71. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Ordenantza, animaliak babestea arautzen duena. Behin betiko onespena

Barasoaingo Udalak, 2021eko ekainaren 19an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Animaliak babestea arautzen duen ordenantza.

Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarki hau 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27an, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez zitzaten; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Barasoainen, 2022ko martxoaren 14an.–Alkate udalburua, Rita Roldán Murillo.

BARASOAINGO UDALAREN ORDENANTZA, ANIMALIAK BABESTEKOA

SARRERA

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea indarrean sartu zenez geroztik (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), Nafarroako udalek eguneratu behar izan dituzte animaliak babesteko ordenantzak, lege berri horretara egokitzeko, eta erantzuna emateko gure gizartean animalien ongizatearen inguruan gero eta zabalduagoa den sentiberatasunari eta kontzientziazioari.

Ordenantza honen artikuluetan arautuko dira, besteak beste, animaliak izateko baldintza orokorrak, osasun eta segurtasun baldintzak, animaliekin lotutako jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuetakoak, eta halaber, etxeko animalien eta pertsonen arteko interrelazioak eta udal-mugarteko kaleko animalia kolonien eta pertsonen arteko interrelazioak.

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoak, honako eskumen hauek jartzen ditu udalen eskuetan:

Udalen betebeharrak:

a) Abandonatutako edo galdutako animaliak biltzea, ostatu ematea eta mantentzea, eta katu-koloniak kudeatzea.

b) Baldintzak ezartzea lagun egiteko animaliak edukitzeko etxe partikularretan, bizilagunen erkidegoetan eta bide publikoetan.

c) Kontrolatzea eta zaintzea beren udalerrian erroldatutako lagun egiteko animaliak, egiaztatzearren zuzen identifikatuta eta erregistratuta daudela.

d) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, baldin eta haiengan tratu txarren aztarnak detektatzen badira, eraso fisiko baten edo desnutrizioaren sintomak agertzen badituzte edo instalazio desegokietan badaude.

e) Lagun egiteko animalien zentroak zaintzea eta ikuskatzea.

f) Sustatzea animalien babesari buruzko prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak.

Betebehar horiek arautuko dira ordenantza hauetan, alde batera utzi gabe honako eskema honetan antolatu diren hainbat alderdi:

–Atariko tituluak ezartzen ditu ordenantza honen xedea, aplikazio-eremua eta salbuespenak, eta ordenantza garatzeko aintzat hartu diren oinarrizko printzipioak eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak, ulergarriagoa izan dadin.

–Lehenbiziko tituluak ezarriko du zeinahi animalia udalerrian izateko araubidea, haren funtzioa eta mota edozein direla ere. Arautzen dira, besteak beste, animaliak izateko mugak, mantenuaren eta tratuaren baldintza orokorrak, animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan, eta haiei dagozkien osasun arauak.

–2. tituluak arautzen ditu animaliekin jarduten diren establezimendu baimenduen jarduera ekonomikoak.

–3. tituluak xedapen gehigarriak garatzen ditu animalia espezifikoen egoeretarako edo taldeetarako: lagun egiteko animaliak, arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak, laguntza-zakurrak, polizia eta segurtasun enpresa baimenduetako agenteen zakurrak; ekidoak; ekoizpenerako animaliak; animalia basatiak eta exotikoak.

–4. tituluak arautzen ditu udalerriko kaleko animalien koloniak.

–5. tituluak ezartzen du ordenantza honen zehapen araubidea: zehazten du zer arau-hauste ekarriko dituzten ez-betetzeek, eta ezartzen ditu zehapenak, bai eta haien graduazioa, preskripzioa eta zehapenak ezartzeko eskumenak ere.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Udal ordenantzaren xedea, esparrua eta printzipio gidariak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da osatzea animalien babesari buruz Europako arautegiak eta Estatu eta erkidegoetako legediak ezarritako lege esparrua; horretarako, ezartzen da udalaren eskumenetatik eratorriko den arautegia, arautuko duena animalien babesa eta haien eta herritarren arteko bizikidetza, Barasoaingo udal-mugartean.

Kontuan hartzea animalien eskubideak, pertsonei ekartzen dizkieten onurak, eta bizikidetza bateragarri egitea higienearekin, osasun publikoarekin, eta pertsonen eta ondasunen segurtasunarekin, eta, orobat, bermatzea animalien babes egokia.

Nahitaez, animalien eskubideak osatzen dira jabeen betebeharrekin, bai animaliei dagokienez, bai auzotarrei oro har dagokienez ere. Horregatik, animalia baten edukitzaileen ardura da aipatutako animalia edukitzea jarraikiz bizikidetza onerako arauei, eta saihestea gizalegearen kontrako jokabideak, auzotarrei eragozpenak ekartzen dizkietenak.

2. artikulua. Esparrua.

Ordenantza honek ezartzen dituen betebeharrak aplikatu beharko dira Barasoaingo udal-mugarte guztian, eta esparru hori zabaldu ere egin daiteke, udal hau partaide duten mankomunitateekin adostuta, edo udal hau partaide duten bestelako elkarteekin adostuta, elkarteak toki-araubidearen legedian aurreikusitakoak badira eta ordenantza hau aplikagarri bazaie.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Oinarrizko printzipio hauek gidatuko dute ordenantza:

1. Bermatzea lagun egiteko animalien babes eta ongizate mailarik handienak.

2. Bermatzea arduraz edukiko direla.

3. Sustatzea herritarrek animalien defentsan eta babesean duten parte-hartzea.

4. Osasun eta segurtasun baldintza egokiak bermatzea udalerrian.

5. Bizikidetza egokia bermatzea animaliak dituzten herritarren eta animaliarik ez duten herritarren artean.

4. artikulua. Herritarrendako informazioa.

Udal agintariek dibulgazio eta heziketa kanpainak egin behar dituzte, herritarren artean honako printzipio hauek sustatzeko eta printzipio horien bete beharraz kontzientziatzeko:

1. Prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak, ezagutarazteko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa.

2. Sentsibilizatze eta sustapen kanpainak, animaliak arduraz edukitzeko, aintzat hartuta animalien behar etologiko eta fisiologikoak; dibulgazio kanpainak animaliak txertatzeaz eta identifikatzeaz, eta kontrolik gabeko ugaltzea eta abandonuak saihesteko hartu beharreko neurriez; eta, halaber, sustapen kanpainak, adopzioak harrera zentro baimenduetan egiteko.

3. Ekintzak sustatzea, lankidetzan aritzeko animalien babesean eta defentsan aritzen diren elkarteekin, zehazki deklaratu direnekin Nafarroako Gobernuaren Animalien Ongizaterako Atalaren entitate laguntzaile.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren hauek:

–Animalia basatiak / basa fauna:

animalia autoktonoak edo ez autoktonoak, basa bizi direnak eta bizirauteko gizakiaren beharrik ez dutenak.

–Etxeko animaliak:

pertsonekin hazi, ugaldu eta bizi ohi diren espezieetako animaliak, basa faunakoak ez direnak. Mota honetan sartzen dira, halaber, haragi, larru edo gizakiarendako baliagarria den beste produkturen bat emateko abeltegietan hazten diren abereak, nekazaritzan erabiltzen direnak eta zamariak.

a) Lagun egiteko animaliak:

dira animalia ez basatiak, ekoizpenerako ez direnak, pertsonekin bizi direnak heziketarako, aisialdirako edo gizarte helburuetarako, irabazi asmorik gabe, batik bat, zakurrak, katuak, hudoak eta marraskari txikiak, esaterako hamsterrak edo akuriak, untxiak, hegazti apaingarriak eta antzeko helburuetarako bestelako animaliak.

b) Lagun egiteko animalia exotikoa:

basa faunako animalia ez autoktonoak, banaka eta gatibu bizi direnak.

c) Ekoizpenerako animaliak:

animalia hauek dira hazten eta mantentzen direnak elikagaiak ekoizteko, edo animalia-jatorriko produktuak ekoizteko, edozein industria erabileratarako, edo bestelako merkataritza helburuetarako, edo irabazi amoz.

d) Laguntza-, segurtasun- edo gida-zakurra:

zakur hauek hezi eta baimendu dira laguntzeko nolabaiteko desgaitasun fisikoa nahiz psikikoa dutenei, edo gaitzen batek jota daudenei, eguneroko zereginetan; orobat, hemen sartzen dira hezi direnak eta edozein administraziok baimendu dituenak laguntza-lanetarako edo segurtasun lanak egiteko, edo substantziak, objektuak nahiz pertsonak bilatzeko.

