74. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Udal Ordenantza, erantzukizunpeko adierazpenerako eta obra txikiak aldez aurretik komunikatzeko prozedurak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Zizur Zendeako Udalak, 2021eko azaroaren 10ean egindako osoko bilkuran, udal ordenantza baten hasierako onespena adostu zuen, erantzukizunpeko adierazpenerako eta obra txikiak aldez aurretik komunikatzeko prozedurak arautzen dituena.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 275. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, erantzukizunpeko adierazpenerako eta obra txikiak aldez aurretik komunikatzeko prozedurak arautzen dituen ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Zizurren, 2022ko otsailaren 28an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENERAKO ETA OBRA TXIKIAK ALDEZ AURRETIK KOMUNIKATZEKO PROZEDURAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Hirigintzaren arloan, ohikoa da obra handien eta obra txikien arteko bereizketa, eta, haien mugak zedarritu ditu jurisprudentziak, kontzeptu orokorrak erabiliz. Horrekin bat, obra txikitzat hartu izan dira teknikaren aldetik errazak direnak, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik funts gutxikoak direnak.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluak aipatzen ditu “erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar dituzten egintzak”, honako artikulu hauen arabera:

1. Honako jarduketa hauek geldituko dira erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidearen pean, haiek jasota gelditzearen, gauzatzearen eta geroko kontrolaren ondorioetarako:

a) Merkataritza-jardueran aritzeko lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

b) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, kasuan kasuko udal ordenantzetan ezartzen direnak.

c) Itxiturak eta hesiak.

d) Bide publikotik ikusten ahal diren publizitate-kartelak.

e) Obra txikiak.

f) Eraiki aurreko lanak; adibidez, zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

g) Eguzki-energia aprobetxatzeko autokontsumorako instalazioak, eraikin edo egituren nahiz aparkaleku-pergolen gainean, potentzia-mugarik gabe. Honako instalazio hauek ez dira araubide horretara lotuta egonen:

–Kultura-intereseko edo katalogaturiko ondasun gisa deklaraturiko eraikinetan eginak direnak; halakoetan, foru-lege honen 62.7.c) artikuluak jasotakoa izanen da aplikatzekoa.

–Eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenak.

–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar dutenak, aplikatzekoa den ingurumen-araubidearen arabera.

h) Eraikinen barruan dauden ibilgailu elektrikoetarako errekarga-puntuak, non eta ez duten eraginik kultur interesekotzat deklaratutako ondasunetan edo beste edozein babes-araubideren pean dauden ondasunetan.

2. Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki-entitateak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.

Hala, Zizur Zendeako Udalak uste du beharrezkoa dela ordenantza hau egitea eta onestea, “obra txikitzat” hartutakoak definitzeko, eta figura berri horietarako prozedurak eta geroko kontrola zehazteko.

Dagokion dokumentazioa aurkezteak adierazitako obra egiteko ahalmena emanen dio interesdunari.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (aurrerantzean, TRLFOTU) onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan jasotako obretan,udalak esku hartzeko prozedurei aplikatu beharreko araubide juridikoaren alderdi orokorrak arautzea. Orobat, indarreko legerian aipatutako prozedurei buruz egiten diren aldaketetan aplikatuko da.

Hala, kendu egiten dira ordenantza honen eremuan berariaz sartzen diren udal esparruko obra jakin batzuen lizentziak, eta bermatu egiten da adierazpena egiten duen pertsonak bere gain hartuko duela ardura baldintza teknikoak betetzeko: segurtasunekoak, higienekoak, ingurumenekoak, osasunekoak, eta zarata eta bibrazio mailari dagozkionak, bai eta, orobat, eraikuntzako eta hirigintzako arauak ere, eta adierazitako obra arautzen duten araudi berariazkoak, orokorrak eta sektorialak, ezarritako betebeharrak.

Ordenantza honen helburua da obra txikiak eta gainerakoak bereiztea, eta obra horiek egiteko izapideak erraztea, beharrezkoak ez diren administrazio-kargak eta -murrizketak ezabatuz.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren honako hauek:

a) Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, bere erantzukizunpean, adierazten baitu eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa, eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

b) Obra txikia: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua.

