere (siloak, edukiontziak, etab.). Ez dira sartzen instalazio osagarriak (bulegoak, makinetarako biltegiak, itxiturak, etab.).

–Biohondakinen tratamendu-prozesurako behar-beharrezkoak diren makineria eta bestelako elementuak.

Ez dira finantzagarriak izanen hondakin desegokiak bereizteko aldez aurreko tratamendu mekanikorako makinak eta elementuak.

3. ildoa.–Bereiz bildutako beste hondakin batzuen fluxuak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko instalazio berriak eraikitzea. Gehienez ere, 218.000 euro emanen dira proiektu hauetarako:

3.1. Bereiz bildutako hondakinen fluxuak berrerabilpenerako prestatzeko instalazioak eraikitzea.

Laguntza hauen bidez, bereiz bildutako hondakinetatik (besteak beste, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinetatik edo ehun-hondakinetatik) berrerabiltzeko prestatutako hondakinen kantitatea hobetu nahi da. Horretarako, instalazio berriak finantzatuko dira, bai eta lehendik daudenak handitzea ere, hondakinak berrerabilpenerako prestatzea sartzeko.

Proiektu bat aurkeztu beharko da, eta bertan, honako hauek jasoko dira: berrerabilpenerako prestatuko diren hondakin motak, hondakin horietako bakoitzaren tratamenduak eta salmentarako baldintzak, baita saldu ondoko bermea ere, eta, beharrezkoa den kasuetan, produktu berriaren deklarazioa.

Proiektuak hondakinen sortzailearen erantzukizun zabalduak estalitako hondakinen fluxuei eragiten badie, ez da finantzagarria izanen hondakinen sortzailearen erantzukizun zabalduari egotz dakiokeen zatia.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak izanen dira:

–Hondakinak berrerabilpenerako prestatzeko instalazioa eraikitzea, barnean direla gaiak biltegiratzeko zona eta berreskuratutako produktuak saltzeko azalera. Finantzaketa mugatuko da instalazioak behar bezala funtzionatzeko gutxieneko kontzeptuetara, eta proiektuak araudi sektorialak instalazio horiei ezartzen ahal dizkien baldintza guztiak beteko ditu. Ez dira sartzen instalazio osagarriak (bulegoak, esaterako).

–Gaiak, izan jasotako hondakinak, izan berreskuratutako produktuak, behar bezala biltegiratzeko elementuak, hala nola kaiolak edo apalak.

–Hondakinak berrerabilpenerako prestatzeko lanak garatzeko beharrezkoak diren makineria eta erremintak. Kontzeptu honetan ez dira sartzen material suntsikorra edo jarduera garatzeko beharrezkoak ez diren bestelako makineria eta tresnak.

–Instalazioko langileentzako prestakuntza.

–Komunikazio kanpaina; instalazioa amaitu ondoren eginen da, eta xedetzat izanen du hurbileko biztanleak kontzientziatzea hondakinak entrega ditzaten, gero horiek berrerabilpenerako prestatzeko.

–Softwarea eta hardwarea eskuratzea, jasotako eta sortutako hondakinen zein berreskuratutako produktuen kontrola eta trazabilitatea egiteko.

3.2. Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea.

Laguntza hauen xedea da bereiz bildutako ehun-hondakinak (arropa, oinetakoak, jantzi-osagarriak, etxeko arropa eta antzekoak) modu bereizian tratatzea ahalbidetzen duten instalazioak eraikitzea, hondakinen fluxu horrek lagun dezan hondakinak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzearen arloan Europar Batasunak ezarri dituen helburuak lortzen.

Ez da finantzatuko xedetzat ehun-hondakinak birziklatzeaz bestelako tratamenduak dituzten instalazioen eraikuntza.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak izanen dira:

–Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioa eta gaiak biltegiratzeko zonak eraikitzea (lurra egokitzea ere sartuko da). Ez dira sartzen instalazio osagarriak (esaterako, bulegoak, makinetarako biltegiak, etab.).

–Birziklatze-prozesurako behar-beharrezkoak diren makineria eta tresnak, ehun-hondakinak sailkatzeko, horien tratamendu mekanikoa egiteko (harilketa, ebaketa, etab.) edo tratamendu fisiko-kimikorako (prozesu termikoak barne) behar-beharrezkoak direnak barne. Kontzeptu honetan ez dira sartzen material suntsikorra edo ehun-hondakinak birziklatzeko beharrezkoak ez diren bestelako makineria eta tresnak.

–Gaiak, izan tratatu beharreko ehun-hondakinak, izan birziklatze-prozesuaren ondoren lortutako materialak, biltegiratzeko instalazioak edo elementuak.

3.3. Plastiko hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea.

Laguntza hauen xedea da plastiko hondakinak modu bereizian tratatzea ahalbidetzen duten instalazioak eraikitzea, hondakinen fluxu horrek lagun dezan EBk, 2008/98/EE Zuzentarauaren bidez, hiri-hondakinak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko ezarritako helburuak lortzen, bai eta 2018/852 (EB) Zuzentarauan eta 2019/904 (EB) Zuzentarauan ezarritakoak ere: ontzien hondakinak birziklatzea eta edarien botiletan plastiko birziklatua erabiltzea, hurrenez hurren.

Birziklatzeko instalazio berriak eraikitzeaz gain, lehendik dauden instalazioen hobekuntza finantzatzen ahalko da, baldin eta hobekuntza horien helburua bada gai birziklatuen kalitatea hobetzea, gai horiek elikagaiekin erabiltzeko modukoak izan daitezen.

Kontzeptu hauek finantzatzeko modukoak izanen dira:

–Plastiko hondakinak birziklatzeko instalazioa eta gaiak biltegiratzeko zonak eraikitzea (lurra egokitzea ere sartuko da). Ez dira sartzen instalazio osagarriak (esaterako, bulegoak, makinetarako biltegiak, etab.).