–Kale-katuak edo katu basatiak:

kale-katuak edo katu basatiak dira erdi-basa bizi direnak. Etxeko katu abandonatu edo galduak izan ohi dira, egokitu eta aske bizirauten dutenak, eremu publiko nahiz pribatuetan; edo kale-katuen aurreko belaunaldietatik kalean sortu eta hazi diren katuak.

Gizarteratu gabeko katuak izaten dira, oro har gizakiarekiko kontaktua saihesten dutenak, erabat egokituak bizimodu horretara, eta ezin bizi direnak leku itxian, gizakiaren kontrolpean eta lagun egiteko animaliaren gisara. Haien egoera ez da gizakiarengandik guztiz independentea, finkatzeko nahiago izaten baitituzte leku babestuak, aukera ematen dietenak janaria erraz eskuratzeko. Ez dute alde egiten naturara, eta ez dira bizi animalia basatien ehizatik bakarrik.

Katu horiek dira katu-koloniak osatzen dituztenak, eta Udalaren ardura da haiek babestea.

–Etxeko katu herratuak:

etxebizitza edo leku itxi batean itxiak ez dauden katuak eta, beraz, erdi-aske ibiltzeko aukera dutenak. Hemen sartzen dira bai landa eremu eta baratzeetan edukitzen diren katuak, onuragarriak direlako eduki ere, bai kanpora ateratzeko aukera dutenak, bizi direlako bizitoki eremuetako etxe baxuetan, etxe atxikietan nahiz txaletetan. Animalia horiek hor daude norbaitek hala nahi duelako, eta beraz, haren ardura izanen dira identifikatzea, zaintzea, eta hirugarrenei eragiten dizkieten eragozpenak eta kalteak.

Katu horiek katu-kolonien inguruan ibiltzen dira askotan, baina ez dira koloniakoak.

–Katu galduak:

jabea duten katuak dira, aske bizi direnak itxita egon diren lekutik alde egin ondoren edo nahi gabe galdu ondoren.

–Katu-kolonia:

kale-katu edo katu basatiez osatutako taldea; bizi dira hiri edo landa ingurunean, gehienetan leku finko batean, publiko nahiz pribatua, hor topatzen baitituzte babeslekua eta janaria.

–Katu-kolonien zaintzailea:

pertsona partikularrak edo animalien babeserako elkarteetako kideak, udal agintariek identifikatu eta baimendutakoak, beren borondatez erabakitzen dutenak zaintzea katu basatien kolonia bat edo gehiago, eta hari edo haiei jaten ematea.

–Animalien defentsarako edo babeserako elkarteak:

elkarte gisako entitateak dira, irabazi asmorik gabeak, legez eratuak eta helburu edo xede nagusia dutenak animalien ongizatea eta babesa.

–Elkarte laguntzaileak:

Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen arabera, Nafarroako Gobernuarengandik entitate laguntzaileen aitortza jaso duten elkarteak dira.

–CES:

CES metodoa (euskaraz “Harrapatu/Antzutu/Askatu”) da kale-katuen kontrolerako metodoa. Kolonia bateko katuak harrapatzen eta antzutzen dira, eta, ebakuntzaren ondoren suspertuta, berriz askatzen dira haien jatorrizko lekuan, edo kasu bakanen batean, antzeko lekuren batean, animalia itzul ez dadin lehengo leku berera.

–Animalia galduak:

Hauek dira jabea duten lagun egiteko animaliak, ihes egin dutenak edo nahi gabe galdu direnak.

–Animalia abandonatuak:

Hauek dira jabea duten lagun egiteko animaliak, aske dabiltzanak, itxita dauden lekutik ezustean alde egin dutelako edo jabeak aske utzi dituelako, haien desagerpenaren berri eman gabe agintari eskudunei, edo jabeak berreskuratu nahi ez dituenak, harrera zentroetan jaso ondotik.

–Jabea:

Animaliaren titulartasuna duen pertsona da, nahiz animalia haren izenean behar bezala erregistratuta eta erroldatua egon nahiz ez egon.

–Edukitzailea:

Ez da jabea, baina animalia aldi baterako dauka edo eduki ohi du, eta horregatik da animaliaren arduraduna.

–Arduraz edukitzea:

Da animalia edukitzea erantzuna emanda haren behar fisiko, etologiko eta ingurumenekoei, bermatuta haren ongizatea, eta behar diren bitartekoak jarrita prebenitzearren ekar ditzakeen arriskuak, komunitatearendako, beste animaliendako edo ingurunearendako.

–Gune zoologikoa:

Gune zoologikotzat hartuko dira bilduma zoologikoak gordetzen dituzten espazioak, identifikatuak eta baimenduak jarraikiz apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduari eta arlo hau arautzen duten bestelako erregelamenduei.

I. TITULUA

Animaliak edukitzearen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Edukitzearen mugak

6. artikulua. Animaliak edukitzearen aurretiko baldintzak.

1. Animaliak edukitzeko, oro har, jabeek edo edukitzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Garbitasun, osasun eta ongizate baldintza egokiak izatea animaliak zaintzeko, gobernatzeko eta tratatzeko, eta halaber osasun arriskuak eta auzokoendako eragozpenak saihesteko ere.

b) Animaliak kontrol eta segurtasun neurri egokietan edukitzea, ihes egitea saihesteko eta arrisku egoerarik ez izateko, ez pertsonendako, ez beste animaliendako, ez eta beraiendako ere.

c) Albaitaritza arreta egokia ematea, bermatzeko animaliaren osasun egoera fisiko eta psikologikorik onena.

d) Administrazioak eman beharreko baimenak izatea eta osasun eta segurtasun betebeharrak betetzea, jarraikiz legediak eta agintari eskudunek ezartzen dutenari.

e) Leku fisiko egokia izatea, bermatu dadin bete daitezkeela edukitzeko baldintza horiek.

2. Ordenantza honen 3. tituluari jarraikiz arautuko da nola eduki animalia espezifikoak.

7. artikulua. Animaliak dauzkatenen erantzukizuna.

1. Animalia bat daukana da erantzulea (galarazi gabe animaliaren jabearen erantzukizun osagarria) baldin animaliak kaltegalerak eta eragozpenak eragiten badizkie pertsonei, ondasunei eta natur inguruneari, jarraikiz Kode Zibilaren 1905. artikuluari, hark ezartzen baitu:

“Animaliaren edukitzaileak edo horretaz baliatzen denak erantzukizuna du, animalia horrek eragindako kalteen gain, nahiz eta animaliak ihes egin edo animalia hori galdu. Erantzukizuna amaituko da, kaltea ezinbesteko kasuak eragin duenean, edo kaltea gertatu denean hori jasan duenaren erruz”.

2. Etxeko animalien jabeek kontu berezia izan beharko dute animaliek auzoei trabarik ez egiteko, haien oihu, kantu, zarata eta bestelako soinuekin, bai etxebizitza barnean bizi direnean, bai bizi direnean terrazetan, korridoreetan, eskaileretan nahiz patioetan, bereziki 22:00etatik 9:00etarako ordutegian.

3. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak ez daitezen etxeetatik nahiz lokaletatik atera inork eraman gabe.

4. Bizitokitik edo zaintza-tokitik kanpora libre dabiltzan animaliak joko dira galdutzat edo abandonatutzat, eta udal zerbitzuek atzematen ahal dituzte.

5. Herrian, etxean hazteko hegaztiak, untxiak, usoak edo antzeko animaliak, beharrezkoa izanen da baimen administratiboak izatea, eta bete beharko dira osasun- eta segurtasun-betebeharrak, jarraikiz legediak eta agintari eskudunek ezarritakoari.

8. artikulua. Debekuak.

1. Debekatuta daude apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamenduzko garapenean debekatutzat jotzen diren jardunbideak (foru lege horrek hizpide du lagun egiteko animaliak Nafarroan babestea). Lege horretan ezartzen dira aurrekoak ez betetzearen ondorioak eta dagozkien zehapenak.

2. Debekatuta daude, orobat, udalaren eskumenekoak diren jardunbide hauek:

a) Kaleko animaliak edo basatiak aztoratzea edo atzematea, salbu berariazko baimena baldin bada animalien populazioa kontrolatzeko.

b) Animalia basatiei edo basati bihurtutakoei jaten ematea bide publikoan, salbu eta katu-kolonien zaintzaile direnak, udalak behar bezala baimenduak eta ziurtatuak, ordenantza honetan aurreikusten denaren arabera.

c) Dirua irabazteko asmoz animaliak erakustea, saltzea edo trukatzea bide eta espazio publikoetan, salbu eta animalia abandonatuak edo galduak ematea, adoptatzea edo harreran hartzea, lagun egiteko animalien harrerako zentroen bidez edo animalien defentsarako eta babeserako entitateen bidez, Udalak eman beharreko baimenarekin.

d) Produktu toxikoak edo sufrea jartzea bide publikoetan edo haien ondoko eraikinetan.

e) Bide publikora atera daitezkeen animaliei pixa egiten uztea jabego pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan.

f) Bide publikora atera daitezkeen animalien gorozkiak ez jasotzea eremu publiko horietatik.

g) Ikuskizunetan animaliak erabiltzen dituzten zirkuak jartzea udalerrian, lursailak pribatuak izan nahiz publikoak izan.