Ez dakarte bolumena, azalera eraikia edo erabilera inola ere aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ez eta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinaren edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak, eta abar), ez eta bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

c) Lizentzia: aldez aurreko kontroleko edozein administrazio-egintza, arautua eta deklarazio-izaera duena, dagokion toki-erakundeak jarduketak baimentzeko egiten duena, kasu bakoitzean indarrean dagoen ordenamenduarekin bat datorrela egiaztatu ondoren.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

1) Erantzukizunpeko adierazpena eta geroko kontrola egin beharko da TFLOLTBren 192. artikuluan jasotako obretan, edo horren ordez edo hura osatzeko une bakoitzean ematen direnak.

4. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honen aplikazio-eremutik kanpo daude honako obra hauek, eta aplikatzekoa den araudi sektorialaren menpe egonen dira:

a) Obrak ondare historiko-artistikoko eraikinetan, ondasunetan, multzoetan edo inguruneetan egiten badira, eta, hortaz, babes-araubide baten menpe badaude, hala ezarri baitute legeria orokor edo sektorialak, lurralde-antolamenduak edo hirigintza-plangintzak.

b) Obrak jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboan eta okupazioan, eta jabari publikoko ondasunak ukitzea edo horiek modu pribatiboan erabiltzea dakarten jarduerak.

c) Aurretik erabili ez den lokal batean jarduera bat ezartzea edo baimendutakoa ez den beste jarduera bat ezartzea dakarten obrak, bai eta sailkatutako jarduerak ezartzea edo jarduera horiek funtsean aldatzea dakarten obrak ere.

d) Obra-proiektu idatzi bat behar duten obrak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean ezarritakoari jarraikiz.

e) Obren gaineko eskumena eta aurretiazko kontrola Nafarroako Foru Komunitateari badagozkio.

f) Hirigintza-plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

g) Antolamenduz kanpo deklaratutako eraikinetako obrak.

h) Behin-behineko gisa kalifikatutako obrak edo hirigintzako bestelako edozein jarduketa, sektoreko legediak eta hirigintza-plangintzak baimenduta daudelako, eten beharrekoak, eta, edonola ere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak hala erabakitzen duenean.

i) Eraikinen egitura eramailea (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (salbu fatxada, estalki eta instalazioetan egiten diren obra txikiak).

j) Antzeko beste batzuk.

5. artikulua. Eredu normalizatuak.

Erantzukizunpeko adierazpenak Udalak ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztu beharko dira.

Eredu horiek Zizur Zendeako Udalaren web-orrian nahiz dagokien udal bulegoetan egonen dira herritarren eskura.

LEHEN TITULUA

Alderdi orokorrak erantzukizunpeko adierazpenaren bidezko prozeduretan

I. KAPITULUA

Aurretiazko kontsulta

6. artikulua. Aurkezpena eta dokumentazioa.

Interesdunek aurretiazko kontsulta egiteko eskaerak aurkezten ahalko dituzte, honako hauei buruz: jarduketaren bideragarritasun urbanistikoa, egin nahi diren egokitze- eta instalazio-obren gaineko tramiteak.

Aurretiazko kontsulta ez da izanen inola ere egokitasun teknikoaz eta hartu beharreko neurri zuzentzaileez; horrek ez du galaraziko hitzordua eskatu ahal izatea Udalaren zerbitzu teknikoekin, kontsulta tekniko zehatzak argitzeko.

Aurretiazko kontsulta horretarako, honako hauek aurkeztu behar dira:

a) Udalak normalizatutako inprimakia, hirigintza-kontsultetarako.

b) Deskribapen txikia, egin beharreko obren ezaugarri orokorrak deskribatzeko behar adina datu dituena, baita haien xedeko higiezinarenak ere.

7. artikulua. Erantzuna.

Kontsulta ebatziko da, eta interesdunari jakinaraziko zaio, idatziz eta/edo bide elektronikoen bitartez.

Erantzun hori ez da loteslea Administrazioarendako, eta ez du salbuesten dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztetik.

