74. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

27/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietako sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) autolikidaziorako S90 eredua onesten duena eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituena.

Sozietateen gaineko zergaren zergadunak, Sozietateen gaineko zerga arautzen duen abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 75. eta 76. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren tributu-zorra zehaztu eta ordaintzera, eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, zerga arloan eskuduna den departamentuak finkatutako tokian eta moduan.

Uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen du Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan, eta gaien artean, besteak beste, jorratzen du teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzea eta hobetzea, tributuen aplikaziorako, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan. Helburuak dira, batetik, zergapekoei erraztea zerga-betebeharrak (bai materialak, bai formalak) betetzea; bestetik, haien eskubideak eta bermeak errespetatzea, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzea.

Beraz, Nafarroako Foru Ogasunak aitorpenen aurkezpen elektronikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabiltzeko aukera izatea Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide elektronikoa izan dadila sistema bakarra S90 eredua aurkezteko.

Foru agindu honetan Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten dira Nafarroako Foru Ogasunak prestatu duen laguntza-programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek izan beharreko erregistro-diseinuak. Aipatutako erregistro-diseinuak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian zehazten dira, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei batera ordaintzen dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) zergadunei dagokienez, fitxategi bat bide elektronikotik igorriz aurkeztu beharko dituzte beren aitorpenak. Zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek eredu bakoitzarentzat zehazturiko erregistro-diseinuetara egokituko da fitxategi hori.

21/2020 Foru Legeak, abenduaren 29koak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzekoak, aldaketa batzuk sartu zituen zergari buruzko foru legean, eta S90 eredua aldaketa horiei egokitu behar zaie.

Egindako aldaketen artean daude, batetik, bi muga sartzea entitate egoiliarren eta ez-egoiliarren funts berekietan balore adierazgarriak eskualdatzetik eratorritako dibidenduen eta errenten salbuespenari dagokionez. Eta bestetik, jada salbuespena aplikatzekoa ez izatea partaidetza-portzentajea 100eko 5ekoa baino txikiagoa denean; hau da, partaidetzaren balioa 20 milioi eurotik gorakoa izanik ere, gutxienez 100eko 5eko partaidetza izatea eskatuko da. Bestalde, partaidetza esanguratsuak eskualdatzean lortutako errenta positibotik eta dibidenduetatik salbuetsitako zenbatekoa 100eko 5 murriztuko da aipatutako partaidetzen kudeaketa-gastuen kontzeptuan. Murriztapen hori ez da aplikatuko, aldi baterako eta dibidenduei dagokienez soilik, entitate jasotzailea ondare-erakundetzat hartzen ez denean, 40 milioi eurotik beherako negozio-zifra duenean eta dibidenduak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako eta hartzaileak 100eko 100eko partaidetza duen entitate batetik datozenean.

Muga horiek nazioarteko zergapetze bikoitzagatiko kenkariari ere eragiten diote; beraz, hura aplikatu ahal izateko, partaidetzak 100eko 5ekoa izan behar du gutxienez, eta Espainian ordaindu beharko litzatekeen kuotaren zenbatekoa zehazteko, 100eko 5 murriztu behar da dibidenduen zenbatekoa, kudeaketa-gastuen kontzeptuan.

Kenkarien eremuan, ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko serieetan egindako inbertsioengatiko kenkariari segurtasun juridiko handiagoa emate aldera, ezartzen da kenkariaren oinarria Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez zehaztuko dela, kontuan hartuta ekoiztetxeak egindako inbertsioa eta Nafarroan egindako gastuen zenbatekoa. Zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak onetsi zuen maiatzaren 7ko 69/2021 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitziren aipatutako kenkaria aplikatzeko baldintzak eta betekizunak, zehazten dira zein diren ekoiztetxearen inbertsioko gastuak eta zein irizpideren arabera ulertzen den gastu horiek Nafarroan egin direla, eta, orobat, aurretiko balorazio-prozedurak zehaztu ziren, kenkaria aplikatzeko baldintzenak eta izandako kostuak gero justifikatzekoak, kenkariaren oinarria zehaztearen ondorioetarako.

Azkenik, pizgarri gehigarri txiki bat ezartzen da (ehuneko 5 puntu gehiago kenkari-oinarriaren aurreneko milioiaren gainean) ekoizpen jakin batzuetarako: jatorrizko bertsio bakarra euskaraz duten lanak, emakumezko zuzendariek bakarrik egindako lanak, dokumentalak, animazio-ekoizpenak eta zuzendari berrien ekoizpenak.

Bestalde, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita gelditu dira 1.000.000 euro baino gutxiagoko negozio-zifraren zenbateko garbia duten subjektu pasiboak. Hartara, aipatutako zerga horrengatik ordaindutako kuoten kenkaria ezabatu da eta, horrenbestez, kenkari hori adierazteko laukiak ezabatu dira.

Luzatu egin da, 2021ean egindako gastu eta inbertsioetarako, enpresen eraldaketa digitalerako 100eko 30eko kenkaria, zeina ekainaren 17ko 6/2020 Foru Lege-dekretuak arautu baitzuen. Foru lege-dekretu horrek koronabirusaren (COVID-19a) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen.