II. KAPITULUA

Mantentzeko eta tratatzeko baldintzak

9. artikulua. Animaliak zaintzeko eta mantentzeko gutxieneko baldintzak.

1. Jabeek animaliei eman beharko diete aski janari, ur, aterpe eta leku, aireztatze, hezetasun eta tenperatura egokietan, eta behar diren neurriak hartu beharko dituzte animalien alferrikako sufrimendua saihesteko, haien bizi beharrak asetzeko eta haien ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko, espezie bakoitzaren beharren arabera, eta honako baldintza hauen arabera:

a) Ematea edateko ur garbia eta egoera klimatikotik gordea, eta janari aski eta orekatua, animalia egon dadin nutrizio eta osasun egoera onean. Ur eta janariaren ontziek izan behar dute animaliaren beharrak asetzeko adinakoak.

b) Leku, aireztapen, hezetasun, tenperatura eta argitasun egokiak izatea, animalien bizi beharrak asetzeko eta ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko adinakoak. Animaliaren gordelekuak iragazgaitza izan behar du, eta animaliari lesiorik ez eragiteko moduko materialez egina.

c) Animalien gordelekuak garbi mantentzea, barnean dela haien kakak eta pixak bertatik kentzea egunero.

2. Kasu partikularretan agintari eskudunek ezartzen ahal dutena gutxietsi gabe, animalien gordelekuetarako baldintza hauek ezartzen dira:

a) Animaliaren ohiko bizileku ezin dira izan ibilgailuak, kabina txikiak, argi-patioak, balkoiak, galeriak, azoteak edo aireztatzeko patioak, ez badira animalia aske mugitzeko adinakoak.

b) Animaliak ezin eduki daitezke kaiolan edo leku murritzean, barnean ezin badute mugitu edo mugimendua oso mugatua badute. Leku horiek egokiak izan behar dute animaliaren tamainaren eta pisuaren arabera.

c) Balkoi, terraza eta antzekoetan neurri egokiak hartu behar dira, galarazteko animaliek ihes egitea, eta saihesteko haien gorozkiek eta pixek kaltetzea fatxada edota bide publikoa, edo eragozpenik eragitea inguruko auzokideei, goiko, beheko nahiz ondokoei.

4. Ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago, lagun egiteko animalien zaintza espezifikoa.

10. artikulua. Kokapena eta aldi baterako lotzeko moduak.

Indarreko araubideetan ezartzen dira animalien kokapenerako eta lotzeko baldintzak, animalia motaren arabera (etxekoak, lagun egitekoak, ekoizpenekoak, etab.).

Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien kokapena eta lotzeko moduak, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.

III. KAPITULUA

Animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan

11. artikulua. Eragozpenak auzokideei.

1. Animaliak dituzten pertsonek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, auzokideei eragozpenik ez eragiteko animaliak gorde edo mantentzearen ondorioz, nahiz animalia etxe barnean egon nahiz egon terrazan, azotean, balkoian, patio edo antzekoetan, finkan edo baratzean, merkataritza lokal, abeltegi edo animalia gordetzeko bestelako edozein lekutan, ordu guztietan, gau eta egun.

2. Animaliek eragozpenak eragiten badituzte modu jarraituan (eskumena duen agintaritzak hala egiaztatuta), zaratengatik, usainengatik nahiz bestelako arrazoiengatik, udal agintaritzak ebazpen bidez hartzen ahalko ditu behar diren neurriak auzokideen lasaitasuna bermatzeko, horretarako baliatuta indarreko arautegietan ematen zaizkion eskumenak, eta neurri horiek nahitaez bete beharko dituzte animalien jabeek edo edukitzaileek.

12. artikulua. Animaliak bide eta espazio publikoetan.

1. Etxeko animalien jabeek edo edukitzaileek une oro galarazi behar dute animaliek kalterik eragitea espazio publikoetan edo horiek zikintzea.

2. Debekatuta dago usoei jaten ematea, salbu Udalak baimendutako janaria.

3. Berariaz debekatuta dago udal-mugartean dauden animaliengana metro bat baino gutxiagora hurbiltzea, haiei jaten ematea, haiek atzematea, ukitzea, haiei gauzak botatzea eta nolanahi den ere eragozpena sortzea, eta egokitutako lekuetan gordetzen diren animaliei bereziki; adibidez, ahate, beltxarga eta antzekoei. Hegaztiak arrautzak txitatzen ari diren garaian, debekatuta dago horretarako egokitutako lekuetara hurbiltzea.

4. Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien presentzia eta lotzeko moduak, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.

5. Ekidoen kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien presentzia bide publikoan, ekidoendako xedapen espezifiko baten bidez.

13. artikulua. Garraioa eta aldi baterako edukitzea ibilgailu partikularretan.

1. Animaliak ibilgailu partikularretan garraiatzen direnean arau hauek bete behar dira:

a) Animaliek leku aski izan behar dute altxatzeko eta etzateko, leku batetik bestera eramaten dituen ibilgailuan.

b) Garraiatzen direnean, animaliek egon behar dute aire zabaletik babesturik eta osasunerako kaltegarri izan daitezkeen egoera klimatikoetatik ere babesturik.

c) Une oro, erabiliko dira trafikoaren arautegian ezarritako lotzeko moduak, beti galarazteko animaliak mugitzea eta, hala, gidariak arreta galtzea, edo eragoztea haren maniobra-gaitasuna edo ikuspena.

d) Animaliak ibilgailuan sartzeko eta ateratzeko unean, behar diren sistemak eta baliabideak erabiliko dira, saihesteko haiei kalte edo sufrimendua eragitea eta haiek ihes egitea.

e) Katuak edo hudoak garraiatzen direnean, une oro egonen dira “transportin” edo garraio-saskian sartuta.

2. Ibilgailua aparkatuta badago, animalia barnean duela, labur eta modu puntualean egonen da aparkatuta, eta itzalpean, bermatzeko animaliak aireztatze eta tenperatuta egokiak dituela, arduraduna kanpoan dagoen bitartean.

3. Debekatuta dago animaliak ibilgailuaren maletategian itxita uztea, salbu eta maletategia bat eginda badago ibilgailuaren bidaiari-tokiarekin.

IV. KAPITULUA

Osasun arauak

14. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Animalia daukanak une oro bermatu behar du animaliak duen eskubidea garbi, osasuntsu, ongizatez eta seguru bizitzeko, espezie bakoitzaren ezaugarri eta beharren arabera.

2. Albaitaritzako jarraipena egin beharko zaie animaliei, eta gutxienez kontrol bat egin aldian-aldian. Kontrol hori jaso beharko da osasun kartillan edo haren baliokidean. Gutxieneko sendaketek egokiak izan behar dute, bai gaixotasunen prebentzio tratamenduei eta sendaketei dagokienez, bai udal agintaritzak ezartzen dituen osasun neurri prebentiboak aplikatzeari dagokionez. Animaliaren arduradunak bermatu behar ditu tratamendu prebentiboak, sendaketak eta gaixotasunak arintzekoak.

3. Gaixotasun kutsagarrien deklaraziorik egiten bada, animalien jabeek edo edukitzaileek bete beharko dituzte agintari eskudunek indarreko arautegiaren arabera ezartzen dituzten osasun xedapenak.

4. Ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago, lagun egiteko animalien arautegi espezifikoa.

15. artikulua. Albaitarien betebeharrak.

1. Albaitarien jardunbidea arautzen da apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta haien lanbide jarduerari dagokion araubidean (foru lege horrek hizpide du lagun egiteko animaliak Nafarroan babestea), haietan arautzen baitira animalien identifikazioa eta erregistroa, nahitaezko osasun-azterketak, txertaketak, osasun-dokumentazioa eta datu klinikoen fitxategiak, zaintza eta kontrol epidemiologikoak, animalien tratu txarren komunikazioak eta hiltzeko edo eutanasiako protokoloak.

2. Baldin albaitariek eta albaitaritza-klinikek, lanean dihardutela, zoonosi guneen edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei komunikatu beharko diete berehala, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak.

3. Gainera, albaitarien, albaitaritza-kontsultategien, -kliniken eta -ospitaleen betebeharra da animalia erroldatuta dagoen udalari komunikatzea ezagutu dituzten ustezko tratu txarren kasuak.