II. KAPITULUA

Arau komunak

8. artikulua. Arau komunak.

a) Erantzukizunpeko adierazpena, baita horrekin batera eransten den dokumentazioa ere, Zizur Zendeako Udaleko erregistroan aurkeztu beharko da.

b) Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ez du berez ekarriko aurretiaz onartzea egin beharreko obrak bat datozenik aplikatzekoa den araudiarekin, eta ez ditu mugatuko arlo horretan aplikatzekoa den araudi sektorialak Udalari ematen dizkion ahalmenen erabilera, egiaztatzeko, ikuskatzeko, zehatzeko eta, orokorrean, kontrolatzeko.

c) Erantzukizunpeko adierazpenak nahi duen eta eskabidean adierazitako obra txikia egiteko ahalmena emanen dio interesdunari, horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa erantsi badu, betiere behar diren egiaztapen-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak ukatu gabe.

d) Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, edo jarduketak gauzatzen edo aurrera eramaten badira kautelazko edo behin betiko etetea deklaratu arren, baimen edo lizentziarik gabeko jarduketatzat hartuko dira ondorio guztietarako eta, legezkotasuna babestean eta zehapenak ezartzean, lizentziarik gabeko obren araubide bera aplikatuko zaie, kasu bakoitzean egoki dena.

e) Erantzukizunpeko adierazpenaren datuak edo han adierazitakoak ez-zehatzak badira, faltsuak badira, edo omisioren bat badute, funtsezko eraren batean, edo adierazpena ez bada aurkezten Udalean, horrek berarekin ekarriko du obra hasi, aurrera eraman edo gauzatu ezina, gorabehera horien berri jakiten den unetik hasita; horrez gain, erantzukizun penal, zibil eta administratiboak ere egon litezke.

Udalak ebazpena emanen du, inguruabar horiek eman direla adieraziz, eta zehazten ahalko du egoera juridikoa obra hasi,garatu edo gauzatu aurreko unera itzultzeko betebeharra duela interesdunak.

f) Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen badute erantzukizunpeko adierazpenaren bidez hasitako espediente bat tramitatu beharko litzatekeela lizentzia behar duen prozedurari jarraikiz, edo aurretiko baimena behar duela, aipatutako espedientea prozedura egokira bideratuko da, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, interesdunak eskaera berriz egin behar izan gabe. Ebazpen horretan deklaratuko da ezin dela onartu erantzukizunpeko adierazpen hori, eta ohartaraziko da ezin dela obra gauzatzen hasi, behar den arauzko lizentzia eskuratu ezean.

g) Inola ere ez da erantzukizunpeko adierazpenaren bidez eskuratutzat joko ahalmenik, legedi edo hirigintza-plangintzaren kontra doanik, eta erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintza-plangintzaren kontrako erantzukizunpeko adierazpenak, eraginkor izateko funtsezko beharkizunak betetzen ez dituztenean.

h) Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiten den obraren ardura dutenak berariaz beharturik daude frogagiriak gordetzera obrari dagokion ondasun higiezinerako adierazitako elementu eta beharkizunen inguruan, eta, behar denean, halakoak Udalaren esku jartzera, baldin eta egiaztapen eta/edo ikuskapen jarduketetarako eskatzen badira.

i) Agintaritzaren agentetzat hartuko dira erantzukizunpeko adierazpenaren bidez tramitatu behar diren jarduerak ikuskatzeko ofizialki izendatutako langileak, berezko dituzten eginkizunak betetzeko, ikuskapenen inguruan hirigintzako eta/edo ingurumeneko legedian ezarri den bezala.

j) Zizur Zendeako Udalean aurkezteko unean indarrean dagoen ordenantza fiskalaren arabera egonen dira arauturik erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak dakartzan tributuak.

k) Hilabetean behin, Alkatetzari edo lizentziak emateko eskumena duen toki-erakundearen ordezkariari ezagutaraziko zaizkio izapidetu diren erantzukizunpeko adierazpenak.

BIGARREN TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak

11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak.

Indarrean dagoen hirigintza-araudiak ezarriko du zer obrak behar duten erantzukizunpeko adierazpena. Gainerako obrek lizentzia beharko dute, eta TRLFOTUren 190. artikuluan jasota geratuko dira.

Gaur egun, lege-agindu horren 192. artikuluan daude zehaztuta erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

1) Munta edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak:

b) Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun-baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak, edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, hala nola:

–Igeltserotza-lanak eta trenkadetakoak.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Instalazioak edo azpiegiturak ezartzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

b) Obrak, edozein erabileratako lokaletan:

–Fatxadak eraberritzea.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea.

–Garrantzi txikiko obrak edo obra txikiak.

c) Obrak, fatxadetan eta estalkietan:

–Balkoiak ixtea, jabeen erkidegoak eraikin osoak jarraitu beharreko eredua onetsi ondotik, eta betiere eraikin horretarako hirigintza aldetik egiten ahal bada.

–Galdarak kanpoan (etxebizitzen balkoietan) eta/edo gas-hodiak fatxadetan jartzea, betiere fatxadaren diseinu bateratua mantenduta.