–Birziklatze-prozesurako behar-beharrezkoak diren makineria eta tresnak. Erabilitako prozesuek nahitaez izan beharko dituzte tratatutako plastikoak deskontaminatzeko etapak. Kontzeptu honetan ez dira sartzen material suntsikorra edo plastiko hondakinak birziklatzeko beharrezkoak ez diren bestelako makineria eta tresnak.

–Plastiko hondakinak birziklatzeko lehendik dauden instalazioetan erabiltzen diren tratamenduak aldatzea, helburua bada elikagaiekin kontaktuan jartzeko moduko kalitatea duen materiala lortzea.

4. ildoa.–Bilketarako (garbiguneak), triajerako eta sailkapenerako (ontziak, papera, etab.) instalazioetan inbertitzea eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak hobetzea. Gehienez ere, 647.094,98 euro emanen dira proiektu hauetarako:

4.1. Bilketarako instalazioak eraikitzeko eta hobetzeko proiektuak (esaterako, garbiguneak; ehun-hondakinen eta etxeko hondakin arriskutsuen bilketa barne).

Laguntzen xedea da hondakinen fluxuak bereiz biltzeko udal instalazioak eraikitzea edo daudenen baldintzak hobetzea, eta, bereziki, bilketa bereizi horietan hondakinen fluxu berriak sartzea (esaterako, ehun-hondakinak edo etxeko hondakin arriskutsuak), xede bikoitzarekin: horiek birziklatzen direla edo balioa ematen zaiela bultzatzea eta ezabatzen den hondakinen kantitatea murriztea.

Honako kontzeptu hauek bakarrik finantzatzen ahalko dira:

–Hondakin frakzioak biltegiratzeko egokiak diren edukiontziak eta kaiolak erostea. Kontuan hartuko dira, bereziki, bereiz bildutako frakzioen igoera dakarten proiektuak, bereziki ehunekin eta etxeko hondakin arriskutsuekin zerikusia dutenak. Kontzeptu honetan metalezko edukiontziak, kaiolak edo apalak sartzen dira.

–Hondakinen sarrerak eta irteerak pisatzeko baskulak.

–Beharrezko lur-eremua egokitzea.

–Hondakinak biltegiratzeko eremuari teilatua ematea. Teilatua emateari dagokionez, lehenetsi eginen dira eguzkitan eta uraren eraginpean egon ahal izateagatik birziklatzeko edo balioa emateko ondorio kaltegarriak jasaten ahal dituzten hondakinak. Bereziki, hauek: aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak, pilak, ehunak, bernizak eta etxeko beste hondakin arriskutsu batzuk.

–Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eremuko isuriak iragazgaiztea eta biltzea.

–Hondakinen sarrerak eta irteerak erregistratzeko (artxibo kronologiko telematikoa) tresna informatikoak (softwarea barne).

–Hondakinak berrerabilpenerako prestatzeko instalazioak, bai berrerabiltzeko prestatzen ahal diren hondakinak bereizita biltegiratzeko, bai egiaztatzeko edo tratatzeko.

–Garbigunean bertan hondakinak behar bezala entregatzeko baldintzei buruzko informazio elementuak, hala nola kartelak, panelak edo seinaleak.

–Bilketa ibiltarien sistemak gehitzea edo hobetzea, hala nola garbigune mugikorrak edo hondakin handien bilketa espezifikoak. Ez dira faktore energetikoak baloratuko, eta ez dira finantzatuko emisioak murriztearekin zerikusia duten hobekuntzak.

–Hobekuntzak hondakinak biltegiratzeko eremura sartzeko kontrolean: hesiak, sarbideak kontrolatzeko sistemak, biltegiratze-guneen itxiturak, bideozaintza-sistemak, alarmak, etab.

–Instalazioen barruan autokonponketarako eta askotariko objektuak eta tresnak trukatzeko espazio publikoak sortzea (altzariak, arropa, etxetresna elektriko txikiak, jostailuak...).

–Garbiguneko langileei prestakuntza ematea hondakinak berrerabilpenerako prestatzeari buruz, behar bezala hauta ditzaten berrerabiltzeko prestatzen ahal diren hondakinak.

Ez dira finantzatuko alokairuak, ez eta hirugarrenei egindako zerbitzuen ordainketa ere.

Proiektuak hondakinen sortzailearen erantzukizun zabalduak estalitako hondakinen fluxuei eragiten badie, ez da finantzagarria izanen hondakinen sortzailearen erantzukizun zabalduari egotz dakiokeen zatia.

4.2. Hondakinen triajerako eta sailkapenerako (ontziak, papera, etab.) instalazioak eraiki eta hobetzeko proiektuak.

Laguntza hauen xedea da ahalik eta gehien aprobetxatzea bereiz bildutako hondakinetan (ontziak, papera eta kartoia, beira, besteak beste) dauden eta bereizketa mekanikoa egiten duten instalazioetan (publiko edo pribatuetan) tratatzen diren materialak; horrek lagunduko du hondakinak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzearen arloan Europar Batasunak ezarri dituen helburuak lortzen, bai eta zabortegira bideratzen diren hondakinen kopurua murrizten ere.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak izanen dira:

–Bereizgailu optikoak.

–Bereizgailu balistikoak.

–Metal ferrikoen eta ez-ferrikoen bereizgailuak (adibidez, bereizgailu magnetikoak, Foucault korronteen bereizgailuak, etab.).

–Aurretik aipatutakoez bestelako edozein bereizketa-metodo, nabarmen laguntzen badu birziklatzen ahal diren materialak berreskuratzeko eraginkortasuna areagotzen.