16. artikulua. Animalien hilotzen kudeaketa.

1. Jabeari dagokio animalia baten hilotzaren kudeaketa, indarreko legediaren arabera, eta haren lege-betebeharra oinarrizko hiru betekizunetan zehazten da:

–Animaliaren hilotza ez abandonatzea.

–Hilotza deuseztatzea, indarreko legediak ezartzen duen bezala.

–Bere gain hartzea aurrekoa betetzeko beharrezkoak diren jarduketek eragindako kostuak.

2. Animalia bat hilik aurkituz gero, haren identifikazioa ezinbestekoa da, Administrazioak aurkikuntza jakinaraz diezaion jabeari, eta ondoren hark bere gain har ditzan dagozkion lege betebeharrak. Hala, jabearen betebeharra eta eskubidea ere bada animalia hilaren aurkikuntzaren jakinarazpena jasotzea, eta Udalaren betebeharra da jakinaraztea, jabea identifikatu eta lokalizatu ondoren. Animalia identifikatuta ez badago, haren argazki bat gordeko da, haren balizko identifikazioa egiteko etorkizunean.

3. Establezimendu baimenduetan erraustuko da animalia sakrifikatua, edo arrazoi naturalengatik hildakoa, edo deuseztatzeko beste edozein metodo ere halakoetan gauzatuko da, edo osasun agintariek ezartzen dituzten espezifikazioen arabera.

II. TITULUA

Animaliak haztea, saltzea eta haiekin bestelako jarduerak egitea: araubide juridikoa

17. artikulua. Jarduera-lizentziak.

Honako hauek dira ordenantza honi atxikitako industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

–Animalien haztegiak.

–Animalien zaindegiak.

–Animaliak salerosteko dendak.

–Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

–Animaliendako kontsultategiak, klinikak eta ospitaleak.

–Animalien hilerriak.

–Aipatutako jarduera horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak, edo beren funtzionamendurako animaliak erabiltzen dituzten jarduerak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia izapidetu beharko da jarduera sailkatuen gaineko arauei loturik, galarazi gabe aplikatzekoak diren gainerako xedapenak bete beharra.

18. artikulua. Animaliak hazi edo saltzen dituzten establezimenduak.

Lagun egiteko animaliak merkataritza helburuekin hazten edo saltzen dituzten establezimenduek bete beharko dituzte apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezartzen diren baldintzak (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

19. artikulua. Lagun egiteko animalien zentroak.

Lagun egiteko animalien zentroek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak (animalia baten edukitzaileari dagozkion betebeharrez gainera) jaso dira apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), deusetan ukatu gabe beren sailkapenaren arabera erregelamenduz ezartzen direnak.

20. artikulua. Beste jarduera batzuk animaliekin.

Alkatetzaren baimena beharko dute aldi baterako egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola irekietan.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Jardueraren deskribapena.

–Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

–Kokalekua.

–Eskaerak jarduera zenbat denborarako den.

–Jarduerako animalien kopurua eta espezieak.

–Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

–Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak emana.

–Instalazio elektrikoen buletina, behin-behineko hargunerako.

Nafarroako Gobernuan animalien osasun, identifikazio eta ongizatearen gaietan eskumena duen departamentuak ebatziko du administrazioaren baimena, animaliekin egiten diren ikuskizunetarako, azoketarako, erakusketetarako, lehiaketetarako, filmazioetarako eta gainerako jardueretarako.

III. TITULUA

Aurreko tituluen xedapen espezifikoak

I. KAPITULUA

Xedapen espezifikoak lagun egiteko animaliendako

21. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea etxebizitza partikularrean.

1. Oro har, lagun egiteko animaliak etxebizitza partikularrean edukitzea baimentzen da, betiere betetzen badira garbitasun eta osasun baldintzak, eta ongizateari eta segurtasunari dagozkionak, animaliarendako eta pertsonendako, bai eta auzokideei eragozpenik ez eragiteari dagozkionak ere, agintaritza eskudunak behar bezala egiaztatuta.

2. Animaliak etxebizitza partikularretan hazteko baldintza izanen da garbitasun, osasun, ongizate eta segurtasun baldintzak betetzea, animaliarendako eta pertsonendako. Animaliak hazteko jarduera ohikoa bada, hazkuntza zentrotzat hartuko da etxea, eta beraz, zentro horiek bete behar dituzten lege baldintza berak betetzea eskatuko zaio. Emearen bizitzan umaldi bat baino gehiago izatea ohiko hazkuntza dela ulertuko da.

3. Etxebizitza batean baimentzen den animalia kopururik handiena, gune zoologikoaren lizentzia lortu ezean, apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, arautegi horretan zehaztutakoaren hurrengo txikiagoa izanen da. Irizpidea da animalia kopuru handiago batek osasun arriskua ekar lezakeela.

4. Animaliak ezin dira zaindu leku batean hertsiak modu iraunkorrean, eta bermatu beharko da kanpora ateratzeko modua dutela, animaliaren behar etologikoek eskatu ahala, non ez den tartean albaitariaren agindurik, edo agintari eskudunen debekurik.

5. Animaliak ez dira modu iraunkorrean lotuta edukiko; aldian-aldian eta denbora batez bakarrik lotzen ahalko dira, arduradunaren begiradapean, eta loturak kalterik egiten ez diela eta mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta gordetzeko aukera dutela bermatuta.

6. Animaliak ezin izanen dira eduki arduradunek gainbegiratze eta kontrol egokia egin ezin duten lekuetan, eta beraz, ezin izanen dira ohituraz bakarrik utzi balkoietan, patioetan, terrazetan edo antzekoetan etxebizitzaren jabea etxean ez dagoenean. Etxebizitzara sartzeko askatasuna izan behar dute, eta beti izan behar dute janaria, ur garbia eta atseden hartzeko gordelekua.

7. Animaliak ezin izanen dira bakarrik utzi etxean bi egunez baino gehiago jarraian, jabearen, edukitzailearen edo zaintzeko eginkizuna bere gain duen pertsonaren arretarik gabe. Eta zakurren kasuan, epe hori ezin daiteke inoiz izan 12 ordutik gorakoa.

22. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea bide publikoan.

1. Debekatuta dago animaliak sartzea umeen jolastokietan edo umeen erabilerarako bakarrik diren lorategietan, non ez den berariazko baimenik erakusten Udalak jarritako errotuluetan.

2. Zakurrak bide publiko guztietan, herriko lorategietan, eta herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten berdeguneetako parkeetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailburuak, etab.) ibiltzen ahal dira, soil-soilik baldin eta katez edo uhalez loturik badaude eta beraiek kontrolatzeko gauza den inork eramaten baditu.

Arestian aipatu eremuetatik kanpora onartuko da animaliak libre ibil daitezen, beren aisialdirako, baina betiere inguruan animaliaz arduratuko den eta kontrolpean izanen duen inor baldin bada.

Betiere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskutsutzat jo daitezkeenek bete beharko dute beraiei dagokien berariazko arautegia.

3. Debekatuta dago animaliendako kaltegarri diren urkatze-lepokoak, lepoko ziridunak eta elektrikoak erabiltzea edo saltzea. Lepoko elektrikoak erabiltzen ahalko dira halakoak beharrezkoak direnean animalia jakin baten trebakuntzan, betiere hala zehazten duenean albaitari batek edo aitortutako trebatzaile batek.

4. Debekatuta daude zakurrari ahoa irekitzea galarazten dioten muturrekoak.

5. Uhal luzagarriak ez luzatzea gomendatzen da jende asko dabilen lekuan, edo espaloian ibiltzean, leku zabalagoetara iritsi arte.

6. Animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez errespetatu behar dituzte inguruko errotulu informatiboetan ageri diren jarraibideak.

7. Debekatuta dago zakurrak garbitzea edo bestelako gorputz-garbitasuneko jarduerak egitea bide eta espazio publikoetan eta iturrietan.

8. Debekatuta dago bide eta espazio publikoetan zakurrak heztea eraso, defentsa, zaintza edo antzekoetarako.

23. artikulua. Zakurren aisialdirako eremuak (ZEC).

1. Udalak egokituko ditu lagun egiteko animaliendako leku erreserbatuak, solte ibil daitezen. Behar bezala seinaleztatu, hesitu eta argiztatuko ditu, eta bermatuko ditu garbitasuna eta osasun-kondizioak, animalien aisialdirako, sozializaziorako eta haien behar fisiologikoak egiteko, garbitasun egoera egokian.