–Eguzki-oihalak jartzea goiko solairuetan eta lokaletan.

–Baoak irekitzea lokalen beheko solairuan, baldin eta fatxadaren konfigurazio orokorra eraldatzen ez badute.

–Kanpoko arotzeria ordeztea.

–Fatxadak margotzea, paramentuak konpontzea, eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordezkatzea.

–Fatxadak eta estalkiak konpontzea, bai jarduketa puntualetan bai fatxaden zaharberritze integraletan eta estalkien teilaberritzeetan. Jarduketak diseinu bateratua eman beharko dio eraikinaren estalki edo fatxada osoari.

–Erretenak eta zorrotenak garbitzea eta ordeztea.

d) Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

–Konponketak, ordezkapen partzialak edo erabateko eraberritzeak.

–Instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.

e) Etxebizitzak eta/edo lokalak eraberritzeko proiektu bat idatzi aurretik garrantzi txikiko eraispen puntualak egitea, baita solairu bateko eraikinak eraistea ere, 50 m2-tik beherako 4 m-ko azalera dutenak (egungo egoeraren argazkiak aurkeztea eskatzen da).

f) Eraberritze txikiak kanpoaldeko urbanizazioetan eta jabetza pribatuko lorategi-eremuetan. Halaber, lurretik irteten ez diren aire zabaleko igerileku aurrefabrikatuak egitea ere sartzen da.

g) Etxebizitzen eraikinetako atariak berritzeko obrak, soilik estaldurei edo dekorazioari eragiten badiete, eta konponketak, araudiko baldintzak nabarmen aldatzen ez badituzte.

h) Artikulu honetan aipatutakoen antzeko ezaugarriak dituzten obra txikiak edo garrantzi txikikoak. Halakoak dira, adibidez, lehendik dauden eraikinei atxikitako eraikuntzak, alboetan irekitako arkupe estaliak, eta eraikin osagarri isolatuak; guztiak ere solairu bakarrekoak, eta gehienez 25 m2-ko azalerakoak.

2) Itxiturak eta hesiak.

3) Eremu publikotik ikusten diren publizitate-kartelak eta errotuluak:

4) Eraiki aurreko lanak; adibidez, zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

5) Eguzki-energia aprobetxatzeko autokontsumorako instalazioak, eraikin edo egituren gainean, potentzia-mugarik gabe.

12. artikulua. Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak obra hasi aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienez aurkeztu beharrekoa da. Zizur Zendeako Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

II. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta eraginkortasuna

15. artikulua. Obraren hasiera.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak interesdunari ahalmena ematen dio eskatutako obrak egiteko, aurkezpenaren egunetik beretik edo hasierarako adierazitako egunetik hasita, baldin eta Udalaren esku uzten badu legez eskatutako dokumentazio osoa, tramitaziorako, Udal Administrazioari esleitutako egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

16. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna.

Interesdunak erregistroan eskabidea aurkezten duenean, ezagutzera emanen du zer egunetan aurreikusten duen obra hastea eta bukatzea, hura egiaztatzeko eta ikuskatzeko aukera izan dezan Udalak.

Nolanahi ere, obrak sei hilabeteko epean hasi beharko dira, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik, eta hasten direnetik hamabi hilabeteko epean bukatu beharko dira. Pertsona interesdunak obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea eska dezake, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Epe horiek iragan, eta obrak ez badira ez hasi ez gauzatu, Udalak, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, erantzukizunpeko adierazpena eten eginen du, eta eraginkortasuna galduko du hark. Hortaz, obrak hasteko edo haiek jarraitzeko beharrezkoa izanen da beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea.

Obrak amaitu ondoren, eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epean, obrak amaitzen direnetik edo obrak behin-behinean jasotzen direnetik zenbatzen hasita, interesdunak hori jakinarazi beharko dio Udalari, obren kostu erreal eta efektiboaren aitorpenarekin batera. Azken horrekin batera, obren zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, halakorik badago, bai eta fakturak edo kostu erreal eta efektiboa justifikatzen duen beste edozein agiri ere.

III. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena egiaztatzeko prozedura

17. artikulua. Ohar orokorrak.

Egiaztatze-jarduketak dagozkien arau sektorialen arabera eginen dira. Halakorik ez bada, titulu honetako aginduak aplikatuko dira.