Proiektuak hondakinen sortzailearen erantzukizun zabalduak estalitako hondakinen fluxuei eragiten badie, ez da finantzagarria izanen hondakinen sortzailearen erantzukizun zabalduari egotz dakiokeen zatia.

4.3. Lehendik dauden tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak hobetzeko proiektuak, birziklatzen ahal diren materialak berreskuratzeko eraginkortasuna areagotzeko.

Laguntza hauen xedea da ahalik eta gehien aprobetxatzea nahasita biltzen diren hiri-hondakinetan dauden materialak; horrek lagunduko du hondakinak berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzearen arloan Europar Batasunak ezarri dituen helburuak lortzen, bai eta zabortegira bideratzen diren hiri-hondakinen kopurua murrizten ere.

Ez da finantzatuko tratamendu mekaniko-biologikoko instalazio berrien eraikuntza. Era berean, ez dira finantzatuko lehendik dauden instalazioen hobekuntzak, salbu eta ondoren birziklatzen ahal diren materialak bereizteko xedea dutenak, edo materia organikoa tratatzeko prozesuak hobetzeko xedea dutenak, gerora gai horri balorizazio energetikoa emateko.

Finantzatzeko moduko kontzeptuak izanen dira:

–Bereizgailu optikoak.

–Bereizgailu balistikoak.

–Metal ferrikoen eta ez-ferrikoen bereizgailuak (adibidez, bereizgailu magnetikoak, Foucault korronteen bereizgailuak, etab.).

–Aurretik aipatutakoez bestelako edozein bereizketa-metodo, nabarmen laguntzen badu birziklatzen ahal diren materialak berreskuratzeko eraginkortasuna areagotzen.

–Errefusetik bereizitako frakzio organikoa tratatzeko sistemak, gerora aprobetxamendu energetikoa egiteko.

Inbertsio honetan jasotako proiektuak, tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioekin zerikusia dutenak, lehendik dauden instalazioetan bakarrik gauzatzen ahalko dira, xede honekin: haien baliabideen efizientzia handitzea edo bereiz bildutako biohondakinak, konpostaje edo digestio anaerobikoaren bidez, birziklatzeko eragiketetara birmoldatzea. Ziurtatu beharko da ekintza horiek ez dutela ekartzen instalazioen gaitasuna edo bizitza erabilgarria handitzea, eta, horretarako, ebidentziak emanen dira instalazio bakoitzean.

Inbertsioen kopuru txiki-txiki bat (%5) gainerako hondakinen errefusa tratatzeko erabiltzen ahalko da (hondakinak biltzeko instalazioak, triajerako eta sailkapenerako instalazioak, eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak hobetzea). Hala ere, inbertsio horiek ez dute inola ere ekarriko tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioetan hondakinen errefusa tratatzeko gaitasuna handitzea, ezta instalazio horien balio-bizitza handitzea ere. Horregatik guztiagatik, ez dira finantzatuko materialak berreskuratzeko efizientzia areagotzen laguntzen ez duten baliabide osagarriak.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe dagozkionak, baldin eta horretarako behar-beharrezkoak badira, deialdi honetan eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako epe eta baldintzetan egiten badira, eta emandako dirulaguntza justifikatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu badira.

Era berean, kontuan hartuko dira 2. oinarrian eta II. eranskinean gastu finantzagarri gisa zehaztutakoak.

2. Oinarri hauetan araututako jarduketetarako emandako gehieneko finantzaketak ez du gaindituko finantzatzeko modukotzat jo den gastuaren %90 (BEZa KANPO).

3. Justifikatzen diren eta diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoari dagokionez, erakunde onuradun bakoitzak gehieneko laguntza hau jasoko du: 1. ildorako 300.000 euro; 2. ildorako 400.000 euro; 3. ildorako 125.000 euro; eta 4. ildorako 100.000 euro. Gainera, 7. oinarrian ezarritakoa kontuan hartu beharko da.

4. Frakzio desberdinak dituzten jarduketetan (adibidez, komunikazio kanpainak, edukiontzien itxiera), diruz lagundutako frakzioei lotutako ehunekoei dagozkien kostuak bakarrik aukeratzen ahalko dira; hori zehazteko, eremu bakoitzeko poltsa tipoaren ehunekoak hartuko dira kontuan.

5. Finantzaketa ematen ahalko da biztanleria informatzeko, hedatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainetan eta proiektuaren jarraipenean aritzen diren langileentzat, baldin eta ahaldun nahiko baten ziurtagiriaren bidez egiaztatzen bada aipatu langileak diruz lagundutako proiektuan jardun dutela. Ziurtagiri horretan honako hauek adierazi beharko dira, banan-banan: gastua justifikatu nahi duen pertsona bakoitzeko, eginkizunak, horien hasiera eta amaiera, proiektuari eskainitako orduen kopurua, eta orduko kostua.

6. Auditoretza-txostena ere diruz lagungarria izanen da; urtean 1.000 euro emanen dira, gehienez ere.

7. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueren ehuneko ehun azpikontratatzen ahalko da.

8. Jarduketa-ildo bakoitzean jasotakoez gain, honako hauek ere ez dira diruz lagungarriak:

a) 2020ko martxoaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

d) BEZa edo beste zerga batzuk.

e) Finantza-gastuak.

f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

g) Lurrak erosteko gastuak.

h) Azpiegituren alokairua.

i) Erabilera bakarreko elementuak, poltsa konpostagarriak izan ezik (II. eranskineko deskribapenaren arabera).

j) Beharrezkoak ez diren sariak.

k) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.

l) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

m) 3. oinarri honen bosgarren apartatuan zehazten ez diren langileak.

n) Dietak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak, 2. oinarriko 2.1 eta 3.1 apartatuetan jasotako prestakuntza izan ezik.

o) Ez dira diruz lagunduko gastu arrunten %30 baino gehiago, gastu diruz lagungarri osoaren gainean kalkulatuta.

4. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira udalerriak edo bestelako toki-erakundeak (mankomunitateak, etab.), edo toki-erakunde horiek eratutako partzuergoak, baldin eta beren gain hartuta badute hondakinak biltzeko edo tratatzeko zerbitzuak emateko eskumena eta beren eskumeneko zerbitzuei buruzko proiektuak aurkezten badituzte haiek finantzatzeko, 1., 2., 3. eta 4. ildoetan aurreikusitako laguntzen kasuetarako;

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako erakundeek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo apartatuan (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

3. Era berean, bete beharko dira abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuan, dirulaguntzen arloan, ezarritako xedapenak (errege lege-dekretu horren bidez onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak), bai eta oinarri arautzaile hauetan eta dirulaguntza emateko banakako ebazpenean ezarritakoak ere.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko azken eguna 2022ko maiatzaren 13a izanen da.

Eskatzaileek proiektu bakarra aurkeztu beharko dute ildo bakoitzerako; beraz, onuradun batek zenbat ildotan parte hartu nahi duen, horrenbeste proiektu aurkeztu beharko ditu.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, eta tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko. Gune horietan, aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-inprimakia (I. eranskina).

b) Eskatzaileak BAIMENIK EMATEN EZ BADIO laguntzak ematen dituen organoari zuzenean egiazta dezan betetzen dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, egiaztagiri hori aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera. Errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

c) Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena; ekintza horiek jarduketa-ildoen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuta agertuko dira, 2. oinarriarekin bat. Eta, bereziki, gutxieneko datu hauek jasoko ditu:

EMAN BEHARREKO DATUA

DESKRIBAPENA

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuak bakarrik:

Instalazioaren tratamendu-ahalmen berria edo zabaldua (t/urtean)

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuetan bakarrik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe.

Etxeko eta komunitateko konpostaje-proiektuak soilik:

Konpostajera bideratutako biohondakinen kopuruaren balioespena (t/urtean)

Etxeko eta komunitateko konpostaje-proiektuetan soilik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe. Informazio horrek balio du hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloko inbertsioekin lotutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburua egiaztatzeko.

Bilketa bereiziko proiektuak bakarrik:

Bereiz bildutako kopuruaren balioespena (t/urtean)

Bilketa bereiziko proiektuen kasuan soilik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe. Informazio horrek balio du hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloko inbertsioekin lotutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburua egiaztatzeko.

d) Plangintza bat, proiektuan bete beharreko mugarriak eta helburuak zehaztuko dituena, eta hura baloratzeko erabiliko diren adierazleak deskribatuko dituena.

e) Memoria bat; bertan kalkulatuko da zenbaterainokoa izan den saihestutako berotegi-efektuko gasen emisioa eta arlo horretako helburuak betetzen lagunduko luketen hondakin-tonak.

f) Proiektuaren aurrekontu xehatua, proiektua gauzatzeko urte bakoitzari esleitutako aurrekontua adierazita.

g) Erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina), ahaldun nahiko batek sinatua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen sei ingurumen-helburuei, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, esparru bat ezarri zen inbertsio jasangarriak errazteko eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu zen.

Proiektuak ez badu DNSH (Do No Significant Harm) printzipio hori beteko, ezin izanen da diruz lagundu.

h) Interes-gatazkarik ezaren adierazpen sinatua, V. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

i) Konpromisoen adierazpen sinatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa (VI. eranskina).

Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak dirulaguntza eskatu duenari eskatuko dio gehienez hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek. Gainera, neurriak hartuko ditu iruzurra eta ustelkeria prebenitu, detektatu, jakinarazi eta zuzentzeko, interes-gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Norgehiagoka.

Dirulaguntza hauek norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, honela:

I. Lehenik eta behin, jasotako eskaera guztiak bi talde handitan sailkatuko dira:

a. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Europar Batasunak ezarritako mugarriak eta helburuak betetzen laguntzen dutenak (ikus IV. eranskina), eta

b. laguntzen ez dutenak.

II. Eskaera guztiak (taldea edozein dela ere) 9. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera puntuatuko dira, eta puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Zerrenda bat lortuko da talde bakoitzerako (laguntzen duten ala ez) eta ildoen arabera.

III. Eskaeren sailkapen hori egin ondoren, zenbateko diruz lagungarria¹ lortuko da, honela:

a. 3. oinarriko irizpideak aplikatuko dira eta finantzatzeko moduko kopurua zehaztuko da.

b. Finantzatzeko moduko kopuru hori 3. apartatuko (3.3 oinarria) aplikazioaren arabera doituko da, zenbateko diruz lagungarria lortzeko. Hau da, talde bakoitzaren barnean eta ildo bakoitzerako egindako sailkapenaren arabera, zenbateko diruz lagungarria zehaztuko da, ildo bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

c. Aurreko esleipena egin ondoren, kreditu erabilgarririk geratzen bada ildoren batean, ildo horretako onuradunen artean banatuko da, eskaera bakoitzean finantzatzen ahal den gehieneko zenbatekora iritsi arte.

d. Oraindik ere soberazko krediturik badago, gainerako ildoetarako erabiliko da, irizpide hauen arabera:

–Hurrenkera honetan lehenetsiko da kredituaren erabilera: 1. ildoa, 4.1a, 2.a, 3.a, 4.2a eta 4.3a. Baina kontuan hartu beharko da ildo bakoitzeko zenbatekoa %30ean handitzen ahalko dela gehienez, hasiera batean emaniko aurrekontu-zuzkidurarekiko (2. oinarria).

–Kreditu erabilgarri berria lortutako puntuazioak ezarritako ordenaren arabera esleituko da, eskaera bakoitzean finantzatzen ahal den gehieneko zenbatekora iritsi arte.

(1) Mugarriak eta helburuak lortzen laguntzen duten proiektuak lehenesten dira.

8. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio-organoak egiaztatuko du toki-erakunde onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio-organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio-irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da erakunde onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Hona hemen dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Jarduketa-ildo guztietan aplikatzen ahal da:

a.1. Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 25 puntu, honela banatuta:

1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 10 puntu.

2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna, norainokoa eta jarraipena, eta Ministerioak ezarritako helburuen planifikazioa: gehienez ere 10 puntu.

3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 5 puntu.

a.2. 2023ko azaroaren 30a baino lehen amaitzen diren proiektuak: 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

b) 2. oinarriko 1. jarduketa-ildoari aplikatzen ahal zaio: gehienez ere 40 puntu, honako hauen arabera:

1.1. Tratamendu biologikoko instalazio espezifikoetara (konpostajea, digestio anaerobikoa edo biak) bideratzen diren biohondakinak (etxeko eta komunitateko konpostajea izan ezik) bereiz biltzeko proiektuak ezartzea, handitzea edo hobetzea:

1. Bilketa bereizia ezartzeko proiektuak aurretik biohondakinak bereiz biltzen ez zituzten udalerrietan: 20 puntu.

2. Beren bilketa sistemaren bidez hondakin desegokien eduki txikia (<%10) lortzen duten proiektuak, helburutzat kalitatezko birziklapena dutenak: 20 puntu.

1.2. Etxeko biohondakinak sorburuan bereizi eta birziklatzeko proiektuak, etxeko eta komunitateko konpostajearen bidez.

1. Xedetzat udalerri bakoitzean sortutako biohondakin guztiak etxeko konpostajearen, komunitateko konpostajearen edo bien bidez kudeatzea duten proiektuak: 20 puntu.

2. Etxeko/komunitateko konpostajea ezartzeko proiektuak: 10 puntu.

3. Etxeko/komunitateko konpostajea ezartzeko proiektuak 1.000 biztanletik beherako udalerrietan: 10 puntu.

1.3. Etxean, saltokietan eta zerbitzuetan erabilitako sukaldeko olioa bereiz biltzeko proiektuak ezartzea edo daudenak hobetzea, hari balioa emateko, bereziki bioerregaia lortzeko:

1. Xedetzat sukaldeko olio erabilia bereiz biltzea duten proiektuak ezartzea, baldin eta toki-erakundeak udalerrian aurretik horrelakorik ezarria ez bazuen: 20 puntu.

2. Proiektuak 1.000 biztanletik gorako udalerrietan: 10 puntu.

3. Olio erabilia bereiz biltzeko proiektuak, bioerregaia lortzeko: 10 puntu.

1.4. Hiri-hondakinen ehun-hondakinen frakzioa bereiz biltzeko proiektuak ezartzea edo daudenak hobetzea, horiek berrerabilpenerako edo birziklapenerako prestatzeko:

1. Xedetzat ehun-hondakinak bereiz biltzea duten proiektuak ezartzea, baldin eta toki-erakundeak udalerrian aurretik horrelakorik ezarria ez bazuen: 20 puntu.

2. Bereiz bildutako ehun-hondakinak, lehenik eta behin, berrerabiltzeko prestatzen dituzten proiektuak: 10 puntu.

3. Gizarte-erakundeek garatzea, halako moldez non arrisku sozialean daudenen kolektiboentzako enplegua sortzeko eta pertsona horiek lan-merkatuan sartzeko edo berriz sartzeko aukera ematen duen jarduera bat den: 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

c) 2. oinarriko 2. jarduketa-ildoari aplikatzen ahal zaio: gehienez ere 30 puntu, bereiz bildutako biohondakinen tratamendurako instalazio espezifikoak eraikitzeko aurkeztutako proiektuak finantzatzeko:

1. Bereiz bildutako etxeko biohondakinak soilik tratatzen dituzten instalazioak edo tratamendu-lerroak: 20 puntu.

2. Biohondakinak soilik tratatzen dituzten instalazioak edo tratamendu-lerroak, hots, konposta (CMC 3) edo digestatoa (CMC 5) egiteko lehengai gisa baimendutako hondakinak tratatzen dituztenak, lortutako material horiek produktu gisa merkaturatu ahal izateko (lehengai gisa baimendutako hondakin horiek jasota daude 2019/1009 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean; erregelamendu horren bidez, EBko ongarriak merkatuan eskuragarri jartzeari buruzko xedapenak ezarri ziren): 10 puntu.

3. Hondakina sortzen den gunetik 20 km baino gutxiagora dauden instalazioak: 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

d) 2. oinarriko 3. jarduketa-ildoari aplikatzen ahal zaio: gehienez ere 30 puntu, bereiz bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko instalazio berriak eraikitzeko:

3.1. Bereiz bildutako hondakinen fluxuak berrerabilpenerako prestatzeko instalazioak eraikitzea:

1. Hondakina berrerabilpenerako prestatzeko instalazio batetik 20 km baino gehiagora kokatzen diren proiektuak: 20 puntu.

2. Gizarte-erakundeek garatutako proiektuak, halako moldez non arrisku sozialean daudenen kolektiboentzako enplegua sortzeko eta pertsona horiek lan-merkatuan sartzeko edo berriz sartzeko aukera ematen duen jarduera bat den: 10 puntu.

3.2. Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea:

1. Instalazioetan bereiz bildutako ehun-hondakinak soilik tratatzen dituzten proiektuak: 20 puntu.

2. Gizarte-erakundeek garatutako proiektuak, halako moldez non arrisku sozialean daudenen kolektiboentzako enplegua sortzeko eta pertsona horiek lan-merkatuan sartzeko edo berriz sartzeko aukera ematen duen jarduera bat den: 10 puntu.