2. Eremu horietan animalien eta pertsonen segurtasuna bermatu beharko da, eta egokiak izan beharko dute animalien ihesa edo galtzea prebenitzeko. Animaliak dauzkatenek beren animaliak zaindu beharko dituzte, eta galarazi eragozpenak eragitea eremua darabilten gainerako pertsonei eta animaliei.

3. Udalak gida bat prestatuko du zakurren aisialdirako eremuen funtzionamendurako, arautuko dituena instalazioen baldintzak eta haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

4. Nolanahi ere, erabilera arau hauek beteko dira:

a) Animalia bat askatzea jabearen edo edukitzailearen ez beste inoren erantzukizuna izanen da; eremu horietarako ezarritako arauak bete beharko dituzte, eta batez ere animalia zaindu, ez galtzeko edo ihes egiteko, eta eragozpenik ez eragiteko eremua partekatzen duten pertsonei nahiz animaliei.

b) Eremu horiek erabiltzen dituzten pertsonen erantzukizuna izanen da beren animaliek gainerako animaliei, pertsonei edo ondasunei eragiten dizkieten kalteak.

c) Animaliaren jabeak edo edukitzaileak jasoko ditu animaliaren gorozkiak.

d) Beste animaliekiko borrokak eta liskarrak galaraziko ditu.

e) Animalia lotu gabe ateratzea saihestuko du.

f) Eremua egoera onean mantenduko du.

g) Eremuan ageri diren erabiltzaileendako jarraibideak beteko ditu.

5. Beste eremu publiko batzuetan ere ezar daitezke zakurrak aske ibiltzeko lekuak, ez baldin badira arriskutsuak izan daitezkeen arrazakoak; behar bezala identifikatu eta seinaleztatuko dira, baina ez dute izanen itxiturarik eta ekipamendu espezifikorik, eta horietan zakurrak aske ibiltzen ahalko dira, leku horiei dagozkien arauetan berariaz ezarri bezala.

6. Arriskutsuak izan daitezkeen arrazako zakurren kasuan, aplikatuko da berariazko arautegian xedatutakoa.

24. artikulua. Lagun egiteko animalien presentzia establezimenduetan eta bestelako lekuetan.

1. Berariaz debekaturik dago zakur, katu edo lagun egiteko bestelako animaliak sartzea elikagaiak ekoizteko, biltzeko, garraiatzeko, saltzeko nahiz maneiatzeko era guztietako lokaletan. Establezimendu horien jabeek nahitaez erakutsi beharko dute debeku hori kanpoan, ikusteko moduan.

2. Igerileku publikoetan, erabilera orokorreko eremuetan eta establezimendu turistikoen erabilera pribatuko eremuetan, debekatuta dago zakurrak edo bestelako animaliak ibiltzea edo han egotea, bainuen denboraldian.

3. Debekatuta dago animaliak sartzea kirol, kultura nahiz aisialdiko ikuskizunetako lokaletara, publikoarendako irekita dauden bitartean, non ez diren animalien lehiaketak, sariketak edo kontzentrazioak, edo agintari eskudunak zehazten eta baimentzen dituen bestelakoak.

4. Erabilera publikoko lokalen arduradunek beren irizpideen arabera debekatzen ahalko dute animaliak beren establezimenduetan sartzea eta bertan egotea, eta establezimenduaren sarreran eman beharko dute horren berri edo animaliak onartzearen berri, ikusteko moduko leku batean. Debeku horretatik salbuetsita daude gida-, segurtasun- eta laguntza-zakurrak, eta antzeko eginkizunak dituzten beste batzuk, horretarako baimena dutela erakutsita.

Establezimendu bakoitzean aplikatzen den irizpide orokorra edozein dela ere, jabeek debekatzen ahalko dute animalia baten sarrera, beren tamainagatik, erasokortasunagatik, urduritasunagatik, itxura txarragatik edo bestelako edozein arrazoirengatik, irizten badiote bezeroendako aztoragarriak edo beldurgarriak direla.

Sartzea eta bertan egotea baimenduta ere, animaliek kate edo uhalez lotuta egon behar dute. Hala ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakur arriskutsuek beti egon beharko dute uhal ez luzagarri batez edo katez lotuak, eta muturrekoa jarrita, indarra duen legediaren arabera.

5. Udalaren erabakia izanen da animaliei sarbidea ematea edo ez ematea Udalaren jabegoko eraikinetara, eta eraikinen sarreran adierazi beharko da animalien sarbidea baimentzen den ala ez.

25. artikulua. Gorozkiak eta pixak.

1. Animalien jabeek edo edukitzaileek saihestuko dute, une oro, animalia horiek kaltetzea edo zikintzea eremu publikoak, kaleak edo fatxadak. Bereziki beteko dira jarraibide hauek:

a) Debekatuta dago zakurren eta beste animalien gorozkiak bide publikoan uztea, edo ibiltariek erabili beharreko lekuetan, batez ere umeen jolastoki eta parkeetan.

b) Animalien gorozkiak berehala jaso beharko dira, ahal bada baliabide iragazgaitz eta estankoak erabiliz, eta zorro edo ontzi horiek dagokien edukiontzian bota beharko dira.

c) Debekatuta dago animaliek pixa egitea eraikinen fatxadetan, hiri-altzarietan eta ibilgailuen gurpiletan.

d) Halakorik gertatuz gero, berehala garbitu beharko da.

2. Arestiko xedapenak betetzen ez badira, udal agintaritzako agenteek animaliaren jabeari edo edukitzaileari eskatzen ahal diote kaltetutako elementuak berehala garbitzeko, galarazi gabe aipatutako arau horiek ez betetzeagatik zehapenak aplikatzea.

26. artikulua. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramatea.

1. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramanen dira betiere betez garraio enpresen arautegiak ezartzen duena.

2. Laguntza- eta segurtasun-zakurrak aske ibiltzen ahal dira hiri garraiobide publikoan, betiere jabeak edo pertsona baimenduak lagunduta, eta indarra duen arautegia betetzen badute.

3. Garraiobide publikoen titularrak partikularrak direnean, esaterako, taxian, erabilera baimentzea edo ukatzea beraien erabakia izanen da.

4. Nolanahi ere, animaliek garraiobide publikoetan sarbidea izateko baldintzak izanen dira garbitasun eta osasun egoera onean izatea eta zerbitzuaren erabiltzaileei eragozpenik ez eragitea.

27. artikulua. Lagun egiteko animalien identifikazioa.

1. Lagun egiteko animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez identifikatuta izan behar dute animalia, mikrotxip homologatu eta ezabaezin baten bidez, eta osasun txartel ofizial bat izan behar dute, albaitari batek inskribatu aurretik Lagun egiteko Animalien Nafarroako Erregistroan, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

2. Animaliaren jabearen datuak aldatzen badira, edo jabe aldaketa izaten bada, edo animalia hiltzen bada, informazio hori eguneratu egin beharko da dagokion erregistroan, albaitari baten bitartez, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

3. Hala ere, zakurrak beste modu batean identifikatzea eska dezake Udalak, alkatearen bando baten bidez, esaterako animaliaren pasaportea edo osasun txartela izatea, jardunbiderako baimena duen albaitari batek emandakoa, eta ondorengo datuak jasoko dituena: animaliaren izena, mikrotxip zenbakia, jaiotze data, espeziea, arraza, sexua, tamaina, kolorea, txertaketak; titularraren datuak, barnean direla helbidea eta kontaktu telefonoa; komeni da, ahal izanez gero, animaliaren argazkia ere eranstea.

4. Gomendatzen da lagun egiteko animaliek une oro eramatea, espazio edo bide publikoetan, identifikazio-plaka bat edo lepokoan egokitutako bestelako edozein euskarri, azalduko dituena animaliaren izena eta edukitzailearen kontaktu telefono bat, hura lokalizatzeko, animalia galduz gero. Neurri hori ez da nahitaezkoa, baina lagungarria izanen da auzokoendako, animaliaren jabea aurkitzeko, jo behar izan gabe Udalaren biltze zerbitzura, eta saihesturik, hala, animalia Udalaren egoitzara eramatea eta arau-hausteak ekar lezakeen zehapena.

28. artikulua. Zer egin pertsonei edo beste animaliei lesiorik eraginez gero.

1. Pertsona bat lesionatzen bada lagun egiteko animaliaren baten erasoaren ondorioz, Udalaren osasun zerbitzuei emanen die horren berri, medikuaren agiria erantsita.

2. Osasun zentroek eta medikuek Udalaren osasun zerbitzuei komunikatu behar dizkiete lagun egiteko animalia baten erasoak eragindako lesioak dituzten pertsonei emandako laguntza medikoa edo kirurgikoa.

3. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute nolako osasun kontrola egin behar zaion animalia erasotzaileari. Udalaren osasun zerbitzuek hozka egin duen animalia eramanen dute behar den zentrora, eta bertan osasun azterketa eginen diote eta zaintzapean edukiko dute, legediak ezarrita daukan denboran, eta bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

4. Hozka egin duen zakurraren jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasoa jasan duenari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskatzen dioten agintari eskudunei ere. Gainera, animalia bere ohiko aterpean atxiki beharko du, nahitaez, Udalaren osasun zerbitzuek bildu arte, eta berariaz debekaturik dago animalia inora eramatea edo hiltzea. Haien betebeharra da, halaber, albaitariari komunikatzea animaliaren edonolako osasun edo portaera aldaketa.

5. Animalia erasotzailea alderrai badabil edo inork ezagutzen ez badu, Udalaren zerbitzu eskudunaren ardura izanen da hura bizirik atzematea eta haren osasun azterketa egitea animalien harrera zentroan.

29. artikulua. Lagun egiteko animalia abandonatuak eta galduak.

1. Udalerrian animalia abandonatu edo galduren bat izanez gero udalari jakinarazi behar zaio. Udalaren ardura izanen da animalia atzematea eta zaintzea, animaliak jasotzeko zerbitzu iraunkor baten bidez; zerbitzua Udalarena nahiz mankomunatua izan daiteke, edo Foru Komunitatearen Administrazioarekin hitzartua, edo tokiko beste erakunderen batekin, animalien defentsa eta babeserako elkarteren batekin, edo horretan aritzen diren pertsona juridiko edo fisikoekin, baldin agintaritza eskudunaren aitortza eta baimena badute.

2. Partikular batek animalia abandonatu edo galdu bat bere kabuz atzematen badu, udal zerbitzuak bertan ez daudelako, eta animaliaren edo pertsonen segurtasun fisikoa arriskuan jartzen duen egoera bat eragozteko, edo premia handiko esku-hartzea eskatzen duen egoera batean, animalia hori atzeman izana berehala jakinarazi behar zaio udalari. Animalia atzeman duen pertsonak bete egin beharko ditu Udalaren zerbitzuek ematen dizkioten jarraibideak animalia aldi baterako zaintzeko edo Udalaren zerbitzuei edo aterpeei entregatzeko.

30. artikulua. Lagun egiteko animaliak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuetan.

1. Egoitza-zerbitzu publikoek, haien ezaugarriek aukera ematen badute, eta modu progresiboan, lagun egiteko animalia bat duten pertsonei bermatuko diete beren animaliarekin egoitza horietan egoteko aukera, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

2. Udalak sentiberatasuna izanen du lagun egiteko animaliek adinekoekin eta behar bereziak dituztenekin duten funtzio sozialaren aurrean.

II. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrendako xedapenak

31. artikulua. Araubide orokorra.

Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrei aplikatuko zaizkie, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoaz gain (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), animalia mota horretarako onartutako arautegi espezifikoa (50/1999 Legea, abenduaren 23koa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzen duen 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa).

32. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Lizentzia berezi bat izan beharko du arriskutsua izan daitekeen animalia baten jabeak edo edukitzaileak, ordenantza honen sailkapenaren arabera.

Lizentzia eskatu behar da animalia eskuratu aurretik, eta onartua izateko, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunaren onespena beharko du, Arau-hausleen Erregistroan kontsulta egin ondoren.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Adin nagusikoa izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Inoiz kondenatua izan ez izana honako delitu hauetako batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, edo, talde armatu batekin edo droga trafikatzaileekin elkartu izateagatik; eta orobat, zehapenik jaso ez izana arriskutsuak izan daitekeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hausteengatik.

c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aitortutako erakunde ofizial batek emana.

d) Erantzukizun zibileko aseguru bat erakustea, animaliek hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalteengatik, izanen duena gutxienez urtebeteko iraupena eta 120.000 euroko zenbatekoa.

e) Udalak onesten duen udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak, baldin eta udalerrian bizi badira edo udalerrian egiten bada animaliak salerosteko edo trebatzeko jarduera. Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabeek edo edukitzaileek, baldin animaliak hiru hilabetez bederen udalerrian egon behar badu.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek edo edukitzaileek betebehar hori izanik ere, herritarrek Udalari komunikatzen ahal diote udalerrian badirela halako animaliak dituztenak, jabeak nahiz edukitzaileak, Udalak eman ditzan legeen arabera bidezkoak diren urratsak.

4. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eutsi beharko zaie eskuratzeko behar ziren baldintzei. Aurrekoa gorabehera, Udalak egiazta dezake, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak lizentzia eskuratzeko baldintzei eusten ote dien, eta dagokion ikuskapena egin ondotik, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak baldintzaren bat betetzen ez duela egiaztatzen bada, animalia edukitzeko lizentziarik ez duela kontsideratuko da, eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

III. KAPITULUA

Laguntza-zakurrendako xedapenak

33. artikulua.

Laguntza-zakurrei aplikatuko zaie apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatutakoa (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), eta orobat haiei dagokien arautegi espezifikoa, egun jasotzen dena otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean, hark arautzen baitu desgaitasuna duten pertsonek, laguntza-zakurra berekin dutela, eremu irekietan eta beste eremu mugatu batzuetan sartu, ibili eta egoteko duten askatasuna; edo bestela, hura ordezten duen arauan jasotakoa.

IV. KAPITULUA

Agintaritzaren agenteen eta segurtasun enpresa baimenduen jabetzakoak diren zakurrendako xedapenak

34. artikulua.

1. Udaltzainen eta baimen ofiziala duten segurtasun enpresen zakurrak, ari direnak agintaritzaren agenteei edo segurtasun langileei laguntza emateko zereginen esparruan, ez daude legean sailkatuta arriskutsu izan daitezkeen zakur gisa.

2. Agintaritzaren agenteei eta segurtasun enpresetako langileei laguntza ematen dieten zakurrek heziketa egokia izan behar dute, eta osasun kontrola ere bai, eta mikrotxip batez identifikatuta egon behar dute. Animalia horien ardura duten pertsonek izan behar dute animalia kontrolatzeko gaitasuna eta trebetasuna, eta galarazi behar dute zaintzaren objektua den eraikinetik ihes egitea edo ateratzea, eta orobat herritarrei eragozpenak edo lesioak eragitea.

3. Leku ikusgarrian iragarri behar da, errotulu batean, badela zaintza-zakur bat, eta arriskutsua izan daitekeela.

V. KAPITULUA

Ekidoendako xedapenak

35. artikulua.

1. Ekido guztiek identifikatuta egon behar dute, eta behar den dokumentazioa izan behar dute, betiere betez espezie horiei dagokien eta indarreko legedian ezarritakoa.

2. Debekatuta dago ekidoek edo animaliek tiratutako ibilgailuak bide publikoan gidatzea, oro har, Udalaren baimenik izan ezean.

3. Bide publikoan dabiltzan ekido guztiek erantzukizun zibileko aseguru baten estaldura izan behar dute, eragin ditzaketen kalteak estaltzeko.

4. Hiri-eremuan, behar den baimena izanez gero, ibilgailu motordunen mugapen berak izanen dituzte, indarra duten zirkulazio erregelamenduen arabera.

5. Animaliak ez dira inolaz ere bide publikoan utziko, hiri altzariei edo finka partikularren osagaiei lotuta, edo zaintzarik gabe.

6. Baimendutako azoka eta ikuskizun publikoek, ekidoak tartean baldin badira, albaitariaren ikuskapena eta ziurtapena behar dituzte, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea) eta hura garatzeko erregelamenduari.

7. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari direlarik, bai eta ekidoak bide publikoan barna ibiltzen direlarik ere, debekatuta dago animaliei oinazea eragitea, edo edonolako jardunbiderik egitea edo elementurik erabiltzea baldin arriskua ekar badezakete animaliendako, zaldizkoendako parte-hartzaileendako edo ikusleendako.

8. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari diren bitartean nahitaezkoa izanen da:

a) Animalia etengabe zaintzea eta kontrolatzea.

b) Segurtasun neurriak erabiltzea parte-hartzaileendako eta ikusleendako, batez ere babes-kaskoa erabiltzea, arautegiak hala ezartzen duen kasuetan.

c) Ekidoendako segurtasunerako eskura dauden neurriak erabiltzea.

9. Antolakuntzako kideek, parte-hartzaileek eta laguntzaileek nahitaezkoa dute baldintza hauek zuzen betetzea, eta animaliek tratu ona izateko behar diren baliabide guztiak erabiltzea.

VI. KAPITULUA

Ekoizpenerako animaliendako xedapenak

36. artikulua.

