71. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

216E/2022 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazio baterako. Instalazioa Arangurengo udal mugartean dago, eta titularra Rentokil Initial España SA da.

Jardunean dagoen instalazio hori jarduera sailkatuak baimentzen dituen araubidearen menpe dago eta, aurkeztu den proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egotera pasatuko da; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2.A eranskineko 14. epigrafean sartuko da, hots, “2.B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskutsuak kudeatzeko eragiketak” izenekoan, eta horregatik, ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago, hainbat mugaren eta irizpideren aplikazioaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuta eskatzen dena.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu aipatu epean.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazio baterako. Titularra Rentokil Initial España SA da, eta instalazioa Arangurengo udal mugartean dago. Instalazioak eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, baita, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak ere.

Bigarrena.–Hondakin arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea instalazioari, hondakinen biltegi gisa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G02023005672021 erregistro zenbakiarekin. Halaber, hondakin ez-arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea, hondakinen biltegi gisa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G05023005672021 erregistro zenbakiarekin.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena).

III. eranskinean adierazitako hondakin-tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Entitate horren baimena haren egoitza soziala dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak eman behar du. Instalazioaren titularrak Nafarroan badu helbide soziala eta operadore-ustiatzaile gisa jarduten badu instalazioan, instalazio berriaren eskaera ere operadore-ustiatzaile horren eskaeratzat joko da, eta, beraz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak kudeaketa-instalazioaren eskaeran jaso ziren baldintza berberen pean emanen du ustiatzaile baimena.

Hirugarrena.–Zentroari hondakin-garraiatzailearen inskripzioa kentzea, zeina entitateari zuzenean lotuta egotera pasatuko baita, eta zentroari hondakin arriskutsuen ekoizle txikiaren inskripzioa kentzea, hondakin-kudeatzailearen baimena lortutakoan hartatik salbuetsita dagoelako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (aipatu bi inskripzioak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistrokoak dira).

Laugarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena sartzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, automatikoki berrituko da bost urtetik bost urtera.

Bosgarrena.–Era berean, eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu ingurumen baimen integratuaren baldintzak.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Instalazioa funtzionatzen hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko.

Halaber, erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, baimendutako prozesuetan ustiatzaile gisa jardunen duen entitatearen identifikazioa aurkeztuko da, eta adieraziko da hondakinak tratatzeko zer eragiketa (R/D prozesu) eginen dituen instalazioan, ebazpen honen III. eranskinaren arabera. Entitate ustiatzailearen egoitza soziala Nafarroatik kanpo badago, dokumentazioari erantsiko zaizkio haren autonomia erkidegoko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroko inskripzioaren kodea eta haren ingurumen identifikazioko zenbakia (NIMA).

Bederatzigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzekoak izanen dira jarduera martxan jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpen baliozkoa aurkezten denetik aurrera, eta, edozein kasutan, jarduera martxan jartzen denetik aurrera. Bitartean, jarduera sailkatuaren udal lizentzian ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamargarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpen baliozkoa aurkezten denetik aurrera, instalazioa Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ingurumen baimen bateratuari buruz ezarritakoaren bidez arautuko da, foru lege horren 1. eranskineko 5.2 multzoan sailkaturik baitago.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan, jasotakoak; deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikagarria izaten jarraituko baitu.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea Rentokil Initial España SAri, Arangurengo Udalari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2204142