3.3. Plastiko hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea:

1. Proiektuaren xedeko instalazioan lortzen diren materialen kalitatea elikagaiekin kontaktuan jartzeko modukoa bada, kalitate apalagoa lortzen dutenen aldean: 20 puntu.

2. Instalazioek bereiz bildutako plastiko hondakinak soilik tratatzea (barnean direla “ontzi arinak” edo “ontziak” eta “materialak” izeneko frakzioetatik sortutako plastiko hondakinak): 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

10. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2020ko martxoaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2026ko martxoaren 31n amaituko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

12. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa

Onuradunek jarraian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, telematikoki, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz:

a) Justifikazio partziala: 2022ko abenduaren 31n gauzatzen ari diren proiektuen kasuan, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2023ko martxoaren 31 baino lehen:

i. Jarduketa-memoria, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak eta xedea betetzen direla justifikatzeko.

Orain arte egindako ekintza guztiak xehetasunez deskribatuko dira, eta egindako gastua, lortutako emaitzak (hasieran aurreikusitako mugarrien eta helburuen arabera) eta betetze-maila egiaztatzeko bitartekoak adieraziko dira. Gainera, honako datu hauen egungo bilakaera adieraziko da (eskaeran adierazitakoen arabera):

EMAN BEHARREKO DATUA

DESKRIBAPENA

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuak bakarrik:

Instalazioaren tratamendu-ahalmen berria edo zabaldua (t/urtean)

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuetan bakarrik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe.

Etxeko eta komunitateko konpostaje-proiektuak soilik:

Konpostajera bideratutako biohondakinen kopuruaren balioespena (t/urtean)

Etxeko eta komunitateko konpostaje-proiektuetan soilik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe. Informazio horrek balio du hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloko inbertsioekin lotutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburua egiaztatzeko.

Bilketa bereiziko proiektuak bakarrik:

Bereiz bildutako kopuruaren balioespena (t/urtean)

Bilketa bereiziko proiektuen kasuan soilik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe. Informazio horrek balio du hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloko inbertsioekin lotutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburua egiaztatzeko.

ii. Ahaldunak emandako ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena:

–Emandako dirulaguntzaren helburua eta xedea bete dela.

–Beste dirulaguntzarik jaso duten ala ez. Hala badagokio, laguntza eman duen organoa, emandako dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa eta jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko ditu.

Hasieran aurreikusitako mugarriak eta helburuak betetzen ez badira, ezin izanen da ordainketa partzialik eskatu.

–Saihestutako berotegi-efektuko gasen emisioari buruzko xehetasunak eta arlo horretako helburuak betetzen lagunduko luketen hondakin-tonei buruzkoenak.

–Gauzatutako ekintzek Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa betetzen dutela.

a) Erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina), ahaldun nahiko batek sinatua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen sei ingurumen-helburuei, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, esparru bat ezarri zen inbertsio jasangarriak errazteko eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu zen.

b) Interes-gatazkarik ezaren adierazpen sinatua, V. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

c) Konpromisoen adierazpen sinatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa (VI. eranskina).

Onuradunak ez badu informazio hori aurkezten, dirulaguntzaren eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta besterik gabe, artxibatu eginen da, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

Gainera, onuradunak aukera izanen du orain arte egindako gastuen zati bat ordain dakion eskatzeko. Horretarako, aurreko dokumentazioaz gain, finantzatutako jarduerak egin dituela egiaztatzen duten agiri hauek aurkeztu beharko ditu.

Justifikazioa justifikazioko kontuaren modalitatearen arabera eginen da, auditorearen txostena aurkeztuta, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 74. artikuluan ezarritakoarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua). Era berean, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunetara egokituko da. Agiri hauek izan beharko ditu:

I.1. Fakturak edo ziurtagiriak, behar bezala osatuak eta organo eskudunak onetsiak, egiaztatzen dutenak inbertsio diruz lagungarria behar den epean eta moduan egin dela. Fakturak proiektua gauzatzeko epearen barrenean egin beharko dira, eta beharrezkoa izanen da haien adostasuna eta organo eskudunaren onespena.

I.2. Egindako gastuak benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak; horretarako, udaleko kontu-hartzailetzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, edo antzeko organoarena, beste norbait bada egindako ordainketen onuraduna. Ziurtagiri horretan, honako hauek adieraziko dira: hartzekodunaren identifikazioa, gastuaren likidazio-data, faktura-zenbakia eta funts-irteeren zenbatekoa eta bankuko frogagiriak, hori guztia fakturekin batera.

I.3 Azpikontratazioaren kasuan, kontratu publikoen adjudikazioari buruzko xedapenak bete direla egiaztatzeko agiriak, bat etorriz azaroaren 8ko 9/2017 Legearekin (barnean sartuko dira baldintza-agiriak eta dagozkien aldizkarietan egindako argitalpenak, gastuari buruzko kontabilitate-agiriak eta kontratazio-mahaien txostenak adjudikazioari, behin betiko adjudikazioei eta beste eskaintza batzuen aurrekontuei dagokienez). Zuzenbidearen araberako edozein arrazoirengatik, nahitaezkoa ez bada dagokion adjudikazio prozedura egitea, inguruabar hori egiaztatzen duten egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta hautatutako eskaintza justifikatzen duen txosten tekniko arduraduna ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, erakunde onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 3 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

I.4. Ahaldunaren ziurtagiria, 3. oinarrian adierazitako langileen kostua zehazten duena, eta langile horiek altan daudela egiaztatzen duen Gizarte Segurantzaren agiria.

I.5. Argazki-erreportajea, egiaztatzen duena egindako publizitatea bat datorrela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen funtsek araututako publizitate-arauekin.