Ekoizpenerako animaliei aplikatuko zaizkie arloari dagozkion arautegi espezifikoetan aurreikusten diren betebeharrak eta debekuak.

VII. KAPITULUA

Animalia basati eta exotikoendako xedapenak

37. artikulua. Debekatutako animaliak edukitzea.

Debekatuta dago edukitzea apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian erregistratutako animaliak parke zoologiko erregistratuetatik kanpo edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako gune zoologikoetatik kanpo (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

38. artikulua. Animalia exotikoak edukitzea.

1. Espezie ez autoktonoetako animaliak edukitzeko, bete behar da ezarrita dagoena Espainiako Estatuak sinatutako nazioarteko itun eta hitzarmenetan, Europako arautegietan eta apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

2. Fauna ez autoktonoko espezie bateko animaliaren jabe direnek, betiere horiek edukitzea baimendua dagoenean, agiri bidez frogatu beharko dute haien legezko jatorria.

3. Animalia horiek une oro egonen dira espezie horretarako egokia den ingurune batean, haien beharrak eta ongizatea bermatzeko.

39. artikulua. Basa animalia autoktonoak edukitzea.

Debekatuta dago espezie autoktonoetako animaliak edukitzea gune zoologikoetan nahiz eremu partikularrean, barnean direla ehiza-espezieak, baldin agintaritza eskudunak berariaz baimendu ez badu, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari eta bertan ezartzen diren baldintzei (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

VIII. KAPITULUA

Bestelako xedapenak

40. artikulua. Lagun egiteko animalia gisa sailkatuta ez dauden etxeko animaliak.

1. Etxeko bestelako animaliak edukitzea (untxiak, etxeko hegaztiak, etab.) ez da inoiz izanen osasun publikorako arrisku edo auzokideendako eragozpen iturri.

2. Eraikin bakoitzeko kopuru baimendua zenbatzeko, kontuan hartuko dira animalien ezaugarriak, gordelekua, espazio erabilgarria, garbitasun eta osasun baldintzak, eta auzokideei edo inguruari eragiten ahal dizkieten ondorioak eta eragozpenak.

3. Hasiera batean, ez da hiri eremuan baimenduko esne-behirik izatea (behitegiak), ez animalia handiak edukitzea nahiz haztea (kontsumorako edo aisialdirako izanda ere), ez artzaintza jarduerarik, ez eta artalderik igarotzea ere, berariazko baimenik izan ezean, eta, betiere, baimen horretan jaso beharko lirateke salbuespenaren baldintza espezifikoak.

41. artikulua. Autokontsumorako animaliak edukitzea.

Baldin, familiaren autokontsumorako, etxebizitza partikularretan hazi nahi badira hegaztiak, untxiak, usoak, faisaiak, arkumeak, ahuntzak eta antzeko animaliak, baldintza izanen da betetzea hirigintzako arauak, lurzoruaren erabilerari buruzkoak eta arautegi espezifikoa.

42. artikulua. Gune zoologikoak.

Aplikatzekoa izanen da 104/2013 Foru Agindua, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, arautzen dituena Nafarroako gune zoologikoen baimena, sailkapena, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa.

43. artikulua. Abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk

Aplikatzekoa izanen da 491/2013 Foru Agindua, abenduaren 13koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, arautzen dituena abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk Nafarroako Foru Komunitatean.

44. artikulua. Esperimentaziorako animaliak edukitzea.

Esperimentaziorako animaliei aplikatuko zaie 53/2013 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, oinarrizko arau batzuk ezartzen dituena animaliak babesteko, saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne.

IV. TITULUA

Udalerriko animalia-kolonien araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Jabeen erantzukizuna

45. artikulua.

Orube edo etxebizitza itxi edo hustuen jabeen betebeharra da behar diren neurriak hartzea bertan ez daitezen finkatu katu herratu edo basati, uso edo bestelako animalien koloniak. Kolonia hori lehendik finkatua badago, saihestu beharko da beste espazio batzuk kolonizatzea, eta handik kendu behar bada, ahal dela, katuen kasuan, animaliak babesteko entitate batek kendu beharko ditu, eta bermatu beharko da lan hori egiten dela animaliak babesteko indarreko arautegiaren arabera, dagokion udal baimenaren bidez.

II. KAPITULUA

Hiri-hegaztien populazioen gaineko kontrola

46. artikulua.

1. Udalaren esku dago eremu publikoan animalien populazioen kontrol espezifikoak egitea, haien ugaritasunagatik edo ezaugarriengatik eragiten ahal badituzte osasun arazoak, eragozpenak, edo pertsonendako, ondasunendako, animaliendako edo ingurumenarendako kalteak.

2. Bide publikoan eta Udalaren ekipamenduetan aplikatzen diren izurrite-kontrolek jarraituko diete izurriteen kontrol integratuaren printzipioetan oinarritutako programei, lehentasuna emanez neurri prebentiboei eta animaliei minik edo kalterik eragiten ez dieten metodoei, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoa betez (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

3. Hegaztien kasuan, hiriko habitata beretzat mesedegarriena den moduan betetzen dute haiek, eta beraz, bermatzearren arazoa epe ertain-luzera eraginkorki kontrolatzen dela, gakoa da identifikatzea eta kontrolatzea haien janari-iturriak eta habiak egiteko lekuak.

4. Espazio pribatuen (etxebizitzak, eraikinak, orubeak, lursailak, etab.) jabeen erantzukizuna da horiek edukitzea garbitasun eta osasun baldintza egokietan, eta neurriak hartzea beren etxebizitzetan hegaztiak ez daitezen finkatu, ez dezaten habia egin edo ez daitezen ugaldu. Udalak informazioa emanen du jarduteko moduari buruz eta aurrera eraman daitezkeen ekintza zuzenei buruz.

5. Hegazti horien gehiegizko populazioa kontrolatzeko, saihestu behar da hegaztiei jaten ematea eremu publikoetan. Betiere, Udalak debeka dezake zenbait espezie elikatzea, alkatearen bandoa emanez.

6. Jakinez gero badela lekuren bat non usoek eragozpenak eragiten dituzten, komeni da horren berri ematea Udalari; esaterako, eraikin hutsen berri ematea.

III. KAPITULUA

Katu-koloniak kontrolatzea

47. artikulua. Katu-koloniak ezartzea.

1. Katu basatien koloniak katu talde kontrolatuak dira, ez jabe ez edukitzaile ezagunik ez dutenak; eremu publiko edo pribatu batean bizi dira, eta han jaso beharko dute arreta, osasun zaintza eta elikadura, haien biziraupena bermatzeko. Udalak sustatu behar du katu-koloniak kudea daitezela, ahalik eta gutxien izan daitezen animaliek auzokoei eragiten dizkieten eragozpenak eta osasun arriskuak, saihets dadin gehiegi ugaltzea, eta hobetu dadin animalien bizitzaren kalitatea.

2. Udalerrian elkarrekin bizi diren eta kolonietan elkartu diren katuak hiri faunaren parte dira, eta horrenbestez, haien bizimodua errespetatu eta babestu behar da, eta, ahal den neurrian, dauden lekuan mantenduko dira, non ez den neurririk hartu behar auzokoendako eragozpenak saihesteko edo osasun publikoa eta ingurumena babesteko. Hiri inguruneko animalia-koloniak ezin dira lekuz aldatu, non ez den frogatu era egiaztagarrian animalien segurtasuna arrisku larrian dagoela edo pertsonendako osasun arazoa dagoela, behar bezala egiaztatua.

Lekualdatze hori profesionalek bakarrik egin dezakete, edo entitate laguntzaileetako kideek, betiere adituen gomendioei jarraikiz, eta udal zerbitzuen zaintzapean.

3. Debekatuta dago hondatzea edo nahastea katu-koloniak artatzeko, atzemateko, elikatzeko edo gordetzeko lekuak eta han jarritako materialak, Udalarenak nahiz baimendutako entitateenak eta boluntarioenak.

4. Animaliek eragindako kalteen ondorioz sor litezkeen erreklamazioak Udalari helaraziko zaizkio, hura baita kolonien arduraduna.

5. Debekatuta dago zakurrak sartzea kolonien eremuetan, eta orobat katu gehiago eramatea haietara, salbu Udalaren berariazko baimena izanez gero, eta, betiere, udal zerbitzuen eta kolonien kudeaketaren arduradunek ikuskaturik.

48. artikulua. Katu-koloniak kudeatzea.