Udal zerbitzu eskudunek noiznahi eginen dituzte beharrezkotzat jotzen diren egiaztapenak eta/edo ikuskapenak ordenantzaren xede diren obrei dagokienez, indarrean dagoen legediak emandako eskumenak erabiliz; nolanahi ere, aplikatzekoa den araudian oinarritutako edozein alderdi betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko eska daiteke.

Egiaztapen-prozedura, oro har, honako jarduketa hauen arabera eginen da:

b) Egiaztapen-aldia:

Adierazitako obra erantzukizunpeko adierazpena behar duten kasuen artean dagoela egiaztatzea, eta obra egiteko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

Hurrengo artikuluko a) eta b) idatz-zatietan azaldutako egiaztapen-fasea aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen guztietara zabalduko da. Bi egiaztapen horiek ez dute egoera epaitzen, eta ez dute esan nahi establezimenduak aplikatzekoa den araudiko baldintzak betetzen dituela.

b) Ikuskapen-aldia:

In situ egiaztatzea betetzen dela erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa edo baldintzak frogatzeko agirietan adierazitakoa.

Ikuskapen-prozedura ofizioz hasiko da, bai norberaren ekimenez bai beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz, edo hirugarrenen salaketen ondorioz.

18. artikulua. Egiaztapen-aldia.

Egiaztapen-aldiak hiru azpifase ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpenaren xedea erantzukizunpeko adierazpenaren eraginpean jarritako kasuen artean sartzen dela egiaztatuko da.

Erabakitzen bada adierazitako jarduera edo obra ez dagoela erantzukizunpeko adierazpenaren eraginpean jarritako kasuen artean, eta lizentzia edo aurretiazko baimena behar dela, ordenantza honetako arau amankomunetan ezarritakoari jarraituko zaio.

b) Agirien egiaztapena: ordenantza honek eskatutako agiri guztiak aurkeztu direla egiaztatuko da.

Agiri guztiak aurkeztu ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean adierazpena zuzendu dezala, eta erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eten eginen da harik eta eskatutako zuzenketa egin arte. Adierazpena ez bada epe horretan zuzentzen, inguruabar hori adieraziko da, Alkatetzaren ebazpenaren bidez; erantzukizunpeko adierazpena eraginkorra ez dela deklaratuko da eta, hala badagokio, obra bertan behera utzi edo gelditu dela adieraziko da.

c) Aplikatzekoa den hirigintzako araudi teknikoa eta gainerako legeria sektoriala betetzen direla egiaztatzea.

Gabeziak edo ez-betetzeak ikusten badira, Udalaren zerbitzu teknikoek gabezia edo ez-betetze horiek honela sailkatuko dituzte: zuzentzeko modukoak direnak, eta zuzendu ezin direnak.

c.1) Zuzentzeko modukoak badira, egoera hori adieraziko da, Alkatetzaren ebazpenaren bidez; epe bat emanen da akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio zuzendu ezean ebazpena ematen ahalko dela, erantzukizunpeko adierazpena eraginkorra ez dela dekretatuz.

Epe horiek amaituta, eta aurkeztutako alegazioak eta egindako jarduketak ikusita, dagokion ebazpena emanen da.

c.2) Zuzendu ezin badira: ebazpen arrazoitua emanen da, erantzukizunpeko adierazpena eraginkorra ez dela ezarriz eta obra berehala geldi dadila aginduz. Ebazpen horrek, hala badagokio, egoera juridikoa hasi aurreko unera itzultzeko betebeharra ezarriko du.

Prozedura arintze aldera, zuzendu daitezkeen akatsak edo betekizunak interesdunari jakinarazten ahalko zaizkio ikuskapena egiteko unean.

19. artikulua. Ikuskapen-aldia.

Erantzukizunpeko adierazpena eta haren dokumentazioa araudiarekin bat datozenean, teknikariek eta/edo udaltzainek in situ egiaztatzen ahalko dute obra.

Ikuskapen-jarduketen akta eginen da. Akta hori, nolanahi ere, dokumentu publikotzat hartuko da, eta zehapen-prozeduretan dagokion froga-balioa izanen du, administratuek dagozkien eskubideak edo interesak defendatzeko aurkez ditzaketen frogei kalterik egin gabe.