Hala ere, dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da egindako gastua justifikatzeko eta Berreskurapen Planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema egokia betetzeko, sistema hori elikatzeko beharrezkoa denaren berri emanez; horrez gain, Estatuko edo Europako araudiak finantzaketaren eta helburuen kudeaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako aurreikusten dituen aplikazio informatikoak edo datu-baseak ere eskatzen ahalko dira.

b) Azken justifikazioa: Erakunde onuradunek, jarduketa diruz lagungarriak amaitu eta 2 hilabetera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, aurkezteko azken eguna 2026ko maiatzaren 31 izanik:

1. Jarduketa-memoria, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak eta xedea betetzen direla justifikatzeko.

Orain arte egindako ekintza guztiak xehetasunez deskribatuko dira, eta egindako gastua, lortutako emaitzak (hasieran aurreikusitako mugarrien eta helburuen arabera) eta betetze-maila egiaztatzeko bitartekoak adieraziko dira. Gainera, honako datu hauen egungo bilakaera adieraziko da (eskaeran adierazitakoen arabera):

EMAN BEHARREKO DATUA

DESKRIBAPENA

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuak bakarrik:

Instalazioaren tratamendu-ahalmen berria edo zabaldua (t/urtean)

Instalazioak eraikitzeko edo handitzeko proiektuetan bakarrik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe.

Etxeko eta komunitateko konpostaje-proiektuak soilik:

Konpostajera bideratutako biohondakinen kopuruaren balioespena (t/urtean)

Etxeko eta komunitateko konpostaje-proiektuetan soilik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe. Informazio horrek balio du hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloko inbertsioekin lotutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburua egiaztatzeko.

Bilketa bereiziko proiektuak bakarrik:

Bereiz bildutako kopuruaren balioespena (t/urtean)

Bilketa bereiziko proiektuen kasuan soilik beteko da: Kantitatea tonatan adieraziko da, hamartarrik gabe. Informazio horrek balio du hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloko inbertsioekin lotutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburua egiaztatzeko.

2. Ahaldunak emandako ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena:

–Emandako dirulaguntzaren helburua eta xedea bete dela.

–Beste dirulaguntzarik jaso duten ala ez. Hala badagokio, laguntza eman duen organoa, emandako dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa eta jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko ditu.

–Saihestutako berotegi-efektuko gasen emisioari buruzko xehetasunak eta arlo horretako helburuak betetzen lagunduko luketen hondakin-tonei buruzkoenak.

–Gauzatutako ekintzek Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa betetzen dutela.

3. Erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina), ahaldun nahiko batek sinatua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen sei ingurumen-helburuei, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, esparru bat ezarri zen inbertsio jasangarriak errazteko eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu zen.

4. Interes-gatazkarik ezaren adierazpen sinatua, V. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

5. Konpromisoen adierazpen sinatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa (VI. eranskina).

6. Proiektuaren azken aurrekontua; bertan, bereizi eginen dira, kasua bada, justifikazio partzialean ordaindutako fakturak eta gainerakoak.

Justifikazioa justifikazioko kontuaren modalitatearen arabera eginen da, auditorearen txostena aurkeztuta, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 74. artikuluan ezarritakoarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua). Era berean, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunetara egokituko da. Agiri hauek izan beharko ditu:

6.1. Fakturak edo ziurtagiriak, behar bezala osatuak eta organo eskudunak onetsiak, egiaztatzen dutenak inbertsio diruz lagungarria behar den epean eta moduan egin dela. Fakturak proiektua gauzatzeko epearen barrenean egin beharko dira, eta beharrezkoa izanen da haien adostasuna eta organo eskudunaren onespena.

6.2. Egindako gastuak benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak; horretarako, udaleko kontu-hartzailetzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, edo antzeko organoarena, beste norbait bada egindako ordainketen onuraduna. Ziurtagiri horretan, honako hauek adieraziko dira: hartzekodunaren identifikazioa, gastuaren likidazio-data, faktura-zenbakia eta funts-irteeren zenbatekoa eta bankuko frogagiriak, hori guztia fakturekin batera.

6.3. Azpikontratazioaren kasuan, kontratu publikoen adjudikazioari buruzko xedapenak bete direla egiaztatzeko agiriak, bat etorriz azaroaren 8ko 9/2017 Legearekin (barnean sartuko dira baldintza-agiriak eta dagozkien aldizkarietan egindako argitalpenak, gastuari buruzko kontabilitate-agiriak eta kontratazio-mahaien txostenak adjudikazioari, behin betiko adjudikazioei eta beste eskaintza batzuen aurrekontuei dagokienez). Zuzenbidearen araberako edozein arrazoirengatik, nahitaezkoa ez bada dagokion adjudikazio prozedura egitea, inguruabar hori egiaztatzen duten egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta hautatutako eskaintza justifikatzen duen txosten tekniko arduraduna ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, erakunde onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 3 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

6.4. Ahaldunaren ziurtagiria, 3. oinarrian adierazitako langileen kostua zehazten duena, eta langile horiek altan daudela egiaztatzen duen Gizarte Segurantzaren agiria.

6.5. Argazki-erreportajea, egiaztatzen duena egindako publizitatea bat datorrela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen funtsek araututako publizitate-arauekin.

Hala ere, dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da egindako gastua justifikatzeko eta Berreskurapen Planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema egokia betetzeko, sistema hori elikatzeko beharrezkoa denaren berri emanez; horrez gain, Estatuko edo Europako araudiak finantzaketaren eta helburuen kudeaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako aurreikusten dituen aplikazio informatikoak edo datu-baseak ere eskatzen ahalko dira.