Azkenik, partzialki salbuetsita dauden entitateei aplikatu beharreko araubide bereziaren erregulazioa osatzen da, argitzeko entitate hauek egiten dituzten inbertsioek kuotaren kenkaria izateko eskubidea emanen dutela bakarrik zergapeko eta salbuetsi gabeko jarduerekin lotuta badaude.

Halaber, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 29ko 19/2021 Foru Legeak sartutako aldaketei egokitzen zaie. Eta horien artean eta asimetria hibridoei dagokienez, Kontseiluak 2017ko maiatzaren 29an emandako 2017/952 Zuzentarauaren transposizioa burutzen da, zuzentarauaren arabera asimetria hibridoei buruzko arauak aplikatu behar ez diren kasuak jasotzeko, hau da, haien arrazoia denean onuraduna zerga ordaintzetik salbuetsita egotea, edo balorazio diferentziak gertatzea, edo tributu-araubide berezi bati loturik dagoen tresna edo kontratu finantzario batean oinarritutako eragiketa edo transakzio bat egotea. Transposizio horri hasiera eman zitzaion otsailaren 24ko 2/2021 Foru Lege-dekretuaren onespenarekin, zeinak 23 bis artikulua erantsi baitzuen zergari buruzko foru legean Artikulu horretan arautzen dira honako asimetria hauek neutralizatzeko manuak: finantza-tresna hibridoen asimetriak, entitate hibridoenak, establezimendu iraunkor hibridoenak, inportatutako asimetriak eta transferentzia hibridoen asimetriak. Asimetria horiek neutralizatzeko, ukatzen da kalifikazio edo esleipen desberdintasunengatiko gastu kengarria izatea sozietateen gaineko zergan, ez denean zergarik ordaintzen diru-sarrera korrelatiboarengatik, edo gastu hori kengarria denean beste entitate batean. Edo, bestela, zerga oinarrian sartzen ahal da lehenengo araua aplikatu ez den beste herrialde edo lurralde batean zerga aldetik kengarria izan den gastu bati dagokion sarrera.

Artikulu horretan arautzen da, orobat, establezimendu iraunkor ez-konputatuaren kasua eta egoitza fiskalarekin lotutako asimetria. Aipatu arauez gain, txertatzen dira 2016/1164 (EB) Zuzentarauaren eremu subjektiboaren eta materialaren transposizioa egiteko beharrezkoak diren definizioak.

Ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkariaren kasuan, argitzen da zein den kenkaria sortzeko aldia proiektuaren kalifikazio txostenean sartutako gastuei dagokienez, gastu horiek eginak daudenean txosten hori eskatu aurreko bi zergaldietan. Kasu horretan ulertuko da kenkaria sortu dela I+G+b proiektuaren kalifikaziorako eskaera aurkeztu den zergaldian.

Bestalde, kenkaria modu egokian aplikatu dela egiaztatzeko lanak hobetzearren, kenkaria sortzeko baldintza izanen da I+G+b gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa aurkeztea aitorpena aurkezteko epean, 75. artikuluan ezarritakoan; epe horretan aurkeztu ezean galdu eginen da kenkaria aplikatzeko eskubidea.

Halaber, abenduaren 29ko 19/2021 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legean egiten duen aldaketari esker (Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen 100eko 0,7 arautzen da foru lege horretan), sozietateen gaineko zerga ordaintzen duten zergadunek kuota osoaren 100eko 0,7 gizarte-intereseko xedeetara bidera dezakete. Aukera hori gauzatzeko lauki berri bat gaitu da.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. S90 eredua onestea.

Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S90 eredua onesten da, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietarako.

2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

Behartuta daude aitorpena S90 ereduari jarraituz egitera honako hauek: sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen 26/2016 Foru Legearen 10. artikuluan aipatzen direnak, baldin Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, baldin aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaindu behar dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten zergadunek dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 4.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.

3. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta modua, ordainketa eta itzulketa.

1. Zergadunek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arteko epean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen dutenean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, zergadunek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Zergadun guztiek baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dute nahitaez S90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Zergadunak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan ordaintzera. Diru-sarrera egiteko “712 ordainketa-gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Foru Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua. Autolikidazioen aurkezpen elektronikorako baldintza orokorrak.

1. S90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat, ziurtagiri elektroniko onartu bat erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

c) Bat etorriz Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu-zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat eduki behar du, eta ziurtagiri elektroniko bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza-programa hori Nafarroako Foru Ogasunak S90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da (https://www.navarra.es/eu/ogasuna).

e) Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean.

2. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaintzen dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten zergadunei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, zergadunek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro-diseinuetara egokitutako fitxategi informatiko batean.

b) Aipatu fitxategi informatikoa bide elektronikotik igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko prozedura.

a) S90 ereduari dagozkion aitorpenak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza-programarekin, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1.–Aitorpena bete laguntza-programa erabiliz.

2.–Betetako aitorpena baliozkotu.

3.–Baliozkotutako aitorpena Internet bidez igorri. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta zergaldi berekoak baldin badira.

4.–Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1.–Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2.–Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3.–Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4.–Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

6. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera agiriak aurkeztu behar dituzten zergadunek, aitorpena egiteko epearen barnean beteko dute agiriak eransteko betebehar hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Zergadunek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

Ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkaria, Zergari buruzko Foru Legearen 61.7 artikuluan aipatutakoa, justifikatzeko agiriak aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean eskuragarri jarriko den formularioa erabiliko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2022ko apirilaren 30ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko martxoaren 16an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2203958