Lehen xedapen gehigarria

Ordenantza honen eranskina Alkatetzaren ebazpen bidez aldatzen ahalko da, baldin eta aldaketa horiek administrazio-kargak murrizten badituzte edota prozesua sinplifikatzen eta arintzen laguntzen badute eta aplikatzekoak diren sektore-arauetan xedatutakora egokitzen badira. Horrenbestez, Alkatetzari ahalmena ematen zaio honetarako:

b) Ordenantza honen eranskina zabaltzeko eta murrizteko, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko.

b) Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

Xedapen iragankor bakarra

Ordenantza hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak, baldin eta aurreko araudiaren arabera beharrezkoak diren lizentziak lortzeko badira, prozedura horiek hasi ziren unean indarrean zegoen araudia aplikatuz izapidetu eta ebatziko dira. Nolanahi ere, interesdunak, ebazpenaren aurretik, eskaeran atzera egin dezake, eta, hala, aukera dezake araudi berria aplikatzea erabaki dezake bidezko den guztian, eta tramitazioan aurrera egitea ordenantza honetan araututako prozedura edo araubideen bidez, betiere berariaz aurreko espedientearen izapidetzeari uko egiten badio, Zizur Zendeako Udalari jakinarazten badio eta ordenantza honetan eskatzen den dokumentazio berria aurkezten badu.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indargabetuta geratzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko udal-xedapen guztiak.

ERANSKINA

Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

Oro har, kasu guztietan, honako hauek aurkeztu beharko dira:

b) “Obretarako erantzukizunpeko adierazpena”, Udalak normalizatutako ereduan (II. eranskina), behar bezala betea. Eskabide hartan adierazi beharko da, espresuki, indarreko araudiak eskatutako beharkizun guztiak betetzen direla, baita horren frogagiriak izatearen beharkizuna ere. Frogagiri horiek erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharko dira.

b) Zergen autolikidazioa, behar bezala beteta eta ordaindu izanaren frogagiriarekin.

c) Erantzukizunpeko adierazpena aurkezten den obren deskripzio-memoria.

d) Aurrekontu xehatua partidaka, materialak eta eskulana barne.

e) Obrek behar dituzten baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

f) Obrak zuzentzeko teknikari eskudunaren kontratazioaren egiaztagiria, obrek egitura-elementu txikiei puntualki eragiten dieten kasuetan edo hala eskatzen duten obren kasuan, egin beharreko obra motaren araberako dokumentazio espezifikoaren arabera.

Dokumentazio espezifikoa, egin beharreko obra motaren arabera:

1) Eraikinetako obra txikiak.

A mota.–Etxebizitzetako obrak:

A.1. Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun-baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak, edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, hala nola:

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.

A.2. Etxebizitzen barneko obrak (igeltserotza eta trenkadak):

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin eta obrek trenkadak eraistea badakarte, edo banaketa-aldaketak egitea badakarte.

–Bizigarritasun baldintzak aldatzen badira, Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Zerbitzuaren aldeko txostena aurkeztu beharko da.

B mota.–Lokaletako obrak:

B.1. Fatxadak eraberritzeko obrak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.

B.2. Barneko estaldura eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

B.3. Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

B.4. Lokalen barneko obrak (igeltserotza eta trenkadak):

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin eta obrek trenkadak eraistea badakarte, edo banaketa-aldaketak egitea badakarte, aldaketak eraginez Eraikuntzaren Kode Teknikoaren eta aplikatzekoa den bestelako araudi teknikoaren baldintzen betetzean.

C mota.–Fatxadetako eta estalkietako obrak:

C.1. Fatxadetako eta estalkietako obra puntualak, dauden materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira, esaterako:

–Estalkiak konpontzea.

–Zorrotenak garbitzea eta ordeztea.

–Fatxadak margotzea, paramentuak konpontzea, eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordeztea.

–Kanpoko arotzeria ordeztea.

–Fatxadetako eta estalkietako jarduketetan, obren xede diren elementuen argazkiak aurkeztu beharko dira.

–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, obrek egiturazko elementu txiki jakin batzuk ukitzen badituzte (teilatu-hegalak, balkoietako lauzak, estalkietako petralak edo antzekoak).

–Kanpoko zura ordezten bada, etxebizitza kolektiboko eraikinetan:

• Jabeen erkidegoaren erabakia, kanpoko zuraren modeloa onesten duena, edo higiezin bererako aurretik aurkeztu izanaren komunikazioa.

• Jabeen erkidegoaren baimenaren eredua, kanpoko zura aldatzeko.