Bat etorriz abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 37. eta 67. artikuluetan aurreikusitakoarekin, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira baldin eta: dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez; edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada; edo saihestutako berotegi-efektuko gasen emisioari buruzko eta arlo horretako helburuak betetzen lagunduko luketen hondakin-tonei buruzko informazioa aurkezten ez bada; edo ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzen ez bada (DNSH ingelesez), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitako ingurumen-helburuei dagokienez; edo oinarri arautzaile hauetan ezarritako gainerako betebeharrak betetzen ez badira. Hala badagokio, jasotako zenbatekoengatik sortutako interesak ere itzuli beharko dira, bai eta dagokion berandutze-interesak ere, dirulaguntzak ordaintzen direnetik itzultzea erabakitzen den arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan jasotako kasuetan.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 12. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira. Horrekin batera, erakunde onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

14. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Nork bere gain hartzea diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez. Eta dokumentuak formatu elektronikoan gordetzea bost urteko epean, eragiketa egiten denetik zenbatzen hasita, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluarekin. Erregelamendu hori Europar Batasuneko aurrekontu orokorrari aplikatzekoak zaizkion finantza-arauei buruzkoa da, eta haren bidez aldatzen dira 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 1301/2013 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 1309/2013 (EB) Erregelamendua, 1316/2013 (EB) Erregelamendua, 223/2014 (EB) Erregelamendua eta 283/2014 (EB) Erregelamendua eta 541/2014/EB Erabakia, eta indarrik gabe uzten da 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.4 eta 5. artikuluekin, ondasun inbentariagarriak eskuratzen, eraikitzen, birgaitzen eta hobetzen badira, onuradunak ondasun horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko izanen duen epea ez da bost urtetik beherakoa izanen erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, ezta bi urtetik beherakoa ere gainerako ondasunen kasuan.

f) Zabalkunderako neurriak hartzea, dirulaguntzaren xedeko jarduketen finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko Zabalkunderako neurri horiek diruz lagundutako xedera egokitu behar dira, bai formari dagokionez, bai iraupenari dagokionez.

Publizitatea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan eta hura garatzeko arauetan eta eskuliburuetan ezarritakoaren arabera eginen da. Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa.

Horretarako, Europar Batasunaren ikurra erabiliko da eta finantzaketaren deklarazio egoki bat, «Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU» adierazten duena (https://ec.europa.eu/regional_policy/en/information/logos_downloadcenter/); era berean, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari erreferentzia egiten dion logotipoa gehituko da karteletan, material inprimatuetan, bitarteko elektronikoetan edo ikus-entzunezko baliabideetan, edo ikus-entzunezko komunikabideetan egiten diren aipamenetan.

F2204567_0.pdf

–Beharrezkoa denean, bertsio monokromatikoak, positibo BELTZA eta negatibo ZURIA erabiltzen ahal dira.

Kartel edo plakek jarduketaren izena eta helburu nagusia adieraziko dituzte. Horiek prestatzeko jarraikiko zaie Batzordeak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritako publizitate-neurriak garatzeko, hartutako ezaugarri teknikoei eta horiek garatzen dituzten arau eta gidaliburuei. Goian aipatutako erregelamenduaren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa.

g) Bermatzea errespetatuko dela ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa, bai eta klima arloko etiketatzea ere, honakoetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia. Aipatu erregelamenduaren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa.

Zehazki, aintzat hartuko da Batzordearen Komunikazioa, hau da, “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” aplikatzeari buruzko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=uriserv:OJ.C_.2021.058.01.0001.01.SPA), eta, horrekin batera, Espainiako berreskurapen eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesten duen Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren Proposamena (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:52021PC0322) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak prestatutako orientazio gida (https://www.miteco.gob.es/es/ministerio/recuperacion-transformacion-resiliencia/transicion-verde/guiadnshmitecov20_tcm30-528436.pdf).

2. Emandako laguntzak errebokatzen ahalko dira, baldin eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, funtsen xedeari eta justifikazioari dagokienez.

Dirulaguntza errebokatzen bada, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du, dauden inguruabarrak kontuan hartuta, jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak osorik edo zati batean itzuli behar diren edo, besterik gabe, ordaintzeke dauden ordainketak baliogabetu behar diren.

Nolanahi ere, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpideei jarraituko zaie, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 n) artikuluan aurreikusitakoarekin, eta lege horren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru-kopuru horiek askatzen badira, jarduketa-ildo bereko erakunde onuradunei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuen zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Erakunde onuradunak behartuta daude Kontuen Auzitegiak eta Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak eskatzen dieten informazio guztia ematera, hala ezartzen baita Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1c) eta 46. artikuluetan.

Bai dirulaguntzak emateko fasean, bai horiek ordaintzekoan edo ondoren, dirulaguntza ematen duen organoak, bai eta kontrolerako organo eskudunek ere, barnean direla 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan jasotakoak, egokitzat jotzen dituzten kontrol eta ikuskapen guztiak egiten ahalko dituzte, emandako laguntza behar bezala gauzatu dela ziurtatzeko. Horrela, bada, eskatzaileak behartuta daude laguntza ematera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentazio eta informazio ematera.

5. Erakunde eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hala ere, laguntza hauek ez dira bateragarriak Ekonomia Jasangarrirako Karbono Funtsaren (EJF-CO2) bidez sustatutako Klima Proiektuekin, ez eta Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuekin ere.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Bat etorriz Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.2 artikuluan xedatutakoarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Gainera, laguntza horien gaineko informazioaren eta kontrolaren ondorioetarako, informazioa lagako da Europako Funtsen Sistemekin dirulaguntza horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Dirulaguntza eskaera.

II. eranskina.–Kontzeptu finantzagarriak eta 1. ildoaren betebeharrak: Gaien bilketa bereizi berriak ezartzea, bereziki biohondakinak, eta daudenak hobetzea.

III. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen (DNSH) sei ingurumen-helburuei, bat etorriz 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin.

IV. eranskina.–Mugarriak eta helburuak.

V. eranskina.–Interes-gatazkarik ezaren adierazpena.

VI. eranskina.–Konpromisoen adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa.

Deskargatu I. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204567