1. Udal zerbitzuen erantzukizuna da katu-koloniak kudeatzea, barnean direla haien babesa eta seinaleztapen egokia, udal langileen edo hitzartutako pertsonen bidez. Animalien babeserako eta defentsarako entitate laguntzaileek parte hartzen ahalko dute katu-kolonien kudeaketan, lankidetzarako hitzartutako itunen edo tresnen bidez, eta betiere udal zerbitzuek ikuskaturik. Katu-koloniak zaintzeko boluntarioek, izan animalien babeserako entitateetakoak nahiz partikularrak, jaso beharko dute Udalaren prestakuntza eta berariazko baimena, eta identifikazio txartel bat izan beharko dute, eta beti aldean eraman, kolonietan haien eginkizunetan ari direnean.

2. Zaintzaile-elikatzaileen ardura izanen dira kolonien zaintza eta elikadura, hala udal zerbitzuetako langileak direnean, nola Udalak prestatu eta berariaz baimendutako boluntarioak direnean ere. Pertsona horiek laguntza emanen dute katuak atzemateko eta askatzeko kanpainetan, horretarako ezartzen diren baldintzetan. Hala ere, herritarren kontzientzia eta koloniekiko bizikidetza harmoniatsua sustatzeko, ahalegina eginen da beste hainbat laguni ere animaliak zaintzeko aukera emateko, betiere artikulu honetan aurreikusitakoa betez, eta kolonien arduradunek baimena emanik eta ikuskaturik.

3. Kolonia kontrolatuetako katuak elikatzeko pentsu idorra besterik ez da erabiliko, eta leku babestu eta ez nabarmenetan emanen zaie, auzokideei eragozpenik ez eragiteko, eta animaliendako arriskuak saihesteko. Arreta bereziz zainduko da lekuaren garbitasuna, eta ondoren beti utziko da garbitasun eta osasun baldintza egokietan. Debekatua egonen da katuei jaten ematea elikatzeko puntu ezagun eta baimenduetatik kanpo, eta debekatua, halaber, katuei jaten ematea Udalaren identifikazioa eta baimena ez dutenek.

49. artikulua. Katu-kolonien populazioa kontrolatzea.

1. Kolonien populazioen kontrolerako erabiliko den metodo bakarra CES metodoa da (euskaraz HAA, Harrapatu-Antzutu-Askatu), eta animalia askatu beharko da jatorrizko kolonian, hau da, harrapatu den leku berean. Katuak kentzeko aukera gauzatuko da tartean behar bezalako justifikazio frogatua dagoenean bakarrik, eta, betiere, izanez gero katuak birkokatzeko leku segurua, zaintza egokia bermatuko duena. Animalia bere jatorrizko lekua ez den beste leku batean askatzea profesionalek bakarrik egin dezakete, edo animaliak babesteko entitate laguntzaileetako kideek, kasu guztietan ere adituen gomendioei jarraikiz, eta udal zerbitzuek ikuskaturik.

2. Udalak dokumentu batean ezarri beharko du katu-kolonien populazioa kontrolatzeko protokoloa, eta bertan jasoko ditu bete beharreko prozedura desberdinak, katuak harrapatzeko eta antzutzeko, animalia gaixo eta zaurituen arretarako, eta adopziorako egokiak diren animaliak hartzeko; han azalduko ditu, baita ere, kolonia baten kudeaketan maiz samar izaten diren inguruabarrak eta gertakizunak.

3. Udalak jaso beharko du katu-kolonien eta haietan bizi diren animalien errolda, eta han adieraziko du koloniak non dauden, egoera, haietan egindako jarduketak, eta animalia kopurua, haien datuekin: izena, arraza, sexua, adina, egoera, mikrotxip zenbakia, baldin badu, animaliaren antzutzea, etab.

4. Egoeren arabera bakarrik eginen da animalia gaixoen eta zaurituen eutanasia, eta apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen dituen baldintzetan (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

V. TITULUA

Animaliak edukitzeko eta babesteko diziplina-araubidea

I. KAPITULUA

Animalien ongizatea zaintzea eta kontrolatzea

50. artikulua.

1. Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen dituen baldintzetan eginen dira Udalaren eskumenekoak diren ikuskapen eta kontrol eginkizun guztiak, barnean direla identifikazioa, kautelazko neurriak eta behin-behinekoak hartzea, esaterako animaliak lekutik kentzea edo/eta dekomisatzea eta animalien zentroen ikuskapena (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

2. Oztopatzeagatiko arau-hauste administratiboa izan daitezke Udal agintaritzako agenteek egin beharreko ikuskapen, zaintza eta kontrol eginkizunak eragotzi, atzeratu edo galarazten duten ekintzak eta ez egiteak.

3. Pertsona guztien eskubidea eta betebeharra da Udalari jakinaraztea ordenantza honetan edo aplikatzekoa den arloko arautegian ezartzen diren arauen arau-hauste administratiboa izan daitekeen gertakaria.

II. KAPITULUA

Animaliak edukitzeko eta babesteko zehapen araubidea

51. artikulua.

Arau-hausteak, zehapenak eta haien mailakatzea, bai eta haien iraungipena eta ekartzen duten erantzukizun penala ere, arautuko dira apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen duenaren arabera (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).

Lege horretan ezarritakoaz gain, udal agintaritzak honako hauek aplikatzen ahal ditu:

1. 200dik 1.000 eurora bitarteko isuna arau-hauste arin hauengatik:

a) Kaleko animaliak edo basatiak aztoratzea edo atzematea, salbu berariazko baimena bada animalien populazioa kontrolatzeko.

b) Animalia basatiei edo basati bihurtutakoei jaten ematea bide publikoan, salbu eta katu-kolonien zaintzaile direnak, Udalak behar bezalabaimenduak eta ziurtatuak, ordenantza honetan aurreikusten denaren arabera.

c) Dirua irabazteko asmoz animaliak erakustea, saltzea edo trukatzea bide eta espazio publikoetan, salbu eta animalia abandonatuak edo galduak ematea, adoptatzea edo harreran hartzea, lagun egiteko animalien harrerako zentroen bidez edo animalien defentsarako eta babeserako entitateen bidez, Udalak eman beharreko baimenarekin.

d) Produktu toxikoak edo sufrea jartzea bide publikoetan edo haien ondoko eraikinetan.

e) Hirigunean zakurrak ibiltzea, salbu katez edo uhalez loturik eta haiek kontrolatzeko gauza den pertsona arduradunak eramanda. Arduradunik gabe dabiltzan zakurrak udal zerbitzuek harrapatuko dituzte eta dagokien gordelekura eramanen dituzte.

f) Bide publikora atera daitezkeen animaliei pixa egiten uztea jabego pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan.

g) Bide publikora atera daitezkeen animalien gorozkiak ez jasotzea eremu publiko horietan.

h) Udalaren errekerimendua betetzea horretarako adierazitako epetik kanpo.

i) Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak betetzea ezarritako epetik kanpo.

2. 1.001etik 3.000 eurora bitarteko isunak, hiru falta arin errepikatzea. Arau-hauste astuna.

3. 3.001etik 6.000 eurora bitarteko isunak, hiru falta astun errepikatzea. Arau-hauste oso astuna.

III. KAPITULUA

Zehapen eskumena eta prozedura ebazteko epea

52. artikulua.

1. Udalaren ardura izanen da instruitzea eta ebaztea udalerrian lagun egiteko animaliekin lotuta gertatzen diren arau-hausteek eragindako zehapen-espedienteak. Hala ere, Udalak eskaera arrazoitua aurkezten ahalko du Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren organoen aurrean, eskumen zehatzaile hori modu subsidiarioan gauzatu dezan, Udalak horretarako baliabide material eta humano aski ez duenean.

2. Udalerrian gertatutako arau-hausteren baten inguruan Udalak jasotzen badu Nafarroako Gobernuaren departamentu eskudunaren jakinarazpena, Udalak berariaz adierazi beharko du zehapen-espedientea hasteko asmoa duen, hilabeteko epean, edo berariaz adierazi horri uko egiten diola.

3. Udalak urtebeteko gehieneko epea izanen du zehapen-ebazpena egin eta jakinarazteko, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.

4. Ordenantza honi dagozkion arau-hausteen ondoriozko zehapenetatik sor litezkeen diru-sarrerak animaliak babesteko jarduketetarako erabiliko ditu Udalak, betiere erregelamenduz garatzen diren baldintzetan, eta apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen duenaren ildotik (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik gelditzen da 2009ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 26koan, argitaratutako ordenantza, zakurrak edukitzeari buruzkoa, eta ondoriorik gabe gelditzen da Zakurrak eta lagun egiteko beste animalia batzuk edukitzea arautzen duen ordenantzaren hasierako onespena, argitaratu zena 2016ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 23koan; orobat, honako honi kontra egiten dioten udal xedapen guztiak, edo honako honekin kontraesanean daudenak.

Iragarkiaren kodea: L2204035