C.2. Balkoiak ixtea eta/edo eguzki-oihalak, etxebizitza kolektiboko eraikinetan:

–Jabeen erkidegoaren erabakia, balkoiaren itxituraren modeloa eta/edo eguzki-oihalaren modeloa onesten duena, edo aurretik aurkeztu izanaren komunikazioa.

–Jabeen erkidegoaren baimena, balkoia itxi eta/edo eguzki-oihala jartzeko.

C.3. Galdarak kanpoan (etxebizitzetako balkoietan) eta/edo gas-hodiak fatxadetan jartzea, etxebizitza kolektiboko eraikinetan:

–Jabeen erkidegoaren erabakia, ke-irteeraren modeloa onesten duena eta/edo galdarak kanpoan jartzekoa, edo aurretik aurkeztu izanaren komunikazioa.

–Jabeen erkidegoaren baimena galdara kanpoan jarri/aldatu eta/edo ke-hodiak fatxadara ateratzeko.

C.4. Eraikin eta lokaletan eguzki-oihalak jartzea:

–Haien diseinua zehazteko dokumentazioa (planoak, argazkiak...).

–Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, non kokatuko diren zehazteko.

C.5. Fatxada-baoak zabaltzea beheko solairuan:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Baoa ireki behar den fatxadaren argazkia.

C.6. Obrak fatxadetan eta estalkietan, oro har:

–Egungo egoeraren planoak eta eraberritu ondokoak, baldin eta ukitzen badira diseinua, elementuen distribuzioa eta abar.

–Justifikazio grafikoa eta/edo idatzia, obrek fatxadaren edo estalkiaren diseinuari eutsiko diotela erakusteko.

–Fatxadaren argazkia.

D mota.–Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

D.1. Egungo instalazioen trazaduran aldaketak dakartzaten obrak edo instalazio berriak ezartzekoak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

D.2. Fatxada ukitzen duten obrak:

–Fatxada horien argazkiak eta proposatutako obraren krokisa.

–Azterlan teknikoa, aplikatzekoak zaizkion araudia eta udal ordenantzak betetzen direla frogatzeko.

D.3. Gas-instalazioak:

–Azterlan teknikoa, enpresa hornitzaileak zigilatua, instalazioa deskribatzeko, eta frogatzeko betetzen direla aplikatzekoak zaizkion araudia eta udal ordenantzak.

E mota.–Eraispen puntual txikiak, proiektua idatzi aurrekoak, egiturazko elementuak ukitzen ez dituztenak:

–Teknikari eskudunak proiekturako prestatutako txostena, eraispena egiteko beharra arrazoitzeko.

F mota.–Etxebizitzen eraikinetako atariak berritzeko obrak (dekorazioa, estaldurak...,), baldin eta araudiko baldintzak nabarmen aldatzen ez badituzte:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Egungo egoeraren argazkiak.

–Memoria teknikoa, jarduketak araudiaren alderdiren bat ukitzen badu.

G mota.–Antzeko beste batzuk, “Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak” atalean adieraziak:

–Antzekotasun handieneko obretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2) Itxiturak eta hesiak.

–Lurzatiaren planoa.

–Itxituraren edo hesiaren modeloari buruzko dokumentazio teknikoa, adieraziz ezaugarriak, altuera, materialak, etab.

3) Eremu publikotik ikusten diren publizitate-kartelak eta errotuluak:

–Kartela edo errotulua instalatuko den lurzatiaren planoa, berariaz adieraziz kartela edo errotulua non kokatuko den.

–Kartelaren edo errotuluaren ezaugarriak, adieraziz neurriak, materialak, espaloiaren edo lurraren sestratik zer altueratan dagoen, fatxadarekiko hegalkina (kasua bada), etab.

–Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, non kokatuko diren zehazteko.

–Zehaztu behar da ea kartel finkoa edo behin-behinekoa den, eta, bigarren kasuan, zenbat denboraz egonen den jarririk.

4) Eraiki aurreko lanak; adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

–Teknikari eskudunak idatzitako txostena, non justifikatzen den zundaketak, prospekzioak, laginak eta/edo saiakuntzak egin beharra.

5) Eguzki-energia aprobetxatzeko autokontsumorako instalazioak, eraikin edo egituren gainean, potentzia-mugarik gabe.

–Teknikari eskudunak edo enpresa instalatzaileak idatzitako memoria, nahi den instalazioa behar bezala deskribatzen duena.

Iragarkiaren kodea: L2204521